Balen arteko letragilea

Balen arteko letragilea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hautsita zegoen Gernika, txikituta, eta munduari kontatu behar zitzaion 1936ko apirilaren 26an gertatutakoa. Sarraskia azaltzen ari zitzaion Estepan Urkiaga Lauaxeta (Mungia, 1905-Gasteiz, 1937) Le Petite Gironde egunkariko Berniard kazetariari frantsesari. Apirilaren 29a zen. Ustekabekoa orduan: Gernika airez suntsitutako berberek atxilotu zuten Lauaxeta. Ia hilabete espetxean egin ondoren, 1937ko ekainaren 25eko egunsentian fusilatu zuten, 31 urte zituela, Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman.

Igandean beteko dira 80 urte gertakarietatik. 05:30ean egin zioten tiro, zehazki. “Goiz eder onetan erail behar nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?/ Ez naiten leyora begiok intz gabe”. Hiltzera zihoala jakinda ere, ez zuen luma utzi Lauaxetak. Euskal Pizkundearen ikurretako bat da, eta 1936ko gerrak euskal kulturari eragin zionaren ikur ere bada gaur egun, hormaren kontra jarri baitzuten: letrak erre zituzten, eta idazleak, isilarazi. Gazte hil arren, kultur ondare oparoa utzi zuen idazle eta kazetari mungiarrak.

Lauaxeta Lukiz herrian jaio zen, baina ume koxkorra zela egin zuen Mungiara, eta taberna jarri zuten gurasoek han. Ventades eskolatik abade izateko bideari eutsi zion, eta Durango, Loiola eta Oñatin izan zen, fraide ikasketak egiten, harik eta 1928an ez zuela fraide izan nahi erabaki eta komentua utzi zuen arte.

Loiolako egonaldian hasi zen idazlea literaturara hurbiltzen, eta bertan sortu zituen hainbat zirriborro. Halarik ere, Euzkadi egunkarian kazetari lanetan zebilela hasi zen Urkiaga Lauaxeta bihurtzen. Giro politikoari buruzko iritzi artikuluak idazten zituen egunkariko Azalpenak atalean, eta literaturaz eta poesiaz ere hainbat lan idatzi zituen. Kazetariaren jarduera ez zen idaztera mugatu, ordea. Mitinetan zuen garragatik ere ezaguna da Lauaxeta, EAJren hainbat ekitalditan aritu baitzen hizlari.

Horrez gain, Emakume Abertzaleen Batza indartzen aritu zen, eta baita euskara eskolak ematen ere. Ekitaldi politikoak eta kulturalak antolatu zituen, eta euskarazko irratsaioak bultzatzen ere aritu zen. Galtzeko zorian ziren euskal kantak jasotzeko deia egin zuen, eta egunkarian argitaratu zituen gero. “Geure euzko-errijetan gauza jakingarriak dira: abestijak, esaerak, ipuiñak, edestijak, basatxonuak, mendi-ixenda, baserri-ixenak eta abar. Gatxa ete yatzube erritarren abestitxu bat Euzkadira bialdutia?” galdetu zuen artikulu batean.

Olerkarien belaunaldikoa

Olerkarien belaunaldia esaten zaion multzokoa izan zen Lauaxeta, Xabier Lizardi eta Orixerekin batera. 25 urte zituela, Jose Ariztimuño Aitzol-en bultzadaz antolatutako lehen Olerti Egunean, saria irabazi zuen, 1930ean, Maitale Kuttuna olerkiarengatik. Urtebete geroago idatzi zuen lehen olerki bilduma, Bide barrijak, eta 1935ean, gerraren atarian kaleratu zuen bigarren liburua: Arrats-beran.

1936ko gerra piztearekin batera Eusko Gudarostean sartu zen Lauaxeta, komandante. Bi ardura eman zizkioten: intendentzia, batetik, eta Gudari aldizkaria eta Eguna egunkaria kaleratzea, bestetik. 1937ko urtarrilaren 1ean, Hemen gara izenburuko agurrean azaldu zuen bere asmoa Lauaxetak, Eguna egunkariaren lehen alean: “Euskeltzale ta euzkeldun gustion ames zoro ta exintzat uste zana, egi ta ixatean bihurtuteko agindua artu dogu goxetik gabera. […] Euzkerea erabiljatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidiei atsegin yakezan izparak euzkeraz bakarik argi-argi eta ziatz ziatz emoteko ustitan agertuten gara. […] Euzkadi’ko zelai loratsutan ludi osoari begira, jel ikuritza oso-oso ta zindo aldeztu ta erakutsiko dogu, ikuritz oren maitasun, ontasun eta zuzentasuna bazter gustietan eredu, zabaldu, sendotu eta indartuteko gogo bizik”.

Lau hilabete iraun zuen euskarazko egunkariaren jardunean. Izan ere, 1937ko apirilaren 29an hartu zuten preso faxistek, Gernikan, eta heriotza zigorra ezarri zioten handik gutxira. Jaurlaritzak idazlea aske uzteko hainbat saiakera egin zituen arren, ekainaren 25ean hil zuten, Gasteizen. Heriotzaren zain zegoela ere olerkiak idatzi zituen Lauaxetak, hiri bereko espetxean. “Jauna, eriotz au arren emostazu; koldarrentzat itxi larrosen usaña. Azkatasun deuna bial egistazu, atzindu nai dot ba arrotzen iraña, gorputz onek bakez atseden dagian erri azkatuen Egun-Aundi arte!”.