Uste baino euskaldun gehiago

Uste baino euskaldun gehiago

Natalia Salazar Orbe

Ezkerraldean euskarak presentziarik apenas duela zabalduta dago nonahi. Baita eskualdean bertan ere. Hori horrela ez dela frogatzen dute, egunean-egunean, milaka herritarrek Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugalete herrietan. Nahi baino gutxiago bai, baina euskararen ezagutza eta erabilera goraka doaz. Herriotako bakoitzean ia %20 dira euskaldunak. Bateko eta besteko udalak zein eragileak beharrean ari dira Europako hizkuntzarik zaharrenak merezi duen lekua berreskura dezan. Horretarako, hainbat plan, proiektu eta programa darabiltzate.

Euskaltegiak dira, zalantzarik gabe, euskalduntze prozesuan lan handiena egiten duten agenteak. Milaka lagun euskaldundu dituzte. Eta Berbalagun egitasmoak euskara praktikatzeko gune ugari eskaintzen ditu.

Bizkaiko hiririk handienen artean bigarrena da Barakaldo, Bilboren atzetik. Ia 100.000 biztanle ditu. Horrenbeste jende hartzen duen udalerri horretan poliki-poliki ari da pausoak ematen euskara. Duela gutxi hasi da udala euskararen sustapen proiektua lantzen. Baina dagoeneko emaitza batzuk jaso dituzte, eta pozik azaldu da Mertxe Andres bertako Euskara teknikaria. “Apurka ari da nabaritzen; batez ere, familia barruan. Baita kalean bertan ere: parkean, kiroldegietako aldageletan… sarri entzuten da gurasoren bat euskaraz berbetan seme-alabei”.

Horixe dute, hain zuzen, lehentasuna: familia. Eremu horretan erein gura dute euskararen hazia, etorkizunera begira fruitu emankorrak eman ditzan. Ikastetxeetan euskara ikasi zuten lehenengo barakaldarrek 30 urte inguru dituzte egun, eta horietako batzuk hasiak dira seme-alabak izaten. “Eurentzako arnasguneak sortzen saiatzen gara”.

Denok euskaraz programa jarri dute martxan eginahal horretan. Euskaraz garatzen diren tailer batzuk dira. Umeek zein gurasoek, denek euskaraz egin behar dute. Hori da baldintza bakarra. “Elkarrekin jolasten aritzen dira, eskulanen bat egiten dute… Hori guztiori, euskaraz”.

Hasieran helduei zaila egiten zitzaien euskaraz jardutea. Baina apurka lortu dute parte hartzea handituz joatea. Kultur etxeetan antolatzen dituzte saioak, bi ostiraletik behin. Parte har dezaketenen kopurua mugatua da: hogei umerentzako lekua dago, eta haur bakoitzeko, heldu bana ari daiteke. Batzuetan jendeak kanpoan geratu behar izaten du.

Euskaraz ez dakiten guraso batzuk kexatu egin dira, euskaraz aritzeko gai ez direnez, ezin dutelako parte hartu. Eta nahiko lukete. Hala, urte berri honetarako asmo berriak ditu udalak: “Guraso horiek euskararen unibertsoan murgiltzeko beste tailer batzuk sortzea pentsatzen ari gara”. Helduak euskararen oinarrizko ezagutza batzuk ikasten ariko dira tailerraren lehen atalean, haurrak jarduera batean edo bestean ari diren bitartean. Eta, azken orduan, denak elkartuko dituzte, elkarrekin jolasean, ikasitakoa praktikan jartzeko.

Baina familia girotik kanpo ere eragin guneak izan gura ditu udalak. Euskara sustatzeko proiektuaren barruan bestelako programa batzuk ere badarabiltza: Zabaldu atea euskarari eta Euskara plazara dira horietako bi.

Paisaia euskaldundu

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzea du xede lehenengo programak. Gutxienez, hizkuntza paisaia aldatu gura dute. Horretarako, besteak beste, doako itzulpengintza zerbitzua eskaini diete merkatari eta ostalariei, eta euskarazko gidak ere argitaratu dituzte. Izan ere, eremu horretan apenas entzuten den. Horren arrazoiak zein diren azaldu du Andresek: “Gurean, euskal hiztunaren profila pertsona gazte batena da. Gehienetan, euskara etxetik kanpo ikasi du, eskolan edo euskaltegiren batean. Hala ere, hitz egiteko orduan, gaitasun handiagoa dauka gazteleraz”. Denden zein tabernen jabeak pertsona nagusiagoak izan ohi dira. Beraz, gehien-gehienak ez dira euskaldunak. Eta, normalean, bezeroen aldetik ez dute aurkitzen euskarari presentzia emateko presiorik. “Ez dute horretarako beharrizanik sumatzen”. Beraz, gakoa horretan datza. Apurka euskarak bere lekua hartuko duen itxaropena badu udaleko teknikariak.

