Ibai Maruri Bilbao
"Arrietako Udalak koronabirusak eragindako osasun alertako egoeraren aurrean laguntza eskatu gura deutsu, bakardade arriskuan dagozan adinekoak identifikatzeko". Martxoan Arrietako etxe guztietara iritsitako oharraren hasiera da. Haren arabera, ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Gurutze Gorriarekin antolatutako boluntario sarea arduratuko da premian dauden horiei laguntza emateaz. "Bizkaiko udal guztiekin elkarlanean gabiltza: gizarte zerbitzuekin harremanetan gaude, eta haien bitartez jasotzen dugu informazioa", azaldu du Bizkaiko Gurutze Gorriko presidente Victor Gutierrezek. Gaineratu du egoera kalteberan dauden herritar horien bizilagunek ere deitu izan dietela egoeraren berri emateko.