Asteko Gaiak

Herriarena herriari itzuli

Bizkaiko herri askotako ohitura bada ere, indarrik handiena Gernika-Lumon daukate marijesiek, Gabon egunaren bederatziurren moduan ospatzen baita herri horretan. Bada, Gabon aurreko bederatzi goizaldetan, kalez kale dabiltza zahar nahiz gazte, emakume nahiz gizon. Eguraldirik gordinenari ere aurre eginez, gernikarren loa eten eta gernikarren artean zirrara sortzen dute marijesiek.

Zaharra bezain maitatua da herrian ohitura, eta, horren jakitun, erakusketa paratu dute Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Urtarrilaren 8ra arte bisitatu ahalko du Gabonak aurreko gaueko errondetako bilduma hori ohitura preziatuari buruz gehiago jakin nahi duenak.

Marijesien ibilbidea eta historia laburbiltzen du erakusketak, marijesietako batek urteetan bildutako hainbat dokumenturen bitartez. Goizaldeko errondetako argazki zaharrak zein berriagoak, komunikabideetan argitaratutako albisteak eta erreportajeak, koplak, kartel zaharrak, liburuak, diskoak eta bakarlari ibili izan direnen eta ibiltzen direnen argazkiak batzen ditu laginak, "gehienbat 50eko eta 60ko hamarkadako dokumentuak", Denis Azkarate bakarlariak azaldu duenez.

Bakarlariak

Aipamen berezia merezi du bakarlarien atalak, gehienak aski ezagunak dira-eta herrian: Jose Antonio Oar Basurto, Javier Obieta Santiago, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Luis Miguel Uriguen Enio, Denis Azkarate Eizagirre, Gerardo Candina Garcia, Juan Tomas Ortuzar Monasterio, Manuel Angel Udaondo, Jon Arana Pintxo, Damian Erdaide Lekerika, Fernando Astoreka Aranburu, Iñaki Olano Revuelta, Joan Aldamizetxebarria Garcia eta Iñaki Gonzalez Abadia. 60ko hamarkadatik gaurdainoko bakarlari guztiak argazki bidez ezagutzeko aukera ematen du kultur etxeko lehenengo solairuan jarritako bildumak. Horiek guztiak ez ezik, gerra aurreko eta osteko bakarlarien inguruko datuak ere batu dituzte.

Azkarateren hitzetan, marijesietako batek egindako lanaren emaitza da erakusketa. Marijesiak Lagunak elkarteak, berriz, bederatziurrenean abesten den errepertorioa osatzen dihardu azken urteetan, "ahapaldiak berreskuratzen eta digitalizatzen". Urteetan atzera eginez, XIX. mendeko errepertorioa ere berreskuratzera iritsi dira Gernika-Lumoko marijesiak. "Herri bakoitzean doinu bat darabilte, baita errepertorio bat ere", eta hori guztia ari da gaurkotzen Marijesiak Lagunak elkartea. Helburua, herriak emandakoa herriari bueltatzea ondoren.

Arana Martija eta Aurre Apraiz: bi ikuspuntu ezberdin

Marijesi eta abenduen inguruan, Jose Antonio Arana Martija zenak ikertu du gehien. Hainbat herritako letrak eta doinuak aztertu zituen, besteak beste. Bere azterlanean, Balendin Aurre Apraiz poeta ajangiztarraren berbak ere jaso zituen. Aurre Apraizek...

“Dena hondartza parean nahi dugu, eta ezinezkoa da”

Eneritz Fernandez Bilduko zinegotzia da Mendexan. Karraspio hondartzako Vista Alegre proiektuaren inguruan koalizioak duen ikuspegia azaldu du.Zeintzuk dira Vista Alegre proiektuaren xehetasunak?28 etxebizitza, 11.000 metro koadro inguruko lorategia e...

