Gizartea

Udalak analizatuko du ura

Udalak analizatuko du ura

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Itsasadarrarekin batera garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura erabat zaintzen asmatu. Jarduera ekonomikoak eta mea aktibitateak eragin nabaria izan zuten itsasadarreko uraren egoeran XIX. mendean zehar, ura oxigenorik gabe utzi...

Ia urte eta erdi etxera begira

Ia urte eta erdi etxera begira

Eider Mugartegi

Amaigabeko amesgaiztoari irteera ikusten hasi dira Ondarroako San Ignazio kaleko kaltetuak. 2016ko martxo hasieran, Kamiñaldeko mendi magala erortzen hasi zen, eta etxetik kanpo utzi zituen 84 familia. Ia aldean zutenagaz bakarrik atera behar izan ziren etxetik, harriak euren etxeen gainera erortzen ikusten zituzten bitartean eta noiz itzuliko ziren jakin barik. Handik egun gutxira, egoerak okerrera egiten zuela eta, kaltetutako eraikinaren ondoko eta aurreko beste 11 atari (92 etxebizitza) hustu zituzten. Azkenean, guztira, 176 familia utzi zituen Kamiñaldeko lur jausiak etxetik kanpo.

Ia urte eta erdiko borroka gogorra daramate, eta esperantza ere galduta daukatela adierazi dute kaltetuek sarri. Hala ere, Saiñazio Mendi Azpixan gestora sortu eta bat eginda egin dute aurrera, eta pairatzen ari diren egoera latza kaleratu dute hilero, gorriz jantzita eta gestorako zapiak soinean, herritarren babesarekin.

2016ko abuztuaren hasieran itzuli ahal izan ziren etxera lehen bizilagunak, kaltetutako eraikineko aurreko parteko etxebizitzetakoak, eta urrian itzuli ziren ondokoak. Lur jausiak kaltetutako eraikineko bizilagunek, berriz, hilabete honetara arte itxaron behar izan dute itzuleraren argi izpiren bat sumatzeko.

Hil honen hasieran, 46A, 46B eta 40A atarietako 28 familia etxera itzuli ziren, eta 44A eta 44B atarietakoek aurreko asteko eguaztenean izan zuten berri ona. Ondarroako Udalak itzulera baieztatu zien Kofradia Zaharrean eduki zuten bileran.

Udalak mendiko finantzaketa plana aurkeztu zuen geologoekin edukitako azken bileran, eta, egoera ikusita, lanen zati garrantzitsuena burutuko dela baieztatu zuten, eta, orain, bizilagunak etxera itzultzea onartu dute teknikariek.

Hala, lau ataritako bizilagunak daude etxetik kanpo momentu honetan (40B, 40C, 42A eta 42 B). Itzuli ezin diren San Ignazioko bizilagunak atarietan kalteak dituztenak dira, alde batetik, eta etxebizitzak apurtuak dituztenak, beste aldetik. Horiek ere "ahalik eta arinen" euren jabetzetara itzultzea da udalaren helburua. Horrela, etxebizitzak ondo dituzten baina atariak kaltetuak dituzten bizilagunak Andra Mari jaietarako etxean egotea espero du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Etxebizitza barruan kalteak dituzten bizilagunek, berriz, denbora gehiago itxaron beharko dute.

Urtarrilerako

Udalak jakinarazi duenez, urrian aurrealde eta terrazen konponketagaz hasiko dira, eta lan horien ostean hezetasun kengailuek 60 egunez lanean aritu behar dutenez, horrek atzeratu egingo du itzulera. "Urtarrilerako izan daiteke".

Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramaileak azaldu duenez, albiste onak dira joan den astean jasotakoak, eta "nahiko pozik" daude, baina "poza erabatekoa izateko beharrezkoa izango da oraindik ere kanpoan dauden 40 familiak etxera itzultzea eta aurreikusitako data guztiak betetzea".

Nabarmendu nahi izan dute nahiz eta familia gehienak San Ignazioko etxebizitzetara itzuli mendiko lanek dirauten bitartean euren egunerokotasunak baldintzatuta egoten jarraituko duela: "Mendi magalean lanean ari diren bitartean, etxeen atzeko aldeak itxiko dituzte, egurrez, segurtasunagatik". Arazoa ez dagoela erabat konponduta gaineratu dute, eta gestorak orain arte bezala lanean jarraituko duela "azken bizilagunak etxean sartu arte". Bihar ospatuko den Zapato Azulean ere kalean egongo dira. "Kuadrilla bat ailegatuko da Dinamartxan banderekin, eta zapi gorriekin ibiliko gara kalean".

