Erabileran trabatuta

Erabileran trabatuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bi pertsona taberna bateko terrazan, ingurukoen solasaldiei adi, paperez beteriko karpeta eskuetan dutela. Heldu talde bat dute ondoan, eta, solasari entzun eta jarraian, X bat egin du paperean bietako batek. Haurrak gora eta behera bien bitartean. Beste X bat egin du paperean, “euskaraz” marka duen laukitxoan. Hizkuntza erabileraren kale neurketa egin zuen iaz Soziolinguistika Klusterrak, eta ondorioak ateratzen ari da orain. Guztira, Euskal Herriko 129 udalerritan egin dituzte neurketak, eta 450.000 biztanleko lagina hartu dute ikerketan. Aztertutako udalerrien artean, 33 dira Bizkaikoak, eta, ikerketa orokorraz gain, neurketa bereziak ere egin dituzte hainbat tokitan, udalek hala eskatuta. 2016ko irailetik azarora bitarte aritu dira herrietako kale ets plazetan herritarren hizkuntza ohiturak aztertzen.

Neurketa ordu gehiago eta lagin handiagoak hartuta, euskararen erabilerari buruzko datu zehatzagoak jaso dituzte Igorren, Zaldibarren, Erandion, Bermeon, Gernika-Lumon eta Ondarroan. Eta bildutako datuak kaleratzeko aurkezpenak egin dituzte azken asteetan. Argitaratutako zenbakien arabera, historikoki euskararen erabilera handia izan duten herrietan behera egin du erabilerak: Gernikan, Bermeon eta Ondarroan, kasurako. Eta kontrako joera nabari da Igorre, Zaldibar eta Erandion: kale neurketetan, gora egin du euskarazko elkarrizketa kopuruak.

Klusterrak kaleratutako datuez gain, euskararen erabilerari buruzko bestelako txosten bat aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen hizkuntza ohiturak aztertu ditu Behatokiak, eta, azaldu dutenez, hamar puntu egin du behera gazteek lagun artean euskara erabiltzeko duten ohiturak 2004tik 2016ra; hots, %48,5etik %38,1era jaitsi da euskararen erabilera hiru lurraldeetan. Txostenaren arabera, Bizkaiko datuak dira, guztien artean, okerrenak. Behatokiaren hitzetan, lurraldeko gazteen %6,1 aritzen dira lagun artean euskara hutsean, %4,2k erabiltzen dute euskara gaztelania baino gehiago eta %16,8k, berriz, maila berean erabiltzen dituzte bi hizkuntzak.

Lagun artean euskaraz edo euskaraz zein gaztelaniaz egiten duten gazte bizkaitarren kopurua jaitsi egin da azken hamarkadan Behatokiaren arabera: 2004an kopurua %43,9 zen, eta %27,1 izan da 2016an.

Klusterrak herriz herri egindako kale neurketetan ere, adinaren araberako ondorioak azaldu dituzte. Oro har, haurren eta helduen arteko elkarrizketetan entzuten da euskara gehien. Edonola ere, herri bakoitzak ezaugarri edo joera propioak ditu. Plataformak bost urtean behin aztertzen du Euskal Herriko hizkuntza erabilera 1989 urtetik, eta, ordutik, honako joera hauek aztertzeko aukera ematen du horrek.

IGORRE
Kale erabilerak gora, baina gorabeherak ezagutzan

Azken urteetako joerari heldu dio Igorrek oraingo azterketan ere, eta gora egin du kale erabilerak. 2016ko neurketarako, 4.552 herritarren 1.655 elkarrizketa behatu ditu Klusterrak, eta, azaldu dutenez, solasaldi guztien artetik %53,3 izan dira euskaraz. Duela bost urteko neurketako datuen arabera, %46,8koa zen euskararen kale erabilera. Hortaz, ia zazpi puntu egin du gora. Azken hamabost urteetan egin diren azterketen arabera, urtez urte, igo egin du euskararen erabilera Arratiako herrian. Edonola ere, kontrako norabidea hartu dute hizkuntza gaitasun eta ezagutzari dagozkien datuek: 2011ko zenbakien arabera, %68 ziren euskaldun herrian, baina 1996an ia hamar puntu gorago kokatzen zen ehuneko hori: %77,2an, alegia. Erabileraz gain, ezagutzan ere arreta jarri nahi dute igorreztarrek horregatik.

