Urdaibai biosfera erreserba hartzen duen Busturialdeko ur sa-neamendu sarea amaitzeko aurrekontuak murrizketak izango ditu aurten. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, 13 milioi euro adostu zituzten urte honetan obrak egiteko; hala ere, Eusko Jaurl...
Gizartea
Uste baino euskaldun gehiago
Ezkerraldean euskarak presentziarik apenas duela zabalduta dago nonahi. Baita eskualdean bertan ere. Hori horrela ez dela frogatzen dute, egunean-egunean, milaka herritarrek Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugalete herrietan. Nahi baino gutxiago bai, baina euskararen ezagutza eta erabilera goraka doaz. Herriotako bakoitzean ia %20 dira euskaldunak. Bateko eta besteko udalak zein eragileak beharrean ari dira Europako hizkuntzarik zaharrenak merezi duen lekua berreskura dezan. Horretarako, hainbat plan, proiektu eta programa darabiltzate.
Euskaltegiak dira, zalantzarik gabe, euskalduntze prozesuan lan handiena egiten duten agenteak. Milaka lagun euskaldundu dituzte. Eta Berbalagun egitasmoak euskara praktikatzeko gune ugari eskaintzen ditu.
Bizkaiko hiririk handienen artean bigarrena da Barakaldo, Bilboren atzetik. Ia 100.000 biztanle ditu. Horrenbeste jende hartzen duen udalerri horretan poliki-poliki ari da pausoak ematen euskara. Duela gutxi hasi da udala euskararen sustapen proiektua lantzen. Baina dagoeneko emaitza batzuk jaso dituzte, eta pozik azaldu da Mertxe Andres bertako Euskara teknikaria. "Apurka ari da nabaritzen; batez ere, familia barruan. Baita kalean bertan ere: parkean, kiroldegietako aldageletan... sarri entzuten da gurasoren bat euskaraz berbetan seme-alabei".
Horixe dute, hain zuzen, lehentasuna: familia. Eremu horretan erein gura dute euskararen hazia, etorkizunera begira fruitu emankorrak eman ditzan. Ikastetxeetan euskara ikasi zuten lehenengo barakaldarrek 30 urte inguru dituzte egun, eta horietako batzuk hasiak dira seme-alabak izaten. "Eurentzako arnasguneak sortzen saiatzen gara".
Denok euskaraz programa jarri dute martxan eginahal horretan. Euskaraz garatzen diren tailer batzuk dira. Umeek zein gurasoek, denek euskaraz egin behar dute. Hori da baldintza bakarra. "Elkarrekin jolasten aritzen dira, eskulanen bat egiten dute... Hori guztiori, euskaraz".
Hasieran helduei zaila egiten zitzaien euskaraz jardutea. Baina apurka lortu dute parte hartzea handituz joatea. Kultur etxeetan antolatzen dituzte saioak, bi ostiraletik behin. Parte har dezaketenen kopurua mugatua da: hogei umerentzako lekua dago, eta haur bakoitzeko, heldu bana ari daiteke. Batzuetan jendeak kanpoan geratu behar izaten du.
Euskaraz ez dakiten guraso batzuk kexatu egin dira, euskaraz aritzeko gai ez direnez, ezin dutelako parte hartu. Eta nahiko lukete. Hala, urte berri honetarako asmo berriak ditu udalak: "Guraso horiek euskararen unibertsoan murgiltzeko beste tailer batzuk sortzea pentsatzen ari gara". Helduak euskararen oinarrizko ezagutza batzuk ikasten ariko dira tailerraren lehen atalean, haurrak jarduera batean edo bestean ari diren bitartean. Eta, azken orduan, denak elkartuko dituzte, elkarrekin jolasean, ikasitakoa praktikan jartzeko.
Baina familia girotik kanpo ere eragin guneak izan gura ditu udalak. Euskara sustatzeko proiektuaren barruan bestelako programa batzuk ere badarabiltza: Zabaldu atea euskarari eta Euskara plazara dira horietako bi.
