Bizkaian sakabanaturik dauden beste ontziolen egoerak "inbidia eta poztasun" apur bat sortzen dio Jose Pedro Gonzalez Navaleko langile batzordeko presidenteari. Izan ere, Sestaoko ontziolan duten egoerak ez du zerikusirik gainontzeko bi ontzioletan dutenarekin.
Muruetan eta Zamakonan lanean normal ibiltzeko adina lan karga izan dute, tax lease-aren inguruko epaia argitaratu zenetik. Egun hartan, airean zeuden mamuak behingoz uxatu eta finantzaketa sistema berria ahalbidetu zuen epaiak. Manolo Velado UGT-Euskadiko ontzioletako arduradunak azaldu duenez, "segurtasun juridikoa egonez gero" eurek ere bazekiten kontratu berriak sar zitezkeela. "Arazoa da ia bi urte egon garela eskaeren zerrenda bete gabe".
Murueta ontziolak Erandion eta Busturialdeko Murueta herrian ditu lantegiak. Navalek ez bezala, ez du eragin negatiborik jasan Europako Batzordeak kaleratutako sententziaren ostetik. Eskaera zorroa beterik daukate dagoeneko, eta gaur egun sei atunontzi eraikitzen dabiltza. Veladok azaldu duenez, 2015. urte bukaerara arte dute ziurtatua lan karga, "eta, dagoeneko, beste hainbat akordio sinatzekotan daude, nahiz eta oraindik ez dituzten guztiz itxi".
Azken bi eskaerak CFTO Compagnie Française de Thon Oceaniquek egin ditu. Konk-Kernevko portuan (Concarneau, Bretainia) du egoitza enpresak, eta dozena bat inguru atunontzi ditu bere gain. Afrikako uretan aritzen da nagusiki: Abidjandik (Boli Kosta) abiatuta, Atlantikoan; Seychelleetatik, Indikoan.
Ontzi berriak 77 metro luze izango dira, eta 2015eko azaroan eta 2016ko apirilean entregatu beharko ditu Muruetak. Gainera, duela hilabete inguru Egalabur atunontzia uretaratu zuten Erandion, Sestaoko Navaletik gertu dagoen ontziolatik.
Lan karga, ziurtatuta
Zamakonaren kasuan, "epe ertainerako lan karga" ziurtaturik dagoela azaldu du Pedro Garaigoedobil enpresa horretako arduradunak. Pasaian eta Santurtzin ditu ontziolak enpresak, eta Bizkaikoaren kasuan bi ontzi ditu eraikitzeke. Azken hilabetean, gainera, Izaro atunontzia eman dio Bermeoko Echebastar Taldeari. 90 metro luze da ontzia, eta bere barnean 1.900 metro kubiko arrain biltegiratzeko gai da. Ontziak 42 eskifaiakide eraman ditzake.
Izaro Santurtziko ontziolak eraikitako 720. ontzia da, eta diseinu berri batekin eta puntako teknologiarekin eraiki dute. Ontziaren aluminiozko zubiak ditu nabarmentzeko modukoak. Baita ultraizozgailu tunelak ere, arrain biltegiak 60 gradu zero azpitik mantentzeko indarra daukatenak. Horretaz gain, piraten aurkako gune seguruak atondu dituzte.
Veladoren ustez, sektoreak aurrera jarraitzeko bermea izango du tax lease-aren afera behingoz itxi eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "sektorearen aldeko apustu argia" egiten dutenean. "Inbertsiogileek konfiantza behar dute. Segurtasun osoz jakin behar dute hamar urte igarotakoan Europatik ez direla diru eske etorriko".