Gizartea

Etsipen oihuak telegrametan

Etsipen oihuak telegrametan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Alemanez, blitzkrieg, edo, italieraz, guerra celere. Taktika: etsaien frontea bonbardatu eta guztiz txikitu, artilleria bidali, eta, ondoren, infanteria; hori guztia, "gizarte zibilarekiko inolako begirunerik gabe", Francorekin egindako hitzarmenaren arabera. Gerra azkarra frogatu zuten Mussolinik eta Hitlerrek Bizkaian. Durangoko bonbardaketaren biharamunean telegrama bidali zion Jose Antonio Agirre lehendakariak, Bilbotik, Valentziako Errepublikako Gobernuari. 80 urte atzera, apirilaren 2n: "Atzoko agonia berarekin errepikatzen dut gaur ere abiazioaren beharra urgentziazkoa dela [...] ikuskizuna deprimigarria da [...] etsaiaren abiazioaren bonbardaketak etengabekoak dira. Gaur arratsaldean beste hirutan bonbardatu dute Durango [...]. Lagunduiguzu eta abiazio ugari bidali, behin betiko garaipena guztion erabateko porrota izan aurretik".

Ia eguneko telegrama bat idatzi zuen Agirre lehendakariak apirilean hegazkin eskean. Hilabetearen bukaeran guztiz etsita zegon agintaria. "Ehiza hegazkin bakarra dugu, eta hura aireratzea etsaiari entregatzea litzateke. Herriak ez du aireko zurztasuna ulertzen". Ez zen laguntzarik iritsi airetik. Erantzuna Valentziatik: "Gerrako Aginte Nagusiak ez du esku hartzen ezertarako iparraldeko operazioei dagozkien gorabeheretan". Bizkaian, 2.436 pertsona hil eta 1.606 zauritu zituzten bonbek, apirilaren 1ean hasi eta 30 egunez. Abuztura bitarte, ia herri guztiek jasan zuten bonbardaketa bat edo beste. Gazeta del Norte egunkariaren arabera, faxistek 138 hegazkin erabili zituzten Bizkaiaren aurkako operazioan, martxotik abuztura bitartean. Horietatik 48 ehiza hegazkinak izan ziren, beste 48 bonba hegazkin handiak, sei hegazkin arinak eta 36 behaketakoak. Guztira, 120.000 bonba jaurti zituzten lurralde osoan zehar, eta 50 kilo baino gutxiagoko 134.600. Bien bitartean, errepublikanoek, apenas zuten hegazkinik.

Orografia aldeko

Faxisten hasierako asmoa lurraldean gerra azkarra egitea bazen ere, uste baino gehiago iraun zuen Bizkaia hartzeko operazioak. Francoren aldeko egunkariek eguraldi okerrari egozten zioten atzerapena. Euritsuak izateagatik dira ezagunak 1937ko apirileko egunak, eta eguraldiaren izaera "gorria" nabarmentzen zuten, horregatik, behin eta berriz. "Eguraldiak soilik galarazten digu gorri separatistak menderatzea", zioen, adibidez, La Voz egunkariak apirilaren hasieran. Mola jeneralak berak lurraldea hamabost egunetan hartzeko plangintza zuen osatuta. Baina urrun geratu zen asmoetatik, hiru hilabete iraun baitzuen guduak. Aurreikuspenen kontra, abiazioaren laguntza etengabekoa izan bazuten ere, 700 metro egiten zuten aurrera tropa faxistek egun bakoitzean. Besteak beste, gudu zelaia izan zen aurrerapen motelaren arrazoietako bat: lurraldearen orografia, alegia.

Menditsua da Bizkaia, eta apirilaren hasieran mendiguneak ziren bando baten eta bestearen arteko muga. Jaurlaritzak Bilbo babesteko Burdin Hesiaz gain, mendateek sortutako lerro naturala ere bazuen lurraldeak. Araba eta Gipuzkoa faxisten menpe ziren, eta mendiak zituzten errepublikanoei eraso egiteko muga nagusi: mendebaldean, Ordunte eta Serantes; ekialdean, Udalako mendigunea; iparraldean, Oiz, Bizkargi eta Unbe; eta, hegoaldean, Altube eta Anboto. Hilabete hasieran Bizkaiaren aurkako erasoa Araba aldetik abiatzea erabaki zuen Molak; Otxandioko frontetik, zehazki.

