“Epaiketa politikoa da G20koena ere”

G20koen goi bileraren aurkako mobilizazioen harira Hanburgon atxilotu zutenetik, preso dute David Rincon. Astelehenean epaituko dute. Atxilotzean harekin zen Brouard, eta hark kontatu du gertatua.

Aitziber Laskibar Lizarribar

Uztailaren 6 gauean Hanburgon zen Markel Brouard (Bilbo, 1990), David Rinconekin eta beste lagun batzuekin, pizzeria bateko terrazan afaltzen. G20koen goi bileraren bezpera zen, eta liskarrak izan ziren egun hartan hirian. Afaltzen zirela, Poliziak, Rincon atzetik hartu, eta atxilotu egin zuen. Kartzelan dute ordutik, Hanburgon, eta astelehenean epaituko dute, Alemaniako hiri horretan bertan.

David Rincon Hanburgon atxilotu zuten uztailean, G20koak egiten ari ziren goi bileraren aurkako mobilizazioen harira. Zer leporatzen diote?

Poliziari botila batzuk bota izana. Goi bileraren aurreko egunean deituta zegoen manifestazio batera, eta hainbat istilu egon ziren. Esaten dutena da horren ostean San Pauli auzoan polizia batzuei botila batzuk bota zizkiela.

Astelehenean epaituko dute, Hanburgon. Zein eskaera du?

Ez dago eskaera ofizialik. Fiskalak epaiketa egunean bertan aurkezten du, eta epaileak ere egunean bertan erabakitzen du. Orain dakigun bakarra da sei hilabetetik sei urtera arteko kartzela-zigor eskaera izan daitekeela.

Salatu du berandu arte ez zuela izan akusazioaren berri. Ez zekiela zergatik zuten atxilo.

Bai, hasieratik zentzugabekeria bat izan da. Alemaniako Poliziak ezohiko neurriak hartuak zituen. Atxilotu pilo bat egongo zirelakoan, atxilotze zentro moduko bat sortu zuten, eta hor sartzen zituzten atxilotu guztiak. Hortik epaiketa azkarrera eramaten zituzten. David abokatu barik pasatu zuten epailearen aurretik. Eta epaileak kartzelara bidali zuen. Hori izan zen hasiera. Ostegun gau batean atxilotu zuten, eta astelehen goizera arte ez zuen hitz egin abokatuarekin. Abokatuak orduan hitz egin zuen familiarekin; ordura arte, inork ez zekien ezertxo ere.

Atxilotu asko izan ziren…

Bai; 200 ingurura iritsi zirela uste dut, eta espetxeratutakoak, 60 bat. Batzuk asteburu horretan bertan askatu zituzten, beste batzuk bidean askatu dituzte, eta uste dut orain espetxean 30 bat geratzen direla. Epaiketak abuztu bukaeran hasi ziren, eta aurreko astean bosgarrena epaitu zuten.

Zer gertatu da orain arte epaitu dituztenekin?

Lehenengo epaitu zuten holandarrari bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri diote. Kartzelan geratu da. Ostean epaitu zuten poloniar bat, eta zigortu zuten sei bat hilabetera, baina askatu zuten. Botilak botatzea leporatuta epaitu duten frantsesari urtebete eta bost hilabeteko kartzela zigorra jarri diote, baina aske gelditu da. Berez, bi urtetik beherako zigorrekin aske gera daitezke, baina gero epaileak eskumena du erabakitzeko preso mantendu ala ez. Davidek aurkeztuak ditu lan kontratua eta Bilbon sustraituta dagoela erakusten duten frogak. Beraz, logikoena litzateke halako zigor bat jartzekotan aske uztea.

Askatuko duten esperantza duzue, beraz?

Gertatzen dena da epaiketa politikoa dela G20koena ere, eta Euskal Herrian ondo dakigu zer diren epaiketa politikoak. Orduan, ez dakigu zer gerta daitekeen. Hanburgoko kontua oso mediatikoa izan da, eta fokua protestetan eta protestek ekarri zituzten indarkeria ekintzetan jarri zuten, esanez kanpotarrak zirela hori egin zutenak. Gogoratzen dut italiar batek esan zigula manifestazio batean atxilotu zutela italiarrez hitz egiten entzun zutenean. Irizpidea zen kanpotarrak identifikatu eta atxilotzea. Beraz, logikak dioen arren askatu behar dutela, ez dakizu zer gertatuko den.

Lagun taldea afaltzen ari zinetela atxilotu zuten Rincon. Zer gertatu zen?