Zerbitzuaren pribatizazioa, langileen kezka iturri

Sindikatuek balorazio ona egiten dute BBK-k gizarte ekintzan eskaini izan duen zerbitzuaren inguruan, baina kezka agertu dute azkenaldian arduradunek hartutako erabakien inguruan. Izan ere, ELA sindikatuko Aitor Bikandiren hitzetan, gutxitu egin da az...

Iaz marka hautsi zuen gizarte ekintzako aurrekontuak

Aurten eman dituzte ezagutzera iaz gizarte ekintzan egindako inbertsioak, eta datorren urtean ezagutuko ditugu zehatz-mehatz aurtengoak. 2010ean, bada, BBK-k 83,4 milioi bideratu zituen gizarte ekintzara; aurrezki kutxa horrek inoiz ipini duen zenbate...

Bat egin ostean ere %30 mantenduko da

Kutxa Bank lanean hasi ostean ere, gizarte ekintza kutxa bakoitzak kudeatuko du, bere lurraldean. Irabazien %30 bideratzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, kutxa bakoitzaren portzentajea hartuko da kontuan. Esaterako, irabazien %57 zenbat den iku...

Herritarren aurrezkiak, denen onura

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru aurrezki kutxen bat egiteak zer esana eman du azken hilabeteetan. Datorren Urteberri egunetik aurrera, martxan egongo da Kutxa Bank; Vital Kutxak, BBK-k eta Kutxak bat eginik sortu duten marka berria. Hainbatek kutxak banku bihurtzen ari direla salatu dute bat egiteko prozesuak iraun duen bitartean. Bildu eta ELA eta LAB sindikatuak izan dira gogorrenak. Azkenean, akordioa erdietsi zen, eta, Bilduk ere oniritzia eman zion bat egiteari. ELAk gogor kritikatu zuen eta LABk ere ez zuen aldeko bozka eman.

Akordio horri esker aurretik gainontzeko aldeek hitzartuta zuten fusioari beste itxura bat eman zitzaion. "Gaur bozkatzen ditugun aldaketekin pribatizaziorako bidea etetea eta gizarte ekintza bermatzea lortu dugu", esan zuen Arantza Urkaregik Bilduk BBK-n duen ordezkariak, fusioa onartu zuten egunean. Hala ere koalizioak kezka agertu du, jarraipena bermatu arren, desitxuratzen ari dela ikusten dutelako. "Gero eta ahulagoa da BBK-ren gizarte ekintza. Gizartearen arazoei baino gehiago, kulturari begira egoten da eta". Hala, aurrerantzean gizarte ekintzan zer egin bereziki sortutako batzorde batek erabakitzea eskatzen dute, administrazio kontseiluak erabaki ordez. Bidenabar, gizarte ekintzatik kanpo ere gizartearekiko konpromisoari eusteko eskatzen du, adibidez, finantziazio arloan: "Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke krisia gogorren sufritzen dutenen alde, bereziki hipotekekin, ordaindu ezin dutenen kasuetan luzapenak onartuz".

Baina zein da banku baten eta kutxa baten arteko aldea? Aurrezki kutxak gizarte helburua duten fundazio pribatuak dira. Jarduten duten lurraldeko tokiko gobernuen ordezkariek osatzen dituzte administrazio kontseiluak. Bankuak, aldiz, sozietate anonimoak dira, eta haien helburu bakarra dirua irabaztea da, bazkideen artean banatzeko. Kutxetan, dibidenduak ez dira jabeen artean banatzen, nahiz eta askotan administrazio kontseiluko kideek bankuetakoen pareko soldatak izan; irabaziak, bada, gizarteari itzultzen zaizkio, zuzendaritzak aukeratutako gizarte ekintzako proiektu edo egitasmoen bidez. BBK-ri dagokionez, aurrezki kutxen irabazien %30 erabili izan dira gizarte ekintza finantzatzeko.

