“Ezin duzu beste aldera begiratu behin egoera ezagututa”

“Ezin duzu beste aldera begiratu behin egoera ezagututa”

Peru Azpillaga

Orain dela pare bat urte, gerrak eta miseriak bultzatuta, Europara etortzen ziren errefuxiatuen kopuruak era lazgarrian egin zuen gora. Europa ez da gai izan auzi horri erantzun duin bat emateko, eta arazoa, konponduta egon beharrean, inoiz baino nahasiago dago. Milaka dira urtero etorkizun baten bila haien bizitza arriskuan jartzen duten pertsonak, dena utzi eta bizimodu duin baten bila abiatzen direnak. Baina helmugara heltzea lortzen dutenek oso bestelako errealitatea topatzen dute. Testuinguru horretan sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Pertsona horien guztien eskubideen alde lan egiteko. Iaz Greziara joan ostean, gaur Melillara bidean abiatuko den karabanari buruz mintzo da Javi Seco (Bilbo, 1965).

Zein da karabanaren helburua?

Batetik, salatu egin nahi dugu Europako hegoaldeko muga horretan giza eskubide guztiak urratzen direla. Bidaian zehar hainbat ekintza egingo ditugu: Bardean, Madrilen, Algecirasen, Tarifan… Bestetik, azaleratu nahi dugu jende horrek zer arrazoi dituen gure mugetara etortzeko; zergatik egiten duten ihes beren herrialdeetatik: gerrak, goseteak, pobrezia…

Zergatik Melilla?

Hegoaldeko muga, agian, Europako bortitzena da. Pentsa, Gibraltarren, 6.000 pertsona baino gehiago hil dira azkeneko hogei urteetan, eta horiek zenbatuta daudenak dira soilik; imajinatu zenbat izango diren ezagutzen ez ditugunak. Muga horren egoera azaleratu nahi dugu. Ceuta ere hor dago, baina otsailean egon ginen han, Tarajalgo tragediaren urteurrenean. Gainera, auzia konpontzen ez den bitartean, hara bueltatzeko konpromisoa hartu dugu gertatutako sarraskia salatzeko: Guardia Zibilak hamabost pertsona hil zituen han.

Nola doaz prestakuntza lanak?

Oso lan zaila da horrelako gauza bat antolatzea eta koordinatzea, baina, egia esan, oso pozik gaude. Askotarikoa izango da, eta Euskal Herritik bultzada handia jaso du. Iaz bezala, jende asko animatu da; estatu osotik laurehun pertsona inguru joango dira, eta horietatik, berrehun Euskal Herrikoak dira. Bizkaitik, ehun baino gehiago.

Zer antolatu duzue karabanan zehar egiteko?

Euskal Herritik abiatzen garenok Bardean egingo dugu lehenengo geldialdia. Ezin dugu ahaztu euskal armagintza nahiko indartsua dela. Gogoratzekoa da, halaber, Inazio [Robles] suhiltzaileari armak garraiatzen laguntzeari uko egiteagatik irekitako espedientea.

Ondoren, Madrilen, Espainiako Estatuko kideekin batuko gara eta hainbat ekintza eta protesta egingo ditugu. Gainera, Melillara heldu aurretik, protestak egingo ditugu Aluche, Tarifa eta Algecirasko CIE atzerritarrentzako zentro itxietan.

Azkenik, bueltako bidaian Almerian, Nijarren geratuko gara, hango negutegietan lan egiten duten etorkinen egoera salatzeko; ia esklabotza egoeran bizi dira. Gainera, hango biztanleek ere ez dute ezer sobera, eta halako egoeratan pobreen arteko guda sortzen da; badakizu, betiko diskurtsoa: “Hauek lana kentzen digute…”.

Melillan bertan, zer aurkitzea espero duzue?

Melillan, tokiko taldeekin lan egin beharko dugu, han topatuko dugun giroa oso latza izango delako. Alde batetik, populazioaren %40 funtzionarioak, poliziak edota haien senideak dira. Han Franco oso presente dago oraindik; kaleen izenak, estatuak… dira horren erakusgarri.

