“Errealitatea aztertu eta eraldatzeko, artea funtsezko tresna da”

“Errealitatea aztertu eta eraldatzeko, artea funtsezko tresna da”

Peru Azpillaga

2016an sortu zen Emakumeen Etxeen Sarea, eta Testura bertso saio feministarekin eman zioten hasiera beren proiektu bateratuari. Aurten, berriz, Artestura arte lehiaketa feminista antolatu dute. Horren bidez, emakumeen etxeetan egiten duten lana zabaldu eta egun emakumeek artearen munduan jasaten duten ikusezintasunari eta gutxiespenari buelta eman nahi diote. Antolatzaile lanetan ibili da Zaida Fernandez (Bilbo, 1988), eta lehiaketaren zergatiei eta nondik norakoei buruz aritu da.

Zergatik ikusi duzue lehiaketa hau sustatzeko beharra?

Besteak beste, sarearen helburu nagusia emakumeen etxeak ikusgai egitea da, hau da, hemen egiten dugun lana zabaltzea eta emakumeen jabetze prozesuak indartzea. Lehiaketa honekin, beraz, emakumeon sormena eta produkzio feminista bultzatu nahi ditugu; haien lana ikusgarri egin eta aintzat hartzea.

Gainera, uste dugu artea modu aproposa dela balioak adierazi eta transmititzeko. Hori dela eta, jendartearen errealitatea aztertu eta eraldatzeko funtsezko tresnatzat jotzen dugu.

Zein da egun emakumeen egoera artearen munduan?

Alde batetik, emakumeak betidanik izan gara musak artean; maiz agertzen gara biluzik, objektu gisa; baita publizitatean ere. Guk hori irauli nahi dugu, emakumeak subjektu artistiko bilakatuz.

Bestetik, badakigu egun emakume gehiago dabilela artearen munduan, baina haien lana ikusezina da oraingoz, eta, gainera, oso gutxi baloratua. Horrexegatik sustatu nahi izan ditugu bai emakumeen sormena eta bai produkzio artistiko feminista.

Zeintzuk dira lehiaketaren oinarriak eta baldintzak?

Lehiaketan 18 urtetik gorako emakume orok hartu dezake parte; profesionalak izan zein ez. Haientzat pentsatuta dago, estrategikotzat ikusten dugulako haien sormen eta produkzio artistikoa sustatzeko.

Guztira hamasei sari banatuko dira —400 euroko zortzi sari, eta 200 euroko beste zortzi aipamen berezi—. Era berean, emakume etxe guztietatik igaroko den erakusketa ibiltari bat egingo da.

Zeintzuk izango dira lanak baloratzeko irizpideak?

Esan beharra dago, originaltasuna, kalitatea, berrikuntza eta halako irizpideak kontuan hartuko ditugun arren, horiek ez direla izango gure lehentasuna. Guk, batez ere, kontuan hartuko dugu emakume etxeen nortasuna eta balioak adierazteko eta transmititzeko ahalmena erakustea eta baita feminismoaren balioekin bat egitea ere.

Bestalde, baldintza eta oinarri guztiak lehiaketa antolatzen dugun etxeen webguneetan daude eskuragarri.

Zergatik sortu zenuten Emakumeen Etxeen Sarea?

2016an sortu genuen sarea, oro har, emakumeen etxeen proiektuari ikusgarritasuna emateko, batera lan egiteko, eta efektu traktore bat sortzeko udalerrian bertan. Egun, zortzi gara kideak: Durangoko Andragunea, Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakume Txokoa, Basauriko Marienea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua, Ondarroako Emakumin Topaleku eta Donostiako Emakumeen Etxea —aurten batu da—.

Joan den urtean antolatu zenuten lehen proiektua.

Bai, hura Testura izeneko bertso saio bat izan zen, bertso eskola feministaren laguntzarekin batera antolatu zena. Herri guztietan proiektatu eta gauzatu zen, eta, gure ustez, oso proiektu polita eta arrakastatsua izan zen: emakumeen etxeak ikusgarri egitea eta gure balioak adieraztea lortu genuen.

Zer dira zehazki emakumeen etxeak?

Feminismoa bultzatzeko erreferentziazko espazioak dira: emakumeen jabetze prozesuak indartu, elkarlana eta berdintasuna sustatu eta kulturen arteko uztarketa bultzatzeko ezinbesteko espazioak, hain zuzen ere.

Etxe guztiak ez dira berdinak; bakoitzak bere bizitza propioa dauka, baina filosofia komun bat dugu. Eskaintzen ditugun zerbitzu orokorren artean, informatzea, trebatzea, sentsibilizatzea eta orientatzea izaten dugu asmoa.

Emakumeentzako espazio propio bat sortzea dugu helburu. Baina ez soilik emakumeentzat. Adibidez, Ermuko topalekuan, Zipriztintzen gizon taldea elkartzen da berdintasunaren inguruko lanketa egiteko. Berdintasuna landu nahi duen pertsona oro ongi etorria izango da beti. Etxe bakoitzak bere eredu eta identitate propioa du. Etxeak dira, baina leihoak irekitzen ditugu gure proiektua herrira zabaltzeko.