Euskaraz badakitenak edo ikasten ari direnak erabiltzera ausartzeko programa da, bestalde, Euskara plazara. 16 urtetik gorako barakaldarrentzat da. “Ekintza xumeak planteatzen ditugu, konpromiso handia eskatzen ez dutenak”. Besteak beste, bertso gosari bat antolatu izan dute. “Ordubete eta erdiz bertsolaritza zer den azaltzen izan ziren bi bertsolari; bertsoak nola eratzen dituzten kontatzen zein bertaratutakoek emandako gaiak baliatuta bertsotan ere aritu ziren. Oso gustura ibili ziren denak”.

Ehun lagun inguru elkartu ziren zita hartan. Arrakasta handia izan zuen, baina euskaltegien laguntza izan zutelako ere izan zitekeen, ikasleak joatera animatu zituzten eta. “Beraz, arrakasta hori gazi-gozoa izan daiteke. Dena den, ikusi dute posible dela euskaraz gozatzea”.

Benetako erabilera sustatzea da, azken batean, helburu nagusia. Umeak eta guraso gazteak dira, bereziki, euskara ahoan dantzan darabiltenak. “Sektore horretan aurrerapausoa ikusten da”. Gazteek, ostera, jakin badakiten arren, ez dute askorik erabiltzen. “Asko kostatzen zaie”, euren gustuetara egokitutako tailerrak eskaintzen dizkieten arren.

Udalaren proiektua osatzeko orduan herriko euskara eragileekin ari dira elkarlanean. Euskararen Aholku Batzordea eratu dute horretarako. Ezinbestekotzat jo du Andresek elkarlan hori.

Santurtzitik Santurce-ra

Euskarak arrasto handia utzi du Ezkerraldean. XX. mendearen hasieran galdu zen, Barakaldon jaiotako azken euskaldunak hil zirenean. Toponimoek edo leku izenek gorde dute eremuaren izaera euskalduna. Santurtzi da horren adibideetako bat. Euskarazko izenetik sortu zen-eta gaztelerazko Santurce, gerora.

45.000 biztanle ditu Serantes mendiaren magalean kokatzen den herri horrek. Populazioaren %19,8 da euskalduna. Euskarak presentzia berreskuratzeko sareak sortzea da euren helburua. Hala azaldu du Itxaso Lejarza euskara teknikariak. Udalean bertan, erabilera plana darabilte, “herritarrak tramiteak egitera doazenean, euskarak presentzia izan dezan”. Udalaren agiri guztiak gazteleraz eta euskaraz, ele bitan argitaratzen dituzte.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana ere onartu dute, Ezkerraldeko gainerako udalen antzera. Aldundiaren Alkarbide sarearekin elkarlanean ari dira. “Umeak D ereduan matrikulatzeko kanpainak eta antzekoak ateratzen dituzte”.

Euskararen egunaren harira hainbat jarduera antolatu ohi dituzte. Horiek guztiak herriko eragileekin batera prestatzen dituzte. “Elkarlan horren oinarriak jartzen eta bultzatzen saiatzen gara aurrerantzean gauza gehiago egin eta antolatu ahal izateko. Euskara ikustea da helburua, eta erabiltzea”.

Ikastetxeetako umeen gurasoak dituzte, Santurtzin ere, jomuga, beste esparru batzuen artean. “Akordioa dago udalaren eta udal euskaltegiaren artean gurasoentzako euskara eskolak diruz laguntzeko”. Arrakasta handia du programa horrek: iaz, lau talde izan zituzten, eta aurten, zazpi. Denak ala denak, beteta.

Berbalagunen garrantzia

Gainerako beste hainbat herritan bezala, Berbalagun egitasmoko taldeek ondo funtzionatzen dute Santurtzin. “Gurean 200 lagun inguru ari dira. Oso arrakastatsua da. Talde mordoa sortu dira, eta jarduera pila antolatzen dira horren inguruan. Hilero ateratzen da euskararen agenda, herrian euskaraz antolatzen diren gauza guztiak jasotzeko. Jende askok parte hartzen du”. Balorazio formalik egin ez badute ere, bistakoa da azken urteetan euskararen erabilerak gora egin duela herrian.

