Etsipen oihuak telegrametan

1936ko gerra Bizkaian (VIII): Abiazioaren erasoak. Aire erasoak izan ziren gailen Bizkaiaren aurka faxistek abiatutako erasoaldian. Bonbardaketen eraginez, 1937ko apirilaren 1etik 31ra bitarte, 2.436 herritar hil eta 1.606 zauritu ziren Bizkaian.

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Alemanez, blitzkrieg, edo, italieraz, guerra celere. Taktika: etsaien frontea bonbardatu eta guztiz txikitu, artilleria bidali, eta, ondoren, infanteria; hori guztia, “gizarte zibilarekiko inolako begirunerik gabe”, Francorekin egindako hitzarmenaren arabera. Gerra azkarra frogatu zuten Mussolinik eta Hitlerrek Bizkaian. Durangoko bonbardaketaren biharamunean telegrama bidali zion Jose Antonio Agirre lehendakariak, Bilbotik, Valentziako Errepublikako Gobernuari. 80 urte atzera, apirilaren 2n: “Atzoko agonia berarekin errepikatzen dut gaur ere abiazioaren beharra urgentziazkoa dela […] ikuskizuna deprimigarria da […] etsaiaren abiazioaren bonbardaketak etengabekoak dira. Gaur arratsaldean beste hirutan bonbardatu dute Durango […]. Lagunduiguzu eta abiazio ugari bidali, behin betiko garaipena guztion erabateko porrota izan aurretik”.

Ia eguneko telegrama bat idatzi zuen Agirre lehendakariak apirilean hegazkin eskean. Hilabetearen bukaeran guztiz etsita zegon agintaria. “Ehiza hegazkin bakarra dugu, eta hura aireratzea etsaiari entregatzea litzateke. Herriak ez du aireko zurztasuna ulertzen”. Ez zen laguntzarik iritsi airetik. Erantzuna Valentziatik: “Gerrako Aginte Nagusiak ez du esku hartzen ezertarako iparraldeko operazioei dagozkien gorabeheretan”. Bizkaian, 2.436 pertsona hil eta 1.606 zauritu zituzten bonbek, apirilaren 1ean hasi eta 30 egunez. Abuztura bitarte, ia herri guztiek jasan zuten bonbardaketa bat edo beste. Gazeta del Norte egunkariaren arabera, faxistek 138 hegazkin erabili zituzten Bizkaiaren aurkako operazioan, martxotik abuztura bitartean. Horietatik 48 ehiza hegazkinak izan ziren, beste 48 bonba hegazkin handiak, sei hegazkin arinak eta 36 behaketakoak. Guztira, 120.000 bonba jaurti zituzten lurralde osoan zehar, eta 50 kilo baino gutxiagoko 134.600. Bien bitartean, errepublikanoek, apenas zuten hegazkinik.

Orografia aldeko

Faxisten hasierako asmoa lurraldean gerra azkarra egitea bazen ere, uste baino gehiago iraun zuen Bizkaia hartzeko operazioak. Francoren aldeko egunkariek eguraldi okerrari egozten zioten atzerapena. Euritsuak izateagatik dira ezagunak 1937ko apirileko egunak, eta eguraldiaren izaera “gorria” nabarmentzen zuten, horregatik, behin eta berriz. “Eguraldiak soilik galarazten digu gorri separatistak menderatzea”, zioen, adibidez, La Voz egunkariak apirilaren hasieran. Mola jeneralak berak lurraldea hamabost egunetan hartzeko plangintza zuen osatuta. Baina urrun geratu zen asmoetatik, hiru hilabete iraun baitzuen guduak. Aurreikuspenen kontra, abiazioaren laguntza etengabekoa izan bazuten ere, 700 metro egiten zuten aurrera tropa faxistek egun bakoitzean. Besteak beste, gudu zelaia izan zen aurrerapen motelaren arrazoietako bat: lurraldearen orografia, alegia.

