Mendialdea, plastikoak itota

Mendialdea, plastikoak itota

Aitziber Laskibar LIzarribar

Milaka plastikoek janda agertu zen Bilboko Arraiz mendialdeko gune bat urtarrilaren erdialdean: zabor poltsek lurra zeharo estalita eta zuhaitzetako adarrak erabat itota. Artigas zabortegitik ihes egindakoak ziren plastikoak. Haize bolada handiak izan ziren egun haietan Bilbo aldean, eta hegan joan ziren milaka zabor poltsa mendian zehar. Ibar batean pilatu ziren gehienak, modu beldurgarrian. Eta egoerak bere horretan jarraitzen zuen hamabost egun geroago, BERRIAk bere begiekin frogatu eta jendaurrean erakutsi zuen bezala.

Beste zerbait utzi zuen agerian triskantzak: zaborrak tratatu gabe lurperatzen aritu zirela. Artigaseko TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta bertan da. Zaborrak gaika bereizi eta tratatzeko eginbeharra du; zaborrak ondoren lurperatu daitezen prestatzekoa. Hondakinak lehortu, isuri kaltegarriak kendu, eta txiki-txiki egiten ditu. Soberakinek lurperatzeko leku gutxiago behar dute horrela, eta osagairik kutsakorrenak kenduak dituzte.

Baina 2015ean behintzat ez zuen beti prozesu hori egin. Horixe erakutsi zuten urtarrilaren erdialdean Arraizko mendialdean agertu ziren plastikozko milaka poltsak. Osorik zeuden poltsak, inolako prozesurik igaro gabe, inola ere txikitu gabe.

Ez hori bakarrik: zaborren tratamendurako arauek lurperatu beharrekoa bota eta jarraian lurrez estali behar dela dioten arren, luzaro egon ziren zabor poltsa osoak estali gabe. Milaka kaio aritu ziren, egunetan, zarama poltsak apurtu eta hondakinak jaten.

BERRIAk egoeraren berri eman ondoren, azalpenak eskatu zituen EH Bilduk Bilboko Udalean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan. Gertaerak izan eta bi hilabete ingurura erantzun zuten biek, bakoitzak bere aldetik. Udalaren esanetan, garbi zeuden bere lurrak. BERRIA berriz joan zen kaltetutako gunera, eta argazki berriak egin eta argitaratu zituen. Eremua ez zegoen urtarrilean bezain itoa martxoan, baina ez zegoen garbi. Tarte horretan izan ziren eurite eta elurteek plastiko asko errekan behera eramanak zituen; beste asko, zatitu eta lurpean ezkutatuta.

Gehiago ere ikusi zuen egunkariak egoeraren berri izateko zabortegiaren ingurura joan zenean: kamioi bat zarama poltsa osoak lurrera botatzen ikusi zuen, eta makinak zabor horiek zapaltzen.

Irudi horiek eta garbitu gabeko mendialdearenak argitaratu ziren egun berean, martxoaren 12an, Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak aitortu zuen Bizkaiak ez zituela hondakin guztiak tratatzen zabortegian lurperatu aurretik. Hala ere, ohartarazi zuen horrek ez zuela araurik hausten, eta adierazi zuen Artigasen gertatutakoa “txikikeria” izan zela.

Gaiak sortutako liskarraren ondoren, garbitu zuten mendialdea aste batzuetara. Gerora, beste haizete garai batean, plastikoek zikindu zuten berriz inguru bera. Baina, kasu horretan, aste berean garbitu zuten ingurua.