“Egoera hobetu ezean, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”

“Egoera hobetu ezean, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”

Peru Azpillaga

Luze jotzen ari da gidabaimena eskuratzeko aztertzaileen auzia, eta oraindik luzeago joko duela dirudi. Ekainaren 19an hasi zuten greba dela eta, soilik ostegunetan eta ostiraletan egiten dira gidabaimena eskuratzeko azterketak. Bi eskari nagusi egin dituzte Asextra aztertzaileen elkarteko kideek. Batetik, aztertzaile gehiagoren beharra aldarrikatzen dute. Bestetik, 2015eko grebaren ondorioz, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin hitzartutako ordainsari espezifikoa jasotzea: funtzionarioek jasotzen duten ordain osagarria, 240 euro ingurukoa.

Arazo horren erdian daude autoeskolak. Haiek dira grebaren kaltetu nagusiak, eta, gauzek hobera egiten ez badute, etorkizun latza dute aurretik. Gai horren inguruan mintzatu da APAVI Bizkaiko Autoeskolen Elkarteko lehendakari Iñigo Montenegro (Getxo, 1954). Haren ustetan, bi aldeak akordiotik urrun daude oraindik. Haiek ahal duten guztia egiten ari direla dio, baina arazoaren konponbidea beste batzuen esku dagoela. “Iraila izango da hilabeterik zailena; abuztuan lanak ez badu gora egiten, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”.

Zein da zuen egungo egoera?

Oraintxe bertan, gure lan egiteko gaitasuna %60 gutxiagotu da. Urtean lan gehien dugun garaian, gure gaitasunaren %40an ari gara soilik lanean…

Zer ondorio ekar ditzake horrek?

Ondorio ekonomiko larriak. Ekaina, uztaila, abuztua eta iraila dira, normalean, hilabeterik garrantzitsuenak, gure bezeroak oporretan daudelako. Beraz, hilabete horietan lanik ez izatea oso kaltegarria da guretzat. Greba uztailaren 31ra arte dago deituta. Larria da ikustea bai DGT bai Asextra akordiotik urrun daudela oraindik. Gainera, azken horiek jakinarazi dute akordiorik ez lortzekotan irailaren 4tik aurrera greba mugagabera joko dutela.

Zertan eragingo lizueke horrek?

Horrek oporretatik itzultzen diren autoeskolak ez irekitzea ekarriko luke. Hots, lana erregulatzeko espediente bat edo lan araudiak ahalbidetzen duen beste sistemaren bat erabili beharko genuke. Azterketarik ez badago, guk ezin dugu lanik egin.

Egoera larria da, beraz.

Lehenengo asteetan ez zen asko nabaritu. Azterketa teorikoak daude egunero administrazioko langileek eginak. Horri esker, ikasgeletan geneukan lana aurrera atera dugu. Baina, azterketa teorikoa egin ostean, pertsona horiek praktikak egiten hasi behar dute, eta, noski, ez badute data jakin batean aztertuak izateko bermerik, ez dira hasiko klase praktikoak egiten.

Nola daude azterketa praktikoa egiteko itxaron zerrendak?

Orain soilik ostegun eta ostiraletan egiten dira azterketak. Normalean, autoeskola bakoitzak azterketa bat egiten zuen astean; uztail osoan, berriz, azterketa bat edo bi egin dituzte soilik. 2.856 froga atzeratu dira Bizkaian, grebako hamazazpi egun hauetan. Trafikoak azterketetara deitzen jarraitzen du, grebarik egongo ez balitz bezala. Beraz, jendeak azterketa egiten den tokiraino joan behar du, eta han jakinarazten diete froga atzeratu den ala ez. Badago azterketara bi edo hiru aldiz hurbildu den jendea. Froga uztail hasieran egin behar zuten pertsonek abuztuaren amaieran egin beharko dute.

Trafiko zuzendaritza kolapsatuta dago, beraz.

Guztiz. Egoerak berdin jarraitzekotan, orain aurkeztu nahi duten ikasleek azterketa ezingo dute irailaren 11ra arte egin. Blokeo egoera batean gaude.

Arriskuan daude autoeskolak?

Bizkain, Gipuzkoan eta Araban 300 bat autoeskola daude, gutxi gorabehera 1.000 pertsonari lana ematen diotenak. Ateak ez baditugu irekitzen, pertsona horiek guztiak kaltetuak izango dira. Asko, gainera, autonomoak dira, eta bat eta bost langile bitartean dituzte. Beraz, hain lan gutxi izateak zuzenean eragiten die.

Irtenbiderik aurreikusten duzu?

Ez dago irtenbide askorik. Hemen bi arazo daude nahastuta. Bata aztertzaileen greba da. Bestea, aztertzaileen kopuru txikia, greba amaitu arren indarrean jarraituko duena. Horrek asko murritzen du gure lan egiteko gaitasuna.

Zergatik ari dira greban?

2008an egin zuten lehen greba, eta 2015ean bigarrena. Azken horretan, dokumentu bat sinatu zuten. Bertan, DGTk ordainsari espezifiko bat ordainduko ziela onartu zuen, baina ez du bere hitza bete. Zaila da konponbidea topatzea. Ez dute ezta dokumentu bera errekonozitzen ere; batzuek diote ordaintzera konprometitu zirela, eta besteek, aldiz, ezetz.

Dena dela, aztertzaile kopurua urria izango da, ezta?

Greba amaitzen denean ere aztertzaile kopurua oso txikia izango da. 2009tik aurrera kopurua asko jaitsi da; Bizkaian, adibidez, hamazazpi aztertzaile daude, baina Gipuzkoan lau soilik. Gainera, aurten asko erretiratuko dira. Bestalde, inork ez digu inolako konponbiderik proposatu. Guk azterketak egitea eskatzen dugu, besterik ez.

Administrazioak dio lanpostu gehiago sortuko dituela, baina ez da egia. Zenbakiekin eta pertsonekin jokatzen ari da: 500 lanpostu gehiago sortuko zituela esan arren, 397 kategoriaz aldatzea besterik ez du egin. 70 postu sortu ditu, baina hogei hilabete beharko dituzte oposizioa gainditzeko. Azkenik, esaten dute armadako ehun pertsonari aztertzaile izateko aukera emango dietela. Bere garaian gauza bera egin zuten Correosen, baina soldaduak ez dira funtzionarioak, eta, beraz, oposizioa gainditu behar dute berdin-berdin. Arazoak bere horretan jarraituko du.

Ikasleek zer diote?

Kokoteraino daude. Azterketa teorikoa egin dutenak zain daude, baina askok kanpoan ikasten dute, eta denbora amaitzen ari zaie. Jada klase praktikoak egiten ari zirenek bertan behera utzi dituzte. Eta azterketa gainditu ez dutenak harrapatuta geratu dira. Uztailean gainditu ez, eta irailean dute hurrengo aukera.