Bizkaia

Suak behar baino gehiago erre ez dezan

Iraultza ekarri zuen suaren aurkikuntzak. Eta aurrerapen ikaragarria ekarri dio teknologiari. Nekez egin dezake gizakiak eguneroko bizimodua sua erabili gabe. Beharrezkoa da, besteak beste, janaria egiteko, etxean bero egoteko eta etxea argitzeko. Bai...

Abortuaren aldeko “prozesioa”, Bilbon

Abortatzearen Aldeko Bizkaiko Plataformak ekintza berezi bat antolatu du. Aste Santuko prozesioak gaur hasiko direla aprobetxatuta, Orgasmoen Alu Guztiz Santuaren prozesioa egingo dute arratsaldean. 20:30ean ipini dute hitzordua, Moyua plazan. Joateko...

“Gizarte berdinzaleago bat askoz ere osasuntsuagoa izango litzateke”

Asier Muñoz Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Parkinson Elkarteko kideak (Barakaldo, 1986) gaixotasun kronikoen minari buruzko hitzaldi bat egingo du gaur, 17:30ean, Barakaldoko Clara Campoamor gizarte etxean. Mina sarri buruak sortzen duela dio.

Mina gaixotasun kronikoen ondorio bat izan ohi da?

Bai eta ez. Minari buruz daukagun kontzeptua errealitatetik urruti dago. Mina ez da kalte fisiko baten ondorio zuzena, beti hala pentsatu izan bada ere. Azken ikerketa zientifikoen arabera, mina erreala edo potentziala izan daitekeen kalte baten aurrean burmuinak duen pertzepzio bat da. Kalte potentzial hori erreala izan daiteke, edo pazienteak suposatutakoa.

Beraz, fisikoki ez dago minik, baina sentitu egiten da.

Gorputza eta buruaren arteko dikotomia ez dela benetakoa esango dugu. Gorputza, burua eta pertsona bera dira mahai baten hiru hankak. Nik erabaki dezaket zelan hezi eta zer ikasi behar dudan, baita zer pentsatu ere. Ostera, ezin dezaket erabaki pentsamendu horiek zelan prozesatzen dituen nire burmuinak. Gainera, ezin izan dut erabaki zelan hezi nauten txikitatik prozesu horiek ulertzeko. Beraz, txikitan txertoak hartu genitueneko oroitzapena datorkigu gogora odola atera behar dugunean, eta pentsamendu soilak mina sor dezake.

Eta min kronikoetan?

Antzeko zerbait gertatzen da. Ezintasunak berak edo hondatze prozesua ulertzeko ahalmenik ezak minaren pertzepzioa sortzen du sarri, benetako kalterik egon ez arren. Etengabe ezintasuna saihestu eta baztertzen duen kultura batean bizi gara, gainera, eta ez ditu normaltzat hartzen endekapenezko prozesuak. Bestalde, minaren inguruko kultura arraroa dugu. Mina ez da bizitzako parte gisa hartzen; dena arindu gura da pilulekaz, berehala.

Zelan arindu daitezke min horiek?

Zaila da; ez dago haga magikorik. Min kronikoen tratamenduak eztabaidak sortzen ditu gaur egun. Zientziak dio eraginkorrena hezkuntza dela. Arturo Goikoetxea adituak eman du azalpena: gorputzean estimulu bat dagoenean, eta burmuinean prozesatu aurretik, burmuinak dituen oroitzapenegaz konparatzen da; baita ikasitako eta bizitako gauzegaz ere. Horren arabera, interpretazio bat egiten da. Estimulua kaltegarritzat jotzen badugu, min bihurtzen dugu; gainerakoan, ez.

Beraz, pazienteari neurologia aurreratua irakatsi beharko litzaioke. Zertarako? Uler dezan zelakoa den mina, kulturak zer-nolako eragina duen, mina eta kaltea ez direla gauza bera... Hartara, estimulu hori jasotzen duenean, erreminta eta aukera gehiago izango ditu elementu hori min gisa ez ulertzeko. Eta bada ikasteko gai. Minaren fisiologia osoa ezagututa oro har askoz min gutxiago sentitzen dutela frogatu da.