Menditsua da Bizkaia, eta apirilaren hasieran mendiguneak ziren bando baten eta bestearen arteko muga. Jaurlaritzak Bilbo babesteko Burdin Hesiaz gain, mendateek sortutako lerro naturala ere bazuen lurraldeak. Araba eta Gipuzkoa faxisten menpe ziren, eta mendiak zituzten errepublikanoei eraso egiteko muga nagusi: mendebaldean, Ordunte eta Serantes; ekialdean, Udalako mendigunea; iparraldean, Oiz, Bizkargi eta Unbe; eta, hegoaldean, Altube eta Anboto. Hilabete hasieran Bizkaiaren aurkako erasoa Araba aldetik abiatzea erabaki zuen Molak; Otxandioko frontetik, zehazki.

Wolfram von Richthofen Kondor Legioko arduradunak azaldu zuen lehen egunetan jazotakoa: “Apirila: bonbardaketa metodo berria. Orain arte, eskuadrillak kolpe batez bota dute dena. Atzo, ordubetez aritu ziren, ordea, eta etsaia presio luzean izan zuten”. Hilaren 4n hartu zuten mendean Otxandio, eta kolpe gogorra jaso zuen Eusko Gudarosteak: 350 hildako inguru izan ziren borroketan eta beste horrenbeste zauritu. Borrokalarien adoreak behera egingo zuen orduz geroztik, etengabe.

George Steer kazetariak lekukoen bitartez izan zuen Otxandiokoaren berri. “Apirilaren 4n izan zen abiazioaren erasorik indartsuena. Eguerditik arratsaldeko bostak arte etengabe izan zituzten 40 hegazkin posizioen gainean. 55 zenbatzeraino ere iritsi ziren, eta Aginte Gorenak kalkulatu zuen 5.000 bonba inguru jaurtiko zituztela herriaren eta defentsa lerroaren gainean. […] Otxandion honako deiadar hau entzuten zen: erabat inguratuta gaude! […] Artzainik gabeko ardi bihurtu ziren borrokalariak abiazioaren bonben trumoi jasanezin eta ordura arte ezezagun haren pean”. Gertakariez kezkatuta, Manuel Irujo ministro jeltzaleak ere berehala idatzi zuen telegrama Espainiako Errepublikaren Valentziako Gobernura. “Otxandio errebeldeen eskuetan erori da. Agirre jauna abiazioa eskatzen ari da etengabe, eta, gaur bertan iristen ez bada, kalte konponezinen beldur da”.

Bandoen arteko desoreka

Jaurlaritzaren eta Espainiako Errepublikako Gobernuaren tirabiren iturburua izan zen, gerora, abiazioan izan zen gabezia. Batzuen arabera, axolagabekeriaz jokatu zuen Espainiako Gobernuak euskal lurretan gertatzen ziren eremu errepublikanoekin. Beste askoren iritziz, ordea, arrazoi logistikoak zeuden hegazkinik bidali ez izanaren arrazoiaren atzean; tartean, Bizkaia defenditzeko aerodromo falta.

Bi zituen Eusko Gudarosteak: Lamiakokoa eta Sondikakoa. Eta hamazazpi izan zituzten, berriz, faxistek Bizkaiaren aurkako erasoak egiteko: Gipuzkoan, Lasartekoa; Nafarroan, Noain, Castejón, Buñuel eta Ablitasekoak; Araban, Gasteizko Lakua auzokoa; Villarcayo, Villafria, eta Aranda, Burgosen; Recajo, Agoncillo eta Alfaro, Errioxan; eta Burgo de Osma, Almazan, Urilla, Barahona eta Almaluez, Sorian. Martxoaren 31n Durangori eraso egin zioten hegazkinak, adibidez, Logroño, Gasteiz, Soria eta Burgosetik atera ziren.

