Errepublika gogoan, Sestaon

Memoria historikoa berreskuratzeko, Sestao Gogoan elkarteak Errepublikaren Eguna ospatuko du etzi. Urtero bezala, hainbat ekintza antolatu ditu, eta parte hartzeko deia egin du. Frankismoaren kontrako borrokalariak omenduz hasiko du eguna, 12:00etan. Aldi berean, Kasko plazan hainbat ekintza izango dira. Besteak beste, argazki historikoak egongo dira ikusgai.

12:30ean, kalejira egingo dute, udaletxe parera iritsi arte. Iritsitakoan, balkoira igo eta Errepublikako bandera eta ikurrina ipiniko dituzte. Aurreskua dantzatuko diete biei.

Orfeoiaren plazan eta Pela kalean herri kantaldia egingo dute, 13:30etik aurrera. Abesti errepublikanoak eta euskal doinuak aukeratu dituzte. 15:00etan herri bazkaria izango da frontoian, musikak eta dantzak girotuta.

Memoriaren aldeko mozioa

Sestao Gogoan elkarteak aurkeztutako mozioa onartu du Sestaoko Udalak, EAJren udal gobernuaren eta EH Bilduren babesagaz. Besteak beste, gerra sasoian edo diktaduran errepresioa sufritu zuten udal langileen oroimena berreskuratzea onartu dute. Horretarako, haien aurkako neurriak indargabe utziko dituzte, eta biktimen izenak jasoko dira.