Paisaia euskaldundu
Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzea du xede lehenengo programak. Gutxienez, hizkuntza paisaia aldatu gura dute. Horretarako, besteak beste, doako itzulpengintza zerbitzua eskaini diete merkatari eta ostalariei, eta euskarazko gidak ere argitaratu dituzte. Izan ere, eremu horretan apenas entzuten den. Horren arrazoiak zein diren azaldu du Andresek: "Gurean, euskal hiztunaren profila pertsona gazte batena da. Gehienetan, euskara etxetik kanpo ikasi du, eskolan edo euskaltegiren batean. Hala ere, hitz egiteko orduan, gaitasun handiagoa dauka gazteleraz". Denden zein tabernen jabeak pertsona nagusiagoak izan ohi dira. Beraz, gehien-gehienak ez dira euskaldunak. Eta, normalean, bezeroen aldetik ez dute aurkitzen euskarari presentzia emateko presiorik. "Ez dute horretarako beharrizanik sumatzen". Beraz, gakoa horretan datza. Apurka euskarak bere lekua hartuko duen itxaropena badu udaleko teknikariak.
Euskaraz badakitenak edo ikasten ari direnak erabiltzera ausartzeko programa da, bestalde, Euskara plazara. 16 urtetik gorako barakaldarrentzat da. "Ekintza xumeak planteatzen ditugu, konpromiso handia eskatzen ez dutenak". Besteak beste, bertso gosari bat antolatu izan dute. "Ordubete eta erdiz bertsolaritza zer den azaltzen izan ziren bi bertsolari; bertsoak nola eratzen dituzten kontatzen zein bertaratutakoek emandako gaiak baliatuta bertsotan ere aritu ziren. Oso gustura ibili ziren denak".
Ehun lagun inguru elkartu ziren zita hartan. Arrakasta handia izan zuen, baina euskaltegien laguntza izan zutelako ere izan zitekeen, ikasleak joatera animatu zituzten eta. "Beraz, arrakasta hori gazi-gozoa izan daiteke. Dena den, ikusi dute posible dela euskaraz gozatzea".
Benetako erabilera sustatzea da, azken batean, helburu nagusia. Umeak eta guraso gazteak dira, bereziki, euskara ahoan dantzan darabiltenak. "Sektore horretan aurrerapausoa ikusten da". Gazteek, ostera, jakin badakiten arren, ez dute askorik erabiltzen. "Asko kostatzen zaie", euren gustuetara egokitutako tailerrak eskaintzen dizkieten arren.
Udalaren proiektua osatzeko orduan herriko euskara eragileekin ari dira elkarlanean. Euskararen Aholku Batzordea eratu dute horretarako. Ezinbestekotzat jo du Andresek elkarlan hori.
Santurtzitik Santurce-ra
Euskarak arrasto handia utzi du Ezkerraldean. XX. mendearen hasieran galdu zen, Barakaldon jaiotako azken euskaldunak hil zirenean. Toponimoek edo leku izenek gorde dute eremuaren izaera euskalduna. Santurtzi da horren adibideetako bat. Euskarazko izenetik sortu zen-eta gaztelerazko Santurce, gerora.
45.000 biztanle ditu Serantes mendiaren magalean kokatzen den herri horrek. Populazioaren %19,8 da euskalduna. Euskarak presentzia berreskuratzeko sareak sortzea da euren helburua. Hala azaldu du Itxaso Lejarza euskara teknikariak. Udalean bertan, erabilera plana darabilte, "herritarrak tramiteak egitera doazenean, euskarak presentzia izan dezan". Udalaren agiri guztiak gazteleraz eta euskaraz, ele bitan argitaratzen dituzte.
Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ere onartu dute, Ezkerraldeko gainerako udalen antzera. Aldundiaren Alkarbide sarearekin elkarlanean ari dira. "Umeak D ereduan matrikulatzeko kanpainak eta antzekoak ateratzen dituzte".
Euskararen egunaren harira hainbat jarduera antolatu ohi dituzte. Horiek guztiak herriko eragileekin batera prestatzen dituzte. "Elkarlan horren oinarriak jartzen eta bultzatzen saiatzen gara aurrerantzean gauza gehiago egin eta antolatu ahal izateko. Euskara ikustea da helburua, eta erabiltzea".
