Artzain azaletik erakuslekura

Artzain azaletik erakuslekura

Natalia Salazar Orbe

XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, ehunka euskal herritarrek jo zuten Nevadara (AEB), artzain lanetan jardutera. Hainbat euskal herritar bizi ziren hango mendietan. Egoera ez zen erraza. Baina are gehiago okertu zuen 1930eko hamarkadan izandako krisiak. Aldaketa soziala gertatu zen, eta artzain guztiak desagertu ziren. Horietako askok jokora jo zuten. Hala ondorioztatu du Oihane Sanchez Durok Artzaintzatik kasinora: eraldaketak paisaian eta funtzio sinbolikoan proiekturako ikerketa lana egin ostean. AEBetako egoera Karrantzara eramanda, konparazio bat egin du sestaoarrak. Hain zuzen, bi artista elkartu dira Enkarterriko herrian artearen ikuspuntutik ardien eta artzainen egoerari buruz hausnartu, eztabaidatu eta ondorioak hedatzeko xedearekin. Ondo Bizi Arte egonaldia antolatu du horretarako Mutur Beltz ardi mutur beltza sustatzeko elkarte agroekologiko, artistiko eta kulturalak.

Lehen sektorea sustatzea du helburu Mutur Beltz elkarteak, “horretarako praktika artistikoa ere erabilita”. Joseba Edesa elkarteko kidearenak dira berbok. Arte egonaldien helburua azaldu du: “Oinarri hori izanik, uste genuen arte egonaldien metodologia edo formatua aproposa zela guretzat. Izan ere, interesgarria da artea osotasunean ikustea. Ez bakarrik obra bera; azken emaitza, alegia. Garrantzitsua da obraren nondik norakoak, zergatiak, hausnarketa eta bestelakoak ere ezagutzea”.

Hala, Oihane Sanchez eta Nader Koochaki Sestaoko eta Astigarragako artistek astebete pasatu dute Mutur Beltz elkartekoekin. “Prozesu horretan bizitakoaren emaitzak aurkeztu behar dituzte orain”. Artelan bana egingo dute biek ala biek. Horiek ikusteko itxaron egin beharko da, ordea. Arte egonaldia ekainaren 10etik 16ra bitartean egin zuten. Hilaren 17an hausnarketa prozesuaren berri eman zuten Artzai Topaketan. Baina obra egiteko denbora gehiago behar dute. Oraindik zehaztu gabe dago non eta noiz egingo duten erakusketa. Enkarterrin izango da.

Balizko aldaketen eragile

Sanchezen lanak agerian utziko ditu eskualde horretako artzaintza eta artzainak, eta zer gerta daitekeen inguruan orain arte izandakoa zaindu ezean. Hausnarketa ere bide horretatik egin zuen. “Zer-nolako aldaketa sozialak gerta daitezkeen islatu du”.

Koochakik orain artean Gipuzkoan egin du lan, bereziki. Soineko paisaia bere proiektuak erakarri zituen Mutur Beltz elkarteko kideak. Ehundik gora ardi dituzten taldeen zintzarrien doinuak jaso zituen lan batean. Artzaintzak soinu paisaiaren ehunean dituen ondorioak agerian uzten dituzten eduki berriak eskaintzen ditu lan horrek diziplina antropologikora begira. “Gipuzkoako gizartea ere mundu honekin elkartu nahi genuen; edo gurera ekarri”, adierazi du Edesak.

Artilea jasotzea

Biek ala biek Artzai Topaketan azaldu zituzten euren helburuak. Artzaintzarentzat garrantzitsua den une batean egin zituzten topaketok: artilea jasotzeko garaian. Mutur Beltz elkartearen beste helburuetako bat artilearen balioa berreskuratzea da. “Gaur egun, errefusa gisa tratatzen da. Guretzako lehengai bat da, ordea. Eta lehengai hori erabiltzen eta eraldatzen badugu, diru iturri jasangarri bat ere izan daiteke”.

Balioa emateko behar horren jakitun izanik, erosi egin diote artilea artzainei. “Guretzat inportantea zen erostea, artilearen truk dirua ordaintzea, alegia. Izan ere, gehienek oparitu egin nahi ziguten. Erosketa bera eta prozesu osoa publiko egiten lagundu zigun azokak”.

Esperientzia eta proiektu osoaren berri Pedro Salgadok jaso du. Bideo-sorkuntza batean emango du argitara Ondo Bizi Arte egonaldiaren uzta.