Mendean hartzeko garbiketak

Mendean hartzeko garbiketak

Efemerideak gogora ekartzeko garaiak izan ohi dira urte berriak; urtemugak oroitzekoak eta urteak ekarriko duenari begira jartzekoak. Baina, oraindik ere, badira oroimena falta duten gertakariak. Aurten 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Egutegian egun beltza da uztailaren 18a herritar askorentzat, aro ilun luze baten abiapuntua, eta oroimenetik ezabatu diren ondorengo gertakarien lehen katebegia. Aro ilun hori argitara ateratzen jarraitzen dute historialariek, zortzi hamarkadaren ondoren. Eta lan horretan ari da Aritz Ipiña EHUko ikerlaria ere. Bizkaiko udaletako eta aldundiko langileen artean frankistek egindako garbiketa politikoak aztertu berri ditu Ipiñak. Esanguratsuak dira ikerketaren ondorioak: Bizkaiko udal eta foru administrazioko langileen %63,03 kaleratu eta zigortu zituzten matxinatuek lurraldea bere gain hartzean.

Politikoki, sozialki eta ideologikoki, gizartea kontrolatzeko tresna dira erakundeak. Jabetuta zeuden frankistak horrekin, eta, erregimenaren iraupena bermatzeko, administrazioa beren oinarrien arabera moldatzeari ekin zioten 1936ko gerra hasi eta berehala. Herriak mendean hartu, eta, jarraian, garbiketa politikoak egin zituzten tokian tokiko erakundeetan. Labur bezain zehatz azaldu ditu Ipiñak garbiketa prozesuen hiru ardatzak: “Etsaia kaleratuz, lanean geratu zirenak mendean hartuz eta erregimenaren aldekoak sarituz, zure oinarriekin bat datorren administrazioa izatea lortzen duzu”.

Bizkaiko populazioaren %89,40 ordezkatzen duten 65 herri ikertu ditu Ipiñak. Aztertutako 3.895 udal langile horietatik 2.059 kaleratu zituzten frankistek, eta 507ri isuna ezarri zieten. “Zigorrak ziren isunak. Lan bera egiteagatik soldata eta postua jaitsi egiten zitzaien langileei”. Langilea apaltzea eta menderatzea lortzen zuten horrela. “Frankistek bazekiten administrazio teknikari batzuk beren postuan mantendu behar zituztela; esperientzia zuten, eta erakundeen funtzionamendurako beharrezkoa zen horrelako jendea egotea”. Beren postuan mantendu zituzten asko horregatik. Ez dohainik, ordea. Zigor ekonomikoekin, sozialki markatuta eta guztiz umilduta itzultzen ziren lanera. Ikertutako 3.895 udal langileen artean, 1.092k soilik mantendu zuten lana inolako zigorrik gabe: %28,04k, alegia.

Baina zenbakien dantza ez da hor bukatzen. Kaleratu eta zigortzeaz gain, fusilatu ere egin zituzten 24 langile. Eta antzera jazo zen aldundian ere. Diputazioak zituen 1.182 langileetatik 500 kaleratu zituzten, 177 zigortu, eta 13 fusilatu.

Esaldi bakarrean bildu daitezke orain arteko datuak: Bizkaiko udal eta aldundiko langileen %63,03 zigortu zituzten.

“Probintzia traidorea” izan zen Francorentzat Bizkaia. Eta garesti ordainarazi zion altxamenduan frankisten aurka azaldutako jarrera. Hor daude datuak. Baina bada aintzat hartu beharreko beste neurri bat ere, EHUko ikerlariaren arabera: kontzertu ekonomikoa kendu zitzaion lurraldeari, eta horrek eragina izan zuen Bizkaia osoan. “Aldundiak eskumen asko zituen. Kontzertu ekonomikoa ezeztatzean, aurrekontuaren %50 galdu zuen Bizkaiak. Neurri horrekin, lurralde osoa zigortu zuten”.

Prozesu azkarra

Francoren aldekoek Bizkaiko herriak hartu eta berehala abiatzen zituzten erakundeen garbiketa prozesuak. Langile guztiei kargua kentzea zen lehen urratsa. Behin hori eginda, hiru edo lau eguneko epea zuten udal langileek postua berreskuratzeko eskaera egiteko. Eskaera aurkeztu ezean, zuzenean kaleratzen zuten langilea. Enplegatuak zein bandotakoak ziren jakiteko neurri eraginkorra zen hori. Lemoako kasuak ekarri ditu gogora Ipiñak azalpenerako. Lemoa ebakuatu egin zuten 1937ko maiatzean eta ekainean Lemoatxen izandako bataila gogorren ondorioz, eta ihes egin zuten udaleko hamar langiletik zortzik. Ordezkatu egin zituzten horiek guztiak. Gauza bera gertatu zen Bermeon eta Getxon ere. Hiru herri horiek dira kaleratutako langile kopuru handiena duten herriak.