Jomuga berriak

Inplikazio handiagoa edo txikiagoa baliatuta, Ezkerraldeko udal guztietan sinetsita daude euskarari bultzada ematea beharrezkoa dela. Portugaletek 46.000 biztanletik gora ditu, eta %20 dira euskaldunak; 9.326, hain zuzen ere, Eustaten azken datuen arabera. Udalak euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea du helburu. Eta horretarako baliatu gura dute Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Euskara hainbat arlotan sustatzea dute xede. Aurreko planek jasotzen zituztenez gain, liburugintza, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak ere jomugatzat hartu dituzte. Hala azaldu du Garbiñe Okerantza Euskara teknikariak.

Liburugintzari dagokionez, helduen euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko irakurketa tailerra sortuko dute. Horrez gain, idazleekin hitzaldiak antolatuko dituzte.

Hizkuntza paisaiak zer-nolako garrantzia duen jabetuta, arlo sozioekonomikoan sentsibilizazio lanak egin ditu udalak merkatarien artean. Besteak beste, errotuluak aldatzeko diru laguntzak eskaini ditu.

Kirolaren eremuan ere hitzarmena sinatu dute oraintsu kirol taldeekin. Abenduan itxi zuten ituna. Haren arabera, kirol elkarteak “ahal duten neurrian saiatuko dira euskararen erabilera areagotzen. Eta udalak konpromiso horiek gauzatzeko laguntza eta aholkularitza eskainiko die”. Pauso zehatzik ez dute adostu oraingoz; maiatz alderako aurreikusi dute konpromiso zehatzak adosteko epea.

Horrez gain, argi daukate familia dela haurrek euskara ikasteko duten lehen gunea. Hori dela eta, guraso, ikastetxe eta euskaltegiekin elkarlanean “aparteko lana” egiten ari dira: hitzaldiak, tailerrak eta Gurasolagun antolatu dituzte, besteak beste.

Gazteek euskaraz jakin badakite, baina ez dute erabiltzen. Hala, hutsune hori nola bete aztertzen ari dira. “Sentsibilizazioa eta motibazioa landu nahi ditu Portugaleteko Udalak ikastetxeekin batera. Bigarren Hezkuntzan eta eskolaz kanpoko jardueretan eragin gura du, batez ere”.

Erabilera goraka Sestaon

Sestaon oso antzeko egoera dute. 28.600 biztanle ditu langabezia tasa handiena duen herri horrek. Horietatik, %20 dira euskaldunak; “bostetik bat”, zehaztu du Gorka Alvarez Kultura, Euskara eta Kirol zinegotziak. Batez ere, umeek eta gazteek osatzen dute euskaldunen profila. “Hala ere, gero eta gehiago animatzen ari dira guraso berriak”.

Argi du euskararen erabileran aldaketa nabarmena izan dela azken urteetan. “Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun %45ek jakin edo ulertzen dute euskara. Duela 30 urte kopuru hori ez zen %10era iristen. Hortaz, ezagutzak izan duen adinakoa izan ez bada ere, euskararen erabilerak jauzi nabarmena izan du azken urteetan”.

Gaur-gaurkoz ez da posible herrian %100ean euskaraz bizitzea. Kalean, ostalaritzan eta merkataritzan lan handia dago egiteko, beste herrietan bezala. Hala ere, gero eta gehiago dira alor horietan ere zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak. Eta gero eta presentzia handiagoa du kalean, “batez ere, umeen jolasguneetan”. Han ere, agerikoa da helduekin lan egin beharra.

Udala ari da arlo horretan eta beste batzuetan lanean. Besteak beste, ondoko programa eta ekimenak ditu martxan: Eman Giltza, gurasoentzako moduluak, Ku-ku tailerrak, Kontuleku, Euskal Jaia, Nahi Dudalako, Zinea Euskaraz, solasaldiak euskal idazleekin eta Oparitu Euskaraz.

Oraindik lan handia dago egiteko, beraz. Hala ere, gehienek uste dute kaltegarria dela euskarak Ezkerraldean duen presentziari buruz nagusi den mezua. Andresek azaldu du: “Askok pentsatzen dute: ‘Zertarako ahaleginduko naiz ikasten, hemen jendeak ez badu erabiltzen?’. Baina hori ez da egia”. Santurtzin gauza bera gertatzen da. Lejarzak argi du: “Uste dugun baino askoz euskaldun gehiago daude gurean”. Han ere erdaldun itxura horrek kalte egiten dio herriari, eta bertako biztanleengan etsipena sortzen duena, horren zalantzarik ez du. “Etiketa txar bat jartzen digute. Eta baliteke euskara ikasteko asmoz dabiltzanek uste izatea ez dela beharrezkoa, ez diela inongo onurarik ekarriko”.