Olgetan hezi eta hazi, Lea ibarrean

Olgetan hezi eta hazi, Lea ibarrean

June Prieto

Lea ibarreko ume eta gazteen arteko harremana sustatzeko sortu zen Kubike aisialdi taldea, 2015. urtean. Herritik eta herriarentzat, aisialdi eredu propio bat sortzea lortu du Kubikek, herri txikietako izaera sendotuz eta heziketa formalak dituen hutsune batzuk betez. 2 urtetik 12 urtera arteko umeekin lan egiten dute, euskaraz eta umeen parte hartzea sustatuz.

Aulestik, Amorotok, Gizaburuagak, Mendexak eta Munitibarrek osatzen dute Lea Ibarra mankomunitatea. Euretako bik ez dute eskolarik, eta hainbat umek bailaratik kanpo joan behar izaten dute ikastera. Kubike taldea sortu aurretik, udalekuak ere beste herrietan egiten zituzten. Ane Bengoetxea aisialdi taldeko hezitzailea da, eta sorreratik ibili da ekintzak antolatzen. “Hezitzaile titulua ateratzen ari ginenon partetik sortu zen proiektua. 2013an, Aulestiko Trolebu elkartearekin batera egin ziren lehenengo udalekuak, baina taldea ofizialki 2015ean sortu genuen”.

“Umeek elkar ezagutzea eta etorkizunean harreman horiek mantentzea da gure helbururik nagusiena”. Berez, bailarako umeentzako sortu zen proiektua, baina udan herri horietara joaten diren umeek ere parte hartu dezakete udalekuetan. “Kubike ez zen sortu bakarrik udalekuak egiteko. Abiapuntua hori izan bazen ere, gerora ekintza ugari antolatu ditugu: udaleku ibiltariak, Lea ibarreko Umeen Eguna eta negulekuak, besteak beste”.

Ekintza horietatik guztietatik udaleku irekiek dute arrakasta handiena: umeekin egun pasa egiten dute udako hiru astetan, baina lo, ume bakoitzak bere etxean egiten du. Udaleku horietan, hain zuzen, mankomunitateko herriak ezagutzen dituzte, eta bertako kantak, ohiturak eta jolasak ikasten dituzte. 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldietan, antzinako jolasak berreskuratzeko apustua egin zuten, haien ekintzetan herriko umeei jolas horiek erakusten, besteak beste.

Balio zehatz batzuk lantzen saiatzen dira, nahiz eta onartzen duten askotan ezinezkoa dela denak jorratzea. “Natura, sormena, hezkidetza, kulturartekotasuna, errespetua, elkarlana, feminismoa… Horiek guztiak dira gure oinarria, baina muga asko ditugu horiek aurrera ateratzeko. Frustratu barik, daukagun denborarekin ahal duguna egiten dugu”, azaldu du Bengoetxeak. Elbarri bat eduki dute taldean, eta umeekin hori ere landu dute.

Euskara hutsean antolatzen dituzte ekintza guztiak; izan ere, euskalkiak lantzea zaila dela azaldu du Bengoetxeak: “Azkenean bost herri txiki izan arren, bakoitzak bere euskalki eta hitz propioak dauzka. Beraz, gure helburua soilik da erdaraz egiten dutenei apur bat joera hori aldatzea”. Kubike izena, hain zuzen, bailarako euskalkitik hartutako hitz bat da: ezkutaketan esan nahi.

Metodologiari dagokionez, umeen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dute, eguneko ekintzak antolatzeko zein udalekuen egitaraua osatzeko. “Umeen beharrizanetara egokitzen den metodologia bat erabiltzen dugu. Hezitzaileak gara udalekuak antolatzen ditugunak, eta, aurreko lanketan, umeen nahiak kontuan hartzen ditugu beti”. Metodologia parte hartzailea adin nagusiagoak dituzten taldeekin egiten dute gehienbat. Era berean, udaleku ibiltarietan —12 urtetik gorakoentzat antolatzen dituzte—, ez dute hezitzaile eta gazteen artean bereizketarik egiten, eta elkarrekin antolatzen dute dena.

2018ko udaleku ibiltarietan, umeek hala eskatuta, kanta bat sortu zuten, eta Amorotoko Musikorta estudioan grabatu zuten. Olgetan hezi, olgetan hazi ipini zioten izena. Kantak honela dio: “Gure eskuk atarako dabez kalabazetatik gaur arte gordeta egon diren istorixo guztixek. Gure hankak astindduko dabe herri zahar honen behiengane zaharra. Zuen begixek horren testigu ixengo dire!“.