Aski ezaguna da hegazkin kopuruan alde biek zuten desoreka. Nolanahi ere, iturriak ez datoz bat batzuen eta besteen makineria kopurua zehazteko orduan. Hugh Thomas historialariaren arabera, hogei hegazkin inguru zituen Jaurlaritzak apirilaren hasieran Bizkaiaren defentsarako. Baina horien artean hamabost inguru ziren egoera onean: Policarpov-I-15 eta Txato motako ehiza hegazkin errusiarrak, zehazki. 1936ko abenduan iritsi ziren lurraldera, eta bi hilabetez aritu ziren Bizkaiko frontean borrokan. Bitarte horretan, Jaurlaritza etengabe aritu zen hegazkin eskean. Agirre lehendakariak eta Manuel Irujo diputatu jeltzaleek hamaika telegrama idatzi zituzten laguntza eskatu eta egoeraren larritasuna azalduz.

Dirua biltzeko kanpaina

Laguntzarik iristen ez zela ikusita, hegazkinak lortzeko ekinaldi propioak abiatu zituen Jaurlaritzak. Barne Saileko hainbat langilek abiatutako ‘Euzkadi’ egazkinaren aldez kanpaina da horren adibide. Hegazkina erosteko diru bilketa egitea zuen kanpainak helburu, eta, pilota partiduak, antzerki emanaldiak edota musika ekitaldiak antolatu ziren horretarako. Baina kirol ikuskizunak izan zuen arrakasta handien; zehazki, San Mamesen jokatutako futbol partidak. 1937ko otsailaren 7an jokatu zen Euzko Ekintza eta Euzko Gudarosteko taldeen arteko partida.

Eguna egunkariak ere hegazkinaren aldeko kanpainarekin bat egin zuen hasieratik. “Faxismuaren arerijo guztioi: Gure hegazkinlari eŕimien adoria zeuen begiz ikusi dozue, lauren aurka bat bulartsu buŕukaturik, […] Egazkinak ugarijago izan dagiguzan, lagundu dagijogun Euzkadi´ko Gobernuari egazkin edeŕ baŕi bat eskeñijaz. Oretarako uŕe zidaŕ eta pitxijak batuaz, bide egokijena izango dogu”.

Diru bilketa ez zen denen gustukoa izan. Hainbat errepublikanoren artean ika-mikak sortu zituen ekinaldiak, eta agerian geratu zen El Liberal egunkari sozialistak argitaratutako Seriotasunez editorialean. Diru bilketekin baino gehiago, erabaki politikoen bitartez lortu behar ziren hegazkinak, artikuluaren arabera. Edonola ere, geroago baieztatu zenez, alferrikakoa izan zen Espainiako Gobernuaren hegazkinen zain egotea.

Bestalde, Francoren aldekoek ez zuten arazorik izan abiazioa lortzeko. Bizkaiaren aurkako kanpaina abiatzean, ehundik gora hegazkin zituzten, eta modelo berriak ere probatu zituzten alemaniarrek: besteak beste, Junker 52, Junker 87, Heinkel 111 eta Messerschmitt motakoak. Su eragileak ziren, eta hegazkinekin egindako lehen proba izan zen 1936ko gerra faxista eta nazientzat. Baieztapen hori berretsi berri du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak, Durangoko bonbardaketaren egileei buruz egin dituen aurkikuntzekin.

Joan den astean jakinarazi zuen Irazabalek bonba su eragileak bota zituztela Durangoko erasoan ere, eta, ondorioz, apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketa, esperimentu beraren bigarren fasea izan zela. Ikerlariak aurkitutako dokumentuen arabera, Durangaldeko herrian egindako erasoan bonben eraginkortasuna aztertu nahi zuten italiarrek eta alemanek, Eusko Jaurlaritzak amore ematea eragitea eta nazioarteari erakustea “Adolf Hitler eta bere Reich-a zer egiteko gai ziren”.