Diru falta oraindik

Bizilagun gehienak etxera itzultzeko moduan badaude ere, lan guztien kostua oraindik ordaindu gabe dagoela gogorarazi du udalak: "Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu". Gainera, diru premiak eta lanak ordaindu behar izateko bankuekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako maileguek asko kezkatzen dute udala. Lanen zati bat ordaintzeko, 4 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen herriak, eta zorpetu egin zen. "Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako: Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kaleandiko igogailua, eta beste asko...". Dena dela, udalean "herriaren mesedetan lanean" jarraituko dutela adierazi dute, eta beharrezko den leku guztietan atea joko dutela "herrian behar-beharrezkoak diren proiektu guztiak gauzatu ahal izateko".

Horrez gain, Ondarroako Udalak eskari zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta "aurten egin ez bezala" Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikustea eskatu die. Udalak gogorarazi du ez Eusko Jaurlaritzak ezta Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez dutela beraien aurrekontuetan Kamiñaldeko arazoa konpontzeko dirurik jarri, eta horrek "azken momentura arte finantzaketa ezin lotuta" ibiltzea ekarri diola. "Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke".

Arroza, munduen elkargune

Arroza, munduen elkargune

Aitziber Laskibar Lizarribar
Tipula usaina batean. Erregosten ari diren arkume zatiena bestean. Askotariko belar espezieena nonahi. Zalaparta alaia. Flamenko doinuak txoko batean. Ijitoen gitarra, esku-zarta erritmikoekin lagunduta. Danbor eta tinbal s...

Erabileran trabatuta

Erabileran trabatuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bi pertsona taberna bateko terrazan, ingurukoen solasaldiei adi, paperez beteriko karpeta eskuetan dutela. Heldu talde bat dute ondoan, eta, solasari entzun eta jarraian, X bat egin du paperean bietako batek. Haurrak gora eta behera bien bitartean. Beste X bat egin du paperean, "euskaraz" marka duen laukitxoan. Hizkuntza erabileraren kale neurketa egin zuen iaz Soziolinguistika Klusterrak, eta ondorioak ateratzen ari da orain. Guztira, Euskal Herriko 129 udalerritan egin dituzte neurketak, eta 450.000 biztanleko lagina hartu dute ikerketan. Aztertutako udalerrien artean, 33 dira Bizkaikoak, eta, ikerketa orokorraz gain, neurketa bereziak ere egin dituzte hainbat tokitan, udalek hala eskatuta. 2016ko irailetik azarora bitarte aritu dira herrietako kale ets plazetan herritarren hizkuntza ohiturak aztertzen.

Neurketa ordu gehiago eta lagin handiagoak hartuta, euskararen erabilerari buruzko datu zehatzagoak jaso dituzte Igorren, Zaldibarren, Erandion, Bermeon, Gernika-Lumon eta Ondarroan. Eta bildutako datuak kaleratzeko aurkezpenak egin dituzte azken asteetan. Argitaratutako zenbakien arabera, historikoki euskararen erabilera handia izan duten herrietan behera egin du erabilerak: Gernikan, Bermeon eta Ondarroan, kasurako. Eta kontrako joera nabari da Igorre, Zaldibar eta Erandion: kale neurketetan, gora egin du euskarazko elkarrizketa kopuruak.

Klusterrak kaleratutako datuez gain, euskararen erabilerari buruzko bestelako txosten bat aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen hizkuntza ohiturak aztertu ditu Behatokiak, eta, azaldu dutenez, hamar puntu egin du behera gazteek lagun artean euskara erabiltzeko duten ohiturak 2004tik 2016ra; hots, %48,5etik %38,1era jaitsi da euskararen erabilera hiru lurraldeetan. Txostenaren arabera, Bizkaiko datuak dira, guztien artean, okerrenak. Behatokiaren hitzetan, lurraldeko gazteen %6,1 aritzen dira lagun artean euskara hutsean, %4,2k erabiltzen dute euskara gaztelania baino gehiago eta %16,8k, berriz, maila berean erabiltzen dituzte bi hizkuntzak.

Lagun artean euskaraz edo euskaraz zein gaztelaniaz egiten duten gazte bizkaitarren kopurua jaitsi egin da azken hamarkadan Behatokiaren arabera: 2004an kopurua %43,9 zen, eta %27,1 izan da 2016an.

Klusterrak herriz herri egindako kale neurketetan ere, adinaren araberako ondorioak azaldu dituzte. Oro har, haurren eta helduen arteko elkarrizketetan entzuten da euskara gehien. Edonola ere, herri bakoitzak ezaugarri edo joera propioak ditu. Plataformak bost urtean behin aztertzen du Euskal Herriko hizkuntza erabilera 1989 urtetik, eta, ordutik, honako joera hauek aztertzeko aukera ematen du horrek.