Burmuina hezteaz ari zara; gorputza bera ere ez al da hezi behar?

Bai eta ez. Argi dago garrantzitsua dela gorputza jarrera egokian jartzea. Hala ere, gorputzeko egitura batean kalteak sortzeak ez dakar, halabeharrez, mina sentitu beharra. Adibide batek erakusten du hori: surflari bat surfean ari dela, marrazo batek besoa kentzen dio. Marrazoa ikusten ez dutenek minik ez dutela sentitu esaten dute. "Tiratze bat, bai. Uretara erori nintzen, eta taularen bila nindoanean jabetu nintzen besoa galdu nuela". Zer gertatzen da? Burmuinera besoa falta zaion estimulua iritsi zaio. Baina, olatu erraldoiaren barruan dagoen bitartean, arreta handiagoa jartzen ari da surf taulatik ez erortzean. Beraz, une horretan, informazio hori ez zen hain kaltegarria burmuinarentzat. Besoa galdu izanaz jabetzean sentitu zuen mina.

Hortaz, zerk eragiten du mina?

Mina ez dator, halabeharrez, gorputzetik; pentsamenduek sor dezakete. Cuasimodo deformatua zen; Cristiano Ronaldo bera ere deformatua da, gainerakoan ezingo lukeelako baloia jaurti jaurtitzen duen eran. Ziurrenik, duela mende batzuk, deformatuek egungoek baino askoz min fisiko txikiagoa izango zuten. Hala ere, pertsona perfektuak eredu diren garaiotan, perfekzio hori ezin lortu izanak sufrimendua sor dezake. Beraz, deformazioa duen pertsona batek, nahiz eta fisikoki ez lukeen minik izan beharko, baliteke mina sentitzea. Mediku askok aspalditik diote gauza berbera, baina ez diete kasurik egiten. Pilulak ematea errazagoa da.

Eta zer egin analgesikoekaz?

Garrantzitsuak dira, eta behar denean erabili behar dira. Min fisikoa zelulak hiltzean sortzen da, edo egitura baten osotasuna haustean. Egitura hori orbaindu egingo da. Hala dagoela, ez dago zelulak hiltzeko arriskurik; beraz, ez litzateke minik sentitu beharko. Min kronikoetan, baina, orbaintze fasea agertzen denean eta zelulak hiltzeko arriskua txikitzen denean, paradoxikoki, mina areagotu egiten da. Pertsona horiek analgesikoekaz tratatzen dira. Horregaz batera ez baditugu aplikatzen mina ulertzen laguntzeko teknikak, gero eta analgesiko gogorragoak eman beharko dizkiete. Gurpil zoro batean sartzen zara: pazientea kondenatu egiten duzu min eta sufrimendu izugarrira eta, batez ere, muturreko mendekotasunera.

Mina beste ikuspegi batetik landuko balitz, askoz errazagoa izango litzateke. Dena den, hau zuhurtziaz hartu behar da. Min eta prozesu guztiak ez dira berberak, eta prozesua ondo ezagutzen duena osasungintzako profesionala da. Beraz, hausnarketarako balio beharko luke honek; inoiz ez profesional baten irizpidea baliogabetzeko.

Baina teoria horiek baztertua daudela diozu.

Farmazien industria oso indartsua da. Edozelan ere, medikuek ez dute ezer egingo beren pazienteen interesen kontra. Kalteak mina eragiten duela dioen premisatik ateratzeak asko gerturatuko gaitu egungo minetara. Izan ere, min modernoak gizarte modernoagaz batera agertu dira. Klase ertainetan sortzen diren minak dira, eta ez dira izaten zerbait fisikoagaz lotutakoak soilik; arlo gehiago dituzte.

Baliteke politika publikoek, lehiakortasun etengabeak, estresak eta beste elementu batzuek beste bizimodu mota batean izango ez genituzkeen gaixotasunak sortzeko bide ematea. Adibiderik garbiena emakumeena da: gizonek baino min kroniko gehiago dituzte. Hori ez da haien hormonen ondorioz gertatzen. Egun, ia batera doaz emakumea eta mina. Gizarte parekideago bat gaur egun daukaguna baino askoz ere osasuntsuagoa izango litzateke. Ziur nago.

