Hauteskundeei begira

Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako bideari ekin dio Eusko Alderdi Jeltzaleak. Hala, herritarrek zer-nolako Bizkaia nahi duten jakiteko, martxan ipini du Bizkaiago izeneko ekinaldia, eta lehen pausoak ematen hasi da. Joan den asteburuan, Uribe Kosta eta Eskuinaldeko ehun herritar pasatxo elkartu ziren Getxon. Datozen hilabeteetan beste herri batzuetan egingo dituzte bilerak. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, “prozesu parte hartzaile horien bidez, herritarrek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko dituzten proposamenak jasoko dira”.

Atutxak “itxaropentsu” ikusi ditu herritarrak. “Egoera hau gainditu daitekeela eta horretarako denon ahaleginak batu behar ditugula diote. Hainbat herritako gizon-emakumeakaz egin dugu berba. Bakoitzak bere ideologia ekarri du; ardura eta ikuspuntu ezberdinak. Baina, bakarra dugu helburua: etorkizun hobea, enplegu gehiagorekin eta jarduera ekonomiko biziagoagaz.

Bizkaiko jeltzaleen presidenteak euskal enpresak goraipatu ditu, baina gehiago eskatu die. “Enpresa handiek aparteko ahalegina egin behar dute, jarduera industrial handiagoa sortzeko eta enpresa txiki eta ertainentzako motorra izateko. Lan harremanetarako eredu berria behar dugu, elkarrizketa lehenetsi eta xantaia antzua zein etengabeko gatazka baztertuko dituena”. Atutxaren ustez, “euskal enpresariak ez dira lotsabakoak”.

Izaskun Bilbao Europarako zerrendaburuak ere parte hartu du. Azken bost urteetan Bruselan “euskal lobby bat” sortu dela uste du. Legegintzaldi berrian ildo beretik egin gura du behar: “Ez ditugu arauak bakarrik beteko; erabakiak ere hartu nahi ditugu, herri modura”. Jasotako proposamenak Europara eroateko konpromisoa hartu du.

Era berean, hainbat herritako jeltzaleek alkatetzetarako hautagaiak aukeratu dituzte. Imanol Landa, Josu Bergara, Andoni Busquet eta Eneko Etxebarria aurkeztuko dira berriz Getxon, Sestaon, Basaurin eta Abadiñon. Zallan, berriz, Irene Pardo Nekazaritza diputatua hautatu dute.