IGORRE
Kale erabilerak gora, baina gorabeherak ezagutzan

Azken urteetako joerari heldu dio Igorrek oraingo azterketan ere, eta gora egin du kale erabilerak. 2016ko neurketarako, 4.552 herritarren 1.655 elkarrizketa behatu ditu Klusterrak, eta, azaldu dutenez, solasaldi guztien artetik %53,3 izan dira euskaraz. Duela bost urteko neurketako datuen arabera, %46,8koa zen euskararen kale erabilera. Hortaz, ia zazpi puntu egin du gora. Azken hamabost urteetan egin diren azterketen arabera, urtez urte, igo egin du euskararen erabilera Arratiako herrian. Edonola ere, kontrako norabidea hartu dute hizkuntza gaitasun eta ezagutzari dagozkien datuek: 2011ko zenbakien arabera, %68 ziren euskaldun herrian, baina 1996an ia hamar puntu gorago kokatzen zen ehuneko hori: %77,2an, alegia. Erabileraz gain, ezagutzan ere arreta jarri nahi dute igorreztarrek horregatik.

Adin tarteei dagokienez, haurrak dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen artean, %68,8 aritzen dira euskaraz, eta helduen artean %47 da erabilera. Bestalde, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, eta 64 urtetik gorako adinekoen artean egin du behera erabilerak: lehen multzoan %39,2 da euskararen erabilera, eta %38, berriz, helduen artekoa.

ZALDIBAR
Haur eta helduak elkarrekin egotearen eragina

1.098 elkarrizketa eta 3.274 hiztun aztertu ditu Klusterrak Zaldibarren azken azterketa egiteko, eta bertatik ateratako datuen arabera, zortzi puntu egin du gora euskararen kale erabilerak herrian: solasaldien %27,6 euskarazkoak dira, azken txostenaren arabera. 2006an, %19,1 zen portzentajea, eta, 2011n, berriz, %21,7.

Euskararen presentzia handitu egiten da Zaldibarren haur eta helduak elkarrekin azaltzen direnean. Klusterrak kaleratutako datuen arabera, kasu horretan, nabarmen egiten du gora euskarazko elkarrizketen ehunekoak, %41,6ra iristeraino. Kontrako joera nabari da nagusiak bakarrik daudenetan: %14,9ra jaisten da euskararen erabileraren ehunekoa; eta %22ra, berriz, haurrak bakarrik daudenetan.

Oro har, haurren erabileraren gorakada da Zaldibarren azpimarragarriena: solasaldien %40,5 dira euskaraz. Gazteen artean, %24,3k erabili dute euskara, %21,2k helduen artean eta %27k, berriz, adinekoen artean.

ERANDIO
Koska bat gora, baina ehunekoetan baxu

Koska bat egin du gora euskararen kale erabilerak Erandion. 2.325 elkarrizketa eta 7.067 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta solasaldien %2 izan dira euskaraz. Ehunekoa baxua bada ere, are txikiagoa zen 2011an: %1,3a, alegia. Edonola ere, azken hamarkadako datuak begiratuz gero, bestelakoa da ondorioa, 2006ko kale erabileraren neurketaren arabera %4,2 baitzen euskarazkoa. Gauzak horrela, Klusterrak azken hamar urteetan egindako neurketak alderatuz gero, %52,38 jaitsi da euskararen presentzia udalerrian. Baina denboran atzera eginez gero, bestelakoa da interpretazioa; 1989ko euskararen erabilera %1 baitzen Erandion. Hortaz, bikoiztu egin da erabilera ordutik. Ondorio gazi-gozoak atera dituzte udalean, beraz.

Aztertutako gainontzeko herrien antzeko joerak nabari dira Erandion ere. Klusterrak bildutako datuen arabera, haurren artean erabiltzen da euskara gehien udalerrian: %2,7, alegia. Ehunekoa handitu egiten da ume eta adinekoen arteko solasaldiak aztertzen baldin badira. Kasu horietan, haurren %4,7 aritzen dira euskaraz.

2011ko erroldaren arabera, Erandioko biztanleen %23,4 euskalduna da, eta, ondorioz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskararen erabilera estimatzeko eredu matematikoa aintzat hartuta, %3,9 litzateke euskararen erabilera tasa. Hizkuntzaren erabilera hiru aldagairen araberakoa dela erakutsi zuen Txillardegik: elebidun kopurua, mintzakide kopurua eta hizkuntzarekiko leialtasuna.

BERMEO
Erabileran behera azken bi hamarkadetan

Euskararen erabilerak behera egin du Bermeon 1996tik, eta, joera horri tiraka, hiru puntu jaitsi da euskararen erabilera 2011ko datuekin alderatuta. 2.238 elkarrizketa eta 6.353 hiztun aztertu dira orotara, eta solasaldien %33,3 izan dira euskaraz. Azterketen arabera, bermeotarren kale solasaldien %63,6 gaztelaniazkoak dira, eta beste hizkuntza batzuetan aritzen dira %2,8. Azken 25 urteetan euskal hiztunen kopurua nabarmenki gutxitu ez den arren, euskara dakitenen kopuruan beheranzko joera nabari da 1996tik, Maite Alvarez Bermeoko Udaleko Euskara teknikariaren arabera.

