“Dena hondartza parean nahi dugu, eta ezinezkoa da”

Eneritz Fernandez Bilduko zinegotzia da Mendexan. Karraspio hondartzako Vista Alegre proiektuaren inguruan koalizioak duen ikuspegia azaldu du.Zeintzuk dira Vista Alegre proiektuaren xehetasunak?28 etxebizitza, 11.000 metro koadro inguruko lorategia e…

Eneritz Fernandez Bilduko zinegotzia da Mendexan. Karraspio hondartzako Vista Alegre proiektuaren inguruan koalizioak duen ikuspegia azaldu du.

Zeintzuk dira Vista Alegre proiektuaren xehetasunak?

28 etxebizitza, 11.000 metro koadro inguruko lorategia eta 150 autorentzako aparkalekuak eraikitzea aurreikusi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintza Sailak proiektuari onespena emango diola uste duzue?

Bai. Izan ere, dena nahiko arin joan da. Ikusi dugu interesak daudela aparkaleku, etxebizitza eta lorategi horiek egiteko. Baiezkoa berehala etorriko dela uste dugu; urtea amaitu aurretik ez bada, urtea amaitu eta gutxira.

Horrelako proiektuei ateak zabaldu aurretik hausnarketa bat abiatu beharko litzatekeela adierazi duzue. Nork hartu beharko luke parte eztabaida horretan?

Proiektuentzako arau subsidiarioak 2000. urtekoak dira, eta zaharkituta daude. Ikusi den moduan, asko eraiki da, ganora barik. Guk uste dugu arau horiek berrikusi behar direla dauzkagun beharrizanetara egokitzeko. Hori elkarlanean egin behar da: udalak ez ezik, herritarrek ere zeresan handia daukate.

Proiektu honetaz gain, tankera honetako beste proiekturik egitea aurreikusten da Lea-Artibain?

Oraindik garatu gabe daude batzuk, behin-behineko onarpenik ez daukatenak. Aurreko agintaldietan egin diren triskantzak herri guztietan daude, baina gainean daukagun bakarra hau da.

Aurretik eginda dauden azpiegiturek proiektu honek emango lituzkeen zerbitzuak bete ditzakete?

Lekeitioko saihesbidean hiru aparkaleku daude. Dena hondartzaren parean izatea nahi dugu, baina hori ezinezkoa da.