Ikastetxeetako umeen gurasoak dituzte, Santurtzin ere, jomuga, beste esparru batzuen artean. "Akordioa dago udalaren eta udal euskaltegiaren artean gurasoentzako euskara eskolak diruz laguntzeko". Arrakasta handia du programa horrek: iaz, lau talde izan zituzten, eta aurten, zazpi. Denak ala denak, beteta.
Berbalagunen garrantzia
Gainerako beste hainbat herritan bezala, Berbalagun egitasmoko taldeek ondo funtzionatzen dute Santurtzin. "Gurean 200 lagun inguru ari dira. Oso arrakastatsua da. Talde mordoa sortu dira, eta jarduera pila antolatzen dira horren inguruan. Hilero ateratzen da euskararen agenda, herrian euskaraz antolatzen diren gauza guztiak jasotzeko. Jende askok parte hartzen du". Balorazio formalik egin ez badute ere, bistakoa da azken urteetan euskararen erabilerak gora egin duela herrian.
Jomuga berriak
Inplikazio handiagoa edo txikiagoa baliatuta, Ezkerraldeko udal guztietan sinetsita daude euskarari bultzada ematea beharrezkoa dela. Portugaletek 46.000 biztanletik gora ditu, eta %20 dira euskaldunak; 9.326, hain zuzen ere, Eustaten azken datuen arabera. Udalak euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea du helburu. Eta horretarako baliatu gura dute Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Euskara hainbat arlotan sustatzea dute xede. Aurreko planek jasotzen zituztenez gain, liburugintza, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak ere jomugatzat hartu dituzte. Hala azaldu du Garbiñe Okerantza Euskara teknikariak.
Liburugintzari dagokionez, helduen euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko irakurketa tailerra sortuko dute. Horrez gain, idazleekin hitzaldiak antolatuko dituzte.
Hizkuntza paisaiak zer-nolako garrantzia duen jabetuta, arlo sozioekonomikoan sentsibilizazio lanak egin ditu udalak merkatarien artean. Besteak beste, errotuluak aldatzeko diru laguntzak eskaini ditu.
Kirolaren eremuan ere hitzarmena sinatu dute oraintsu kirol taldeekin. Abenduan itxi zuten ituna. Haren arabera, kirol elkarteak "ahal duten neurrian saiatuko dira euskararen erabilera areagotzen. Eta udalak konpromiso horiek gauzatzeko laguntza eta aholkularitza eskainiko die". Pauso zehatzik ez dute adostu oraingoz; maiatz alderako aurreikusi dute konpromiso zehatzak adosteko epea.
Horrez gain, argi daukate familia dela haurrek euskara ikasteko duten lehen gunea. Hori dela eta, guraso, ikastetxe eta euskaltegiekin elkarlanean "aparteko lana" egiten ari dira: hitzaldiak, tailerrak eta Gurasolagun antolatu dituzte, besteak beste.
Gazteek euskaraz jakin badakite, baina ez dute erabiltzen. Hala, hutsune hori nola bete aztertzen ari dira. "Sentsibilizazioa eta motibazioa landu nahi ditu Portugaleteko Udalak ikastetxeekin batera. Bigarren Hezkuntzan eta eskolaz kanpoko jardueretan eragin gura du, batez ere".
Erabilera goraka Sestaon
Sestaon oso antzeko egoera dute. 28.600 biztanle ditu langabezia tasa handiena duen herri horrek. Horietatik, %20 dira euskaldunak; "bostetik bat", zehaztu du Gorka Alvarez Kultura, Euskara eta Kirol zinegotziak. Batez ere, umeek eta gazteek osatzen dute euskaldunen profila. "Hala ere, gero eta gehiago animatzen ari dira guraso berriak".
Argi du euskararen erabileran aldaketa nabarmena izan dela azken urteetan. "Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun %45ek jakin edo ulertzen dute euskara. Duela 30 urte kopuru hori ez zen %10era iristen. Hortaz, ezagutzak izan duen adinakoa izan ez bada ere, euskararen erabilerak jauzi nabarmena izan du azken urteetan".
