Euskarari eusten, sarean

Euskarari eusten, sarean

June Prieto

Euskara eremu ez-formaletan praktikatzeko, Ezkerraldeko 600 pertsona inguru batzen dira Berbalagun egitasmoan. Orain arte tabernetan edo parkeetan egiten zituzten saioak, eta astean behin elkartzen ziren gai ezberdinak jorratzeko. Fisikoki elkarrekin egotea ezinezkoa den garai honetan, bideo deien bidez batzen hasi dira lehendik sortuta zeuden taldeak. Berbalagun taldera batu nahi duen edonorentzat ere saio irekiak egiten dituzte.

Fernando Landaburu Portugaleteko Berbalagun taldeen dinamizatzailea da; egoerara moldatu behar izan direla azaldu du. “Konfinamendua hasi eta berehala ekin genion bideo bidezko mintzaldiak egiteari. Oso azkar ikasi behar izan dugu denok plataforma berri batzuk erabiltzen”. Portugaleten ez ezik, eskualdeko eta Euskal Herri osoko hainbat Berbalagun taldek dinamika bera erabili dutela adierazi du.

“Orain arte elkartzen ginen taldeak mantendu ditugu, eta konfinamendua hasi baino lehen geneuzkan ordutegiak errespetatzen saiatu gara”. Hala ere, Berbalagun taldean lehenengoz parte hartu nahi duen edonorentzat ere saio irekiak egiten dituzte, konpromisorik gabekoak eta maila guztietarako. “Telemintzodromoak deitu ditugu; taldera edonor sartu daiteke, eta gai ezberdinak lantzen ditugu”. Ostegunetan egiten dituzte, bi saio: 12:00etan eta 18:00etan. Orain arte erabili dituzten gaiak, besteak beste, hauek izan dira: konfinamenduan janaria prestatu eta kirola etxean. “Bi txandatan egiten dugu, jendearen ordutegira moldatzeko. Batzuek lanean jarraitzen dute, eta beste batzuek umeen zaintza antolatu behar dute. Batzuetan zaila da horrelako hitzorduak lotzea; ezinezkoa dirudien arren, jendea oso lanpetuta dago egun hauetan”.

Bideo deiak egitean kontuan hartu beharreko beste faktore bat teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna da. Etxean Interneterako sarbidea edukitzeak edo plataforma berrien ezagutza menperatzeak asko baldintzatzen du mintzodromoaren kalitatea. “Alde horretatik mugatuta gaude, baina ahal dena egiten dugu”.

Berbalagun egitasmoan, konfinamenduaren aurretik egiten zituzten hainbat egitasmo ere moldatu behar izan dituzte, eta egitarau oparoa eskainiko diete etxetik euskara praktikatu nahi dutenei. Hurrengo ekintza bideo lehiaketa bat izango da: Ezkerralde mailan antolatu dute, eta parte hartu nahi dutenek igandera arte, apirilaren 26ra arte daukate bideoak bidaltzeko aukera. “40 segundo berrogeialdian lehiaketan, 40 segundoko bideoak aurkeztu behar dira, eta berrogeialdia adierazi behar dute: umorea erabiliz, modu serioagoan… bakoitzak nahi duen moduan. Jada bideo batzuk heldu zaizkigu”.

Bideo lehiaketaren harira, bada Kolonbiatik ere parte hartu nahi izan duenik. “Pentsatzen dut Facebooken bidez heldu zitzaiola deialdia, eta oso bideo landua bidali zuen, baina erdaraz. Nik dena azaldu nion: tokiko lehiaketa bat dela, saria oso xumea izango dela, eta, nahi izanez gero, euskaraz bidali ahal duela. Bidalitakoa euskaratu nion, eta erantzuna jaso dut dagoeneko: bideoa euskaratuta”.

Birusak#EzGaituMututuko dinamikaren barnean sartu dituzte ekintza hauek guztiak. Hasieran, apirilaren 12ra arte planteatu zuten; gero, apirilaren 26ra arte; baina konfinamenduak iraun bitartean dinamikarekin jarraitzeko asmoa daukate. “Gure helburua orain arte eramandako erritmoa mantentzea da, eta baita euskararen praktika bermatzea ere. Beste mota batzuetako ekintzak ere egiteko asmoa dugu, apur bat jarduera mantentzeko. Hitzaldiak, ikastaroak eta abar”.

Jendearen harrerarekin pozik agertu da Landaburu, baina onartu du gauza asko galtzen direla teknologia berriekin. “Hurbileko harremanek dituzten baliabide batzuk galtzen dira: keinuak, gorputz hizkuntza… Txandaka hitz egin behar da, elkar ez oztopatzeko. Argi dago aurrez aurrekoa dinamikoagoa dela, arinagoa. Artifizialagoa da era hau, baina, besterik ezean…”. Martxalagunak egitasmoa ere egiten zuten lehen, baina, logikoa den moduan, bertan behera geratu da egoera konpondu bitartean. “Orain arte egin ditugun Berbalagun egitasmoko saioak nahiko formalak eta serioak izan dira, tartean janaririk eta edaririk barik. Baina, hau luze doala ikusita, egunen batean hori ere proposa dezakegu”.