Wolfram von Richthofen Kondor Legioko arduradunak azaldu zuen lehen egunetan jazotakoa: "Apirila: bonbardaketa metodo berria. Orain arte, eskuadrillak kolpe batez bota dute dena. Atzo, ordubetez aritu ziren, ordea, eta etsaia presio luzean izan zuten". Hilaren 4n hartu zuten mendean Otxandio, eta kolpe gogorra jaso zuen Eusko Gudarosteak: 350 hildako inguru izan ziren borroketan eta beste horrenbeste zauritu. Borrokalarien adoreak behera egingo zuen orduz geroztik, etengabe.

George Steer kazetariak lekukoen bitartez izan zuen Otxandiokoaren berri. "Apirilaren 4n izan zen abiazioaren erasorik indartsuena. Eguerditik arratsaldeko bostak arte etengabe izan zituzten 40 hegazkin posizioen gainean. 55 zenbatzeraino ere iritsi ziren, eta Aginte Gorenak kalkulatu zuen 5.000 bonba inguru jaurtiko zituztela herriaren eta defentsa lerroaren gainean. [...] Otxandion honako deiadar hau entzuten zen: erabat inguratuta gaude! […] Artzainik gabeko ardi bihurtu ziren borrokalariak abiazioaren bonben trumoi jasanezin eta ordura arte ezezagun haren pean". Gertakariez kezkatuta, Manuel Irujo ministro jeltzaleak ere berehala idatzi zuen telegrama Espainiako Errepublikaren Valentziako Gobernura. "Otxandio errebeldeen eskuetan erori da. Agirre jauna abiazioa eskatzen ari da etengabe, eta, gaur bertan iristen ez bada, kalte konponezinen beldur da".

Bandoen arteko desoreka

Jaurlaritzaren eta Espainiako Errepublikako Gobernuaren tirabiren iturburua izan zen, gerora, abiazioan izan zen gabezia. Batzuen arabera, axolagabekeriaz jokatu zuen Espainiako Gobernuak euskal lurretan gertatzen ziren eremu errepublikanoekin. Beste askoren iritziz, ordea, arrazoi logistikoak zeuden hegazkinik bidali ez izanaren arrazoiaren atzean; tartean, Bizkaia defenditzeko aerodromo falta.

Bi zituen Eusko Gudarosteak: Lamiakokoa eta Sondikakoa. Eta hamazazpi izan zituzten, berriz, faxistek Bizkaiaren aurkako erasoak egiteko: Gipuzkoan, Lasartekoa; Nafarroan, Noain, Castejón, Buñuel eta Ablitasekoak; Araban, Gasteizko Lakua auzokoa; Villarcayo, Villafria, eta Aranda, Burgosen; Recajo, Agoncillo eta Alfaro, Errioxan; eta Burgo de Osma, Almazan, Urilla, Barahona eta Almaluez, Sorian. Martxoaren 31n Durangori eraso egin zioten hegazkinak, adibidez, Logroño, Gasteiz, Soria eta Burgosetik atera ziren.

Aski ezaguna da hegazkin kopuruan alde biek zuten desoreka. Nolanahi ere, iturriak ez datoz bat batzuen eta besteen makineria kopurua zehazteko orduan. Hugh Thomas historialariaren arabera, hogei hegazkin inguru zituen Jaurlaritzak apirilaren hasieran Bizkaiaren defentsarako. Baina horien artean hamabost inguru ziren egoera onean: Policarpov-I-15 eta Txato motako ehiza hegazkin errusiarrak, zehazki. 1936ko abenduan iritsi ziren lurraldera, eta bi hilabetez aritu ziren Bizkaiko frontean borrokan. Bitarte horretan, Jaurlaritza etengabe aritu zen hegazkin eskean. Agirre lehendakariak eta Manuel Irujo diputatu jeltzaleek hamaika telegrama idatzi zituzten laguntza eskatu eta egoeraren larritasuna azalduz.

