Suak behar baino gehiago erre ez dezan

Iraultza ekarri zuen suaren aurkikuntzak. Eta aurrerapen ikaragarria ekarri dio teknologiari. Nekez egin dezake gizakiak eguneroko bizimodua sua erabili gabe. Beharrezkoa da, besteak beste, janaria egiteko, etxean bero egoteko eta etxea argitzeko. Baina suaren etengabeko erabilera horrek, badu bere alde txarra: ustekabean edo eraginda, erre behar ez lukeen zerbait erretzeko gaitasuna du. Suteak dira horren adierazpen nagusia, eta askotan tragikoena. Gaur urtebete erakutsi zuen bere indarra Bermeon.

Hamaika tokitan sortzen dira suteak. Iaz, Bizkaiko suhiltzaileek egindako 4.438 esku hartzeen artetik, 1.500 suteen ondorio izan ziren; %34, alegia. Hala adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 2013. urtearen balantzea egitean. Urtez urte, sute kopurua gutxitzen ari dela nabarmendu dute. Baina, era berean, Bizkaiko suhiltzaileen historiako esku hartzerik handienak utzi ditu 2013ak: Bermeoko alde zaharreko eta Ajangizko Maier lantokiko suteek eragindakoak. Hara joandako suhiltzaile kopurua orain arteko handienak izan ziren. Duela urtebete Bermeoko alde zaharra suak irentsi behar zuela esnatu zen, 04:00ak aldera. Hiru eraikin erabat desagerrarazi eta beste bost hondatu zituen. Arrastoak ikus daitezke oraindik ere; kasu batzuetan, iaz arte etxe zena zuloa da orain. Iazko suterik nabarmenena eta tragikoena izan zen hura. Baina egunerokoan badira sute txikiagoak.

Suhiltzaileek suteak direla-eta egiten dituzten esku hartze ohikoenak multzo nagusi bitan banatzen dira: etxebizitzetan sortzen direnak eta edukiontziak erretzeagatik sortuak. Su Itzaltze Zerbitzuak atondutako balantzearen arabera, suhiltzaileek egindako irteeren %50 bi kasu horiek eraginda izaten dira. Landa eremuetan sortzen direnak ageri dira hirugarren zerrenda horretan: irteeren %17 nekazari lurretan sortzen diren suak itzaltzera egindakoak izaten dira. %5 industrialdeetan sortzen dira.

Foru aldundiak argi du gero eta sute gutxiago dagoela eta herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dutela horiek saihesteko neurriak hartzeari begira. Baina, oraindik ere, egiteko lan handia dagoela uste du. Eta. horretarako, funtsezkoa da prebentzio neurrien informazioa zabaltzea.

Prebentziorako neurriak

Foru suhiltzaileen arabera, hainbat neurri har daitezke etxebizitzetan suteak sortzea eragozteko. Sukaldeak izan ohi dira horiek pizteko leku ohikoena. Eta hainbat neurri hartzea proposatzen dute: batetik, koiperik ez pilatzeko, ke xurgagailua garbi mantentzea; bestetik, sukaldean aritzean, sutan dagoen tresneria etengabe gainbegiratzea. Sua sortzen duten elementuak haurren esku ez egotea ere oso garrantzitsua dela uste dute. Arreta berezia sortzen du suak haurrengan. Hortaz, etxean egon daitezkeen pospolo, kandela edo pizgailuak ondo gordeta izatea gomendatzen dute.

Berogailuek ere arazo asko sortzen dituzte, eta horiekin arretaz aritzea garrantzitsutzat jo dute. Besteak beste, monoxidoa pilatzen duten egurrezko eta ikatzezko berogailuen erabilera saihestea edo lotara joan baino lehen itzalita daudela ziurtatzea nabarmendu dute. Arropa lehortzeko berogailuaren gainean jartzea oso hedatuta dagoen ohitura da, foru suhiltzaileen arabera. Eta horrek ezbeharrak sortzen dituela adierazi dute. Etxeetako instalazio elektrikoa ongi egoteak ere berebiziko garrantzia du. Azpimarratu dute entxufeetako gainkargek uste baino arazo gehiago ematen dutela.

Etxearen balioa, jomugan

“Etxebizitzetan suak eragindako kalteen ordaina ziurtatzeko, garrantzitsua da etxe aseguru egokia izatea”. Hala adierazi du Fernando Izagirrek, Seguros Bilbaok Bermeon duen bulegoko langileak: “Garrantzitsuena da aseguratzen diren balioak etxebizitzan dagoen guztiaren balioarekin bat etortze”. Etxe aseguruetan edukitzaileak eta edukiak ezberdintzen dituztela azpimarratu du. Eta horien kalkuluan jarri behar duela arreta bezeroak. Lehenak etxearen egiturak duen balioa ematen du; bigarrenak, etxean pilatzen diren higiezin guztiena. Bien balioa ondo kalkulatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Izagirrek.

Edukitzailea etxearen metro kopuruaren eta eraikuntza materialen arabera kalkulatzen da: “Etxebizitzaren egitura, zuloak, hormak, instalazio elektrikoa nahiz iturgintza, edukitzailean sartzen da”. Aseguruak egiten du zenbateko horren kalkulua. Edukiak, etxean pilatutako gauza guztien balioa, bezeroak kalkulatzen du. “Urteetan gurekin pilatutako gauza guztien artean, izugarrizko balioa dugu gordeta etxe guztietan”.

Bi horien kalkulua ondo eginda baldin badago, sutea izango balitz, aseguruak ordaindu beharko luke etxearen berreraikitzea. Eta bezeroak ez luke dirurik jarri beharko. Hala adierazi du Izagirrek. Bermeoko sutea aipatu du adibide gisa: “Gure aseguru etxean zortea izan dugu, iazko Bermeoko sutearen ondorioz erre ziren etxeak ondo aseguratuta genituelako. Gure bezeroek ez dute beren poltsikotik diru estrarik jarri behar izan. Edukitzaile eta edukien kalkulua ondo egina zegoen”. Hala ere, asteon hainbat kaltetuk kontrakoa salatu dute. Berreraikitzearen kostuaren %60 baino ez dutela kobratu esan dute.

Bermeon gertatutako salbuespena izan da. Sute gehienak partzialak izaten dira “Etxebizitza edo eraikin osoa erretzea ez da ohikoena. Normalean, sukaldeetan gertatzen dira gehienak, eta oso bakanak izaten dira”.