Esku garbiak, betiko txertoa

Esku garbiak, betiko txertoa

Ibai Maruri Bilbao

Egunero errepikatzen dute osasun agintariek: txertoa aurkitu arte, eskuak ondo garbitzea da koronabirusaren aurkako erremediorik eraginkorrena. Baina mezu hori ez da berria. Duela ehun urte ere, mundua epidemia itzel batek jo zuen, eta orduan ere Bizkaia ez zen salbu geratu. 1918 eta 1920 urteen artean, gripe gogor batek milaka lagun gaixotu zituen. Gripe espainiar ipini zioten ezizena, lehen kasuak AEBetan agertu ziren arren. Izan ere, Lehen Mundu Gerra zela eta, beste herrialdeetako agintari eta hedabideek ez zioten aparteko kasurik egin hasieran; Espainia neutrala zen, eta gaitzak orrialdeak bete zituen bertako egunkarietan. Orduko hartan ere, gaur egungo agindu bera eman zieten herritarrei, beste hainbat aholkuren artean: “Eskuak ondo garbitu”.

Gogorra izan zen epidemia. 1918an, 300.000 biztanle zituen Bizkaiak, eta, Bilboko Osalari Bazkunaren arabera, 200.000 inguruk hartu zuten gaitza; hau da, bizkaitarren bi herenek. Herri batzuetan, are gehiagok. 1918ko maiatzean hil zuen birusak lehen bilbotarra; ekainean, berriz, hamasei izan ziren zendutakoak; uztailean, hiru; eta abuztuan ez zen hildakorik egon. Lehen kolpea, beraz, leuna izan zen. Antzera gertatu zen mundu guztian.

Udazkenean itzuli zen birusa. Irailean, suabe: zortzi pertsona hil zituen Bilbon. Baina urria latza izan zen: 480 izan ziren zendutakoak. Hilaren 8an epidemia egoera izendatu zuten agintariek, abenduaren 17ra arte. 1919ko urtarriletik maiatzera, berriro itzuli zen: 329 bilbotar hil zituen. 1920ko urtarriletik martxora, berriz, 249. Guztira, 1.400 hildako izan zituen Bilbok; herritarren %1,2. Udal ehorzleek ere grebara jo zuten, lanez lepo zeudelako. Hilkutxak ere falta izan ziren.

Batez ere, 15 eta 45 urte arteko herritarrei eta umeei eragin zien: hildakoen %54 eta %15 izan ziren, hurrenez hurren. Eta gizon baino andre gehiago zendu ziren. Ez zen lortu Bizkaiko herrietako datu zehatzak biltzea, baina hilkortasun tasa Bilbon baino handiagoa izan zen medikuen elkargoaren arabera. Izan ere, zailagoa zen gaixo larriak ospitalera eroatea.

Norbera eta etxea, garbi

Bilboko Osalari Bazkunak herritarrentzako aholku bilduma bat egin zuen, eta Bizkaiko Aldundiak argitaratu zuen. Gripe izurri-gexoa galazoteko Bilbao’ko Osalari-Bazkunak aginduten dauzan egin-bearrak zuen euskarazko izena liburuxkak (Gripe izurri-gaitza galarazteko Bilboko Osalari Bazkunak agintzen dituen eginbeharrak). 16 orri ziren: euskaraz eta gaztelaniaz. Lehen aholkua, zelan arnastu: “Gexo-izurria dabilenean arnasea onetara egin bear da: aizea surretatik sartu eta agotik atera“. Bigarrena: “Sur-barru, ago eta oyak egunean birritan, gitxienez, garbitu bear dira. Garbiketa ori, ur osigenadoaz, clorato-potasico-uraz (1.000’ko 10’en) edo biborato-sodicoaz (1.000’ko 10’en) edo ur irikiñaz egingo da“. Hirugarrena da eskuak sarri garbitzearena. Guztira, hogei gomendio.

Tartean, etxeak zelan desinfektatu azaldu zuten, erabili beharreko produktuak eta kopuruak argi zehaztuta. Egunean, gutxienez, bederatzi ordu lo egin behar zirela eta jan-edanetan ez zela “gehiegikeriarik” egin behar esan zuten. Gaixoak ez bisitatzeko eskatu zuten, bisitaria kutsatzeko arriskuaz gain, gaixoa “gogaitzekoa” ere bazegoelako. Orduan ere, orain bezala, gaitza eragiten zuen birusaren jatorriaren inguruko zurrumurruak ez ziren falta izan. Liburuxkak uxatu zituen: “Oraingo gexoa ‘gripe’ deritxona da. Ezta beste gexorik orixe baño. Orixe agertu da egin diran azterketan, gatxak darabilan bidean iraskorra izatean eta abar. Ezta egia, ba, besterikako gexo-aztun-kaltegarria danik, saratea dan lez“.

Agintariek hainbat neurri hartu behar izan zituzten. Kaleak, plazak, etxeak, ostatuak… Bilbo osoa desinfektatu nahi izan zuen Mario Arana alkate jeltzaleak. 400 behargin kontratatu zituen, 1.782 etxebizitza karez zuritzeko. Bururatu zitzaien guztia egin zuten: 1855eko kolera izurritean bezala, Begoñako Amarengana jo zuten. 1918ko urriaren 27an, prozesioan jaitsi zuten Bilbora; jendetza batu zen kalean, agintari guztiak martxaren buruan zirela.