Gaur-gaurkoz ez da posible herrian %100ean euskaraz bizitzea. Kalean, ostalaritzan eta merkataritzan lan handia dago egiteko, beste herrietan bezala. Hala ere, gero eta gehiago dira alor horietan ere zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak. Eta gero eta presentzia handiagoa du kalean, "batez ere, umeen jolasguneetan". Han ere, agerikoa da helduekin lan egin beharra.
Udala ari da arlo horretan eta beste batzuetan lanean. Besteak beste, ondoko programa eta ekimenak ditu martxan: Eman Giltza, gurasoentzako moduluak, Ku-ku tailerrak, Kontuleku, Euskal Jaia, Nahi Dudalako, Zinea Euskaraz, solasaldiak euskal idazleekin eta Oparitu Euskaraz.
Oraindik lan handia dago egiteko, beraz. Hala ere, gehienek uste dute kaltegarria dela euskarak Ezkerraldean duen presentziari buruz nagusi den mezua. Andresek azaldu du: "Askok pentsatzen dute: 'Zertarako ahaleginduko naiz ikasten, hemen jendeak ez badu erabiltzen?'. Baina hori ez da egia". Santurtzin gauza bera gertatzen da. Lejarzak argi du: "Uste dugun baino askoz euskaldun gehiago daude gurean". Han ere erdaldun itxura horrek kalte egiten dio herriari, eta bertako biztanleengan etsipena sortzen duena, horren zalantzarik ez du. "Etiketa txar bat jartzen digute. Eta baliteke euskara ikasteko asmoz dabiltzanek uste izatea ez dela beharrezkoa, ez diela inongo onurarik ekarriko".
2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria
Hasi da atzerako kontua. Getxoko transatlantikoen itsas terminal berria 2017. urte hasieran estreinatuko dute. Hala, ate berri bat irekiko zaie Bizkaira itsasoz etorriko diren etorkizuneko bidaiari eta turistei. Proiektua aurrera eramateko, itsas estazioaren obren kontratuak adjudikatu ditu Bilboko Portu Agintaritzak, 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin.
Terminal berria hamabost metro garai izango da, eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Bilboko Portu Agintaritzak nabarmendu du eraikina "modernoa, dinamikoa eta argitsua" izango dela. Beiraz hornitutako kontainer handi baten itxura izango du, zinkezko estalki arin batez estalia. Dinamismo hori lortze aldera, itxiera okerra izango du estalkiak. Era berean, estazioan eraikiko dituzten sei argi zuloei esker, argitasunik ez da faltako. 4,6 milioi euroko kostua izango du —BEZik gabe—, eta Excavaciones Viuda de Sainz SA enpresa arduratuko da lanez. Obrak 11 hilabete igarotzerako amaitzea aurreikusi dute.
Bidaiarien ontziratze eta lehorreratze beharrei erantzuteko, eraikinaren diseinuan bereizi egin dira bidaiarien eta bagajeen fluxua. Gainera, bidaiarien joan-etorria errazteko, aparteko eskailerak egongo dira sartzen eta ateratzen ari diren erabiltzaileentzat. Orotara, bi solairu eta solairu bitarte bat izango ditu eraikinak. Ataria beheko solairuan egongo da, turismo informazioko erakusmahaiarekin batera. Bertan egingo diete harrera bidaiariei, eta bertan erregistratu beharko dituzte bagajeak. Lehen solairuan, itxarongelaz gain, ontziratuko diren bidaiarien kontrol eremua eta lehorreratzeko gunea egongo dira. Solairuartean, berriz, OPI aretoa eta bulegoak eraikiko dituzte.
Pasabide mugikorra
Getxoko itsas estazio berria Europako terminalen abangoardian egongo dela adierazi du Portu Agintaritzak: "Bisitariek izango duten lehen pertzepzioa eraikin moderno, dinamiko, bero eta atsegin batena izango da, hartzen dituen gizartearena bezalakoa".
Terminal berria diseinatzeko garaian kontuan hartu dituzte ontzi enpresek emandako datuak. Alde batetik, itsasontzien nazioarteko segurtasun arauak aintzat hartzeko eta nazioarteko puntako terminalen erreferentziak izateko. Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, materialak aukeratzean "funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze erraztasuna eta segurtasuna" lehenetsi dituzte.
