Etenik bako katearen mailak

Etenik bako katearen mailak

Natalia Salazar Orbe

Zahartzaroa bizitzaren bukaera aldea da. Hala ere, bizitzak jarraitu egiten du garai horretan. Baita zahar etxeetan dauden adinekoentzat ere. Aulki batean, izkin batean eserita, erdi lo irudikatzen dira sarri askotan leku horietan; bizi izandakoa gogoan eta patuaren zain. Bizitzeko eta gizartean parte hartzeko grinak bizi-bizirik dirau pertsona horien erraietan, ordea, gainerakoek, zokoratuta irudikatzeaz gain, zoko horretara bultzatzen badituzte ere.

Etapa horretara bizipoza eraman, belaunaldien arteko harremanak sendotu eta batzuek eta besteek elkar ezagutzeko helburuak buruan, ugarituz doaz adinekoek eta gaztetxoek bizipenak elkarrekin trukatzeko esperientziak. Horren adibide dira Dimako Herri Ikastetxea eta Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxea nor bere herriko zahar etxearekin lantzen ari diren proiektuak. Ikasleak astean behin edo hamabostean behin joaten dira zaharren egoitzotara, eta, elkarren arteko harreman naturalak sustatzeaz gain, adinekoengandik gazteenganako transmisioa bermatzen da.

Diman, urriaz geroztik joaten dira Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleak, bi astean behin, Arratiako egoitzara. Ikasturte osoan talde bera da adinekoengana joaten dena. Horrek harremanak estutzeko bidea egiten du.

Esperientzia guztiz positiboa izaten ari da. Hala kontatu du Ainhoa Agirregoikoa egoitzako psikologoak: “Aldartean izugarri nabaritzen zaie egoiliarrei. Depresioarekin eta antzekoekin ditugu batzuk. Umeak ikusten dituztenean, erabat aldatzen dira. Poz-pozik hartzen dituzte”.

Harreman naturalak

Modu naturalean egin dute harremana hasiera-hasieratik. “Umeek ez daukate aurreiritzirik. Helduek beste era batera ikusten dituzte egoiliarrak: gaixo, gabeziekin… Umeek, ordea, ez dute aurretiazko epairik egiten. Ez dute iruzkin arrarorik egiten. Etorri eta denekin hitz egiten dute. Ez dute hesi mental hori”.

Miren Bengoetxea da ume horien tutorea. Hark ere iritzi bera du. “Umeak garbiak dira alde horretatik”. Eta hori hala dela frogatzeko pasadizoak ere badituzte: “Adineko batek ile eta azal zuria ditu; eta Edurne izena du. Edurnezuri ezizena jarri diote umeek. Gaixorik egon da, eta, atzo [aurreko asteko asteazkenean egin zuten saioari aipamen eginez] joan ginenean, galdetu zuten: ‘Egongo ote da Edurnezuri? Lore batzuk eraman behar ditugu beretzat'”. Eta hala egin zuten.

Bermeon ez da gertatzen gauza bera. DBHko laugarren mailakoak dira Sancti Spiritus egoitzara bisitan joaten direnak. 14 eta 15 urte arteko gaztetxoak dira horiek, eta, garai horretarako, adinekoei buruzko aurreiritzi batzuk ezarriak izaten dituzte. Hala azaldu du Leire Diaz bertako gizarte langileak. “Baztertuta daudela uste izaten dute; bizitza amaitu zaiela, eta ez dutela ezer egiteko. Penaz ere begiratzen dituzte hasieran. Baina penarik ez dute izan behar. Hau da euren bizitza, hemen bizi dira, baina ez du zertan tristea izan. Eurak pozik daude, eta ondo daude hemen ere”. Hala, zaharrei buruzko estereotipoak apurtzeko baliagarria zaie esperientzia.

Egoitzetara, berriz, aire freskoa eramaten dute umeek. Diazek lan egiten duen egoitzan, adinekoek jakiten dute astero datozela gazteak. “Hori da inportantea eurentzat: eurekin egotea. Eta zahartzaroaren garrantzia ikusaraztea ere bai. Alegia, ikus dezatela pertsona aktiboak direla. Oraindik bizitza badagoela. Egoitza batean egoteak edo zaharra izateak ez du esan nahi bizitza amaitu denik. Bizitza egon badago, eta polita da. Garai horretan ondo bizitzerik ere bada”.

