“Gizarte berdinzaleago bat askoz ere osasuntsuagoa izango litzateke”

Asier Muñoz Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Parkinson Elkarteko kideak (Barakaldo, 1986) gaixotasun kronikoen minari buruzko hitzaldi bat egingo du gaur, 17:30ean, Barakaldoko Clara Campoamor gizarte etxean. Mina sarri buruak sortzen duela dio.

Mina gaixotasun kronikoen ondorio bat izan ohi da?

Bai eta ez. Minari buruz daukagun kontzeptua errealitatetik urruti dago. Mina ez da kalte fisiko baten ondorio zuzena, beti hala pentsatu izan bada ere. Azken ikerketa zientifikoen arabera, mina erreala edo potentziala izan daitekeen kalte baten aurrean burmuinak duen pertzepzio bat da. Kalte potentzial hori erreala izan daiteke, edo pazienteak suposatutakoa.

Beraz, fisikoki ez dago minik, baina sentitu egiten da.

Gorputza eta buruaren arteko dikotomia ez dela benetakoa esango dugu. Gorputza, burua eta pertsona bera dira mahai baten hiru hankak. Nik erabaki dezaket zelan hezi eta zer ikasi behar dudan, baita zer pentsatu ere. Ostera, ezin dezaket erabaki pentsamendu horiek zelan prozesatzen dituen nire burmuinak. Gainera, ezin izan dut erabaki zelan hezi nauten txikitatik prozesu horiek ulertzeko. Beraz, txikitan txertoak hartu genitueneko oroitzapena datorkigu gogora odola atera behar dugunean, eta pentsamendu soilak mina sor dezake.

Eta min kronikoetan?

Antzeko zerbait gertatzen da. Ezintasunak berak edo hondatze prozesua ulertzeko ahalmenik ezak minaren pertzepzioa sortzen du sarri, benetako kalterik egon ez arren. Etengabe ezintasuna saihestu eta baztertzen duen kultura batean bizi gara, gainera, eta ez ditu normaltzat hartzen endekapenezko prozesuak. Bestalde, minaren inguruko kultura arraroa dugu. Mina ez da bizitzako parte gisa hartzen; dena arindu gura da pilulekaz, berehala.

Zelan arindu daitezke min horiek?

Zaila da; ez dago haga magikorik. Min kronikoen tratamenduak eztabaidak sortzen ditu gaur egun. Zientziak dio eraginkorrena hezkuntza dela. Arturo Goikoetxea adituak eman du azalpena: gorputzean estimulu bat dagoenean, eta burmuinean prozesatu aurretik, burmuinak dituen oroitzapenegaz konparatzen da; baita ikasitako eta bizitako gauzegaz ere. Horren arabera, interpretazio bat egiten da. Estimulua kaltegarritzat jotzen badugu, min bihurtzen dugu; gainerakoan, ez.

Beraz, pazienteari neurologia aurreratua irakatsi beharko litzaioke. Zertarako? Uler dezan zelakoa den mina, kulturak zer-nolako eragina duen, mina eta kaltea ez direla gauza bera… Hartara, estimulu hori jasotzen duenean, erreminta eta aukera gehiago izango ditu elementu hori min gisa ez ulertzeko. Eta bada ikasteko gai. Minaren fisiologia osoa ezagututa oro har askoz min gutxiago sentitzen dutela frogatu da.

Burmuina hezteaz ari zara; gorputza bera ere ez al da hezi behar?

Bai eta ez. Argi dago garrantzitsua dela gorputza jarrera egokian jartzea. Hala ere, gorputzeko egitura batean kalteak sortzeak ez dakar, halabeharrez, mina sentitu beharra. Adibide batek erakusten du hori: surflari bat surfean ari dela, marrazo batek besoa kentzen dio. Marrazoa ikusten ez dutenek minik ez dutela sentitu esaten dute. “Tiratze bat, bai. Uretara erori nintzen, eta taularen bila nindoanean jabetu nintzen besoa galdu nuela”. Zer gertatzen da? Burmuinera besoa falta zaion estimulua iritsi zaio. Baina, olatu erraldoiaren barruan dagoen bitartean, arreta handiagoa jartzen ari da surf taulatik ez erortzean. Beraz, une horretan, informazio hori ez zen hain kaltegarria burmuinarentzat. Besoa galdu izanaz jabetzean sentitu zuen mina.

Hortaz, zerk eragiten du mina?

Mina ez dator, halabeharrez, gorputzetik; pentsamenduek sor dezakete. Cuasimodo deformatua zen; Cristiano Ronaldo bera ere deformatua da, gainerakoan ezingo lukeelako baloia jaurti jaurtitzen duen eran. Ziurrenik, duela mende batzuk, deformatuek egungoek baino askoz min fisiko txikiagoa izango zuten. Hala ere, pertsona perfektuak eredu diren garaiotan, perfekzio hori ezin lortu izanak sufrimendua sor dezake. Beraz, deformazioa duen pertsona batek, nahiz eta fisikoki ez lukeen minik izan beharko, baliteke mina sentitzea. Mediku askok aspalditik diote gauza berbera, baina ez diete kasurik egiten. Pilulak ematea errazagoa da.

Eta zer egin analgesikoekaz?

Garrantzitsuak dira, eta behar denean erabili behar dira. Min fisikoa zelulak hiltzean sortzen da, edo egitura baten osotasuna haustean. Egitura hori orbaindu egingo da. Hala dagoela, ez dago zelulak hiltzeko arriskurik; beraz, ez litzateke minik sentitu beharko. Min kronikoetan, baina, orbaintze fasea agertzen denean eta zelulak hiltzeko arriskua txikitzen denean, paradoxikoki, mina areagotu egiten da. Pertsona horiek analgesikoekaz tratatzen dira. Horregaz batera ez baditugu aplikatzen mina ulertzen laguntzeko teknikak, gero eta analgesiko gogorragoak eman beharko dizkiete. Gurpil zoro batean sartzen zara: pazientea kondenatu egiten duzu min eta sufrimendu izugarrira eta, batez ere, muturreko mendekotasunera.

Mina beste ikuspegi batetik landuko balitz, askoz errazagoa izango litzateke. Dena den, hau zuhurtziaz hartu behar da. Min eta prozesu guztiak ez dira berberak, eta prozesua ondo ezagutzen duena osasungintzako profesionala da. Beraz, hausnarketarako balio beharko luke honek; inoiz ez profesional baten irizpidea baliogabetzeko.

Baina teoria horiek baztertua daudela diozu.

Farmazien industria oso indartsua da. Edozelan ere, medikuek ez dute ezer egingo beren pazienteen interesen kontra. Kalteak mina eragiten duela dioen premisatik ateratzeak asko gerturatuko gaitu egungo minetara. Izan ere, min modernoak gizarte modernoagaz batera agertu dira. Klase ertainetan sortzen diren minak dira, eta ez dira izaten zerbait fisikoagaz lotutakoak soilik; arlo gehiago dituzte.

Baliteke politika publikoek, lehiakortasun etengabeak, estresak eta beste elementu batzuek beste bizimodu mota batean izango ez genituzkeen gaixotasunak sortzeko bide ematea. Adibiderik garbiena emakumeena da: gizonek baino min kroniko gehiago dituzte. Hori ez da haien hormonen ondorioz gertatzen. Egun, ia batera doaz emakumea eta mina. Gizarte parekideago bat gaur egun daukaguna baino askoz ere osasuntsuagoa izango litzateke. Ziur nago.