Itsas estazioaz gain, terminala osatuko duen beste pieza garrantzitsu bat eraikiko dute: plataforma mugikor bat, finger edo gang-way estilokoa, aireportuetan erabiltzen direnak bezalakoa. Plataforma horri esker, bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera edo itsasontzira, kaia zapaldu beharrik gabe. Pasabide mugikorrak erosotasuna eta segurtasuna eskainiko die bidaiariei. Obraren kontratua Prosertek enpresari adjudikatu dio Portu Agintaritzak, 966.000 euroko aurrekontuarekin —BEZik gabe—, eta lanak amaitzeko hamar hileko epearekin.
Datuei erreparatuz gero, Bilboko Portuaren izena gero eta gehiago ari da hedatzen Europan barrena. Iaz, inoiz baino ontzi handiagoak porturatu ziren. Gainera, munduan barrena nabigatzen duten transatlantiko handienen artean daude haietako asko. Esaterako, nabarmentzekoa da Anthem of the Seas, munduko handienen artean bigarrena. 348 metro luze da, eta 4.200 pertsonak bidaiatu dezakete. Anthem of the Seas ontziak Bilbora egin zuen inaugurazio bidaia. Beste zenbait transatlantiko aipagarri ere ailegatu dira Getxora. Tartean, Britannia, 330 metro luze eta 4.000 bidaiarirentzako lekuarekin, eta Celebrity Eclipse, 317 metro luze eta 2.645 lagunek bidaiatzeko aukerarekin.
Mendean hartzeko garbiketak
Efemerideak gogora ekartzeko garaiak izan ohi dira urte berriak; urtemugak oroitzekoak eta urteak ekarriko duenari begira jartzekoak. Baina, oraindik ere, badira oroimena falta duten gertakariak. Aurten 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela.
2018an izango da martxan Bilboko lurpeko geltoki intermodala
Bilboko Termibus autobus geltokia lurpeko geltoki intermodal bihurtzeko proiektua martxan da. Udalaren Gobernu Batzordeak erabaki du nori eman lanak, eta proiektuaren ildo nagusiak jakinarazi ditu. Geltoki berria 2018ko lehen seihilekoan martxan egongo dela ziurtatu du, eta, behin betiko proiektua idatzi gabe dagoen arren, lurpeko geltokiaren gainean plaza bat egingo dutela iragarri du. Hotel bat, merkataritza gunea eta kirolgune pribatua egitea ere aurreikusten du udalak onartu duen proiektuak, besteak beste.
Construcciones Amenabar eta Excavaciones Viuda de Sainz izeneko Aldi Baterako Enpresa Taldeari eman dio adjudikazioa udalak. Juan Maria Aburto alkateak jakinarazi duenez, horiek aurkeztutakoa da udalari gehien gustatu zaion proiektua, eta lehentasuntzat jarrita zituen irizpideak hobekien bete dituena.
Lurren truke
Udalak ez duela intermodala egiteko dirurik jarri beharko nabarmendu du alkateak. Geltokiaren kudeaketaren eta 5.000 metro koadroko lurren truke egingo dituzte lanak enpresek. Horrela aseko ditu enpresa pribatuen nahiak udalak, eta, trukean, udalak ez du dirutan ordainduko geltoki berria. 22 milioi euro inguruko kostua izango duten lanak udal zorrik gabe egingo dira.
Adjudikazioa onartuta, enpresa taldeak udazkena arteko epea izango du proiektua zehaztu eta plan ekonomikoa egiteko. Aldi berean, kontzesiodun elkartea sortuko da: geltokia egin eta kudeatuko duen taldea. Antolamenduko Plan Berezia onartuko dute ondoren, eta geltokiaren proiektua idatzi eta egingo da. Kontzesiodun elkarteak 40 urtez izango du geltokia eta aparkalekua kudeatzeko ahalmena. Izan ere, autobus geltokiarekin batera, parkinga ere egingo dute lurpean.