Dirua biltzeko kanpaina

Laguntzarik iristen ez zela ikusita, hegazkinak lortzeko ekinaldi propioak abiatu zituen Jaurlaritzak. Barne Saileko hainbat langilek abiatutako 'Euzkadi' egazkinaren aldez kanpaina da horren adibide. Hegazkina erosteko diru bilketa egitea zuen kanpainak helburu, eta, pilota partiduak, antzerki emanaldiak edota musika ekitaldiak antolatu ziren horretarako. Baina kirol ikuskizunak izan zuen arrakasta handien; zehazki, San Mamesen jokatutako futbol partidak. 1937ko otsailaren 7an jokatu zen Euzko Ekintza eta Euzko Gudarosteko taldeen arteko partida.

Eguna egunkariak ere hegazkinaren aldeko kanpainarekin bat egin zuen hasieratik. "Faxismuaren arerijo guztioi: Gure hegazkinlari eŕimien adoria zeuen begiz ikusi dozue, lauren aurka bat bulartsu buŕukaturik, [...] Egazkinak ugarijago izan dagiguzan, lagundu dagijogun Euzkadi´ko Gobernuari egazkin edeŕ baŕi bat eskeñijaz. Oretarako uŕe zidaŕ eta pitxijak batuaz, bide egokijena izango dogu".

Diru bilketa ez zen denen gustukoa izan. Hainbat errepublikanoren artean ika-mikak sortu zituen ekinaldiak, eta agerian geratu zen El Liberal egunkari sozialistak argitaratutako Seriotasunez editorialean. Diru bilketekin baino gehiago, erabaki politikoen bitartez lortu behar ziren hegazkinak, artikuluaren arabera. Edonola ere, geroago baieztatu zenez, alferrikakoa izan zen Espainiako Gobernuaren hegazkinen zain egotea.

Bestalde, Francoren aldekoek ez zuten arazorik izan abiazioa lortzeko. Bizkaiaren aurkako kanpaina abiatzean, ehundik gora hegazkin zituzten, eta modelo berriak ere probatu zituzten alemaniarrek: besteak beste, Junker 52, Junker 87, Heinkel 111 eta Messerschmitt motakoak. Su eragileak ziren, eta hegazkinekin egindako lehen proba izan zen 1936ko gerra faxista eta nazientzat. Baieztapen hori berretsi berri du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak, Durangoko bonbardaketaren egileei buruz egin dituen aurkikuntzekin.

Joan den astean jakinarazi zuen Irazabalek bonba su eragileak bota zituztela Durangoko erasoan ere, eta, ondorioz, apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketa, esperimentu beraren bigarren fasea izan zela. Ikerlariak aurkitutako dokumentuen arabera, Durangaldeko herrian egindako erasoan bonben eraginkortasuna aztertu nahi zuten italiarrek eta alemanek, Eusko Jaurlaritzak amore ematea eragitea eta nazioarteari erakustea "Adolf Hitler eta bere Reich-a zer egiteko gai ziren".

Durangoren aurka egin eta egun gutxira hartu zuten Otxandio faxistek. Jaurlaritza jakitun zen Bizkaiaren aurkako erasoa erabakigarria zela, eta indar guztiak bideratu zituen lurraldearen defentsara. Molak erasoaldia abiatu eta egun gutxira mobilizatu zituen 1929ko, 1930eko eta 1931ko kintoak —1932. eta 1935. urteen bitartekoak deituta zituen 1936ko urritik—.

Borrokalariak adoretzeko hitzaldia ere egin zuen Agirrek apirilaren 7an Radio Bilbao-n: "Ez izan beldurrik entzuten nauzuen euskaldunok, ez izan beldurrik errepublikanoen semeok. Euskal Herria, herri zaharra, gaur ere, atzo bezalaxe historiak hainbatetan erakutsi bezala, prest dago inbaditzailea menperatzeko, iragan mendeetan bezala gaur ere, gure lurraldea desegin nahi duena eraisteko. Ez dute lortuko".

Francok, berriz, honako mezu hau zabaldu zuen egun berdintsuetan: "Bizkaitarrak entzun! [...] Herriz herri Bizkaia osoa menperatuko dugu, eta komunismoaren alde jartzeagatik zuen etxeen hondatze, industrien txikitze eta zuen gazteen bizitzarekin ordainduko duzue. Katoliko eta espainol izaerak armak entregatzeko gomendioa egitera behartzen gaitu. Hala bada, armada nazionalak ez dizue kalterik eragingo. Baina bide okerretik jarraitzen baldin baduzue, zuen gain eroriko da Bizkaiko suntsiketa".

