Bertan behera utzi dute Huertakaren aurkako epaiketa

Bertan behera utzi dute Huertakaren aurkako epaiketa

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Aurreko ostegunean, zita zuten Barakaldoko Ekologistak Martxan elkarteko kideek herriko epaitegian. Lutxana auzoan, Huertaka hiri ortuen egitasmoa lantzen ari dira 2013tik, eta, orubean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa dagoela eta, etxegabetze salaketa zibila jarri zuen ekologisten aurka Bankuen Berrantolaketatik datozen Aktiboen Kudeaketarako Sozietateak (Sareb); hots, lur eremuaren jabeak. Ekologistek auziaren konponbide adostuaren aldeko jarrera izan dute hasieratik, Javier Vazquez Ekologistak Martxan-eko kidearen esanetan, eta badirudi lortu dutela: hilaren 6ko epaiketa bertan behera uzteko akordioa sinatu dute alde biek, eta adostasuna lortzeko epea ere zehaztu dute bertan: 60 egun. Ekologistak Martxan-en arabera, “zentzua” gailendu da, eta pozik azaldu dira adostasunak lortzeko bidea zabaldu delako.

Ekologisten hitzetan, herrian erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren helburua, eta lursailean etxebizitzak eraiki bitartean lurrak erabiltzeko baimena besterik ez dute nahi. Hau da, ekologistek azaldu dute lur-jabeak Huertaka egitasmoaren lurretan obrak egiten hastean bertatik joateko prest daudela. Edonola ere, elkarteak uste du Barakaldon hiri ortuen egitasmoari eutsi egin behar zaiola.

Herrian zegoen baratze gabeziaren ondorioz hasi zen, hain zuzen, gaiari buruzko formazio saioak antolatzen Ekologistak Martxan elkartea 2013an. Eta berehala egin zuten teoriatik praktikarako jauzia: erabili gabe zeuden lurrak aztertu, eta Serralta eremuan guztiz utzita zeuden lurrak berregokitu eta baratzeak egiten hasi ziren 2014an. Lur eremu bati balioa emateaz gain, elikadura burujabetza eta herritarren arteko saretzea lantzen dute Huertakan.

Ekologistek behin eta berriz azaldu dute elkarrizketarako jarrera izan zutela egitasmoaren hasieratik, eta udal gobernura ere eraman zutela hiri ortuen proposamena. Ez zuten erantzunik izan. Kontrara, salaketa iritsi zitzaien 2014ko udan, lurren usurpazioa egotzita. Orduan ere, Huertaka proiektuaren lurrak erreklamatzen zituen Sareb lursailaren jabeak. Baina, 2016an epaiketa egin, eta auzia artxibatu zuten, deliturik ez zegoela ikusita.

Adostasunerako bidea

Epaiaren ondoren, emaitzarik gabeko hartu-emanak izan zituzten alde biek. Eta, handik gutxira, bigarren salaketa jaso zuten ekologistek, 2016an. Etxegabetze salaketa zibila jarri zioten elkarteari bigarren aldian, eta joan den ostegunean zen epaiketa egitekoa. Ekologistak Martxan-eko Javier Vazquezek epaiketaren aurretik azaldu zion Bizkaiko Hitza-ri bi aldeak elkartu eta auzia negoziazio bidez konpontzeko saiakerak egiten jarraituko zutela. Eta lortu dute oraingoan: epaiketa egin ez dadin eta 60 egunetako epean adostasunak lor ditzaten lan egingo dutela azaldu dute bi elkarteek. Huertakaren egoera arautzeko konpromisoa ere hartu dute.

Ekologistek argi dute: ez dute konfrontaziorik nahi. “Une oro saiatu gara lur-jabeekin eta administrazio publikoarekin elkarrizketa bideak zabaltzen, eta pozgarria da epaiketa bertan behera utzi izana”.