Geltokiaren gainean geratuko den eremuan, plaza publiko bat eta gehienez 14 solairu izango dituen eraikin pribatu bat egingo dituzte. Hainbat jarduera pribatu bilduko ditu eraikinak: zehaztu gabe daude oraindik guztiak, baina, besteak beste, merkatal gunea izango duela jakinarazi dute. Eraikinak, plazara ez ezik, sarbide zuzena izango du lur azpiko geltokira ere.
Alkatearen arabera, lur azpiko lanak urte erdi aldera hasteko modua izango da. Horretarako, ordea, behin-behineko geltoki eremu bat prestatu beharko da. Izan ere, egun Termibusek hartzen dituen lurretan egingo da proiektu berria. Hortaz, lanek irauten duten bitarterako, beste eremu batera eraman beharko da autobusen geltokia.
Geltoki aldaketa, laster
2016ko bigarren seihilekorako behin-behineko geltokia prest egongo da, udalak zabaldutako informazioaren arabera. Egungoaren ondoan egongo da aldi baterako geltokia ere; Bilbao Ria 2000 sozietateak Garellanon bertan duen lur zati batean. Elkarteak datorren urteko azarora bitartean utziko du lurra, eta ordurako amaituta beharko dute lur azpiko geltokia egiteko lanek. Hori guztia oinarri hartuta, intermodal berria 2018 hasieran martxan egotea aurreikusten du udalak.
Orduan inguruak asko irabaziko duela ziurtatu du alkateak. Alde batetik, gaur egun autobusen joan-etorriek Luis Briñas kalean sortzen dituzten eragozpenak betiko amaituko direla adierazi du. Bestetik, autobusek lur azpiko geltokian sarrera eta irteera ez dituztenez alde berean izango, pilaketa eta arazoak arinduko direla azaldu du.
Plaza berriak auzokideei bizi kalitatea hobetuko diela ere nabarmendu du udalak, eta, urte gutxitan, eremua erabat aldatuta geratuko dela. Hain zuzen, 7.000 metro koadroko plazari Sabino Arana etorbidean izandako aldaketaren onurak gehitu behar zaizkiola adierazi du, autobidea kendu izanari esker 62.000 metro koadroko eremu irekia irabazi dela nabarmenduta.
Urte beltza andreentzat
Emakumeentzako urte beltza izan da aurtengoa ere, zalantza izpirik gabe. Gizonen esku denetariko indarkeria jarduerak pairatu dituzte. Leire Rodriguez eta Almudena Matarranzen izenak entzun dira bereziki indarkeria matxistari lotuta. Aurten gizonek hi...
Mendialdea, plastikoak itota
Milaka plastikoek janda agertu zen Bilboko Arraiz mendialdeko gune bat urtarrilaren erdialdean: zabor poltsek lurra zeharo estalita eta zuhaitzetako adarrak erabat itota. Artigas zabortegitik ihes egindakoak ziren plastikoak. Haize bolada handiak izan...
Zabalgarbik hamar urte bete ditu, eztabaidak itzali gabe
Bilboko Zabalgarbi plantak hamar urte bete zituen uztailean. "Birziklatu ezin daitezkeen" hiri hondakinak erretzen dituen erraustegia da Zabalgarbi. Mundu osoan eredugarria batzuentzat, agortua dagoen eredua oinarri duena besteentzat. Martxan daraman ...
Inoizko Korrikarik handiena izan da
Inoizko Korrikarik handiena izan da". Hala laburbildu zuen Asier Amondo Korrikako arduradunak euskararen aldeko 19. martxa, hura bukatu eta hurrengo egunean. Pozik azaldu ziren antolatzaileak euskaldunen eta euskal herritarren parte hartzearekin. Urepelen (Nafarroa Beherea) martxoaren 19an abiatu zen, eta 11 egun geroago iritsi zen Bilbora, 2.500 kilometroko ibilbidea egin eta gero.
Bizkaiko hiriburuan bertan egin zuen bukaera ekitaldia; jendez gainezka zegoen Bilbo. Irribarreak eta malkoak; biak tartekatzen ziren bildutakoen artean. Leloari dagokionez, argia: Euskahaldun. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak irakurri zuen milaka euskaltzaleren aurrean, eskuz esku, Euskal Herriko iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ibilitako lekukoak gordetako mezua. Hala, Korrikaren leloari erabateko zentzua eman zion: "Nor gara? Bagara nor. Ez gara menpeko perpausa. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua".