Bonbekin hasi eta bukatu

Apirilaren 23an, Elorrio hartu zuten faxistek. Bizkaiak hegazkin bakarra zuen ordurako, eta gero eta agerikoagoa zen Bilbo berehala eroriko zela. Hala zioen Irujok Espainiako Errepublikako agintariei bidalitako telegramak: "Mirarizko ahalegin bat eginez bakarrik salba daiteke Bilbo. Eta gerra ez da mirariekin irabazten". Bi egunera, hilaren 25ean, Intxortako guduetan Eusko Gudarosteak galdutako posizioez aritu ziren Radio Bilbaon, gogor: "Noiz hasi behar dugu argi eta garbi hitz egiten? Zergatik jarraitu behar dugu esaten estrategiazko atzera egiteak direla?". Orduan ez zekiten ordura arte ikusi gabeko erasoa prestatua zutela faxistek. Hilaren 26an, astelehenez, Gernika izan zuten jomugan: abertzaletasunaren epizentroa.

Herritarren eta lubakietan zeuden borrokalarien morala guztiz zapuztea zuten helburu obusek. Atsedenik ez zuten eman apirilean horregatik. Ia eguneko herri bat zuten jomugan. Orduko garaietan haur zirenak ere ondo gogoan dute hegazkin faxistak zeruan nola agertzen ziren, eta nola herrietako ezkila hotsek babesteko abisua ematen zuten. Bien bitartean, atsekabea zen nagusi frontean, eta askok, borroka eremuak utzita Burdin Hesiaren gibelera ere jo zuten babes bila. "Ofizialek uko egiten zioten agindutako posizioetara joateari; ez zegoen janaririk, ez eta esku granada erreserbarik ere; urduri eta beraien buruarekiko segurtasunik gabe ziren milizianoak", azaldu zuen Steer kazetari hegoafrikarrak.

Otxandiotik Gernikara. Obus zartadekin hasi eta bukatu zen 1937ko apirila. "Gora Bijotzak eta gauŕ inoz baño gorago! [...] Il biaŕ ba-gara, areyua zapalduten ilgo gara! Areyuak geu kikildutiaŕen Bizkai´ko eŕitxubak apuŕtu ta eŕeten diardu. Lenengo Durango, gero Elgeta, Galdakano eta Gernika ixan dira azkenengo paxisten zitalkeriak". Hitz horiek esanaz bukatu zuen hilabetea Eguna-k. Baina adore txikia utzi zuten zutik bonbek.

Adierazpen askatasuna ez urratzeko aldarria

Adierazpen askatasuna ez urratzeko aldarria

Natalia Salazar Orbe

Adierazpen askatasunari Espainiako Zigor Kodeak ezartzen dizkion mugek hautsak harrotu dituzte. Interneten idatzitako iruzkinengatik askok eta askok deklaratu behar izan dute epaile baten aurrean. Ez nolanahiko epaitegi batean, gainera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko aretoetan eserita aurkitu dute euren burua hainbatek. Hori gutxi balitz bezala, espetxe zigorrak ere ezarri dizkiete. Arrazoiak, antzekoak: sare sozialetan iritzia ematea, espetxetik atera den pertsona bati ongietorri mezu bat idaztea, txiste bat kontatzea edo iruzkin sarkastikoak egitea. Biktimekiko mezu iraingarriak idaztea edo terrorismoa goratzea leporatu diete gehienetan pertsona horiei. Akusazioak norbanakoen aurkakoak dira; beraz, bakar-bakarrik egin behar dio aurre norberak era horretako prozesu bati. Hori saihestu, talde barruko babesa areagotu, eta gisa horretako epaiketak salatzeko talde bat eratu dute: Armiarma operazioan auzipetuen absoluzioaren aldeko plataforma. Larunbatean egingo dute lehenengo ekitaldia: Adierazpen askatasunaren aldeko jardunaldia. Zorrotzako gaztetxean prestatu dute, aldarrikapen eta jai giroan.