Hauteskundeei begira

Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako bideari ekin dio Eusko Alderdi Jeltzaleak. Hala, herritarrek zer-nolako Bizkaia nahi duten jakiteko, martxan ipini du Bizkaiago izeneko ekinaldia, eta lehen pausoak ematen hasi da. Joan den asteburuan, Uribe Kosta eta Eskuinaldeko ehun herritar pasatxo elkartu ziren Getxon. Datozen hilabeteetan beste herri batzuetan egingo dituzte bilerak. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, "prozesu parte hartzaile horien bidez, herritarrek enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko dituzten proposamenak jasoko dira".

Atutxak "itxaropentsu" ikusi ditu herritarrak. "Egoera hau gainditu daitekeela eta horretarako denon ahaleginak batu behar ditugula diote. Hainbat herritako gizon-emakumeakaz egin dugu berba. Bakoitzak bere ideologia ekarri du; ardura eta ikuspuntu ezberdinak. Baina, bakarra dugu helburua: etorkizun hobea, enplegu gehiagorekin eta jarduera ekonomiko biziagoagaz.

Bizkaiko jeltzaleen presidenteak euskal enpresak goraipatu ditu, baina gehiago eskatu die. "Enpresa handiek aparteko ahalegina egin behar dute, jarduera industrial handiagoa sortzeko eta enpresa txiki eta ertainentzako motorra izateko. Lan harremanetarako eredu berria behar dugu, elkarrizketa lehenetsi eta xantaia antzua zein etengabeko gatazka baztertuko dituena". Atutxaren ustez, "euskal enpresariak ez dira lotsabakoak".

Izaskun Bilbao Europarako zerrendaburuak ere parte hartu du. Azken bost urteetan Bruselan "euskal lobby bat" sortu dela uste du. Legegintzaldi berrian ildo beretik egin gura du behar: "Ez ditugu arauak bakarrik beteko; erabakiak ere hartu nahi ditugu, herri modura". Jasotako proposamenak Europara eroateko konpromisoa hartu du.

Era berean, hainbat herritako jeltzaleek alkatetzetarako hautagaiak aukeratu dituzte. Imanol Landa, Josu Bergara, Andoni Busquet eta Eneko Etxebarria aurkeztuko dira berriz Getxon, Sestaon, Basaurin eta Abadiñon. Zallan, berriz, Irene Pardo Nekazaritza diputatua hautatu dute.

268

Ur partzuergoaren aurrekontua, datozen hiru urteetarako. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak 2014-2017ko eperako aurrekontua onartu du asteon. Osotara, 268 milioi euroren inbertsioak egingo ditu. Besteak beste, Urdunagako urtegiko hoditerian badaezpadako hobi berri bat egingo dute, matxurarik dagoenerako edo urtegia hustu behar denerako. Maiatzean hasiko dira, eta 12,9 milioi euroko aurrekontua izango du. Horrez gain, Enkarterriko ur-hornidura sarearekin jarraituko dute. Las Carreras-Arenao tartea eraikiko dute, fase bitan.

Lehentasunak

Telemundok, Estatu Batuetako telebista kate latino indartsuenetarikoak, Camelia, la texana telesail berria aurkeztu zuen orain hilabete bi. Mexikoko narkotrafikoaren inguruko istorioa izanda, azpinegozioetan dabilen taberna-zulo baten xarmarekin dekor...

SEXURAKO ERABILTZEN DEN HIZKUNTZAZ

Eguneroko bizimoduan zergatik jotzen den gaztelerara galdetuko du Oihan Vega aktoreak, bihar, Berrizen. Izan ere, Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz? bakarrizketa egingo du, 20:00etan, kultur etxean. Euskararen erabilerari buruzko "hausnarketa g...

“Uraren tarifa ez da igo familien egoera sozioekonomikoaren arabera”

Ermuko hainbat bizilagun ez dago ados udalak oraintsu onartutako uraren tarifa berriagaz. Manifestazioan atera ziren kalera, atzo, protesta egiteko. Jose F. Cid tarifa berria kritikatzen duen taldeko kidea da.