Bilbora iritsi orduko bide luzea egina zuen Korrikak Bizkaian, eskualdez eskualde: denera, 458 kilometro. Martxoaren 23an sartu zen lehenengoz herrialdean. Gipuzkoa Elgetatik utzita, Elorrion egin zioten lehen harrera bizkaitarrek. Lau ordu eskaseko ibilaldia egin ostean, Ermutik atera zen Gipuzkoarantz, berriz ere. Gau horretan bertan, Lea-Artibain jaso zuten lekukoa; ondarroarrek eskuz esku ibili zuten, eta, eskualdean itzulia egin ostean, goizaldean Busturialdera iritsi zen. Ibarrangeluko euskaltzaleak zituen zain Korrikak, gau ilunean euskararen alde azaltzeko prest. Forutik 06:00etan igaro zen. Hango barnetegian zeuden dozena bat ikasle lapurtar zalapartan esnatu ziren, lasterketan irtetzeko gogoz. Hamar kilometro egin zituzten, eta Mundakaraino iritsi.
Kostaldera helduta, Bermeon Sollubetik gora egin zuten Mungiara arteko ibilbidea. Lehenago, Larraurin, txokolate beroa zuten zain korrikalariek.
Une hunkigarriak
Uribe Kostakoek Urdulizen zuten lehen geralekua. Bereziki jendetsuak izan ziren Plentziako eta Getxoko kilometroak. Algortan, furgonetara igo, eta bertsorik bota zuenik ere izan zen, ALBE bertso eskolari zegokion txandan.
Korrikak berezko duen emozioak gainditzen dituzten hainbat pasarte izan zituen. Besteak beste, Itzulbatzetan, AEKn urte luzez aritutako Lurdes Goikoetxea eta Korrikaren sustatzaile izandako Joseba Kanpo omendu zituzten. Haien seme-alabek azaldu zuten zendutako biek sortu zuten lekukoa zerabiltela eskuz esku. 1.267. kilometroa zen.
Milaka lagunen artean horrenbeste kilometro egin ostean, bitxikerientzako tarterik ere izaten da. Erandiotik Barakaldora bitartean, esaterako, traineruan egin zuen ibilbidea lekukoak, arraunlarien esku. Ezkondu aurreko agur festa korrika ospatzeko ere erosi zuten kilometro bat, baita ezkondu behar zuen bikote batek ere 19. Korrika hartan. Ohikoak dira horrelako bitxikeriak, AEKren arabera.
Meatzaldea eta Enkarterri igaro ostean, asteazken goizaldean atera zen Gordexolatik Arabara bidean. Urduñan sartu-irten bat egin zuen, baina larunbatera arte ez zen berriz itzuli Bizkaira. Arratia, Hego Uribe, Zornotza eta Txorierri pasatuta iritsi zen Bilbora, goizean goiz.
Milaka lagunen babesean egin zituen lekukoak azken kilometroak. Lekukoa Areatzako San Nikolas atarian jarri zuten oholtzara iritsi bitartean; hainbat eragileren eskuetatik igaro zen, eta, ondoren, Agirrek zabaldu zuen lekukoaren barruan zegoen mezua. Orduan Bilboko alkate zen Ibon Aresok udaletxe parean hartu zuen. Haren atzetik, besteak beste, Gure Esku Dago mugimenduak, Udalbiltzak, Etxerat elkarteak, BERRIAk, alderdi politikoek, Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak eman zituzten azken pausoak.
Azkena, 2.501.ena, AEKri berari egokitu zitzaion. Oinez murgildu ziren jendetzaren artean, lekukoa oholtzara eraman zuten arte. Orduan hartu zuen hitza Lorea Agirrek. "Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara".
Hamar urte igaro arte Korrika ez da berriz Bilbon bukatuko. Hala ere, bi urteren buruan itzuliko da Euskal Herrira, euskararen aldeko apustuari eusteko.