Talde egonkorren onurak

Bermeon hainbat urte daramatzate Geu eusten beti deritzon programarekin. Diman hilabete batzuk dira herri ikastetxearekin lanean hasi zirela. Baina, lehenago, herrian dagoen Claret Etxea baserri eskolako bisitariekin egiten zuten. Horrek ez zuen ahalbidetzen harreman esturik sortzerik, ordea. Astero-astero aldatu egiten baitziren bisitan joaten zitzaizkien gaztetxoak. Eragozpen horrez jabetuta jo zuten egoitzako arduradunek ikastetxera. Ainara Olazabalaga zuzendariak gogoan du proiektuaren aurkezpena egin zietenekoa. Eta oso interesgarri iritzi zieten helburuei. “Adinekoen eta gazteen arteko harremanak sendotzea; antzinako kontuak entzutea, eta baita errealitatea zein den ikustea ere. Azken batean, nagusi egiten gara. Bizitzaren zikloa ulertzeko era bat da, modu naturalean ikusteko era bat”.

Transmisiorako eskaintzen duen aukera ere baloratzen dute bateko eta besteko arduradunek. Olazabalagak azaldu du zer lantzen duten: “Herriarekin eta historiarekin lotutako kontuak ere egiten dira: ahozkotasuna landu, nagusiei entzuten ikasi, denetariko sentimendu eta emozioak kudeatu…”. Eta Bengoetxeak gehitu du: “Hainbat gai lantzen ditugu: mitologia, esaterako; Altxorraren Bila jolasean herri anitzetako leku izenak sartzen ditugu, eta adinekoek lagundu egiten diete haurrek ez dakitena ebazten. Eta alderantziz ere bai”.

Poza, alaitasuna iristen da egoitzetara haurrekin batera. Jarduera mordoa gauzatzen dute mahaietan, taldeetan eserita. Bengoetxearen ikasleak lauko taldetan esertzen dira, hain zuzen ere. “Hasi ginenetik, umeak eurak hurbiltzen dira adineko berengana. Oso harreman ona sortu da: aitona-amonek eman diezaieketen lasaitasuna eta gozotasuna ematen dizkiete”. Haurrek, berriz, “bizitasuna” daramate Arratia egoitzara.

Bizitzan beharrezko izango dituzten balio ugari ikasten dituzte gazteek saio horietan. Psikologoak eman ditu gako batzuk: “Errespetua lantzen dute; diziplina ikasten dute. Badakite zer-nolako jarrera izan behar duten. Aitona-amonei lagundu egiten diete. Esaterako, aulki gurpildunean dabilenari eurek sakatzen diote”.

Herriaren eta tradizioaren sokari lotuta ari dira lanean batean zein bestean. Bermeon, jolas tradizionaletan aritzeaz gain, tailer bereziak prestatzen dituzte tarteka: “Arrantzaleak izandakoak dira adineko asko. Eta arrantza aparailuak egiten irakatsi zieten gaztetxoei behin”. Beste batzuetan, gai zehatzak ardatz dituzten hamaiketakoak prestatzen dituzte: “Madalen egunean, marmita egiten dute elkarrekin; hamaiketako italiarrerako, pizza prestatzen dute; baserritar egunean, taloa”.

Herriko argazki zaharrak baliatuta, garai hartako Bermeoren gorabeherak gogora ekartzeko saioak ere egin zituzten. Baita abesti tradizionalak berreskuratu ere. Horretarako, beste proiektu bat darabilte Musika Eskolarekin. “Lantegietan abesten ziren abesti batzuk grabatu ditugu, eta, gero, Musika Eskolako umeekin kantatu ditugu”.

Herrian eta gizartean integratuta jarraitzen dutela sentitzea beharrezkoa da adinekoentzat; komunitatearekiko loturari eustea, alegia. Umeekin sortzen dituzten harremanak oso onuragarriak dira eurentzat. Agirregoikoak argi du: “Elkar ezagutzea da garrantzitsuena. Umeetako batzuek badituzte aitona-amonak etxean edo inguruan. Hala ere, sor daitezkeen muga horiek gainditzea da inportantea. Hau egoitza bat da. Hemen jendea bizi da. Desberdinak izan daitezke, baina umeek besteak bezala ikusten dituzte: denok gara pertsonak, eta denekin egin dezakegu lan”.