Udalak analizatuko du ura

Udalak analizatuko du ura

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Itsasadarrarekin batera garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura erabat zaintzen asmatu. Jarduera ekonomikoak eta mea aktibitateak eragin nabaria izan zuten itsasadarreko uraren egoeran XIX. mendean zehar, ura oxigenorik gabe utzi eta flora eta fauna osoa hil eta desagertzeraino. Uraren kalitatea hobetzeko lehen urratsa 1979. urtean egin zuten: Bilbo Handiaren ur zikinentzako plan integrala onartu zuten orduan. Orduz geroztik, hiriaren garapena itsasadarraren osasunari lotuta joan da, eta ibaia hiritarren bizitzan txertatzeko eginahalak egin dituzte erakundeek azken urteetan. Baina uraren egoerak alarmak piztu ditu azken astean: maiatzaren 20an itsasadarrean egin zen triatloiaren ondoren, animalien txizak transmititutako leptospira bakterioa aurkitu diete hiru kirolariri. Ostegunean, beste bi igerilari ere kutsatu zirela jakinarazi zuten.

Bilboko Club Deportivo taldeak 78. igerialdia antolatua zuen Bilboko itsasadarrean iganderako, eta uraren kalitate ona bermatu gabe dagoela eta, elkarteak bertan behera utzi du 500 lagun elkartzen dituen kirol ekitaldi hori, “zuhurtziagatik”. Animalien txizak eta, zehazki, arratoienak hiru gaixo eragin zituela zabaldu eta berehala, eztabaida piztu da politikarien artean. Itsasadarreko uraren kalitatearen kontrola nori dagokion argitzeko eskatu behar izan dute eragileek, inork ez baitzuen erantzukizunik hartzen. Azkenean, asteazken goizean bertan Juan Mari Aburtok presazko deialdia egin zien komunikabideei. Egunean bertan iragarri zuen Bilboko Udalak hartuko duela itsasadarreko ura analizatzeko ardura, “bere eskumena izan zein ez izan”.

Erantzukizun bila

Udalak erreka bazterrak zaintzeko ardura besterik ez zuela esana zuen Yolanda Diaz Osasun zinegotziak. Uraren kalitatea ona dela bermatzea kirol elkarteei dagokiela zioen. “Laborategi pribatuen bidez ondorioztatzen dute kirola egiteko edo lehiaketetarako ura egokia den edo ez”. Inork ez zuen ardurarik hartu nahi.

Uraren Euskal Agentziak ere ez. Hura itsasadarraren egoera ekologikoaz arduratzen da, eta ez, aldiz, haren osasunaz. “Guk uraren egoera ekologikoa aztertzen dugu; hau da, fauna eta floraren egoera kontrolatzen dugu. Ikertzen ditugun parametroek ez dute zerikusirik Osasun Publikoak bainua hartzea egoki den ala ez erabakitzeko neurtzen dituenekin”. Agentziaren esanetan, Osasun Saila arduratzen da bainurako diren eremuetako uren kalitatea kontrolatzeaz: hondartzez eta igerilekuez, bereziki. Baina Bilboko itsasadarra ez da, ofizialki, bainurako eremua; hortaz, ez dagokio Osasun Sailari bertako uren egoera ikertzea.

Errekaren gaineko eskumenak “aztertu eta definitzeko” harremanetan ari da udala beste erakunde batzuekin. Hala erabakiko dute “nork eman behar dituen baimenak eta bete beharreko baldintzak ezarri”. Ordura arte, udalak egingo ditu azterketak.

Auziak soka luzea izan du. Agustin Mendez Euskal Triatloi Federazioko lehendakariak ere egin ditu adierazpenak. Azaldu duenez, kirol proba bakoitzeko uraren kalitatearen froga eskatzen du federazioak. Baina ekitaldia baino hilabete lehenago egiten dira azterketa horiek, ezinezkoa baita egun berean uraren laginak jaso eta erabakiak hartzea. Halarik ere, ardura udalarena dela iradoki du. “Badakigu itsasadarra egokia dela bainurako, bestela udalak debekatu egingo luke bertan igeri egitea”. Gehiegizko zalaparta sortu du gaiak Mendezen hitzetan. “1.100 lagunek parte hartu zuten Bilbao Triathlon ekitaldian, eta hiru besterik ez dira kutsatu. Hori ikusita ezin daiteke esan ura egoera txarrean dagoenik. Hala balitz, kutsatuen kopurua handiagoa izango zatekeen”.

Alkatearen bainua

Ezbairik gabe, Juan Mari Aburtok berak iragarpena egin aurreko egunetan esandakoak izan dira iskanbila handiena eragin duten hitzak. Itsasadarra baldintza onean dagoela esan zuen, eta egokia dela kirol probak egiteko. “Ez nuke arazorik izango uretan murgiltzeko, eta, ondoren, gomendatzen duten dutxa luzea hartzeko”. Ia alderdi guztiek arbuiatu zituzten hitzok. Francisco Samir Ganemos Goazen Bilbao alderdiko bozeramailearen arabera, Aburtoren hitzek gertatutakoaren larritasuna minimizatzen dute. “Istripu nuklearraren ondoren [Manuel] Fragak Palomaresen bainua hartuko zuela esan zuenekoa ekarri du gogora”.

Udalaren jarrera salatu dute EH Bilduk eta Udalberrik ere. Koalizio abertzaleak “arduragabekeriaz” aritzea leporatu dio udalari, uraren kalitateari buruzko informaziorik izan gabe ur ekintzak baimentzen dituelako. “Oraindik ere lan asko dago egiteko Bilboko itsasadarreko urak guztiz garbi egoteko. Hortaz, ez da egokia herritarrei azaltzea bainua hartzeak ez duela eraginik izango beren osasunean. Hiriaren irudi idilikoa saltzeko presa dago zoritxarrez, eta, arduragabekeria horren ondorioz, kontrako eragina lortzen du udalak: hiria lokatzaren parean uzten du”. Norabide berean jo du Udalberrik ere. Luis Egiluz PPko ordezkariak, bestetik, auzia argitu dezala eskatu zion udal gobernuari. Hark lehen pauso bat eman du, polemika handiaren ostean izan bada ere.