Kalteberak indartzen

Kalteberak indartzen

Ibai Maruri Bilbao

“Arrietako Udalak koronabirusak eragindako osasun alertako egoeraren aurrean laguntza eskatu gura deutsu, bakardade arriskuan dagozan adinekoak identifikatzeko”. Martxoan Arrietako etxe guztietara iritsitako oharraren hasiera da. Haren arabera, ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Gurutze Gorriarekin antolatutako boluntario sarea arduratuko da premian dauden horiei laguntza emateaz. “Bizkaiko udal guztiekin elkarlanean gabiltza: gizarte zerbitzuekin harremanetan gaude, eta haien bitartez jasotzen dugu informazioa”, azaldu du Bizkaiko Gurutze Gorriko presidente Victor Gutierrezek. Gaineratu du egoera kalteberan dauden herritar horien bizilagunek ere deitu izan dietela egoeraren berri emateko.

Itxialdiaren ondorioz, asko ugaritu da laguntza beharrean daudenen kopurua. “Guk eskura genituen baliabide guztiak jarri ditugu. Baina orain lan gehiago dugu, eta horregatik ireki ditugu talde gehiago”. Udalekin elkarlanean, martxoan martxan ipini dituzte Gorliz-Plentzia-Lemoiz taldea, Lekeitiokoa Lea ibar guztirako, Sopela-Berango-Urduliz taldea, eta Txorierrikoa. “Leku askotan egon gara lehen, baina orain, gehiagotan”. Horren ondorioz, boluntario gehiagoren beharra ere izan dute. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Gara egitasmoa jarri zuen martxan, Boluntarekin batera boluntario sarea aktibatzeko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Guztion Artean sortu zuen. Bi sare horien bidez, Bizkaiko Gurutze Gorriak boluntario izateko 3.000 eskaera jaso ditu; horietatik 900 hasi dira haiekin beharrean. Aurrez, beste 3.000 bat kide ditu.

“Etxean konfinamenduan dauden pertsona zaurgarriei erosketak egiten dizkiegu, botika bila joaten gara, txakurra paseatzen diegu edo zaborra botatzen diegu. Adineko pertsonak izaten dira, edo mendekotasunen bat dutenak”, azaldu du. Baliabide eskasian dauden pertsonei laguntzeko programak ere badituzte. “Adibidez, elikagaiak banatzen ditugu. Itxi egin dira herri batzuetako elikagaien bankuak, eta guk hartu dugu haien lekukoa: BECen muntatu dugu gure zentro logistikoa elikagaiak banatzeko”. Horrez gainera, etxegabeentzako hiru aterpetxe berri ireki dituzte: 120 plaza dituzte, Bilbon, Zierbenan eta Durangon.

Diputazioarekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean dabil Bizkaiko Caritas ere, konfinamenduan dauden herritar kalteberenei laguntzen; baita etxegabeekin eta beharrizanean daudenekin ere. Ohi bezala, ehunka boluntario dabiltza beharrean, hamaika arlotan. Baina, oinarrizko beharrizan fisiko horiek asetzeaz gain, bestelako lan bat ere egiten dute. “Asteotan makina bat sare sortu dira lehen mailako premiei erantzuteko, baina ezin dugu ahaztu badagoela bakardadeak eragindako sufrimendu ikaragarria ere, eta guk, Caritasetik, horri ere erantzun nahi diogu”, ohartarazi du Bizkaiko Caritaseko Edadetuen eta Zahartze Arloko koordinatzaile Pili Castrok.

“Guk bageneuzkan zenbait proiektu bakardade sentimenduaren kontra. Batzuk, bakarrik bizi arren, ez dira bakarrik sentitzen; beste batzuek, nahiz eta beste batzuekin bizi, harreman batzuen falta sumatzen dute, eta bakardade sentimendua sortzen da. Caritas duela 30 urte hasi zen proiektu honekin”. Bi eratara jardun izan dute. Batetik, bakarrik sentitzen diren horien bilerak edo topaketak antolatzen dizute, lagun artean egon eta sentimendua arintzeko. Bestetik, adinekoen egoitzetara eta bakarrik bizi diren edadekoen etxeetara joaten dira. “Gutxienez, astean bi orduko bisita egiten zaie. Beti joaten da boluntario bera. Apurka, lagun egiten dira, eta harreman hori hil artekoa izaten da”. Bizkaiko 22 herritan dute bakardadearen aurkako proiektua, 300 boluntariorekin; hau da, ia 300 adinekori egiten diete konpainia.