Durangoren aurka egin eta egun gutxira hartu zuten Otxandio faxistek. Jaurlaritza jakitun zen Bizkaiaren aurkako erasoa erabakigarria zela, eta indar guztiak bideratu zituen lurraldearen defentsara. Molak erasoaldia abiatu eta egun gutxira mobilizatu zituen 1929ko, 1930eko eta 1931ko kintoak —1932. eta 1935. urteen bitartekoak deituta zituen 1936ko urritik—.

Borrokalariak adoretzeko hitzaldia ere egin zuen Agirrek apirilaren 7an Radio Bilbao-n: “Ez izan beldurrik entzuten nauzuen euskaldunok, ez izan beldurrik errepublikanoen semeok. Euskal Herria, herri zaharra, gaur ere, atzo bezalaxe historiak hainbatetan erakutsi bezala, prest dago inbaditzailea menperatzeko, iragan mendeetan bezala gaur ere, gure lurraldea desegin nahi duena eraisteko. Ez dute lortuko”.

Francok, berriz, honako mezu hau zabaldu zuen egun berdintsuetan: “Bizkaitarrak entzun! […] Herriz herri Bizkaia osoa menperatuko dugu, eta komunismoaren alde jartzeagatik zuen etxeen hondatze, industrien txikitze eta zuen gazteen bizitzarekin ordainduko duzue. Katoliko eta espainol izaerak armak entregatzeko gomendioa egitera behartzen gaitu. Hala bada, armada nazionalak ez dizue kalterik eragingo. Baina bide okerretik jarraitzen baldin baduzue, zuen gain eroriko da Bizkaiko suntsiketa”.

Bonbekin hasi eta bukatu

Apirilaren 23an, Elorrio hartu zuten faxistek. Bizkaiak hegazkin bakarra zuen ordurako, eta gero eta agerikoagoa zen Bilbo berehala eroriko zela. Hala zioen Irujok Espainiako Errepublikako agintariei bidalitako telegramak: “Mirarizko ahalegin bat eginez bakarrik salba daiteke Bilbo. Eta gerra ez da mirariekin irabazten”. Bi egunera, hilaren 25ean, Intxortako guduetan Eusko Gudarosteak galdutako posizioez aritu ziren Radio Bilbaon, gogor: “Noiz hasi behar dugu argi eta garbi hitz egiten? Zergatik jarraitu behar dugu esaten estrategiazko atzera egiteak direla?”. Orduan ez zekiten ordura arte ikusi gabeko erasoa prestatua zutela faxistek. Hilaren 26an, astelehenez, Gernika izan zuten jomugan: abertzaletasunaren epizentroa.

Herritarren eta lubakietan zeuden borrokalarien morala guztiz zapuztea zuten helburu obusek. Atsedenik ez zuten eman apirilean horregatik. Ia eguneko herri bat zuten jomugan. Orduko garaietan haur zirenak ere ondo gogoan dute hegazkin faxistak zeruan nola agertzen ziren, eta nola herrietako ezkila hotsek babesteko abisua ematen zuten. Bien bitartean, atsekabea zen nagusi frontean, eta askok, borroka eremuak utzita Burdin Hesiaren gibelera ere jo zuten babes bila. “Ofizialek uko egiten zioten agindutako posizioetara joateari; ez zegoen janaririk, ez eta esku granada erreserbarik ere; urduri eta beraien buruarekiko segurtasunik gabe ziren milizianoak”, azaldu zuen Steer kazetari hegoafrikarrak.

Otxandiotik Gernikara. Obus zartadekin hasi eta bukatu zen 1937ko apirila. “Gora Bijotzak eta gauŕ inoz baño gorago! […] Il biaŕ ba-gara, areyua zapalduten ilgo gara! Areyuak geu kikildutiaŕen Bizkai´ko eŕitxubak apuŕtu ta eŕeten diardu. Lenengo Durango, gero Elgeta, Galdakano eta Gernika ixan dira azkenengo paxisten zitalkeriak”. Hitz horiek esanaz bukatu zuen hilabetea Eguna-k. Baina adore txikia utzi zuten zutik bonbek.