Arroza, munduen elkargune

Arroza, munduen elkargune

Aitziber Laskibar Lizarribar

Tipula usaina batean. Erregosten ari diren arkume zatiena bestean. Askotariko belar espezieena nonahi. Zalaparta alaia. Flamenko doinuak txoko batean. Ijitoen gitarra, esku-zarta erritmikoekin lagunduta. Danbor eta tinbal soinuak. Txistua. Doinu arabiarrak. Begiak itxi, eta munduan zeharreko bidaia magikoa amestu lezake bisitariak. Pauso gutxi batzuk eginda, mundu osoko dozenaka herri igarotzen ari dela. Zentzumenak adi jarri behar izanik gabe, gainera. Mota guztietako usain eta musika ezagun zein ezezagunek konturatu gabe harrapatu eta eramango dute bidaian. Begiak zabaldutakoan ere bai: kolore guztietako azal, jantzi, zapi eta arrozak. Dozenaka hizkuntza metro gutxian. Bakoitza bere hizkera doinuan, komunikatu eta algara egiteko tonu berezituan. Milaka pertsona, bor-bor ari diren dozenaka formatako eltzeen inguruetan.

Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan urtean behin errepikatzen den irudia da. Bertan bizi diren jatorri guztietako herritarrak bildu, kultur aniztasunaren aberastasuna agerian utzi, eta elkarbizitza atsegina posible dela erakusten duena. Munduko Arrozak da. Hamalaugarren aldiz egingo dute bihar.

Mundu oso bat plaza berean batzeko eguna da. Euskal Herri osoan kultura gehien biltzen duen auzoa zer den modu alaian erakustekoa, eta bertan bizi direnek elkar ezagutzekoa. Harremanak lantzekoa. Eta lortzen du helburua. Datuak ikusi besterik ez dago: mundu osoko 60 bat herritako 3.500 lagunek emana dute izena eurek prestatutako arroza plazako topagunean, elkarren ondoan, jateko. Duela hamabost egun agortu ziren lekuak. Antolatzaileek 3.500 lagunentzako muga jarria dute, eta txiki geratu da kopurua aurten ere. Horiez gain, euren bazkaria prestatzerik izan ez duten beste 200 bat pertsonarentzako arroza egingo dute antolatzaileek. Eta goiz-pasa edo arratsalde-pasa joango diren beste milaka lagun ere batuko direla aurreikusten dute.

Aldarrikapenerako eguna

Baina, jaieguna izateaz gain, aldarrikapen eguna ere bada Munduko Arrozak. Izan ere, kultur aniztasunaren aberastasun gunea izateaz gain, pobrezia eta bazterkeria tasarik handiena jasaten duten auzoak ere badira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala. “Egoera latzak daude, bazterketa handia”, ohartarazi du Idel Aguilera antolatzaileak. “Bizi euskarririk ez duen jendetza pilatzen da auzo hauetan”.

Hain zuzen, horrexegatik sortu zuten Munduko Arrozak duela hamalau urte. “Bazterketa egoerak salatu eta horiei aurre egiteko jende eta talde asko bildu ziren”. San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko Taldeen Koordinadora eratu zuten horrela. “Arazo asko zeuden, bazterketa handia; eta hemen bizi garen guztiontzako bizi baldintza duinak eskatzeko batu ginen”. Egoera gordinak plazaratu, aldarrikapenak ikusarazi eta jatorri askotako auzokideak elkarlanean jartzeko herri ekimen bat egitea pentsatu zuten. “Kultura guztiek duten zerbait da arroza, eta horren inguruan jendea erakartzea errazagoa izango zela pentsatu genuen”. Horra hor egun dozenaka herritako milaka pertsona batzen dituen Munduko Arroza egitasmoaren hastapenak.

Fruituak eman ditu arrozaren inguruko bilguneak. Bertan sortzen diren “konplizitateak” nabarmendu ditu Aguilerak. “Lagunarte berriak sortu dira, bikoteak ere bai, kuadrillak handitu dira…”. Baita kulturen trukeak ere. Bere esperientziaren bidez azaldu du Aguilerak: “Ni euskal dantza ikastaroen bitartez hasi nintzen auzoan parte hartzen. Munduko Arrozen egunean gure dantzatxoak erakusten ditugu, eta jendea hurbildu egiten da”. Jakin-minak gerturatzea dakar, eta elkar ezagutzak, hartu-emana. “Adibidez, Afrikatik etorritako jendea dantza ikastaroetan hasi da gurekin, eta alderantziz ere bai. Ezagutzen dut flamenkoa gustatzen zaiona eta Munduko Arrozen harira flamenkoa ikasten hasi dena, edo Afrikako taldeek antolatzen dituzten ikastaroetara joaten dena… Sortzen den konplizitateak oso truke aberatsak eragin ditu”.

Baita egoerarik krudelenetan daudenen arteko laguntasunak ere. “Oso errealitate gordinak daude hemen, eta jendea bere egoera bertsuetan dagoen jendearekin elkartzen da, elkarri entzuten diote eta laguntasunak sortzen dira”.

Baina egitasmoak bilatzen zituen beste helburu batzuk ez dituela lortu ohartarazi du Aguilarrek: “Auzoak arazo berberak izaten jarraitzen du. Gure auzoetako adierazleek Bilboko beste auzoekiko dituzten adierazleen arteko aldea bere horretan mantentzen da”. Alegia, Bilboko auzorik baztertuena da oraindik. “Langabeziak, etxebizitza eta baliabide faltak, bazterketa egoerak eta abarrek berdin jarraitzen dute”. Instituzioei egotzi die “porrot” hori; “euren politikek ez dute lortu beste auzoekiko aldea gutxitzea”.

Hori ere gogoan izango dute biharko egunean. Bai arrozaren inguruan biltzen diren taldeek euren kasa egiten dituzten karteletan, bai 13:00etan auzoan egingo duten kalejiran. Hala ere, jai giroan egingo dute hori, eguneko gainontzeko ekitaldiak bezala. 10:30etik aurrera hainbat jatorritako herritarrek musika eta dantza erakustaldiak egingo dituzte, bai oholtza gainean, bai eltzeen inguruko txokoetan suertatzen diren dozenaka emanaldi inprobisatuetan. Antolatzaileek 19:00etan emango dute amaitutzat jaialdia. “Baina askok jarraituko dute festa plazan zein inguruetan antolatutako ekintzetan”. Bilbo Zaharra plazan, esaterako, munduko musika oinarri duten DJ emanaldiak iragarri dituzte.