Adin tarteei dagokienez, haurrak dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen artean, %68,8 aritzen dira euskaraz, eta helduen artean %47 da erabilera. Bestalde, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, eta 64 urtetik gorako adinekoen artean egin du behera erabilerak: lehen multzoan %39,2 da euskararen erabilera, eta %38, berriz, helduen artekoa.

ZALDIBAR
Haur eta helduak elkarrekin egotearen eragina

1.098 elkarrizketa eta 3.274 hiztun aztertu ditu Klusterrak Zaldibarren azken azterketa egiteko, eta bertatik ateratako datuen arabera, zortzi puntu egin du gora euskararen kale erabilerak herrian: solasaldien %27,6 euskarazkoak dira, azken txostenaren arabera. 2006an, %19,1 zen portzentajea, eta, 2011n, berriz, %21,7.

Euskararen presentzia handitu egiten da Zaldibarren haur eta helduak elkarrekin azaltzen direnean. Klusterrak kaleratutako datuen arabera, kasu horretan, nabarmen egiten du gora euskarazko elkarrizketen ehunekoak, %41,6ra iristeraino. Kontrako joera nabari da nagusiak bakarrik daudenetan: %14,9ra jaisten da euskararen erabileraren ehunekoa; eta %22ra, berriz, haurrak bakarrik daudenetan.

Oro har, haurren erabileraren gorakada da Zaldibarren azpimarragarriena: solasaldien %40,5 dira euskaraz. Gazteen artean, %24,3k erabili dute euskara, %21,2k helduen artean eta %27k, berriz, adinekoen artean.

ERANDIO
Koska bat gora, baina ehunekoetan baxu

Koska bat egin du gora euskararen kale erabilerak Erandion. 2.325 elkarrizketa eta 7.067 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta solasaldien %2 izan dira euskaraz. Ehunekoa baxua bada ere, are txikiagoa zen 2011an: %1,3a, alegia. Edonola ere, azken hamarkadako datuak begiratuz gero, bestelakoa da ondorioa, 2006ko kale erabileraren neurketaren arabera %4,2 baitzen euskarazkoa. Gauzak horrela, Klusterrak azken hamar urteetan egindako neurketak alderatuz gero, %52,38 jaitsi da euskararen presentzia udalerrian. Baina denboran atzera eginez gero, bestelakoa da interpretazioa; 1989ko euskararen erabilera %1 baitzen Erandion. Hortaz, bikoiztu egin da erabilera ordutik. Ondorio gazi-gozoak atera dituzte udalean, beraz.

Aztertutako gainontzeko herrien antzeko joerak nabari dira Erandion ere. Klusterrak bildutako datuen arabera, haurren artean erabiltzen da euskara gehien udalerrian: %2,7, alegia. Ehunekoa handitu egiten da ume eta adinekoen arteko solasaldiak aztertzen baldin badira. Kasu horietan, haurren %4,7 aritzen dira euskaraz.

2011ko erroldaren arabera, Erandioko biztanleen %23,4 euskalduna da, eta, ondorioz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik euskararen erabilera estimatzeko eredu matematikoa aintzat hartuta, %3,9 litzateke euskararen erabilera tasa. Hizkuntzaren erabilera hiru aldagairen araberakoa dela erakutsi zuen Txillardegik: elebidun kopurua, mintzakide kopurua eta hizkuntzarekiko leialtasuna.

BERMEO
Erabileran behera azken bi hamarkadetan

Euskararen erabilerak behera egin du Bermeon 1996tik, eta, joera horri tiraka, hiru puntu jaitsi da euskararen erabilera 2011ko datuekin alderatuta. 2.238 elkarrizketa eta 6.353 hiztun aztertu dira orotara, eta solasaldien %33,3 izan dira euskaraz. Azterketen arabera, bermeotarren kale solasaldien %63,6 gaztelaniazkoak dira, eta beste hizkuntza batzuetan aritzen dira %2,8. Azken 25 urteetan euskal hiztunen kopurua nabarmenki gutxitu ez den arren, euskara dakitenen kopuruan beheranzko joera nabari da 1996tik, Maite Alvarez Bermeoko Udaleko Euskara teknikariaren arabera.

