Herritarren aurrezkiak, denen onura

Irabazi asmorik gabeko fundazio pribatu den heinean, irabazien %30 gizarte ekintza proiektuetara bideratzen ditu BBK-k. Bere proiektuak martxan jartzeaz gain, besteen egitasmoak finantzatzen ditu.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru aurrezki kutxen bat egiteak zer esana eman du azken hilabeteetan. Datorren Urteberri egunetik aurrera, martxan egongo da Kutxa Bank; Vital Kutxak, BBK-k eta Kutxak bat eginik sortu duten marka berria. Hainbatek kutxak banku bihurtzen ari direla salatu dute bat egiteko prozesuak iraun duen bitartean. Bildu eta ELA eta LAB sindikatuak izan dira gogorrenak. Azkenean, akordioa erdietsi zen, eta, Bilduk ere oniritzia eman zion bat egiteari. ELAk gogor kritikatu zuen eta LABk ere ez zuen aldeko bozka eman.

Akordio horri esker aurretik gainontzeko aldeek hitzartuta zuten fusioari beste itxura bat eman zitzaion. “Gaur bozkatzen ditugun aldaketekin pribatizaziorako bidea etetea eta gizarte ekintza bermatzea lortu dugu”, esan zuen Arantza Urkaregik Bilduk BBK-n duen ordezkariak, fusioa onartu zuten egunean. Hala ere koalizioak kezka agertu du, jarraipena bermatu arren, desitxuratzen ari dela ikusten dutelako. “Gero eta ahulagoa da BBK-ren gizarte ekintza. Gizartearen arazoei baino gehiago, kulturari begira egoten da eta”. Hala, aurrerantzean gizarte ekintzan zer egin bereziki sortutako batzorde batek erabakitzea eskatzen dute, administrazio kontseiluak erabaki ordez. Bidenabar, gizarte ekintzatik kanpo ere gizartearekiko konpromisoari eusteko eskatzen du, adibidez, finantziazio arloan: “Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke krisia gogorren sufritzen dutenen alde, bereziki hipotekekin, ordaindu ezin dutenen kasuetan luzapenak onartuz”.

Baina zein da banku baten eta kutxa baten arteko aldea? Aurrezki kutxak gizarte helburua duten fundazio pribatuak dira. Jarduten duten lurraldeko tokiko gobernuen ordezkariek osatzen dituzte administrazio kontseiluak. Bankuak, aldiz, sozietate anonimoak dira, eta haien helburu bakarra dirua irabaztea da, bazkideen artean banatzeko. Kutxetan, dibidenduak ez dira jabeen artean banatzen, nahiz eta askotan administrazio kontseiluko kideek bankuetakoen pareko soldatak izan; irabaziak, bada, gizarteari itzultzen zaizkio, zuzendaritzak aukeratutako gizarte ekintzako proiektu edo egitasmoen bidez. BBK-ri dagokionez, aurrezki kutxen irabazien %30 erabili izan dira gizarte ekintza finantzatzeko.

BBK-k egiten duen lana nahiko ezaguna da. Esaterako, Bizkaiko milaka eta milaka ume joan izan dira Sukarrietako udalekuetara eta Brisañen dituenetara (Errioxa, Espainia). Herrietan egiten diren nekazaritza edo abeltzaintza azoka gehienetako erakustokiek ere BBK-ren ikurra izaten dute. Baita erretiratuen klub edo elkarte gehienek ere. Haur eskolak, kultur ekimenak, BBK Live jaialdia… Proiektuak asko dira. Baina aurrezki kutxak berak emandako datuen arabera, gizarte ekintzan ipintzen duen diruaren zatirik handiena gizarte laguntzarako izaten da. Hona alor horretan dituen proiektu nagusiak.

BBK-k adimen urritasuna dutenak zaintzeko Ola zentroa dauka Sondikan. Duela 40 urte inauguratu zuten, eta, hasiera-hasieratik, hiru zerbitzu hauek eskaini ditu: hezkuntza bereziko ikastetxea, barnetegi terapeutikoa eta gaixotasunaren diagnostiko zentroa. Azken urteetan Aldundiarekin eta Lantegi Batuak eta Gorabide elkarteekin jarduten dute. BBK-k egoitza eta finantzabidea eskaintzen ditu, eta gainontzekoek zerbitzua. Adimen urritasuna dutenei arreta egiteko unitateez gain, badira zentroa osatzen duten beste batzuk ere; esaterako, euren familientzako eta sektoreko erakundeentzako orientazio, laguntza eta koordinazio zerbitzuak eskaintzen dituzten unitateak.

Lan munduari begira

Arlo horretan, Dokudea dokumentuen kudeaketa zentroa ere finantzatzen du BBK-k. Lantegi Batuak erakundeak kudeatzen du, eta urritasunen bat dutenak gizarteratzea eta lan munduratzea lotzen du, teknologia berrien bidez. Getxon dagoen zentro horrek 40 lanpostu sortu ditu, eta gehienak urritasunen bat duten pertsonei dagozkie. Teknologia berrien eta kudeaketa digitalaren inguruan jarduten dute.

Egitasmo berritzaile bat ere badute esku artean: adimen urritasuna duten pertsonek osorik kudeatuko duten gazteentzako lehen hiri-aterpetxea. “Abangoardiako zentro bat” izango da, ibiltzeko erraztasun handiak emango dituena, eta Bilboko Bolueta auzoan egongo da. Datorren urtean irekiko dute. Kasu horretan ere, Lantegi Batuak elkartearekin elkarlanean bultzatutako proiektua izango da.

Menpekotasuna duten adinekoen arretarako, berriz, Aspaldiko Fundazioak kudeatzen duen adinekoen egoitza finantzatzen du BBK-k. Portugaleten dago, eta zerbitzu hauek ditu: egoitza, unitate sozio-sanitarioa, eguneko zentroa eta prestakuntzarakoa.

Beste horrenbeste egiten du Bizkaiko Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartearekin batera kudeatzen duen Jabetuz zentroari dagokionez. Egoitza horren eginkizun nagusia alzheimerdunen autonomia sustatzea da.

Buruko gaixotasun kronikoa dutenentzako egoitzari ere egiten dio bere ekarpena BBK-k. Argia fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta Getxoko fraide hirukoiztarren anaidiak sortu zuen, 1988. urtean. Aurrezki kutxak 1989. urtean bat egin zuen egitasmoarekin, 280 milioi pezetako diru ekarpenarekin (1,68 milioi euro). Buruko gaixotasun kroniko larriak —desoreka eskizofrenikoak edo afektibitate desorekak— dituztenei erabateko laguntza ematen diete fraideek, gizarteratzeko zailtasunak arintzeko asmoz.

Aurrezki erakundearen asmoa orain arteko ildoari jarraitzea da bat egitearen ostean ere. Gaur egun martxan dituzten lan bideak eta egitasmoak bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu dute. Hala ere, aurrerantzean hiru kutxak elkarrengandik gertuago egonik, BBK-n argi dute beste bien lana gertutik begiratu beharko dutela.