BBK-k egiten duen lana nahiko ezaguna da. Esaterako, Bizkaiko milaka eta milaka ume joan izan dira Sukarrietako udalekuetara eta Brisañen dituenetara (Errioxa, Espainia). Herrietan egiten diren nekazaritza edo abeltzaintza azoka gehienetako erakustokiek ere BBK-ren ikurra izaten dute. Baita erretiratuen klub edo elkarte gehienek ere. Haur eskolak, kultur ekimenak, BBK Live jaialdia... Proiektuak asko dira. Baina aurrezki kutxak berak emandako datuen arabera, gizarte ekintzan ipintzen duen diruaren zatirik handiena gizarte laguntzarako izaten da. Hona alor horretan dituen proiektu nagusiak.

BBK-k adimen urritasuna dutenak zaintzeko Ola zentroa dauka Sondikan. Duela 40 urte inauguratu zuten, eta, hasiera-hasieratik, hiru zerbitzu hauek eskaini ditu: hezkuntza bereziko ikastetxea, barnetegi terapeutikoa eta gaixotasunaren diagnostiko zentroa. Azken urteetan Aldundiarekin eta Lantegi Batuak eta Gorabide elkarteekin jarduten dute. BBK-k egoitza eta finantzabidea eskaintzen ditu, eta gainontzekoek zerbitzua. Adimen urritasuna dutenei arreta egiteko unitateez gain, badira zentroa osatzen duten beste batzuk ere; esaterako, euren familientzako eta sektoreko erakundeentzako orientazio, laguntza eta koordinazio zerbitzuak eskaintzen dituzten unitateak.

Lan munduari begira

Arlo horretan, Dokudea dokumentuen kudeaketa zentroa ere finantzatzen du BBK-k. Lantegi Batuak erakundeak kudeatzen du, eta urritasunen bat dutenak gizarteratzea eta lan munduratzea lotzen du, teknologia berrien bidez. Getxon dagoen zentro horrek 40 lanpostu sortu ditu, eta gehienak urritasunen bat duten pertsonei dagozkie. Teknologia berrien eta kudeaketa digitalaren inguruan jarduten dute.

Egitasmo berritzaile bat ere badute esku artean: adimen urritasuna duten pertsonek osorik kudeatuko duten gazteentzako lehen hiri-aterpetxea. "Abangoardiako zentro bat" izango da, ibiltzeko erraztasun handiak emango dituena, eta Bilboko Bolueta auzoan egongo da. Datorren urtean irekiko dute. Kasu horretan ere, Lantegi Batuak elkartearekin elkarlanean bultzatutako proiektua izango da.

Menpekotasuna duten adinekoen arretarako, berriz, Aspaldiko Fundazioak kudeatzen duen adinekoen egoitza finantzatzen du BBK-k. Portugaleten dago, eta zerbitzu hauek ditu: egoitza, unitate sozio-sanitarioa, eguneko zentroa eta prestakuntzarakoa.

Beste horrenbeste egiten du Bizkaiko Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartearekin batera kudeatzen duen Jabetuz zentroari dagokionez. Egoitza horren eginkizun nagusia alzheimerdunen autonomia sustatzea da.

Buruko gaixotasun kronikoa dutenentzako egoitzari ere egiten dio bere ekarpena BBK-k. Argia fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta Getxoko fraide hirukoiztarren anaidiak sortu zuen, 1988. urtean. Aurrezki kutxak 1989. urtean bat egin zuen egitasmoarekin, 280 milioi pezetako diru ekarpenarekin (1,68 milioi euro). Buruko gaixotasun kroniko larriak —desoreka eskizofrenikoak edo afektibitate desorekak— dituztenei erabateko laguntza ematen diete fraideek, gizarteratzeko zailtasunak arintzeko asmoz.

Aurrezki erakundearen asmoa orain arteko ildoari jarraitzea da bat egitearen ostean ere. Gaur egun martxan dituzten lan bideak eta egitasmoak bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu dute. Hala ere, aurrerantzean hiru kutxak elkarrengandik gertuago egonik, BBK-n argi dute beste bien lana gertutik begiratu beharko dutela.