Bermeotarren artean, adinekoak dira euskara gehien erabiltzen duten herritarrak. Azken neurketaren arabera, 65 urtetik gorakoen arteko elkarrizketen %52 dira euskaraz. Haurren artean, %36,3an dago ehunekoa. Baina zifrek dezente egiten dute behera gazteen eta helduen arteko solasaldiei begiratuz gero. 24 eta 64 urte bitartekoen %27,8k egiten dute euskaraz, adibidez.

Nabarmentzekoa da 15 eta 24 urte bitarteko bermeotarren datua, gazteen arteko elkarrizketetatik %14,8 baitira euskaraz Klusterrak argitaratu dituen azken datuen arabera. Gainontzeko herrietan bezala, haur eta helduak elkarrekin azaltzen diren solasaldietan areagotu egiten da euskararen erabilera, eta elkarrizketen %52,5 dira euskaraz.

Klusterrak 2016an egindako neurketa aztertuz gero, adin talde guztietan egin du behera erabilerak Bermeon. Baina haurren datuak dira gehien jaitsi direnak: 2011ko azterketan jasotzen zenez, %42,4k egiten zuten euskaraz, eta sei puntu egin du behera bost urtean. Edonola ere, lagina handiagoa izan zen 2011koan, 14.902 solaskide aztertu baitzituzten. Horregatik, datuen diagnosi zehatzagoa egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute udalean, baina Klusterrak emandako emaitzek aurrera begirako norabidea eta eman beharreko urratsak argitzen dituztela ere azaldu dute.

ONDARROA
Helduek eta nagusiek, euskara gutxiago

Ondarroan ere koska bat behera egin du euskararen erabilerak, azken azterketak ondorioztatu duenez. 4.634 elkarrizketatik %79,7 egin dira euskaraz 2016 urtean; 2011n, berriz, %93,6 zen euskarazko solasaldien portzentajea. Duela bost urte, lagina handiagoa hartu zuten, eta zehatzagoak dira datuak horregatik —7.038 elkarrizketatu ziren ordukoan—. Edonola ere, joera aztertu behar dela azaldu dute udaleko ordezkariek.

Haur eta gazteen artean daude erabilera daturik onenak: %92 inguruko erabilera dute biek. Eta helduak dira Ondarroan euskara gutxien erabiltzen dutenak: %73. Nagusien elkarrizketei dagokienez, %76,5 dira euskaraz. Elebiduntzeko joera dagoela azpimarratu dute Ondarroako Udaleko kideek, eta egiten diren politika orokorrek herri erdaldunak euskalduntzera bultzatzen dituzten heinean, herri euskaldunetan ere eragina daukatela azpimarratu dute.

GERNIKA-LUMO
Beheranzko joerari lotuta

Pixkanaka, baina behera egiten ari da euskararen kale erabilera Gernika-Lumon ere. Hala erakutsi dute bost urterik behin Klusterrak egin dituen azterketen emaitzek, eta norabide beretik jo du azken kale neurketak ere; izan ere, ia hiru puntu egin du behera Gernikan euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2016ko neurketarena arabera, kalean entzundako hamar elkarrizketatik bost euskaraz izan dira Gernikan; hau da, %49,4. 2011an, %52an zegoen ehuneko hori eta %57,3an, berriz, 2006an. Erabileraren jaitsierarekin kezkatuta daude udaleko kideak, “joera bat delako eta ez momentuan momentuko egoera”.

Azterketak ondorioztatu duenez, haurrak eta gazteak dira Gernikan euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen %62,2k erabiltzen du euskara, eta 15 eta 24 urte bitartekoen %54,2k. Helduak dira, beraz, euskara gutxien erabiltzen dutenak.

ERMUA
Sei puntu gora azken bost urteetan

Eibarren gora egin du euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2.745 elkarrizketa eta 6.739 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta euskararen erabilera %9,4koa dela ondorioztatu dute behaketan. Ia sei puntu eta %140 igo da 2011ko kale neurketatik —orduko hartan neurtu ziren solasaldien %3,9 izan ziren euskaraz—. Bien bitartean, %88k gaztelaniaz egiten dute eta %2,6k bestelako hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Herri gehienetan bezala, haurrak dira Eibarren euskara gehien erabiltzen dutenak: %17,4k dira orain, eta %6 ziren 2011ko kale neurketan. Adinekoak dira gutxien aritzen direnak: %5,2k besterik ez dute euskaraz egiten.