Bermeotarren artean, adinekoak dira euskara gehien erabiltzen duten herritarrak. Azken neurketaren arabera, 65 urtetik gorakoen arteko elkarrizketen %52 dira euskaraz. Haurren artean, %36,3an dago ehunekoa. Baina zifrek dezente egiten dute behera gazteen eta helduen arteko solasaldiei begiratuz gero. 24 eta 64 urte bitartekoen %27,8k egiten dute euskaraz, adibidez.

Nabarmentzekoa da 15 eta 24 urte bitarteko bermeotarren datua, gazteen arteko elkarrizketetatik %14,8 baitira euskaraz Klusterrak argitaratu dituen azken datuen arabera. Gainontzeko herrietan bezala, haur eta helduak elkarrekin azaltzen diren solasaldietan areagotu egiten da euskararen erabilera, eta elkarrizketen %52,5 dira euskaraz.

Klusterrak 2016an egindako neurketa aztertuz gero, adin talde guztietan egin du behera erabilerak Bermeon. Baina haurren datuak dira gehien jaitsi direnak: 2011ko azterketan jasotzen zenez, %42,4k egiten zuten euskaraz, eta sei puntu egin du behera bost urtean. Edonola ere, lagina handiagoa izan zen 2011koan, 14.902 solaskide aztertu baitzituzten. Horregatik, datuen diagnosi zehatzagoa egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute udalean, baina Klusterrak emandako emaitzek aurrera begirako norabidea eta eman beharreko urratsak argitzen dituztela ere azaldu dute.

ONDARROA
Helduek eta nagusiek, euskara gutxiago

Ondarroan ere koska bat behera egin du euskararen erabilerak, azken azterketak ondorioztatu duenez. 4.634 elkarrizketatik %79,7 egin dira euskaraz 2016 urtean; 2011n, berriz, %93,6 zen euskarazko solasaldien portzentajea. Duela bost urte, lagina handiagoa hartu zuten, eta zehatzagoak dira datuak horregatik —7.038 elkarrizketatu ziren ordukoan—. Edonola ere, joera aztertu behar dela azaldu dute udaleko ordezkariek.

Haur eta gazteen artean daude erabilera daturik onenak: %92 inguruko erabilera dute biek. Eta helduak dira Ondarroan euskara gutxien erabiltzen dutenak: %73. Nagusien elkarrizketei dagokienez, %76,5 dira euskaraz. Elebiduntzeko joera dagoela azpimarratu dute Ondarroako Udaleko kideek, eta egiten diren politika orokorrek herri erdaldunak euskalduntzera bultzatzen dituzten heinean, herri euskaldunetan ere eragina daukatela azpimarratu dute.

GERNIKA-LUMO
Beheranzko joerari lotuta

Pixkanaka, baina behera egiten ari da euskararen kale erabilera Gernika-Lumon ere. Hala erakutsi dute bost urterik behin Klusterrak egin dituen azterketen emaitzek, eta norabide beretik jo du azken kale neurketak ere; izan ere, ia hiru puntu egin du behera Gernikan euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2016ko neurketarena arabera, kalean entzundako hamar elkarrizketatik bost euskaraz izan dira Gernikan; hau da, %49,4. 2011an, %52an zegoen ehuneko hori eta %57,3an, berriz, 2006an. Erabileraren jaitsierarekin kezkatuta daude udaleko kideak, "joera bat delako eta ez momentuan momentuko egoera".

Azterketak ondorioztatu duenez, haurrak eta gazteak dira Gernikan euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen %62,2k erabiltzen du euskara, eta 15 eta 24 urte bitartekoen %54,2k. Helduak dira, beraz, euskara gutxien erabiltzen dutenak.

ERMUA
Sei puntu gora azken bost urteetan

Eibarren gora egin du euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2.745 elkarrizketa eta 6.739 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta euskararen erabilera %9,4koa dela ondorioztatu dute behaketan. Ia sei puntu eta %140 igo da 2011ko kale neurketatik —orduko hartan neurtu ziren solasaldien %3,9 izan ziren euskaraz—. Bien bitartean, %88k gaztelaniaz egiten dute eta %2,6k bestelako hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Herri gehienetan bezala, haurrak dira Eibarren euskara gehien erabiltzen dutenak: %17,4k dira orain, eta %6 ziren 2011ko kale neurketan. Adinekoak dira gutxien aritzen direnak: %5,2k besterik ez dute euskaraz egiten.

Balen arteko letragilea

Balen arteko letragilea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hautsita zegoen Gernika, txikituta, eta munduari kontatu behar zitzaion 1936ko apirilaren 26an gertatutakoa. Sarraskia azaltzen ari zitzaion Estepan Urkiaga Lauaxeta (Mungia, 1905-Gasteiz, 1937) Le Petite Gironde egunkariko Berniard kazetariari frantsesari. Apirilaren 29a zen. Ustekabekoa orduan: Gernika airez suntsitutako berberek atxilotu zuten Lauaxeta. Ia hilabete espetxean egin ondoren, 1937ko ekainaren 25eko egunsentian fusilatu zuten, 31 urte zituela, Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman.