Herri bazkariarekin hasiko dituzte jarduerak. Gero, auzipetuta dauden pertsonetako batzuek hartuko dute hitza. Jorge Correa da horietako bat; @Boro LH gisa da ezaguna. "Gure esperientziaren berri emango dugu. Gertatutakoari buruz zer-nolako analisia egiten dugun eta gure ustez horri guztiari eman beharko litzaiokeen erantzuna zein den azalduko dugu". Eztabaidarako tartea utziko dute hizketaldi horiek, eta, ondoren, elkarretaratzea egingo dute. Jardunaldiak bukatu ondoren, kontzertuak izango dira gaztetxean bertan: Def Con Dos eta Take Warning taldeak ariko dira.

Sare sozialetan iruzkinak egiteagatik operazio haren lau faseetan atxilotu zituzten 76 pertsonetako batzuek osatzen dute plataforma. Leku anitzetako herritarrak elkartu dira bizitako egoerei eta etorkizunean sor litezkeenei erantzuna emateko.

Sinetsita daude iraingarritzat edo terrorismoaren gorazarretzat jo daitezkeen iruzkinak zigortu beharrean beste zerbait zigortu eta mugatu nahi dutela Interneten: kultura, kazetaritza eta aktibismo sozialean hainbat herritarrek egiten duten lana, hain zuzen.

Ideologia jakin bat jomugan

Salatu dute Armiarma operazioaren barruan atxilotu dituzten guztiek ezkerreko ideologia edo ideologia anarkista dutela. "Ez dago eskuineko edo eskuin muturreko ideologia duen atxiloturik. Ez Armiarma operazioaren barruan, ez Twitter edo Facebook sareetan iritzia emateagatik izan diren beste kasuetan". Hala, neurri biko justizia salatu dute. "Bistakoa da ia legez kanpokoa dela ezkerreko ideologia izan eta jendaurrean hala adieraztea". Haiek atxilotu eta zigortu egiten dituzte; aldiz,"eskuin muturrekoek mehatxu egin dezakete, edo sare sozialetan nahi dutena esan, frankismoaren biktimei barre egin... Ez zaie gertatuko ezer".

Joan den abenduaren 16an Berlinen egin zuten atentatuan zauritu zen Iñaki Ellakuria bilbotarrari idatzitako mezuak dira horren adierazle. Twitterren, besteak beste, era honetako mezuak idatzi zituzten: "Ze pena ez zintuztela akabatu, inozo, izorra zaitez..." "Hurrengoan, zortea badago, eraman ezazu familia ere". Hori eta antzeko beste iruzkin batzuk ez dituzte delitutzat jo. Hala ere, plataformako kideek ez dute nahi inor euren ideiengatik jazartzerik, ideologia bat edo beste izan: "Baina hau ez da bidezkoa".

Erantzun baten beharra

Egoera horri erantzuteko beharraren ondorioz sortu dira plataforma eta larunbateko ekitaldia. Mozal legea deritzona baino lehenagokoak dira euren plataformaren barruan elkartu diren auzipetuen prozesuak. "Hala ere, Armiarma operazioek mugarria ezarri zuten. Horiek gertatu aurretik, inork ez zukeen pentsatuko txiste bat kontatzeagatik edo Twitterren zure iritzia emateagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean bukatuko zukeenik. Operazio hori martxan jarri zutenetik, gauzek okerrera egin dute". Are gehiago, haren esanetan, mozal legea indarrean sartu zenez geroztik. Hori dela eta, "premiazkotzat eta beharrezkotzat" jo dute legeok desagerraraztea. Baita herritarren segurtasunerako legea, Zigor Kodearen erreforma eta itun antiterrorista ere.

Plataforma eratu zutenez geroztik, propaganda, astintze eta salaketa lana egin dute, orain arte. Larunbatekoa izango da forma fisikoa izango duen lehenengo ekitaldia. Eta ez dute baztertu pauso gehiago ematea. Besteak beste, iritzi delituez akusatutakoen abokatuek manifestu bat egin dute: "40 inguru abokatuk sinatu dute".