Beste alde batetik, emakume zamaketarien eta adingabeen egoerak kezkatzen gaitu bereziki. Azken horiei, mena esaten diete —bakarrik dagoen adingabe atzerritarra—, eta horrekin kentzen diete nortasuna, izena, hstoria, jatorria… Ehun inguru kalean bizi dira Melillan; oso egoera larria da.

Zergatik da azpimarragarria emakumeen egoera?

Emakumeek zapalkuntza bikoitza jasaten dute: migratzailea eta emakumea, oso konbinazio gogorra da. Ia emakume guztiek jasaten dute sexu erasoren bat Europarako bidaian zehar. Pentsa, batez beste, emakume bakoitzak hiru eta zortzi abortu artean izan ohi ditu bidaian. Haien egoera guztiz lazgarria da, eta guk oso presente izan nahi dugu beti gure aldarrikapenetan.

Zer dira CIE edo atzerritarrentzako Zentro Itxiak?

Kartzelak dira azken finean, baina han daudenek ez dute inolako deliturik egin. Espainiako Estatuan, etorkina izanik lanik ez baduzu, ezin dituzu paperak berritu. Orduan, poliziek harrapatzen bazaituzte, nahiz eta falta administratiboa izan eta ez delitua, halako zentroetan sartzen zaituzte. Momentu horretan bertan has daiteke kanporatzeko prozesua. Zentro horietan gehienez 60 egun egon daitezke sartuta; batzuetan, epea amaitu eta libre geratzen dira, baina baldintzak oso gogorrak dira. Algeciraskoa, adibidez, estatuan salaketa gehien jaso dituen zentroa da.

Nola baloratzen duzue orain arte egindako lana?

Oso pozik gaude, egia esan. Gainera Bilboko jaietako pregoia emateko hautatu gaituzte, baita Santutxukoa emateko ere. Horrek sekulako garrantzia du elkartearen lana aditzera emateko. Bestalde, plataforma hedatu egin da, eta talde asko sortu dira Euskal Herri osoan.

Greziara, adibidez, jatorri eta esperientzia askotako jendea joan ginen, eta, orduz geroztik, hemen jarraitzen dugu guztiok lanean. Azken finean, behin egoera ezagututa, ezin diozu bizkarra eman. Jendea animatuta dago, eta lan egiteko prest. Zoritxarrez, ibilbide luzeko bidaia da hau, eta ez da aurtengo karabanarekin amaituko. Lan handia dugu egiteko.

Zergatik da garrantzitsua horrelako ekintzak antolatzea?

Pertsona horien egoera kalera atera beharra dago. Hegoaldeko muga eskubiderik gabeko eremua dela diote, eta, beraz, han dauden pertsonak, ez-pertsona gisa ikusten dira. Migratzaileak direnez, badirudi ez dela hain larria haien eskubideak urratzea. Badirudi ez dutela ez izenik ezta euren istorio propiorik ere. Baina pertsona horiek benetako heroiak dira: bi edo hiru urte iraun dezakete bidaia horiek, eta egoera ikaragarriak bizi izaten dituzte.

Egoera salatu nahi dugu, kasu honetan hegoaldeko mugakoa, baina pentsa Afrika osoan eta Hego Amerikan ere bizi dena. Arazoa globala da, baina ez da komunikabideetan agertzen. Horregatik da hain garrantzitsua plataformen lana.

Etorkizunera begira, zein erronka dituzue?

Ari gara dagoeneko hurrengo karabanaren inguruan gogoeta egiten. Ez dago ezer zehaztuta oraindik, baina badugu jada ideiaren bat buruan.

Horrez gainera, plataforman egiteke dugun lan bat da Europa mailako harremana sendotzea eta sustatzea. Kontaktuak baditugu, baina sarea sortzea falta zaigu.