Zabalgarbik hamar urte bete ditu, eztabaidak itzali gabe

Bilboko Zabalgarbi plantak hamar urte bete zituen uztailean. “Birziklatu ezin daitezkeen” hiri hondakinak erretzen dituen erraustegia da Zabalgarbi. Mundu osoan eredugarria batzuentzat, agortua dagoen eredua oinarri duena besteentzat. Martxan daraman urte guztietan izan da ereduari buruzko eztabaida hori. Baita urteurrenaren ingurumarian ere. Batzuek ospatu egin zuten urteurrena, besteek salaketetarako erabili zuten.

Agintariak izan ziren ospatu zutenak. Enpresako zuzendariarekin batera izan ziren Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko agintari nagusiak, besteak beste, errauste plantan bertan. Harro agertu zen Mikel Huizi Zabalgarbiko zuzendaria: “Hamar urteotan, birziklatu ezin diren 2,5 milioi tona hiri hondakini aterabidea eman diogu”. Agintariek, “mundu mailako eredu” gisa aurkeztu zuten Zabalgarbi.

Hamar urte horietan Zabalgarbi egunkarietan agertu izan den kasu gehienetan, ordea, albiste ilunengatik izan da. Inguruko bizilagunek salatu izan dute sarri errauste plantak isurtzen dituen errautsen ondorioak sufritzen dituztela. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak berak ere txosten zigortzailea abiatu zuen Zabalgarbiren aurka 2009an, azpiegitura dagoen lekuaren lurpeko uretan metal astunak agertu zirelako. Ordunteko urtegitik Bilbora datorren ur edangarria igarotzen da Arraiz mendipetik, Zabalgarbi dagoen lekutik. Jaurlaritzak txosten kezkagarria egin zuen, baina azkenean, Uraren Euskal Agentziak ukatu egin zuen metalen kantitate haiek arriskutsuak zirela herritarrentzat.

Bestalde, ekologistek kolokan jarri izan dute beti errauste plantaren egokitasuna: “Zabalgarbiren eredua oso zaharkitua eta erabat agortua dago”, adierazi zuen urteurrenaren harira Ekologistak Martxan taldearekin elkarlanean aritzen den Gorka Bueno EHUko irakasleak. Zabalgarbi duela bizpahiru hamarkadan nagusi zen ziklo konbinatuko planta bat dela azaldu zuen, eta onura baino kalte gehiago eragiten dituela.

Ekologistak Martxan-ek salatu zuen herritarrei informazioa ezkutatzen zaiela, eta gezurra dela errausten den hondakin guztia energia sortzeko baliatzen dela.