Igandean beteko dira 80 urte gertakarietatik. 06:30ean egin zioten tiro, zehazki. "Goiz eder onetan erail behar nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?/ Ez naiten leyora begiok intz gabe". Hiltzera zihoala jakinda ere, ez zuen luma utzi Lauaxetak. Euskal Pizkundearen ikurretako bat da, eta 1936ko gerrak euskal kulturari eragin zionaren ikur ere bada gaur egun, hormaren kontra jarri baitzuten: letrak erre zituzten, eta idazleak, isilarazi. Gazte hil arren, kultur ondare oparoa utzi zuen idazle eta kazetari mungiarrak.

Lauaxeta Lukiz herrian jaio zen, baina ume koxkorra zela egin zuen Mungiara, eta taberna jarri zuten gurasoek han. Ventades eskolatik abade izateko bideari eutsi zion, eta Durango, Loiola eta Oñatin izan zen, fraide ikasketak egiten, harik eta 1928an ez zuela fraide izan nahi erabaki eta komentua utzi zuen arte.

Loiolako egonaldian hasi zen idazlea literaturara hurbiltzen, eta bertan sortu zituen hainbat zirriborro. Halarik ere, Euzkadi egunkarian kazetari lanetan zebilela hasi zen Urkiaga Lauaxeta bihurtzen. Giro politikoari buruzko iritzi artikuluak idazten zituen egunkariko Azalpenak atalean, eta literaturaz eta poesiaz ere hainbat lan idatzi zituen. Kazetariaren jarduera ez zen idaztera mugatu, ordea. Mitinetan zuen garragatik ere ezaguna da Lauaxeta, EAJren hainbat ekitalditan aritu baitzen hizlari.

Horrez gain, Emakume Abertzaleen Batza indartzen aritu zen, eta baita euskara eskolak ematen ere. Ekitaldi politikoak eta kulturalak antolatu zituen, eta euskarazko irratsaioak bultzatzen ere aritu zen. Galtzeko zorian ziren euskal kantak jasotzeko deia egin zuen, eta egunkarian argitaratu zituen gero. "Geure euzko-errijetan gauza jakingarriak dira: abestijak, esaerak, ipuiñak, edestijak, basatxonuak, mendi-ixenda, baserri-ixenak eta abar. Gatxa ete yatzube erritarren abestitxu bat Euzkadira bialdutia?" galdetu zuen artikulu batean.

Olerkarien belaunaldikoa

Olerkarien belaunaldia esaten zaion multzokoa izan zen Lauaxeta, Xabier Lizardi eta Orixerekin batera. 25 urte zituela, Jose Ariztimuño Aitzol-en bultzadaz antolatutako lehen Olerti Egunean, saria irabazi zuen, 1930ean, Maitale Kuttuna olerkiarengatik. Urtebete geroago idatzi zuen lehen olerki bilduma, Bide barrijak, eta 1935ean, gerraren atarian kaleratu zuen bigarren liburua: Arrats-beran.

1936ko gerra piztearekin batera Eusko Gudarostean sartu zen Lauaxeta, komandante. Bi ardura eman zizkioten: intendentzia, batetik, eta Gudari aldizkaria eta Eguna egunkaria kaleratzea, bestetik. 1937ko urtarrilaren 1ean, Hemen gara izenburuko agurrean azaldu zuen bere asmoa Lauaxetak, Eguna egunkariaren lehen alean: "Euskeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta exintzat uste zana, egi ta ixatean bihurtuteko agindua artu dogu goxetik gabera. [...] Euzkerea erabiljatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidiei atsegin yakezan izparak euzkeraz bakarik argi-argi eta ziatz ziatz emoteko ustitan agertuten gara. [...] Euzkadi'ko zelai loratsutan ludi osoari begira, jel ikuritza oso-oso ta zindo aldeztu ta erakutsiko dogu, ikuritz oren maitasun, ontasun eta zuzentasuna bazter gustietan eredu, zabaldu, sendotu eta indartuteko gogo bizik".

Lau hilabete iraun zuen euskarazko egunkariaren jardunean. Izan ere, 1937ko apirilaren 29an hartu zuten preso faxistek, Gernikan, eta heriotza zigorra ezarri zioten handik gutxira. Jaurlaritzak idazlea aske uzteko hainbat saiakera egin zituen arren, ekainaren 25ean hil zuten, Gasteizen. Heriotzaren zain zegoela ere olerkiak idatzi zituen Lauaxetak, hiri bereko espetxean. "Jauna, eriotz au arren emostazu; koldarrentzat itxi larrosen usaña. Azkatasun deuna bial egistazu, atzindu nai dot ba arrotzen iraña, gorputz onek bakez atseden dagian erri azkatuen Egun-Aundi arte!".