Hanburgo polizia hiri bat zen. 10.000-15.000 polizia omen zeuden, txandaka. Izkina guztietan zeuden. Lehen egun horretan istiluak egon ziren. Jende piloa zegoen kalean, eta gu buelta bat ematen ibili ginen zer giro zegoen ikusteko. Pizza bat afaltzera joatea erabaki genuen. Roteflora gune okupatuaren alboko pizzeria batean geunden sei bat lagun, terrazan eserita. Izkinan polizia talde bat zegoen, leku guztietan bezala. Bat-batean, guri begira jarri ziren; etorri, eta, ezer esan barik, David hartu zuten atzetik, eta eraman egin zuten. Ez genuen ezer ulertzen. Azalpen eske joan ginen, eta esan ziguten bakarra izan zen atxilotuta zegoela eta ea gu ere atxilotzea nahi genuen.

Davidengana zerbaitegatik joan ziren itxura hartu zenuten, ala edonor atxilotu zezaketela?

Harengana joan ziren zuzen. Baina ez zebiltzan pertsona baten bila argazkiekin edo… Erabiltzen duten argudioa da ustez botilak bota zituena berdez jantzita zegoela eta bizarra zeukala. David berdez zihoan eta bizarra zeukan, baina…

Aurkeztu dute froga argirik?

Ez. Ez dago hatz marka edo halakorik; dakigun bakarra da polizia baten testigantza dagoela atzean. Eta txostenean agertzen omen da argazkiren bat norbaitena bizkarrez, baina ez dena ezer ikusten…

Zu Rinconekin zeunden Hanburgon. Zergatik joan zineten?

G20koen goi bilera urtero egiten da. Beti izaten da gune bakartu batean, baina oraingoan hiri batera zihoazen. Alemaniako eta munduko ezker mugimenduek mobilizaziora deitu zuten, zeren lehen aukera zen herriak hein batean eragin zezakeena. Horretara joan ginen.

Zer esateko?

Hor biltzen dira munduaren gestioa egiten dutenak. Sistema kapitalista patriarkala hor dago mamu bat bezala, eta erakunde hori jartzen da mahai gainean. Sistema hori erreproduzitu eta bere horretan jarraitzeko baldintzak zehazten dituztenak biltzen dira; zapalketa guztien arduradunak. Eredu horren aurka egiteko ekintza da. Mundu osoko esperientzia asko batzen dira etsai komun baten aurka. Eta esperientzia desberdin horiek ezagutzea ere oso polita da. Munduan bizitza dagoela erakusten du; ez gaudela bakarrik, asko garela, eta batuta gauza asko egin ahal ditugula.

Bi hilabete eta erditik gora daramatza preso Rinconek Hanburgon. Zein da haren egoera?

Tira, ondo dago, atxilotu zutenetik egon delako moduluan protesta horietan atxilotu zituzten beste kide batzuekin: errusiar batekin, italiar batekin… “Egin dugun lehenengo gauza da hiztegi moduko bat egitea gure artean komunikatu ahal izateko”, kontatzen zuen. Hala ere, kartzela egoera ez da oso ona. Hamabostean behin soilik dute bisitarako aukera; hilabetean bi ordu dituzte, eta hemendik Hanburgora joan egin behar da, 1.800 kilometrora. Hilean ordubete dute telefonoz hitz egiteko, eta egunean lau ordutan soilik atera daiteke patiora; egunean 20 ordu pasatzen ditu ziegan. Hasieran arropa barik zegoen, ez ziotelako uzten sartzen, liburu barik… ezer barik. Tira, baina bestela ondo dago, zer gertatuko zain.

Hainbat mobilizazio egin dira Rincon atxilotu zutenetik. Nolakoa izan da erantzuna?

Oso ona. Jendeak erantzun du. Egia da David San Ignazion, auzoko mugimenduan antolatuta egon dela beti, konpartsetan ere parte hartu izan du, Mirentxinen gidari moduan… oso aktiboa da, ezaguna. Jende askok erantzun du, eta hori oso positiboa da. Baina Euskal Herrian oraindik arrotza da G20koei buruz hitz egitea. Beraz, positiboa da, baita ere, mahai gainean jartzea ez bakarrik David kartzelan sartu dutela, baizik eta zer den G20, zer suposatzen duen sistema eredu honen sostengatzaile bezala, baita Euskal Herriarentzat ere. Badago hor hausnarketarako gako bat. Ostiralean [gaur] ere, manifestazioa egingo dugu 19:30ean, Arriagan hasita.