Asteazkenean itzuliko da

Asteazkenean itzuliko da

Aitziber Laskibar Lizarribar

Piztu da bi urtean behin Euskal Herria zeharkatzen duen zirrara. Bizkaian izeki da aurten; atzo, Otxandion. Hogeigarren edizioko lehen ilusionistek, Bizkaiko azken herrian batu, eta Arabara egin dute jauzi. Asteazkenean itzuliko da Bizkaira, eta ostiralera arte bertan ibiliko da itzuli-biraka. Hasi da Korrika. Bertan da euskararekiko grina aztoratzeraino, emozionatzeraino esnarazten duen saio koloretsua.

Araba, Nafarroa Garaia zein Beherea, Lapurdi, Zuberoa eta Gipuzkoa igaro behar ditu Korrikak berriro Bizkaira itzuli aurretik; Euskal Herriko gainontzeko herrialde guztiak. Gipuzkoatik sartuko da asteazkenean, Lea-Artibaira. Mutrikuk emango dio lekukoa Ondarroari asteazken goizean, eta, kostaldetik osteratxoa egin ondoren, Busturialdera egingo du jauzi. Uribe Kostan amaituko du asteazkena, eta hasiko osteguna. Ezkerraldean ibiliko dira korrikalariak ordu txikietan, eta goizean Meatzaldera iritsiko dira. Gordexola eta Sodupe igaro, eta hiriburura iritsiko da euskararen aldeko aldarria arratsaldean.

Kostako zaie Bilbo zeharkatzea euskararen aldeko milaka malabaristei; hizkuntzarekin akrobaziak egiten dituztenei, zein ekilibrioak eginda euskararen mundura sartzen saiatzen direnei. Mota eta jatorri guztietako herritarrak biltzen ditu hiriburuak, eta Korrikara batzen den jendetzak erritmoa mantsotzera behartu ohi du Korrika, zenbaitetan ia gelditzeraino.

Galdutako denbora Txorierri alderako bidea hartzerakoan errekuperatzen saiatuko dira antolatzaileak, Derio aldera joko baitu ekinaldiak Bilbotik ateratakoan, ostegun iluntzean.

Eguna Larrabetzun amaitu, eta Lemoan igaroko du ostiraleko lehen ordua Korrikak. Etenik gabe jarraituko du Arratian zehar goizaldean, eta, Ubiden gora joan ondoren, goizean goiz iritsiko da Urduñara. Bizkaia eta Araba arteko mugaren bi aldeak tartekatu eta gero, bazkalorduan Bilbo handira helduko da Korrika; Basauri, Etxebarri eta Galdakao igarota, Durangalderako bidea hartuko du gero.

Arratsaldean izango da beste hitzordu handietako bat. Durangon 18:45ak aldera iritsiko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Berriro Gipuzkoarako bidea hartu, eta ostiral gauez utziko du Korrikak Bizkaia; 22:15ak inguruan igaroko du herrialdeko azken herria. Eibarri emango dio lekukoa Ermuak.

Larunbatean Gipuzkoa eta Araba aldetik ibili ondoren, Nafarroan sartuko dira korrikalariak hurrengo asteko igandean, hogeigarren edizioa bertako hiriburuan, Iruñean, amaitzeko.

Ekitaldiak, giroa berotzeko

Lasterraldiak baino gehiago irauten du, hala ere, Korrikak. Giroa berotu, euskararen aldeko mezua zabaldu eta herritarrak parte hartzera animatzeko ekitaldi ugari egin dira orain arte: aurkezpenak, antzerkiak, kontzertuak, jaialdiak, bazkariak, bertso saioak, hitzaldiak… Egunotan egiten ari dira beste batzuk, eta egitear dira gainontzekoak.

Derion, esate baterako, Kepa Junkerak kontzertua egingo du gaur iluntzean, eta, Igorren, Ez dok hiru antzerkia ikusteko aukera izango da Korrika Kulturaleko ekitaldien barruan.

Bihar arratsaldean, Saioa Bikandi ipuin kontalaria izango da Markina-Xemeinen, eta, etzi, Barry Barrez umorezko bakarrizketa. Gaur, bihar eta etzi, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak arituko dira Bilbon, Campos Eliseos antzokian.

Abusu auzoan, berriz, Korrika Eguna prestatu dute biharko. Haurrentzako tailerrak eta euskal dantzak izango dituzte goizean, triki-poteoa egingo dute ondoren, eta herri bazkaria gero. Erromeria izango dute arratsaldean.

Bilboko Zorrotza auzoan ere egingo dute Korrika Eguna. Umeentzako ekintzak, txinbatukada, auzo bazkaria, antzerkia, ginkana eta kalejira musikatua izango dituzte, besteak beste. Hurrengo ostegunean, Zirko jaia egingo dute Lemoan, arratsaldean.

Beste herri askotan, Korrika heldu arteko itxaronaldia jai giroan egingo dute. Plentzia eta Gorlizera ostegun goizaldean, gauerdia igaro berritan helduko dela eta, Elektrotxarangarekin alaituko dute giroa 22:00etatik aurrera. Arratsaldean, Korrika Bilbo Zaharrera heldu arteko tartea trikitilariek alaituko dute. Ostiralean, batukadak egingo dio ongietorria lasterraldiari Galdakaon. Horien antzera, herri gehienetan izango dira Korrika babesteko saioak.