Elkartasuna, zigortuta
Kukutza III gaztetxearen hustuketak eta egun hartako atxiloketek soka luzea ekarri zuten. 2011ko irailean izandako gertakariekin lotutako epaiketetako bi 2015ean egin zituzten; bata, urtarrilean, eta, bestea, irailean.
Hustuketari lotutakoa izan zen lehenengoa. Kukutzaren alde agertu direnen artean, zapore gazi-gozoa utzi zuen. Epaitutako 23 gazteak absolbitu egin zituen epaileak, usurpazio deliturik ez zutela egin ebatzita. Are gehiago: epaiak nabarmendu egin zuen Kukutzan antolatzen zen "kultur jardunbidea". Horrez gain, eraikinaren jabe Cabisa enpresari aurpegiratu zion ez zuela izan inolako asmorik hura saltzeko edo errentan jartzeko. Hala ere, gazteetako bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, "agintearen kontrako atentatua" egitea leporatuta.
Bestalde, eraisketa egunean istiluak eragitea egotzita epaitu zituztenen auzian, hemeretzi lagun epaitu zituzten, irailean. Denei zigor bera ezarri zieten: bederatzi hileko espetxealdia eta 84.000 euroko kalte-ordaina. Isuna denen artean ordaindu beharrekoa da. Urrian iritsi zen epaia.
Bi zigorrok kritikatu egin zituzten Kukutzaren aldekoek. Urtarrileko epaiketan ertzainen lekukotasunetan oinarritu zen epailea erabakia hartzeko orduan. Ertzainen arabera, gaztetxean zeudenek "denetarik" bota zieten , baina ezin izan zuten inor identifikatu. Hala ere, ustez betoizko mokor bat bota nahian zebilen gazte baten kontra gomazko pilota bat jaurti zuten. Atxilotuetako bat izan zen zauritu zuten gazte hura. Identifikatu egin zuten, eta salaketa jarri haren aurka. Gazte hura bera izan zen zigortu zutena.
Gazteek ertzainen bertsioa ukatu zuten epaiketan. Are gehiago, poliziaren aurrean jarrera pasiboari eutsi ziotela azaldu zuten. Defentsarako abokatuek ertzainen bertsioaren kontraesanak ere nabarmendu zituzten, eta prozedura akatsak salatu. Hain zuzen, atxilotu zutenean, gazteari ez zioten atentatua leporatu; auzibidea abian zegoela iritsi zen akusazio hori.
Kukutzarekiko elkartasun taldeak gertatutakoa salatu zuen. Bilboko Udala eta Cabisa enpresa egin zituen gaztetxean egiten zuten lana deuseztearen erantzule. Horrez gain, gogora ekarri zuen hustuketaren ingurumarian izandako "polizia okupazioa" ere: soilik lehen egunean ehundik gora lagun zauritu ziren "poliziaren indarkeriaren" ondorioz. Haien ustez, salaketa eta epaiketak "astakeria hori guztia estaltzeko" abiatu zituzten, "Kukutza barruan zein kanpoan elkartasuna adierazten zutenak kriminalizatuz".
Iñaki Carro defentsarako abokatuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuen. Larritzat jo zuen gazte bat espetxera bidaltzea "inolako frogarik gabe eta Ertzaintzaren testigantzan oinarrituta". Hala ere, epaiaren garrantzia nabarmendu zuen, usurpazio deliturik ez zela egon frogatu zuelako. Hori izan zen-eta Kukutza eraisteko erabili zuten argudioa.
Oinarri juridikorik gabe
Iraileko epaiketako epaiari buruz ere antzeko salaketak egin zituen abokatuak. Atxiloketak istilu nabarmenenak baino lehenago izan baziren ere, kalte guztiak ordaintzeko isuna ezarri zieten. "Oinarri juridikorik gabeko" epaiaren kontrako helegitea iragarri zuen. Denetariko akatsak salatu zituen. Haren esanetan, konpondu dituzten edukiontziak gau hartan hondatu zirenik ez zuten esan. Horrez gain, kalte-ordaina Bilboko Udalak eskatu bazuen ere, bertako abokatua ez zen agertu epaiketara. Fiskalak egin zuen eskaera, haren lekua hartuta. Helegiteen ebazpenen zain geratu ziren zigortutako gazte guztiak.