Urdaibaiko saneamendu sarerako lanek 8 milioi euroko murrizketa dute

Oihana Cabello

Urdaibai biosfera erreserba hartzen duen Busturialdeko ur sa-neamendu sarea amaitzeko aurrekontuak murrizketak izango ditu aurten. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, 13 milioi euro adostu zituzten urte honetan obrak egiteko; hala ere, Eusko Jaurlaritzak bost milioi euro baino ez ditu jaso legebiltzarrean aurkeztu eta onartu dituen aurrekontuetan. PSE-EEren babesarekin onartu dituzte aurrekontu horiek, eta Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailak Urdaibaiko saneamenduari dagokionez hartutako erabaki hori kritikatu du talde ekologistak. “22.000 hektarea ditu Busturialdeak, eta hango herriek gaur egun oraindik errekara botatzen dituzte beraien ur zikinak”.

Hain zuzen, sozialisten babesa izan zuen EH Bilduk 2014an, saneamendu lanak amaitzeko finantzaketa eskatzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuenean legebiltzarrean. 45.000 biztanleri zerbitzua ematen dio Busturialdeko ur saneamendu sareak, eta, 2003. urtean sinatutako hitzarmen baten arabera, kolektore horiek egiteko ardura Eusko Jaurlaritzarena litzateke. Bestalde, Espainiak eta Busturialdeko ur partzuergoa osatzen duten herriek beraien konpromisoak bete dituzte dagoeneko.

EH Bilduko legebiltzarkide Dani Maeztuk ere aurrekontuaren murrizketa kritikatu du. Dioenez, diru kopuru zehatzak adostu zituzten lau urterako, eta ez dute akordioa beteko. “Salatu izan dugu obra horiek atzerapenarekin zetozela. Orain, gehiago atzeratuko dira”.

Maezturen hitzetan, saneamendu sareak Busturialdean amaitua behar zuen aspaldian. “Biosfera erreserba bakarrean ur zikinak errekara botatzen dituzte zuzenean. Gernika-Lumoko araztegiak, gainera, arazoak ematen ditu”, esan du Maeztuk. Araztegi hori zaharkituta dagoela ohartarazi izan du EH Bilduk hainbat alditan.

Aurreko agintaldian partzuergoko presidente izan zen Iratxe Arriola (EH Bildu), eta Arriolak ere salatu izan du Gernika-Lumoko araztegiaren egoera kezkagarria dela. Busturialdeko Hitza-k egindako elkarrizketa batean zioenez, 2003an egin zuten proiektuan araztegi hori desagertzera kondenatu zuten. Kolapsatzeko arriskua duela eta, hori gertatuz gero, delitu ekologiko izugarria gerta litekeela ohartarazi zuen Arriolak iaz.

Epeak eta konpromisoak

Edozein atzerapen “onartezina” dela dio Dani Maeztu legebiltzarkideak. “Ingurumen Sailarentzat lehentasunen artean lehentasun izan beharko luke Busturialdeko ur saneamendu sarea amaitzea”, dio. Hala, AHT abiadura handiko trenarekin duten konpromiso bera eskatu du EH Bildukoak. Gogorarazi duenez, Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailak aurrekontuaren %52,2 AHTaren obretara bideratzen du.

Galderak ere aurkeztu ditu koalizio abertzaleak legebiltzarrean, idatziz, eta modu ofizialean erantzun beharko dituzte horregatik. Besteak beste, saneamendu obrak zein egoeran dauden, lanokin hasteko zein izapide behar diren eta saneamendu lanak noizko bukatuko dituzten galdetu dute.

Maeztuk azaldu duenez, otsailean ekingo diete lanei, Sukarrietan egin behar duten ponpaketa zentroarekin. “Beste obra batzuekin gertatzen den bezala, hauekin ere epeak bete beharko lituzkete; premiazkoa da”, esan du.

2019. urterako Busturialdeko kolektoreak bukatuta beharko luke, Busturialdeko Ur Partzuergoak eta URA agentziak iaz sinatutako akordioaren arabera. Lau urteko epean, guztira 49 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den agentzia horrek: bost milioi 2015. urterako, 13 milioi 2016rako, 15 milioi 2017rako eta beste horrenbeste 2018. urterako. Hartara, sarea amaituta, 2019. urterako eskualde osoko ur zikinak Lamiarango araztegian bildu eta garbituko lirateke.

Udalek, lanak eginda

Aurrekontuen murrizketa horrek, bestalde, Eguzki talde ekologistaren kezka ere piztu du. Diru murrizketa horrek lanetan atzerapenak ekarriko dituela salatu du, eta ezinezkoa izango dela 2019. urterako Urdaibaiko urak garbi egotea. Era berean, eskualdeko udalek beraien lanak eginak dituztela esan du: lurren desjabetzeak eginak dituzte, obrak egiteko lizentziak lortu dituzte, eta baimen hidraulikoak ere badituzte, besteak beste. Horrenbestez, Eguzki talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “egoerak exijitzen duen maila” eman dezala eta aurreikusitakoa bete dezala.

Gainera, Unescok biosfera erreserbetarako zehaztuak dituen baldintzak ez betetzeak isunak ere ekar ditzakeela gogorarazi du Eguzkik.