Ezezagunak ezagun 80 urtera

Ezezagunak ezagun 80 urtera

Izaro Mendieta

Jasotzea, gehienetan, gauza ona eta polita izaten da; are gehiago, dohaintza bat denean. Gauza materialek bere balioa izaten dute; sarri askotan, prezio bat ere bai. Baina badira diruarekin ordaindu ezin daitezkeenak, preziorik ez daukatenak.

Argazkiek ere izaten dute balio berezi, ukiezin eta nabarmen bat. Ahaztuta geneukan hori gogorarazteko balio dute, edota gogoan daukagun eta ukitu ezin dezakegun hori esku artean sentitzeko. Denboran atzera egin eta momentu hartan murgiltzeko aukera ematen dute, istorioa berriz bizitzeko gonbita eginez.

Momentu jakin batean gertatutakoa ezagutzeko ere balio dezakete argazkiek. Berbaz kontatzen den istorioa azaltzeko lagungarri izan daitezke. Ez litzateke gauza bera izango, esaterako, Gernikako bonbardaketari buruzko azalpena, argazkirik edo irudirik gabe. Informazio objektiboa ematen zuten argazkiek, irudiak editatzeko programarik ez zegoenean. Hala gertatu zen Gernikako bonbardaketarekin; duela 80 urte gertatutako sarraskiaren ondorioak zeintzuk eta nolakoak izan ziren erakusten baitute.

Orain arte, hainbat argazki ikusi izan dira, baina badira ezkutuan izan direnak ere: hain zuzen, Fifi Roberts argazkilariarenak. Ingalaterrako argazkilari horrek bonbardaketa gertatu eta bi egunetara erretratatu zuen Gernika. Hala, egun hartan ateratako argazkiak album batean bildu zituen, eta, orain, bilduma hori Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroaren eskuetan dago.

Francoren aginduei iskin

20 urte zituela iritsi zen Roberts Bilbora, itsasontziz, bere aita ontziko kapitaina zela. Dokumentazio Zentroak jakinarazi duenez, merkataritza ontzi hori izan zen Bilboko itsas-blokeoa saihestu zuen lehen itsasontzia. Bilbora gerturatzen ziren ontziak atzeman edota hondoratuko zituen mehatxua egina zuen Francok. Hala ere, Roberts aita-alabek, Francoren aginduei jaramon egin gabe, Bilboko portura sartzea lortu zuten, eta Eusko Jaurlaritzakoen harrera ona jaso zuten.

Gernika bonbardatu zuten egunean, Bilbon zegoen Fifi Roberts, George L. Steer eta beste kazetari batzuekin batera. Hala, posible izan zuenean, Busturialdeko herrira joan eta argazki ugari atera zituen. Horietako batzuk News Chronicle egunkarian argitaratu baziren ere, gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. Fifik bilduma batean jasoak zituen argazki horiek, eta bere heriotza egunera arte gorde zituen. 90eko hamarkada bukaeran, baina, Winchester hiriko (Ingalaterra) birziklatze plantan aurkitu zituen Sally Insgramek, eta, gerora, arte galeria batean erakutsi zituen.

2016an, Gernikako Bonbardaketari buruzko dokumentazio zentroko arduradun Ana Teresa Nuñezekin harremanetan jarri zen Insgram, eta Nuñezek bere lagun Geoff Reynoldsen eskutik jaso zuen aipatutako argazki bilduma. "Garrantzi handiko dohaintza" dela azaldu du Nuñezek; "Fifi Robertsek ateratako argazki originalak eta aurretik argitaratu gabeak direlako". Gainera, uste du argazki horietan "argi eta garbi" ikusten dela Gernikako suntsipena. "Gaur egunera arte ikusi gabe eduki ditugun inguru batzuk ageri dira, eta leku batzuk, gainera, ikuspuntu ezberdinetatik ikus daitezke". Hori horrela, argazki horiek bonbardaketari buruzko informazioa ematen dutela deritzo.

Halaber, irudi horiek zentroaren argazki bilduma birbaloratzea ahalbidetzen dute, Nuñezen ustez. Eta, helburua "bonbardaketaren egia eta historia zabaltzea" dela kontuan hartuta, Fifi Robertsen argazkiak zein bonbardaketaren inguruko gainontzeko argazkiak ikus ditzake bisitariak dokumentazio zentroan. Argazkiak ez ezik, Gernikako bonbardaketari zein 36ko gudari buruzko bestelako dokumentuak ere biltzen dituzte bertan, hala nola filmak, esku orriak, liburuak, 1937ko prentsa...