Nor bere zentsore

Armiarma operazioaren bigarren fasean atxilotu zuten Correa. Epaiketaren zain dago. LaHaine webguneko kazetaria da; informazio ofizialaz harago, mugimendu sozialen informazioa zabaltzen du bertan. "Ez dira ari ni jazartzen irainak idazteagatik, nire ideiengatik baizik: independentista, komunista eta gizarte mugimenduen webgune bateko kazetari izateagatik".

Sare sozialek iritziak eta ideologiak hedatzeko ematen duten erraztasunaren beldur dira agintariak. Hala sinetsita dago bera. Teknologia berri horiek indarra hartu aurretik eremu jakin batzuetan landu eta ezagutzen ziren iritziei hegoak eman dizkiete, eta batetik bestera barreiatzeko moduan jarri. "Sare sozialetan eurei interesatzen ez zaien informazioa hedatzen da. Ez dute horrelakorik baimendu nahi. Gure kasuak eredu gisa erabili nahi dituzte, eta herritarrek beren burua zentsura dezaten lortu".

Kazetari gisa, beragan, bederen, izan du eragin hori. "Gauzak zelan idatzi hausnartzen dut orain, berriz ere Espainiako Auzitegi Nazionalean ez bukatzeko. Sare sozialetan gauza bera gertatuko da". Argi du: "Kontua ez da esan nahi dudana esaten ez dudala; baina ondo hausnartzen dut nola idatzi behar dudan".

Asteazkenean itzuliko da

Asteazkenean itzuliko da

Aitziber Laskibar Lizarribar

Piztu da bi urtean behin Euskal Herria zeharkatzen duen zirrara. Bizkaian izeki da aurten; atzo, Otxandion. Hogeigarren edizioko lehen ilusionistek, Bizkaiko azken herrian batu, eta Arabara egin dute jauzi. Asteazkenean itzuliko da Bizkaira, eta ostiralera arte bertan ibiliko da itzuli-biraka. Hasi da Korrika. Bertan da euskararekiko grina aztoratzeraino, emozionatzeraino esnarazten duen saio koloretsua.

Araba, Nafarroa Garaia zein Beherea, Lapurdi, Zuberoa eta Gipuzkoa igaro behar ditu Korrikak berriro Bizkaira itzuli aurretik; Euskal Herriko gainontzeko herrialde guztiak. Gipuzkoatik sartuko da asteazkenean, Lea-Artibaira. Mutrikuk emango dio lekukoa Ondarroari asteazken goizean, eta, kostaldetik osteratxoa egin ondoren, Busturialdera egingo du jauzi. Uribe Kostan amaituko du asteazkena, eta hasiko osteguna. Ezkerraldean ibiliko dira korrikalariak ordu txikietan, eta goizean Meatzaldera iritsiko dira. Gordexola eta Sodupe igaro, eta hiriburura iritsiko da euskararen aldeko aldarria arratsaldean.

Kostako zaie Bilbo zeharkatzea euskararen aldeko milaka malabaristei; hizkuntzarekin akrobaziak egiten dituztenei, zein ekilibrioak eginda euskararen mundura sartzen saiatzen direnei. Mota eta jatorri guztietako herritarrak biltzen ditu hiriburuak, eta Korrikara batzen den jendetzak erritmoa mantsotzera behartu ohi du Korrika, zenbaitetan ia gelditzeraino.

Galdutako denbora Txorierri alderako bidea hartzerakoan errekuperatzen saiatuko dira antolatzaileak, Derio aldera joko baitu ekinaldiak Bilbotik ateratakoan, ostegun iluntzean.

Eguna Larrabetzun amaitu, eta Lemoan igaroko du ostiraleko lehen ordua Korrikak. Etenik gabe jarraituko du Arratian zehar goizaldean, eta, Ubiden gora joan ondoren, goizean goiz iritsiko da Urduñara. Bizkaia eta Araba arteko mugaren bi aldeak tartekatu eta gero, bazkalorduan Bilbo handira helduko da Korrika; Basauri, Etxebarri eta Galdakao igarota, Durangalderako bidea hartuko du gero.

Arratsaldean izango da beste hitzordu handietako bat. Durangon 18:45ak aldera iritsiko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Berriro Gipuzkoarako bidea hartu, eta ostiral gauez utziko du Korrikak Bizkaia; 22:15ak inguruan igaroko du herrialdeko azken herria. Eibarri emango dio lekukoa Ermuak.

