Alkateak pozik, Bilbo hegoaldeko tren saihesbiderako asmoekin

Alkateak pozik, Bilbo hegoaldeko tren saihesbiderako asmoekin

Alaitz Armendariz

Hainbat urtez geldirik egon ondoren, Bilboko hegoaldeko trenbide saihesbidea eraikitzeko lanak hasteko data ezarri dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak: 2020. urtea. Orduan hasiko dituzte lanak Bilboko Portutik ateratzen dituzten merkantziak Ezkerraldeko herrietatik igaro ez daitezen. Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu proiektua aurrera eramateko bideratu beharko diren 383,5 milioi euroak, eta, ondoren, kupo bidez berreskuratuko du dirua. Xedea da lanak 2020an abiatu eta bi urteren ondoren bukatzea lehen fasea; fase horretan, Serantesko tunela eta Bilboko Olabeaga auzoa lotuko dituzte. Hain zuzen, Serantesko tunela itxita dago 2010ean saihesbidea hasteko eraiki zutenetik. Ezkerraldeko herri nagusietako alkateak pozik azaldu dira proiektuarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak adierazi du tokiko industriaren”lehiakortasuna” areagotzea ekarriko duela egitasmoak.

Lan horiei esker, Bilboko Portuak tren bidezko konexio zehatz bat izango du, gaur egun trenbide bera erabiltzen baita merkantziak garraiatu eta bidaiariak eramateko. Proiektua erabat “blokeatuta” egon da azken urtean, 2016ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzak proposatutako proiektuari Espainiako Gobernuak helegiteak aurkeztu zizkionetik. Orain, bi erakundeen artean adostutako akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak egingo ditu proiektuaren zehaztapena eta lehen fasearen lanak, baita hurrengo zatiaren azterketa informatiboa ere, Barakaldo eta Basauri artean. Eusko Jaurlaritzak aurreratuko dituen 383,5 milioi euroez gain, eraikuntza proiektua sortzeko beste sei beharko dira, eta 2,5 gehiago bigarren fasearen azterketa informatiboa egiteko.

Tapiak azaldu duenez, saihesbidea eraikitzea “erabakigarria” izango da Ezkerraldeko biztanleentzat, baita ehun ekonomikoaren lehiakortasunerako ere. Hain zuzen, gaur egun, merkantziak garraiatzen dituzten trenak aldirietako trenak dabiltzan sareetan ibiltzen dira, eta horrek eragozpen handiak sortzen dizkie inguruetan bizi diren biztanleei. Tapiaren arabera, ondorio larrienak jasaten dituzten udalerriak Ortuella, Trapagaran, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo dira. Saihesbidea prest egoten denean, merkantzia bidezko trenak hegoaldera eramanda herri horien arazoak konpontzea espero dute. Horrez gain, merkantzien joan-etorria handitzeko atea irekiko da. Azpiegitura hori Atlantikoko tren korridorearen zati izango da; Kantabria eta Euskal Herria tren lasterraren bidez lotzea ekarriko du.

Lehendik ere, hainbat erakundek adierazi dute “estrategikoa” dela egitasmo hori. Hainbat urtez hiru proposamen egon ziren mahai gainean: lehena, Ortuellan Renfe aldiri trenaren C2 burdinbidearekin bat egitea, eta Trapagaran igaro eta Barakaldotik Bilbora C1 linearen bidez bideratzea merkantzia tresnak. Bigarrena, C2 linearekin lotura bat egitea, Trapagaranen. Bi aukera horietan C1 eta C2 lineak zati batzuetan trenbide bi bihurtuko lirateke, bidaiari trenen zirkulazioa ez oztopatzeko. Baina, azkenean, hirugarrena onartu dute: Serantesko tunela Olabeaga auzoarekin lotuko du horrek. Herri mugimenduek helegiteak aurkeztu dituzte horren kontra, saihesbideak arazoak konpondu beharrean lekuz aldatuko dituen beldur direlako.

Tapia inguruko herrietako alkateekin batzartu zen joan den astean, eta “modu koordinatuan eta zorroztasun osoz” lan egiteko konpromisoa hartu zuten denek bileran. Tapiarekin batera izan ziren Antonio Aiz sailburuordea eta Eusko Trenbide Sareko zuzendari nagusi Aitor Garitano; alkateen artean, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Basauriko Andoni Busquet, Barakaldoko Amaia del Campo, Ortuellako Saulo Nebreda, Portugaleteko Mikel Torres, Santurtziko Aintzane Urkijo, Sestaoko Josu Bergara eta Trapagarango Xabier Cuellar bertaratu ziren.

Urrats erabakigarri bat

Agintariek “pazientzia eta ulermena” eskatu zuten, saihesbidea egiteko lanak ez direlako 2020. urtera arte hasiko, baina euren “poza” erakutsi zuten saihesbidea eraikitzeko urrats erabakigarri bat egin delako. “Hainbeste urtean” zain egon ostean, proiekturik “onenak” lantzeko abagunea dela uste dute, “korrika ibili gabe”.

Urkijoren hitzetan, 5.000 metro koadro baino gehiagoko gune bat libratu ahal izango dute proiektuari esker, eta horrek Santurtzi itsasora “hurbiltzea” ahalbidetuko die, baita auzokideek gozatzeko espazio berri bat sortzea ere. Torresek ere bere adostasuna adierazi du, eta gogoratu du sozialistek Serantes inguruko biztanleei “babesa” adierazi dietela beti.