Lehentasunak

Telemundok, Estatu Batuetako telebista kate latino indartsuenetarikoak, Camelia, la texana telesail berria aurkeztu zuen orain hilabete bi. Mexikoko narkotrafikoaren inguruko istorioa izanda, azpinegozioetan dabilen taberna-zulo baten xarmarekin dekoratu zuten kazetariontzako aretoa.

Han zeuden protagonisten luxuzko autoa, hainbat poltsa susmagarri eta prime time-ko programa berriko lau aktore nagusiak: Sara Maldonado, Erik Hayes, Andres Palacios eta Dagoberto Gama. Ekitaldiko xehetasun txikiena ere kontrolpean zutela, lehen berbak bota zituen aurkezleak: “Geurekin ditugu, hemen eta orain, sekulako hiru aktore eta emakume eder bat”. Asaldura bikoitza neurea, hitzongatik eta gelako asaldatu bakarra ni nintzela sumatu nuelako.

Handik lau astera, egunkarian, celebrity-ek Interneten eskegitzen dituztenen inguruko erreportajea argitaratu behar genuen. Argazki batean Niurka Marcos modelo kubatarra agertzen zen, arrosa petaloz eta xaboi bitsez betetako bainuontzian biluzik, ipurdi zuria kamerari erakutsiz eta muturrarekin bere jarraitzaileei muxua igorriaz.

Mexikotik lan egiten duen diseinatzaileari eskatu nion argazki horren ordez Thaliaren bat sartzeko, eta, txantxetan, aukera eder hori galdu ezin genuela esan zidan, gogotsu argitaratuko zuela berak Marcosen ipurdia. Edizioa zarratu aurreko azken errepasoan ezin sinetsita nengoen: han zegoen Marcosen ipurdi zuria, orrialdearen erdian. Diseinatzaile mexikarrarena ez zen txantxa izan. Azken orduan aldatu genuen maketa.

Badakit mexikarrak eta Mexiko baino ez ditudala aipatu. Kaliforniara heldu naizenetik, izututa bainauka ezagutu ditudan gehienen matxismo zatarrak. Eta zer pentsatu handia eman dit horrek: zelakoa izango da euskaldunon matxismoa?

Argi dago geurea sotilagoa dela. Gehiegitan kritikatzen dugun gizartearen oinarri patriarkaletik harago, egunerokoan, norbanakook egiten ditugun aukeretan oso modu zitalean txertatua bizi da, eta elikatu egiten dugu.

Adibide bi ematearren, ez dut oroitzen Bilbon, inoiz, zazpi lurraldeetatik gerturatutako 120.000 lagunen manifestazio nazionalik Giza Eskubideak. Genero berdintasuna. Bakea lelopean. Ez eta emakume bat eraila edo bortxatua izan ostean ordubeteko lanuzte nazionala proposatu duen alderdi eta sindikaturik ere. Eta horrelakoak antolatzen, tamalez, badugu esperientzia. Baina nago euskaldunontzat lehentasun kontua dela.