Borondateak ezkutatzen dituenak

Iritzia

Maria Fuentes Rodriguez, Oihana Barrenetxea Arribillaga, Sara Arin Sukia eta Iker Corres Martin

Latzak dira bizi dugun osasun krisia gure inguruan eragiten ari den ondorioak, eta oraingoan Medikuntzako eta Erizaintzako azken urteko kideok bete-betean jo gaitu. Orain dela hilabete eta erdi, gure graduko azken ikasturte osoa hartzen duten praktikak bertan behera utzi zituzten, koronabirus berriaren kutsakortasuna murrizte aldera. Ondorioz, etxean geratu ginen, ikasturtea nola amaituko genuen informaziorik jaso gabe, harik eta martxoaren 15ean Espainiako Gobernuak ikasleen kontratazioak onartzeko aukera adierazi zuten arte.

Martxoaren 27an dekanoaren mezu bat heldu zitzaigun kurtsoa amaitu ahal izateko eta egin gabeko praktiken kredituak baliozkotzeko alternatibaren bat garatuko zutela esanez. Apirilaren 1ean, Dekanotzatik berriz ere mezua heldu zitzaigun. Apirilaren 2ko 14:00etarako konbalidatzeko aukeren artean erabaki behar genuela zioen: borondatezko lan kontratu bat edo alternatiba zehaztugabe bat.

Lan eskaintzari dagokionez, hilabeteko kontratua izango litzateke, luzatzeko aukerarekin eta gutxieneko soldataren truke (950 euro, lanaldi osoa egitekotan). Gainerako baldintzak (zer lan egingo dugun, zer ordutegitan, gauean edo asteburuan lan egiteagatik gehigarririk jasoko dugun, zer babes baliabide edukiko ditugun… ) airean geratzen dira, eta Osakidetzaren borondate onean sinestea beste aukerarik ez dugu. Aurrekariak, ordea, ez dira lasai egoteko modukoak. Gasteizko erizaintzako kideak martxoaren 23an hasi ziren call center-etan lan administratiboa egiten. Goiz, arratsalde zein gaueko lanaldietan, eta oraindik kontraturik eta soldatarik gabe daude. Badirudi baldintza kaxkarrenetan lan egiteko aukera luzatu digula EHUk, egungo egoeran lan egiteak dakarren arrisku gehigarria guztiz alboratuz.

Argi geratzen da: pandemiaren aurrean ikasleok gure ekarpena egiteko dugun prestasuna baliatuz, EHUk miseriazko baldintzak dituen lan eskaintza bat onartzera bultzatu gaitu. Eta, hori ez egitekotan, edukiko genukeen beste alternatibarik mahai gainean ez dagoenez, kurtsoa amaitzearen gaineko ziurgabetasuna onartzea beste aukerarik ez genuke. Dirudienez, EHUrentzat, ikasleak baino gehiago, eskulan merkea besterik ez gara.

Horregatik guztiagatik, UIBrekin, Unibertsitateko Indar Batasunarekin, elkarlana abiatu dugu EHUri egoera honen kudeaketa egokitzeko exijentziak luzatuz. Hasteko, ezinbestekoa da lan kontratua aukeratzerako orduan beste alternatiba zehatz bat edukitzea. Bestetik, Dekanotzak esan zuen bezala, praktika klinikoak birtualki ordezkatzeko aukerarik ez dagoenez, ikasturtea gainditzeko sei hilabetez burututako praktiken batez besteko nota eta GRALa soilik kontuan hartzea eskatzen dugu, eta, gainera, GRALa eta ECOEa egiteko baldintzak gure oniritziarekin erabakitzea, gure beharretara moldatzen direla ziurtatuz. Konfinamendua maiatza baino lehen amaitzen bada, alternatiba aukeratu duten kideek praktiken ohiko ordutegiari jarraitu beharko liokete, galdutako orduak errekuperatzera behartu gabe. Lan eskaintzari dagokionez, ezarritako lan baldintzak guztiz zehaztu eta helaraztea exijitzen dugu, bai eta orain arte proposatu zaizkigunak hobetzea, are eta gehiago egungo egoerak duen arrisku gehigarria kontuan izanik.

Larrialdi egoera honen aurrean, gure kolaboratzeko nahia berresten dugu, baina ezin ditugu onartu inpunitate osoz ezartzen dabiltzan miseriazko lan baldintzak. Osasun krisi batetik haratago doan egoera honetan, lan baldintza gordinetan lanean ari diren kideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Miseriaren aurrean, beraz, egia mahai gaineratzea eta antolatzea dagokigu.

SINATZAILEAK: Artikulu hau Medikuntzako eta Erizaintzako 116 ikaslek sinatzen dute.