Larunbatean Gipuzkoa eta Araba aldetik ibili ondoren, Nafarroan sartuko dira korrikalariak hurrengo asteko igandean, hogeigarren edizioa bertako hiriburuan, Iruñean, amaitzeko.

Ekitaldiak, giroa berotzeko

Lasterraldiak baino gehiago irauten du, hala ere, Korrikak. Giroa berotu, euskararen aldeko mezua zabaldu eta herritarrak parte hartzera animatzeko ekitaldi ugari egin dira orain arte: aurkezpenak, antzerkiak, kontzertuak, jaialdiak, bazkariak, bertso saioak, hitzaldiak... Egunotan egiten ari dira beste batzuk, eta egitear dira gainontzekoak.

Derion, esate baterako, Kepa Junkerak kontzertua egingo du gaur iluntzean, eta, Igorren, Ez dok hiru antzerkia ikusteko aukera izango da Korrika Kulturaleko ekitaldien barruan.

Bihar arratsaldean, Saioa Bikandi ipuin kontalaria izango da Markina-Xemeinen, eta, etzi, Barry Barrez umorezko bakarrizketa. Gaur, bihar eta etzi, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak arituko dira Bilbon, Campos Eliseos antzokian.

Abusu auzoan, berriz, Korrika Eguna prestatu dute biharko. Haurrentzako tailerrak eta euskal dantzak izango dituzte goizean, triki-poteoa egingo dute ondoren, eta herri bazkaria gero. Erromeria izango dute arratsaldean.

Bilboko Zorrotza auzoan ere egingo dute Korrika Eguna. Umeentzako ekintzak, txinbatukada, auzo bazkaria, antzerkia, ginkana eta kalejira musikatua izango dituzte, besteak beste. Hurrengo ostegunean, Zirko jaia egingo dute Lemoan, arratsaldean.

Beste herri askotan, Korrika heldu arteko itxaronaldia jai giroan egingo dute. Plentzia eta Gorlizera ostegun goizaldean, gauerdia igaro berritan helduko dela eta, Elektrotxarangarekin alaituko dute giroa 22:00etatik aurrera. Arratsaldean, Korrika Bilbo Zaharrera heldu arteko tartea trikitilariek alaituko dute. Ostiralean, batukadak egingo dio ongietorria lasterraldiari Galdakaon. Horien antzera, herri gehienetan izango dira Korrika babesteko saioak.

Mende bete taupadaka

Mende bete taupadaka

Natalia Salazar Orbe
Kultura eta nazionalitate asko biltzen ditu Mujika eskolak. Horrek egin du ezagun azken urteetan. Aniztasun hori bera aberasgarri bihurtu da bertako ikasle eta irakasleentzat. Hainbat kulturatako familien elkarbizitza ahalbidetu du...

Etenik bako katearen mailak

Etenik bako katearen mailak

Natalia Salazar Orbe
Zahartzaroa bizitzaren bukaera aldea da. Hala ere, bizitzak jarraitu egiten du garai horretan. Baita zahar etxeetan dauden adinekoentzat ere. Aulki batean, izkin batean eserita, erdi lo irudikatzen dira sarri askotan leku horietan;...

Sukarrietak Gorenera joko du San Antonio enklabea berreskuratzeko

Sukarrietak Gorenera joko du San Antonio enklabea berreskuratzeko

Natalia Salazar Orbe

Busturialdean mugakide diren bi herriren arteko liskarra baretzerik ez da izan, oraingoz. Sukarrieta eta Busturia ez dira ados jarri San Antonio enklabea nori dagokion erabakitzeko. Azkenean, epai batek ebatzi du Busturiarena izan behar duela. Herri horren mugen barruan dagoen enklabea izanik, hari dagokiola erabaki zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, joan den azaroan. Sukarrietako Udala ez dator bat erabakiarekin. Hori dela eta, afera berriz aztertzeko errekurtsoa jarri zuen. Erantzuna bera izan zen. Orain, iragarri du helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenaren aurrean.

Soka luzeko afera da Abiña auzoarena. San Antonio enklabea, legez eta administratiboki Sukarrietaren menpe dagoen lurraldea bada ere, Busturiko udalerriaren lur eremuek inguratzen dute. 2015ean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen urte berean Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri zuen iazko martxoan.

