Padurak egongelan

Ibai Maruri Bilbao

Mokozabal talde bat ikusten dut, irla batean; hiruzpalau daude, eta lasai asko daude marea behean dagoelako. Hemendik gutxira, agian, kanpora aterako dira janari bila. Ahate buztan luzeak ere jaten daude; atzeko aldea altxatu, eta burua urpera sartzen dute. Txilinportak ere ikusten ditut”. Edorta Unamuno Gautegiz-Arteagan bizi da, eta etxetik ikusten du paduretan zer gertatzen den. Herrian bertan dago Urdaibai Bird Center hegaztien interpretazio zentroa, eta hantxe egiten du behar; besteak beste, bisitak gidatzen ditu. Konfinamendu egunotan bisitekin jarraitzea erabaki du, baina etxetik. Gura duten guztiei Urdaibaiko padurak etxeko egongelara eroateko asmoa du, berak baserriko ataritik duen ikuspegiaz gozatzeko aukera izan dezaten.

“Guk urte osoan eta duela hainbat urte hasita, zuzeneko kamera bat erabiltzen dugu jendeari erakusteko eguneko 24 orduetan Gautegiz-Arteagako inguru honetan gertatzen dena”, hasi da kontatzen. Hegaztien interpretazio zentroaren webgunetik ikus daiteke bertatik bertara paduretan gertatzen dena. “Zaintzarako kamera bat da izatez, baina bereizmen handikoa. Irlaz irla ibiltzen da, eta hezegunean zer hegazti eta paisaia dugun erakusten du, baita unean uneko eguraldia ere. Bertoko teknikari bategaz berbetan pentsatu genuen ia ezin genezakeen ikusten zen hori ahoz azaldu”. Ordenagailuarekin eta mikrofono batekin, estudio txiki bat atondu zuten Unamunoren etxean, alerta egoera indarrean sartu eta berehala. “Futbol partidekaz egiten den bezala, irudietan gertatzen dena kontatzen dut. Ikusten diren hegaztiez, paisaiaz, meteorologiaz, kulturari buruz, landarediaz eta egunean suertatzen den guztiaz egiten dut berba”. 11:00etan eta 18:00etan, zuzeneko kontakizunak egiten ditu, gaztelaniaz eta euskaraz. Gaztelaniaz hasten da, eta 11:40 eta 18:40 aldera aldatzen du hizkuntza. “Batzuetan, beranduago, berba asko egiten dut eta”.

Dagoeneko hirugarren astea bete dute, eta horrela jarraituko dute bakartze agindua bertan behera geratu eta bisitariek berriro ere Urdaibaira joateko aukera izan arte. Aste Santuko egunotan ere, egunero izango dira bi emanaldiak. “Etxetik egiten dut. Niretzat, bada eguneroko itxialdi hau eramangarriagoa egiteko modu bat. Bisitari zentroetan, jendeagaz egotera ohituta gaude; Gabonetako jaietan eta urriko azken astelehena kenduta, domeka eta urteko beste jaiegunetan ere zabalik izaten dugu interpretazio zentroa. Egunero gaude jendeagaz, eta horren falta dut”.

Ikusleek ere parte hartzeko aukera dute. Zuzeneko emanaldian, pantailaren eskumako aldean txat bat ageri da. Eta han idatzi dezake gura duenak. Unamunok galderak eta zalantzak bidaltzera animatu ditu ikusleak. “Dakidanean erantzungo dut, eta, ez dakidanean, isilduko naiz”. Esan du tarte batzuetan 3.000 ikusle ere elkartu direla. Harrigarria egin zaio Madril aldetik zenbat lagunek ikusten duten. Alemaniatik, Frantziatik eta Erresuma Batutik ere izan ditu komentarioak txatean. “Hiri handietan bizi den jendearentzat etxeko lau hormen artetik irten eta naturaz gozatzeko leiho ona da gurea, leiho birtuala”. Aitortu du “pribilegiatua” dela, etxetik padura guztia ikusten duelako, eta, konfinamendua ezarrita dagoen arren, kanpoan airea hartu eta ibiltzeko lekua duelako, bere baserriko lurretan.

Migrazio betean

Ikusten duenaren arabera, inprobisatu egiten du. “TeamViewer bidez kameraren gidaritza hemendik hartu dezaket, eta, zuzeneko programa egiten nabilenean, neuk erabakitzen dut zer erakutsi. Leku zehatzetara jotzen dut han dagoena erakusteko”. Ohartarazi du hegazti migratzaileen kasuan inoiz ezin daitekeela jakin zer topatu daitekeen. Ondorioz, egun batetik bestera erabat aldatu daiteke emanaldiaren edukia. “Aste hauetan, natura esnatzen dago, eta migrazioak bete-betean daude. Udaberriko migrazioko momentu nagusiak dira orain. Egunero-egunero, milaka hegazti pasatzen dira gure paretik, negua Afrikan edo penintsula hegoaldeko lurretan igaro ostean Europa iparraldera bidean”.

Adibidez, negu epela pasatuta, joan den astean bi eguneko hotzaldia iritsi zen, eta elurrak ere zuritu zuen. Horren ondorioak ere igarri zituzten Urdaibaiko paduretan. “Haizea iparraldetik sartu zen. Horrelako kasuetan, ikusten dutenean haize horrek kontra egiten diela euren iparralderako bidaian, behartuta daude gelditzera. Hezeguneetan eta paduretan egiten dituzte geldialdiak”. Unamunok gizakien eta hegaztien mugikortasuna alderatu ditu: “Azken batean, guk autobideetan ditugun zerbitzuguneen modukoak dira padurak hegazti migratzaileentzat. Gelditzen dira, atsedena hartzen dute, jaten dute, eta jarraitu ahal izateko indarberritzen dira. Milaka kilometro egin behar dituzte migrazioan”.

Egun hauetan, esaterako, elaien migrazioarekin liluratuta dabil. “Ikusgarria da arratsaldeetan, egunero-egunero, Gautegiz-Arteagako paduretan zenbat elai elkartzen diren. Ehunka dira. Kanabera artean egiten dute lo 500 elai inguruk. Azken ordurako elkartuko dira, egingo dute lo, eta bihar jarraituko dute bidaia, beste 300 kilometro. Egunero”. Arrano arrantzalea ere etorri da. Ikurra da hegazti hori Urdaibai Bird Centerreko kideentzat. Izan ere, arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektua dute azken urteetan. Helburua dute inguruan berriro ere habia egiten has daitezela. “Eskoziako arranoak ekarri genituen, gurean espeziea berreskuratzeko. Badaude arrano batzuk Urdaibaira urtero etortzen direnak, proiektuari esker. Baina orain arte etorri diren denak arrak dira, eta ez dute bikoterik topatu; ez dugu lortu inork habia egiterik oraingoz”.

Joan den astean berri on bat eman zion beharrean dabilen basozain batek. WhatsApp bidez mezu bat bidali zion eguenean: “Kontatu zidan gure ezaguna den arrano bat, gure proiektukoa, Roi izena duena, martxo erdi aldera etorri zena, ikusi duela eme bategaz. Kontatu didanez, Ingalaterrako eraztuna duen arrano arrantzale eme bat da. Trankil dabiltza habia konpontzen. Agian, ihes egingo dio, eta ez dute arrautzarik jarriko, baina printzipioz badabiltza beharrean”.

Zuzeneko emanaldia ikusi nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.birdcenter.org