Herriarena herriari itzuli

Bizkaiko herri askotako ohitura bada ere, indarrik handiena Gernika-Lumon daukate marijesiek, Gabon egunaren bederatziurren moduan ospatzen baita herri horretan. Bada, Gabon aurreko bederatzi goizaldetan, kalez kale dabiltza zahar nahiz gazte, emakume nahiz gizon. Eguraldirik gordinenari ere aurre eginez, gernikarren loa eten eta gernikarren artean zirrara sortzen dute marijesiek.

Zaharra bezain maitatua da herrian ohitura, eta, horren jakitun, erakusketa paratu dute Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Urtarrilaren 8ra arte bisitatu ahalko du Gabonak aurreko gaueko errondetako bilduma hori ohitura preziatuari buruz gehiago jakin nahi duenak.

Marijesien ibilbidea eta historia laburbiltzen du erakusketak, marijesietako batek urteetan bildutako hainbat dokumenturen bitartez. Goizaldeko errondetako argazki zaharrak zein berriagoak, komunikabideetan argitaratutako albisteak eta erreportajeak, koplak, kartel zaharrak, liburuak, diskoak eta bakarlari ibili izan direnen eta ibiltzen direnen argazkiak batzen ditu laginak, “gehienbat 50eko eta 60ko hamarkadako dokumentuak”, Denis Azkarate bakarlariak azaldu duenez.

Bakarlariak

Aipamen berezia merezi du bakarlarien atalak, gehienak aski ezagunak dira-eta herrian: Jose Antonio Oar Basurto, Javier Obieta Santiago, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Luis Miguel Uriguen Enio, Denis Azkarate Eizagirre, Gerardo Candina Garcia, Juan Tomas Ortuzar Monasterio, Manuel Angel Udaondo, Jon Arana Pintxo, Damian Erdaide Lekerika, Fernando Astoreka Aranburu, Iñaki Olano Revuelta, Joan Aldamizetxebarria Garcia eta Iñaki Gonzalez Abadia. 60ko hamarkadatik gaurdainoko bakarlari guztiak argazki bidez ezagutzeko aukera ematen du kultur etxeko lehenengo solairuan jarritako bildumak. Horiek guztiak ez ezik, gerra aurreko eta osteko bakarlarien inguruko datuak ere batu dituzte.

Azkarateren hitzetan, marijesietako batek egindako lanaren emaitza da erakusketa. Marijesiak Lagunak elkarteak, berriz, bederatziurrenean abesten den errepertorioa osatzen dihardu azken urteetan, “ahapaldiak berreskuratzen eta digitalizatzen”. Urteetan atzera eginez, XIX. mendeko errepertorioa ere berreskuratzera iritsi dira Gernika-Lumoko marijesiak. “Herri bakoitzean doinu bat darabilte, baita errepertorio bat ere”, eta hori guztia ari da gaurkotzen Marijesiak Lagunak elkartea. Helburua, herriak emandakoa herriari bueltatzea ondoren.