Etxegabeentzako aterpe bat irekiko dute Bilboko Erruki Etxean

Etxegabeentzako aterpe bat irekiko dute Bilboko Erruki Etxean

Natalia Salazar Orbe

Beharrizana duten herritarrei laguntza emateko asmoz sortu zuten Bilboko Erruki Etxe Santu eta Erreala. Kalean zeuden Bilboko txiroak eta baliabiderik gabeko umeak hartzeko jarri zuten martxan. Gerora, nagusiak eta umeak hartu izan ditu. Irizpide eta eginbehar horiekin jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean ere: etxegabeak hartzeko aterpetxe bilakatuko da datorren urtean. Erakunde horrek lotarako hogei leku jarriko ditu etxegabeentzat. Horrez gain, eguneko egoitza gisa ere erabiliko dute kalean bizi direnek: beste hogei leku izango ditu azken horrek.

Eraikin independente batean eskainiko dute zerbitzu hori. Beraz, bestelako jardueretatik bereizita egongo da; besteak beste, zahar etxea dagoen eraikin nagusitik bereizita.

Erruki etxearen kokapenagatik aukeratu du udalak espazioa. Hirigunean egotea gakoa izan da. Azken datuen arabera, Bilbon 114 dira gaua kale gorrian igarotzen duten herritarrak. Egoitzak babesa eskainiko die horietako batzuei. Duela 240 urte abiatu zuen zereginari jarraipena emango dio horrela. Eguneko zentroari esker, bazterketa egoeran dauden norbanakoek gizarteratze prozesua abiatzeko aukera izango dute.

Bilboko Udalak hausnarketa egin du aztertzeko zer dela-eta kalean bizi diren askok ez duten jotzen gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten ostatu baliabide horietara. Erantzuna sinplea da. Horietan sartzeko ez zaizkie baldintza askorik jarri behar. Besteak beste, komeni da maskotekin sartzen uztea, sartzeko ordu finkorik ez ezartzea edota eramaten dituzten ondasun urriak zaintzen uztea. Horiek dira, besteak beste, erruki etxerako aurreikusitako baldintzetako batzuk.

Mazarredo etorbidean zegoen aterpetxea itxi ostean, etxegabeentzako laguntza sarea hankamotz geratu zen. Gaur egun, lau zutabek osatzen dute.

Uribitarte Abandon dago. 83 ohe ditu. Gizarte zerbitzuek han antolatzen dute hiriko arreta zerbitzua zer-nolakoa izango den, egunero, goizean goiz. Alegia, honako hauek kudeatzen dituzte: zein aterpetxetara bidali egoiliarrak, zelan antolatu droga mendekotasuna dutenentzako Hontza egoitza, zelan banatu jantoki sozialetarako otordu txartelak edota zelan antolatu Koopera sarearen barruan arropak eskuratzeko emandako laguntzak.

Deustuan Lagun Artean egoitza dago. Pribatua da, baina udalarekin elkarlanean ari da. 32 ohe ditu. San Frantziskon, Mariaren Bihotza dago, negurako zabaldu berri duten aterpetxea. Hogei ohe ditu. Azkenik, Errekalden dagoen Elejabarrik 71 leku ditu. Egonaldi luzeagoak egiteko aukera ematen du. Bertan dituzten banakako logelek komuna dute.

Umeak ere babestu

Bazterketa arriskuan dauden familientzako aterpe bat irekiko dute Bilbo Zaharrean, Mariaren Bihotza plazan. Umeekin kale gorrian geratzen diren sendiei beste aukera bat ematea da helburua. Uztailaren 1etik aurrera, hogei ohe eskainiko ditu Claret fundazioak eraikin horretan.

Urtebete baino gehiago da fundazio horrek San Frantziskoko eraikina eraberritu zuela. Mazarredoko aterpea itxita hara jotzen zuten egoiliarretako batzuk hartzea zuen helburu. Lehen solairuan eskaintzen du zerbitzu hori.

Beste bi solairutan hainbat logela dituzte: banakakoak eta bi eta hiru lagunentzakoak. Bi solairu horietako bat erabili gura du Bilboko Udaleko Gizarte Politiken Sailak etxebizitza babestuen antzekoak jartzeko.

Leku hori ez da izango gaua igarotzeko toki bat soilik. Egonaldi egonkorragoak egiteko leku bat eskaintzea da asmoa. Kalean umeekin dauden sendiak hartzeko gaitasuna izango duen lekua egokituko dute.

Proiektu hori martxan jartzeko, 150.000 euroko aurrekontua aurreikusi du udalak. Gehienez hogei lagun hartuko ditu. Familiez gain, norbanakoentzako zabalik ere egongo da. Proiektua zelan gauzatu aztertzen ari dira. Besteak beste, pentsatu dute partekatzeko sukaldea eta garbigailuak jar ditzaketela. Ostatua emateaz gain, norbanako, bikote eta familia horien bizitza proiektua lantzea da asmoa.