Nola desagerrarazi

Hainbat proposamen aztertu ostean, Sukarrieta eta Busturi arteko muga lerroa aldatzea onetsi zuen aldundiak, enklabea bi herrien artean banatzeko. Hala, Sukarrietak iparraldeko zatia hartuko zuen; Busturiak, berriz, hegoaldekoa. Aldundiak argudiatu zuen hori zela irtenbiderik orekatuena bientzat. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak azaroaren 23an emandako autoa betetzeko, aldundiak aldatu egin behar izan zuen enklabea desagerrarazteko hasieran egindako proposamena.

Auto haren arabera, aldundiak 2013ko epaia bete behar zuen. Hortaz, enklabea desagerrarazi behar zuen. Orduko hartan, baina, bi prozedura bereizi zituen auzitegiak: "Enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzen bada —alegia, Busturiaren esku —, Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua aplikatu behar diote. Enklabea banatzeko hasierako proposamenari eusten badiote, berriz, 9/2012 Foru Araua da aplikatu beharrekoa. Eta, ondorioz, beharrezkoa da udalerri bien arteko adostasuna".

Hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak aldundiak egokitzat jotzen zuen proposamena egiteko aukera eman arren, funtsean aukera bakarra zegoen: inguratzen duen udalerriaren esku uztea enklabe osoa, ez baitzegoen adostasunik aldundiak 2016ko martxoan egindako proposamenean.

Sukarrietak, ordea, ez du amore emateko asmorik. Udala sinetsita dago San Antoniok historikoki zilegitasuna duela bere mugen barruan jarraitzeko. Autoa irregularra dela dio. Hala, joan den astean egin zuten ohiz kanpoko bilkuran erabaki zuten EAEko Auzitegi Nagusian jarritako berraztertze errekurtsoa ezeztatzen duen autoaren aurkako kasazio helegitea aurkeztea. Helburua argia da: "Errekurtso honekin, lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du udalak, arauzko bide guztiak erabiliz. Horrela dihardu Busturiaren erreklamazioa martxan jarri zenetik".

Sukarrietak ez du begi onez ikusi enklabea desegiteko aukeratzen zen moduaren arabera arau bat edo beste erabiltzeko ebazpena. "Ulertezina" da. Horrez gain, salatu du enklabe batean erabili ezin den araua ezartzeko proposamena egiten duela. Proposamen hori Busturiaren aldekoa delako kexatu da, gainera.

Auto horren aurkako berraztertze helegitea jarri zuen herri kaltetuak. Baina areto berak deuseztatu du "auto berri eta labur baten bitartez". Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Gorenera joko dute, eta kasazio errekurtsoa aurkeztuko.

Argudio historikoz josi dute helegitea. "Enklabea era horretan ebazten bada, Bizkaiko Batzar Nagusietan bigarren eserlekua zuen Sukarrietari XVII. mendera arte osoko bilkurak egiten zituen lekua kenduko diote; jatorrizko eliza kenduko diote; baita sorrerako hilerriaren aztarnak ere. Azken finean, Sukarrietari bere jatorria, arima eta historia lapurtuko dizkiote".

Sukarrietako Udalak hasiera-hasieratik defendatu du Abiña ez dela enklabea. Besteak beste, kostaldetik jarraikortasuna duela dio. Busturiak bestelako iritzia du: ezinezko deritzo enklabea Sukarrietan sartzeari, ez baitu loturarik herriarekin. Izan ere, Busturiko Udalari dagozkion itsaso eta lehorraren arteko gunea da.

Sukarrietako alkate Erruki Goirienak iragarri du euren jarrerari eutsiko diotela: "Udalak, orain arte egin duen moduan, bere lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du, eta udalerriari edo bertako bizilagunei kalte egingo dien edozein irtenbide auzitegietara eramateko prest dago. Hori da gure betebeharra, eta gure uste sendoa".

Batzar Nagusiei eskatu die Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpena eman bitartean gai horren inguruko erabakiak atzera ditzatela, edo aldundiak emandako proposamenaren kontra bozka dezatela, "udalerri honi konponezineko kalterik ez egiteko".