Koronabirusaren krisia hasi zenean, dena hankaz gora ipini zen. Adinekoen egoitzetara bisitan joatea galarazi zuten lehenengo. Ondoren, etxean geratu beharra etorri zen; beraz, ezin joan bisitan, ezin elkartu Caritasen lokaletako topaketetan. “Harreman horiek guztiak telefonoz mantentzen ahalegindu gara. Programa bateko eta besteko partaideen eta boluntarioen artean badago konfiantza, eta telefonoz jarraitzen dute hartu-emanetan”.

Martxo hasieran bakardadeari aurka egiteko hirugarren programa bat ipini zuten martxan, Uste On izenekoa. “Badago bere etxera ezezagun bat joatea nahi ez duen jendea, eta horregatik gure bisiten proiektuan parte hartu nahi izan ez duena. Horientzat sortu genuen, bereziki. Telefono bidezko harremanak dira”. Koronabirusagatik, aurrez aurreko bisiten proiektua ere telefono bidezkoa bihurtu da, baina, krisia pasatutakoan, normaltasunera itzuliko da, eta soilik Uste On izenekoak jarraituko du telefonoz.

Egunotan, beste egitasmo bat ere sortu dute. Egoitzetara gutunak idaztea da kontua. “Eskutitzak eta marrazkiak jasotzen hasi gara. Identifikatu ditugu parte hartu nahi duten egoitzak, eta haiei bidaltzen dizkiegu mezuak; gero, eurek inprimatu eta banatu egiten dituzte, edo irakurtzen dituzte jaten ari direnean”. Eskutitzetako batzuk boluntarioek egoitzan duten adineko lagunari idatzitakoak dira. Baina, horrez gain, bada egoitzetan inor ezagutu gabe idazten duen jendea. “Gizarte osoari zabalik dago proiektua. Helbide elektroniko bat dugu —gutunak@bizkeliza. org—, eta hor jasotzen ditugu. Oso pozik gaude erantzunarekin. Oso gutun politak jaso ditugu. Eta egoitzetatik esan digute lagungarria dela. Oso bakartuta daude; sarritan bakarrik daude logelan, ezin dute ekintzarik egin elkarrekin, eta gutun bat jasotzea oso garrantzitsua da. Hemen gaudela eta eurekaz akordatzen garela esateko modua da”.

Adinekoak, aktibo

Adineko askoren bakardadea asko larritu dela ohartarazi du Castrok. “Bazeuden bakarrik sentitu arren etxetik irteteko aukera zuten pertsonak, edo bisitak jasotzen zituztenak, auzokoren batenak, edo noizbehinka urrun bizi den senideren batena. Orain ez dute inor ikusten”. Laguntza behar dutenei eskatzeko deia egin die, 94-4020099 telefono zenbakira deituta. Beldurra sentitzen dutela ere esan du. “Askok esaten digute telebista ikusteari utzi diotela. Beti entzuten dute batez ere adinekoei eragiten diela birusak. Ikusten dute euren adineko zenbat hiltzen diren… Asko eragiten die horrek. Batzuek badiote beldurra hiltzeari. Baina badago kezka handi bat, gero zer etorriko den”. Dena den, ohar bat egin nahi izan du Castrok: “Argi geratu behar da adinekoak, oro har, egoera zaurgarrian daudela, bai, baina ez direla inondik ere subjektu pasiboak. Gure boluntarioen erdiak pasatxok 60 urtetik gora dituzte, eta eurak arduratzen dira bakarrik daudenei deiak egiteaz”.

Oraingoz, Caritas eta Gurutze Gorria gai dira daukaten laguntza eskaerari erantzuteko. Baina biek dirua biltzeko kanpaina bat hasi dute. Gutierrezen esanetan, etxeetan espero baino egoera hobea topatu dute. “Uste genuen baino gizarte sare handiagoa dute. Aurreikusi baino erosketa gutxiago egiten ari gara; eskaera gutxiago egon da. Ikusi dugu sare sozial indartsuak dituela jendeak; bizilagunek edo sortu diren zaintza taldeek asko laguntzen diete”.

Gutierrezek beste alde on bat ere topatu dio krisiari. Azaldu du orain arte gizarte zerbitzuen saretik kanpo zegoen jendea agertu dela. “Haien egoera eta beharrizanak ikusezinak ziren, baina azaleratu egin dira; bizilagunak kezkatu dira, eta jende berria topatu dugu. Ez guk ez gizarte zerbitzuek ez zuten haien berri orain arte. Aurrerantzean, identifikatuak izango ditugu, eta behar duten laguntza guztia jasoko dute”.