Beste dohaintza bat

Robertsen argazkiez aparte, beste dohaintza bat ere jaso zuen dokumentazio zentroak apirilean: William Smallwood Egurtxiki-ren bilduma. Bertan, berak egindako ehunka elkarrizketa ageri dira, 70eko hamarkadan bonbardaketako lekukoei egindakoak. Zentrotik azaldu dutenez, testigantza horiek "oso garrantzitsuak" dira, biktimak laguntzen eta salbatzen eta gorpuak berreskuratzen modu aktiboan lagundu zuten lekuko zuzenenak direlako.

Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte igaro direnean, dokumentu ezezagun eta interesgarriak biltzen jarraitzen dutela nabarmendu du dokumentazio zentroak.

Artzain azaletik erakuslekura

Artzain azaletik erakuslekura

Natalia Salazar Orbe
XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, ehunka euskal herritarrek jo zuten Nevadara (AEB), artzain lanetan jardutera. Hainbat euskal herritar bizi ziren hango mendietan. Egoera ez zen erraza. Baina are gehiago okertu zuen 193...

Ihes hodiak estali guran

Ihes hodiak estali guran

Natalia Salazar Orbe

Ibilgailu pribatuaren erabilera izugarri areagotu da azken hamarkadetan. Errepideetan ez ezik, herri eta hirietan nabarmena da areagotze hori. Keak eta zaratak sortzen duten kutsaduraz gain, oinezkoentzako eta bizikletan doazenentzako espazio ugari galdu dira. Egoera horretaz jabetuta, arazoa konpontzeko lanean hasi da Bilboko Hirigintza Saila. Bat baino gehiago aztoratu dituen neurriak proposatu ditu. Besteak beste, hirigunean ibilgailu pribatuetan sartzen direnei ordainsaria kobratzeko aukera aztertzen ari da. Ordainsaria, hain zuzen, astegunetan, 07:30etik 09:30erako tartean ezartzea da asmoa. Hirira lanera autoz joatea saihestea da helburua. Hori baita, Vicente Gil buru duen sailaren arabera, ibilgailu pribatua gehien erabiltzen dutenen taldea. 20.000 ibilgailu sartzen dira hirian puntako orduotan. Horietatik %80 ingurutan gidaria baizik ez doa barruan.

Oraingoz proposamen bat baino ez da. Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana eratzen ari dira. 2030. urtera begira hiriaren mugikortasun antolamendua zehaztuko du horrek. 51 proposamen jaso dituzte. Horiek guztiak osatzeko hainbat alderdi eta eragilerekin hitz egin du Hirigintza Sailak: udaleko alderdi politikoekin, auzo elkarteen ordezkariekin eta zirkulazioan nolabaiteko inplikazioa duten taldeekin.

2030. urtera bitartean airearen kalitatea hobetzea izango du helburu Alfonso Gil PSE-EEko zinegotziak gidatzen ari den planak. Horretarako planteatu dute ordainsaria kobratzeko neurri eztabaidatua: "Gure helburua da egunero autoan datorren jendea garraiobide publikora pasatzea". Hiriko airearen kalitatea ona dela dio, baina 2030erako isuriak %50 gutxitu nahi dituzte.

Udal gobernuan bazkide duen EAJk ez du uste neurri hori beharrezkoa denik. Juan Mari Aburto alkateak ez du neurria bere plangintzan aurreikusi. Hala ere, irailera arte landu behar den dokumentua izanik, alderdiak lantalde horietan emango du bere iritzia.

EH Bilduk babesa eman dio ideiari. Hala ere, neurri hori ezarri aurretik beste batzuk ere abian jarri behar direla uste du Bruno Zubizarreta zinegotziak. "Bizkaiko garraio publikoa indartu behar da. Herrietatik Bilborako garraio publikoak gabezia asko ditu: maiztasun urria, kasurako. Zenbait herritatik Bilbora autobusez iristeko denbora asko behar da". Horrez gain, tarifa bakarra ezartzeari beharrezko deritzo. Alegia, leku batetik bestera joateko bi garraio edo gehiago erabili behar izanez gero, tarifa bakarra ordaintzeari. Proposamenetan jasota dago hori ere. "Neurriok indarrean jarri ostean ordainsaria ezartzearekin erabat ados gaude".

PPk ez du egoki ikusi. "Londreserako errealista izan liteke. Ez, ordea, Bilborentzat". Udalak zer-nolako hiri eredua garatu nahi duen oso argi izan behar duela uste du Luis Egiluz alderdiaren bozeramaileak. "Ez dut uste zirkulazio arazo larririk dagoenik. Ordainsaria ez dugu beharrezkotzat jotzen".

