“Zeharo lasaitzen nau itsasoari begira arrantzan egiteak”

Garai batean ontziola zegoen toki berean dago Arrigorri Itsas Arrantza Elkartea, Ondarroaren erdiguneari begira. Hantxe dute bilgunea kirol arrantzan aritzen diren guztiek. Kaioak zarataka entzuten dira urrunean, eta kresal usaina nabari-nabaria da giroan. Handik ibiltzen da Angel Aransolo Zabala, elkarteko lehendakari izendatu berria (Munitibar, 1948).

Munitibarko Gurpide baserrian jaio zen. 8 urte zituela, ordura arteko etxebizitza utzi, eta Markina-Xemeinera bizitzera joan zen familia osoarekin batera. Aransolotarrak, hain zuzen ere, errekatik oso hurbil bizi ziren, eta hantxe ikasi zuen gaztetan arrantzan. “Ume sasoian aingiratan eta amuarrainetan makina bat ibilitakoa naiz. Ez dakit ziur zelan ikasiko nuen; olgetan izango zen, kuadrillakoekin. Gurean denak baserritarrak ziren eta”, gogoratu du, irribarretsu, Arrigorri elkarteko lehendakari berriak.

Berak esaten duen bezala “baserri giroan” hazi bazen ere, Aransolok kostaldearekin ikaragarrizko lotura du. Alabaina, emaztea ondarroarra du, Goiko kalekoa, eta ahal zuen guztietan, kainabera hartu, eta hara joaten zen arrantzan egitera. “Erretiroa hartu nuen arte, beti ibili izan naiz kanpotik lanean, Arrasate aldean. Tartea nuen bakoitzean, arrantzarako erabiltzen nuen guztia hartu, eta Ondarroa eta Lekeitio artean dauden harkaitzetara joaten nintzen. Oso gustuko nituen bizpahiru tokitara joaten nintzen. Kanpotik etorri, eta zeharo lasaitzen ninduen hantxe, itsasoari begira arrantzan egiteak. Hantxe, bakar-bakarrik nire gogoeta eta hausnarketa artean”, gogoratu du Aransolok.

Akabo harkaitzetako kontuak

Duela hamabi bat urte, ordea, gauzak erabat aldatu eta harkaitzetara arrantzara joateari utzi zion. Izan ere, anaiak Sandas izeneko txalupa txiki bat ekarri zuen, eta itsasora irteten hasi ziren biak, ahal zuten guztietan.

Bost metro eta erdi luze den zuntzezko txalupatxo hartan, makina bat tokitara joateko aukera zuten anaiek, eta orduantxe amaitu ziren harkaitzetarako joan-etorri guztiak. “Ez naiz gehiago hara bueltatu”, dio barre zantzoka. Itsasora hainbeste ostera egiten zituzten, denbora librea zuten guztietan itsasoan izaten ziren, eta hainbestekoa izaten zen ur gainean arrantzan egiteko gogoa, abiada bizian joaten ziren batetik bestera. Horrela bada, inguruko beste arrantzaleek Komando Markina ezizena ipini zieten, eurek ezer jakin gabe.

Duela sei urte, berriz, bere txalupa erosi zuen Aransolok: Iluntze, 6,95 metro luze den txalupa. Orduz geroztik, Arrigorri arrantza elkarteko bazkidea da. “Arrantza egiteko hainbat baimen behar izaten dira, eta, elkartean horiek egiteko laguntza jasotzen dugunez, bertako kidea egitea erabaki nuen”. Batez ere, atunetara joatea du gustukoen markinarrak. Iazko kanpaina eskasa izan bazen ere, hura ez da kexu, pieza bat edo beste porturatzea lortu zuen eta.

Aurten eta datorren urtean, ostera, arrantzan aritzeaz gain, beste hainbat zeregin bete beharko ditu Arrigorri arrantza elkartean. Honetan guztian berria baldin bada ere, aurretik zuzendaritza taldean egondako guztien laguntza izango du.

Batzarrak egiteko, eguen eta zapatu goizetan batzen dira. Hala ere, egunero zeregin nahikoa izaten da elkartean. “Bati baimena iraungi zaiola edo zalantzaren bat argitu nahi duela, besteak orgarako ordua nahi duela… beti gaude horiei guztiei laguntzeko prest. Eskabide horiek guztiak norberak bakarrik edo kide guztien artean batera egin, sekulako aldea dagoela deritzot. Taldean gauzak erraztu egiten direla esango nuke”.

Elkartea txikia bada ere, 165 bazkide ditu. Ondarroarrak ez eze, kanpoko jendea ere badago bertan, eta askotan elkar ezagutu ere ez dute egiten. Horregatik, urtean behin, “elkar ezagutzeko” irteera kulturalak egiten dituzte. Horrez gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste elkarteekin ere harremanetan daude.

Talde ezaguna

Arrigorri Itsas Arrantza Elkartea oso ezaguna da herrian. Urtean egiten diren hainbat ekintzatan beti laguntzeko prest daude bertako kideak. Esaterako, Errege bezperan magoak itsasotik ekartzen dituzte, igeri eta triatloi lasterketak daudenean igerilariak zaindu, eta estropadetan ere han egoten dira. Horrez gain, herrian aski ezaguna den arrantza lehiaketa ere antolatzen dute. “Umeei arrain mota ezberdinak ezagutarazi eta arrantzan irakasteko era polita dela uste dugu”.

Talde horiek guztiak laguntzeaz gain, elkartean bertan ere beste hainbat “buruko min” konpontzea tokatu zaie azkenaldian. Hain zuzen ere, urte hasieran izan ziren denboraleek kalteak eragin zituzten Ondarroan ere. Besteak beste, pantalanetako ur hoditeria apurtu egin zen, eta konpontzen ari dira azken asteotan, “ura ahalik eta ondoen aprobetxatzeko”. Bestalde, argindarra ere berritzen ari dira. Horrez aparte, itsasaldiek uraren maila aldatu egin dutela ikusi dute, eta dragatzeko berehalako beharra dagoela ikusi dute; batez ere, ibaian goraka doan zatian.

Ekaitzek eragindako kalteak konpontzeaz gain, erregaiarekin badituzte zenbait arazo. Gaur egun, gasolio instalazio bakarra dute, eta, etorkizunean, gasolinazkoa ere izatea gustatuko litzaieke bazkideei. “Momentu honetan, gasoliodun instalazio bakarra dugu, eta ez da nahikoa. Gasolinadun txalupek beste toki batzuetara joan behar izaten dute. Horregatik, portu berriko plan bereziko proiekturako eskaria egin dugu; bertan bi hornigailu egongo dira”.