Zelakoa espero zenuten izango zela udalak onartutako tarifa berria, eta zegaz topo egin duzue?

PSE-EEk eta PPk osatutako udal gobernuak sinetsarazi zigun uraren tarifa aldatzeak bide emango ziola etxean ura modu eraginkorragoan erabiltzeko ereduari, betiere gizartean ondorio larririk sortu gabe. Baina udalak ez du komunikazio kanpainarik egin etxean ura modu iraunkorrean erabiltzearen onurak azaltzeko. Gutxiago kontsumitzeko zein ohitura aldatu beharko liratekeen ere ez du azaldu. Kontsumo tarte batzuetan tarifak garestitu eta beste batzuetan merkatu besterik ez du egin.

Tarifa moldaketa horrek desoreka handia eragin du; batzuek gutxiago ordaintzen dugu —nik neuk, esaterako—, eta beste batzuek, askoz gehiago. Krisi ekonomikoa dugun garai honetan, arazo gehien dutenek sufritu dute kalte gehien. Horixe da sortutako gatazka sozialaren iturburua. Herritarrok haserre gaude. Eta tarifa sistema berriaren alde bozkatu zuten oposizioko alderdiek eta abstenitu zirenek kritikatu egiten dute, ondorioak ikusita.

Zertan datza tarifa berria?

Kontsumoan baino ez du jartzen arreta. Zenbat eta ur gehiago kontsumitu, gehiago ordaintzen da. Ez dute igo Ermuko familien egoera sozioekonomikoaren arabera.

Tarifa sistemak bidegabekeria bat ere badu: Ermuko hondakin urak ez dira arazten; zuzenean doaz kutsadura handia duen Ego ibaira. Hala ere, herritarrok estolderia tarifa garestiak ordaintzen ditugu, besteak beste, Eibarkoak baino garestiagoak, nahiz eta ur hondakinak arazten dituzten. Kontsumoa garestiagoa da, eta gauzatzen ez diren zerbitzuengatik ere beste herri batzuetan baino gehiago kobratzen dute. Beraz, gizarte gatazka soilik ez, ingurumen gatazka ere bada gurea.

Zer proposatzen duzue zuek?

Hasteko, uraren arrazoizko kontsumoa egitea eta lortu gura diren bestelako helburuetarako gizartea informatu eta heztea. Bestalde, tarifek sendi bakoitzaren egoera sozioekonomikoa ere kontuan hartu beharko lukete. Kontsumoaren araberako desberdintasunak egon behar du, bai, baina familiek horri aurre egiteko modua izan behar dute.

Uraren prezioa ondoko herrietakoen pare jartzeko ere eskatzen dugu. Eibarren eta Elgoibarren, esaterako, %20 gutxiago ordaintzen dute. Herriotan baino gehiago edo haiek beste ordaindu behar badugu, ur hondakinak araz ditzatela gura dugu, herri horietan egiten duten bezala.

Alkateak iragarri du Gipuzkoako Ur Partzuergoan parte hartzeko asmoa dutela, uraren kudeaketa eta arazketa zerbitzuetarako.

Parte hartu aditzak ez du askorik definitzen. Partzuergoan sartu egin beharko litzateke Ermua. Saneamendu eta arazte zerbitzuak barneratzen dituen organismo publiko horretako tarifak ezarri behar dira. Uraren fakturan, zaborren kudeaketa ere kobratzen digute. Zerbitzu hori Debabarreneko Mankomunitateak ematen du. Ermuan, ordea, Eibarren baino %8 garestiagoa da.

Uren udal zerbitzuaren pribatizazioa ere salatu duzue.

%100eko kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu. Azken urteetan, enpresa pribatu batek kudeatu du ura Ermuan.

Bizkaiko ontzioletan 1.100 pertsonak lan egiten dute

Sestaoko Naval, Erandio eta Muruetako Murueta, eta Santurtziko Zamakona ontzioletan 1.100 langile inguruk egiten dute behar, gaur egun. Krisiak kopuru hori erruz apaltzea eragin du, iraganean milaka lagunek lan egiten baitzuten sektore horretan. Naval...