Ezer baino lehen garraio publikoaren sistema hobetu behar dela dio hark ere. Hala ere, haren ustez, arazoa ez da hiriarena. "Bilbotar gehienok oinez edo garraio publikoan mugitzen gara. Hala diote estatistikek". Astegunetan Bilbon 1.400.000 bidaia labur egiten dira. 850.000 hiri barrukoak dira. Horietatik %60 oinez egiten dira. Autoa %13tan soilik erabiltzen da. "Ezin da Bilboko mugikortasun plan bat egin arazoa hiri kanpotik gurera datorren jendeak sortzen badu. Alegia, arazoa lurralde osoaren mendekoa bada". Horixe da eman beharreko lehen pausoa: "Garraio publikoa hobetzea. Eta herritarrak kontzientziatzea". Aldundiak eta udalak akordioak adostu beharko lituzketela deritzo. Kutsadura gutxitzen ere lagunduko luke garraio publikoaren sistema hobetzeak. "Hobariak emanda eta hiri barruko banaketa zerbitzuak energia berriztagarriekin eginda ere lortuko litzateke gutxitze hori".

Neurriok, bakanak izanik, zentzurik ez dutela sinetsita dago Udalberri. Carmen Muñoz zinegotziak azaldu du era horretako proposamenak beste batzuekin lagunduta ezarri behar direla. Garraio publikoa hobetuz edo konexiorako aparkalekuak ezarrita, adibidez. "Neurri honek ikaratu egin ditu herritarrak. Normala da. Gauzak ondo azaldu behar dira. Hiri jasangarri eta osasungarria nahi badugu hurrengo belaunaldientzat, beste herrialde batzuetan hartzen hasiak diren neurri garrantzitsuak ezartzeari ekin behar diogu. Eta kontzientziazio handia behar da".

Goazen Bilbaok oraindik ez ditu eztabaidatu proposamenean jasotako neurriak. Hala ere, bere iritzia azaldu du Samir Lahdou bozeramaileak: "Haren filosofia garraio publikoa sustatu, kutsadura gutxitu eta barruan pertsona gutxi dakartzaten autoen sarrera saihestea izanik, esango nuke ez dugula gaizki ikusten". Dena den, zenbait kasutan ordainsaria barkatzea aztertu beharko litzatekeela uste du. "Lanera urrutitik datozenak salbuetsi beharko lirateke erabili behar duten garraio publiko zerbitzuak gabeziak baditu". Horrez gain, ibilgailu pribatua gizarte desberdintasunak areagotzeko elementu gisa ez erabiltzeko eskatu du.

Orduko 30 kilometro

Bada ezinegona sortu duen beste neurririk ere: abiadura orduko 30 kilometrora murriztea da horietako bat. Bilbo 30 gisa bataiatu dute. Gilek "oso garrantzitsu" deritzo. "Neurri horrekin batera, orduko gehienez 50 kilometroko abiadura duten bide alternatiboak ezartzea da ideia". Sinetsita dago pedagogia eta kontzientzia politika baliatuta neurri horrek zirkulazioa arinduko lukeela. Kaleen lehentasunak finkatzea da eman beharreko lehen pausoa. "Gainera, auto pribatuak gutxitzen baditugu —eta hori da helburu nagusia—, auto ilarak desagerraraziko ditugu automatikoki".

"Oso ondo" deritzo EH Bilduk. "Horrela ahalbidetuko da herritarrek bizikletak hartzea eta Bilbon dagoen zarata gutxitzea. Hainbat auzotan izugarria da eta. Batez ere, sarreretan".

PPk ez du uste neurri hori eraginkorra izan daitekeenik. Bai harrapaketak saihesteko, ez, ordea, zirkulazioa arintzeko. "Teknikariek aitortua dute kale batzuetan abiadura orduko 30 kilometrora murrizten duzunean beste kale batzuk Bilbotik ateratzeko errepide bihurtzen direla". Hiriguneko kale batzuetan oinezkoentzako lehentasuna ezarrita horixe bera gertatu dela dio: "Urkixo etorbidea, Indautxu plazatik aurrera, errepide bihurtu da. Orduko 30 kilometroko muga ez errespetatzeaz gain, 50ekoa ere ez da errespetatzen".

Udalberrirentzat, neurria "oso interesgarria da. Korapilatsua, baina oso interesgarria. Eta neurri hori, zenbat eta auto gutxiago egon, are errazagoa da betetzen". Lahmoudek ere babesa eman dio. "Herritarrek kontzientzia hartu behar dute hiria oinezkoena dela, ez ibilgailuena. Hiria baketu behar dugu. Argi izan behar dugu".

Urteurren adina ekitaldi

Urteurren adina ekitaldi

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Listo. Azkenak. Getxon ez da Francoren diktadura goratzen duen ikurrik gehiago egongo. Gertakarietatik 80 urte igaro direnean kendu dituzte herrian geratzen ziren azken aztarnak: Amaia, Ibaibide, Kasune, Amezti eta Santa Ana kalee...

Norberaren gela lila

Norberaren gela lila

Aitziber Laskibar Lizarribar
Emakumeen hazkunde pertsonal zein kolektiborako beharrezko baliabide gisa aldarrikatu zuen 1929an espazio propioa Virginia Woolf idazle feministak. Gela bat norberarena saiakera iraultzailean, emakumeek lan egiteko, hausnar...