Herrian nor geratu zen eta nor ez. Hori izan zen erakundeen garbiketa egiteko frankisten lehen galbahea. Purgak asko azkartu zituen lehen urrats horrek, EHUko ikerlariaren esanetan. “Bizkaiko udal langileen %30 baino gehiago ihes egite hutsagatik kaleratu zituzten. Errepublikanoekin ihes egin izanak kaleratze automatikoa zekarren. Herritar askok alde egin zuten gerra garaian, eta postua abandonatzeagatik kaleratu zituztela ageri da frankistek kaleratzearen berri emateko egiten zituzten txostenetan”.

Lanpostua berriz hartzeko eskaera egitean zetorren bigarren kolpea: “Enplegua berreskuratzeko idazten zituzten gutunak izugarriak dira. Beren burua apaldu egiten dute langileek, ezer egin ez badute ere. Bazekiten etsaitzat hartzen zituzten herritarrak fusilatu egiten zituztela, eta zer egin? Burua makurtzea beste erremediorik ez zuten”. Baina eskaera eginda ere, ez zitzaien enplegua berehala ematen.

Langileari buruzko informazioa jasotzea zen hurrengo urratsa. “Langile eskuindarrak deitzen zituzten, haien kideei buruzko informazioa jasotzeko. Normalean, bulego bereko kideen iritziekin betetzen zituzten txostenak. Elkarrekin lan egiten dutenek elkar ezagutzen dute, eta bakoitzaren ideologia zein den ere jakiten da”. Ipiñak gogora ekarri ditu artxibategietan aurkitutako txostenetan irakurri dituen esaldietako batzuk. “Molaren heriotza ospatu izana, mugimendu nazionalari kritika egin izana edo abiazioaren ekintzen aurka agertu izana aipatzen da batzuetan”.

Susmagarria izateko, nahikoa zen Francoren aldekoei kritika bat egin izana. Administrazioko langileen ideologia politikoa eta gerran izandako jarrera aztertzea zuten helburu txostenek. Eta behin informazioa jasota hartzen zuten erabakia: langilea bota ala zigortu. Defentsa eskubidea ematen zitzaion langileari. Baina, gehienetan, alferrikakoa zen.

Prozesu bera jarraitu zuten udaletan eta Aldundian. Herri txikietan malgutasun handiagoarekin jokatu zutela azaldu du Ipiñak. “Herri txikietan denek ezagutzen dute elkar. Eta errazagoa egiten dute garbiketa. Egun bat nahikoa zuten administrazioa berregokitzeko”. Markinako kasua aipatu du. Udalak zituen hamaika langileetatik zazpi geratu ziren herrian: karlistak, hain zuzen. Bilboko Udalaren purgak gehiago iraun zuen. Baina zuen langile kopuruarentzat, azkarra izan zen prozesua. “Hiriburuan ia 2.000 langile kaleratu zituzten hiru hilabeteko epean”. Bilbon %58,57 ordezkatu zituzten frankistek.

Ondorio sozialak

Kosta du Bizkaiak, eta elementu hori aintzat hartzea ezinbestekoa da, Ipiñaren ustez. “1936ko gerra eta frankismo garaiko errepresioa ikertzean, ezinbestekoa da erbestea aintzat hartzea. Askotan esaten da beste lurraldeekin alderatuta Bizkaian ez zutela horrenbeste jende fusilatu. Baieztapen horretan, ahaztu egiten da 100.000 pertsonak baino gehiagok ihes egin zutela”. Ihes egin zuten horien artean daude Bizkaiko udal eta aldundiko langileak ere. “Ados, ez zituzten hil, baina beren lanetan ordezkatu zituzten”.

Asko dira garbiketen ondorioz suntsitu zituzten familiak. “Ez ziren kaleratutako 3.000 langileak soilik kaltetu: familiak daude horien guztien atzean”. Horregatik biderkatu egin behar da kaltetuen kopuru hori, EHUko ikerlariaren arabera. “Ez dituzu hiltzen, baina bizitza osorako markatu egiten dituzu herritarrak. Lapurtzen diezu, suntsitu egiten dituzu eta baliabide ekonomikorik gabe utzi. Zigor hori izugarria da”.

Erakundeak goitik behera aldatu zituzten frankistek. “1936ko gerra aurretik zegoen administrazioa oso askotarikoa zen Bizkaian, eta hori suntsitu egin zen frankismoan. Beren ideologia politikoarekin bat zetozen erakundeak sortu zituzten, eta, horretarako, erregimenaren aldeko langileak lehenetsi zituzten, gainontzekoak zigortuz”. Burokraziaren eta administrazio eta herritarren arteko aldentzea frankismo garaietatik jaso dela dio Ipiñak. “Erregimen bat mantentzeko sortzen da administrazioa, eta horri erantzuten dio. Herritarrekiko tratua gutxiesgarria da guztiz”.

Aski ezagunak dira frankismo garaietan irakasleen aurka egindako garbiketak. Baina gutxiago ezagutzen dira erakundeetan egindako purgak. Zortzi hamarkada beteko dira laster zigortuen kopurua handitu eta handitu aritu zirenetik. Eta zenbaki horiei guztiei izen-abizenak jartzen ari zaie Ipiña. Merezitako duintasuna eman nahian ahotsa kendu zitzaien herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.