Urteurren adina ekitaldi

Urteurren adina ekitaldi

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Listo. Azkenak. Getxon ez da Francoren diktadura goratzen duen ikurrik gehiago egongo. Gertakarietatik 80 urte igaro direnean kendu dituzte herrian geratzen ziren azken aztarnak: Amaia, Ibaibide, Kasune, Amezti eta Santa Ana kaleetako eraikinetan ziren bederatzi plakak, alegia. Bilbon ere hasi dituzte Moyua plazako arranoa ezabatzeko lanak, eta hiru hilabete barru desagertuko da betiko.

Efemerideak baliatzen dira sarri hainbat gertakariren inguruan erabakiak hartzeko, eta hala gertatu da 1936ko gerraren 80. urtemugarekin ere: Errepublikaren alde eta faxismoaren aurka borrokan aritu zirenen aldeko hamaika ekitaldi antolatu dituzte azken asteetan, eta orain arte isilduen bandoan izan direnen aldeko plakak eta omenaldiak egin dituzte hainbat txokotan.

Larrabetzun, adibidez, asturiar milizianoei egin zieten omen joan den astean. Horrez gain, Burdin Hesia hautsi zuten monolito frankista eraitsi eta “askatasunaren alde” borrokan aritu zirenak gogora ekartzeko plaka jarriko dute toki berean, datozen egunetan.

1936ko gerrako eta ondorengo gertakarien urteurren borobila da aurtengoa, eta eragina du horrek antolatzen diren ekitaldien dimentsioan. Bonbardaketa egunak, gudualdiak eta bando faxistak Bizkaiko herriak hartzen dituzten egunak ekarri dituzte gogora hamaika txokotan egunotan. Erandion jaurtitako obusen eraginez hildako 31 auzokideei omenaldia egin zieten maiatzean faxisten bonba bat erori zen toki berean. Baina urrats bat gehiago egin dute udalean. Argentinako Justizia Administrazioak frankismoaren aurka zabaldutako auzietan parte hartzeko eskakizuna egin dio udalbatzak Bizkaiko Foru Aldundiari; Erandioko biktimen “komunikazio, lekukotasun eta froga guztiak” batu, eta prozeduran gehi ditzan.

Barakaldon ere hainbat ekitaldi egin dituzte. Ordura arte herrian izandako aire erasorik hilkorrena izan zen 1937ko ekainaren 13an. 26 auzokide zendu ziren bonben zartaden eraginez, eta udalak ordukoak gogoratu ditu 80. urteurrenaren harira. Gatazka militarraren eraginez hildako herritarrei ez ezik, ihes egitea beste erremediorik izan ez zuten herritarrei ere omenaldi berezia egin zieten; umeei, bereziki. Izan ere, 1.200 haur inguruk ihes egin zuten Barakaldotik 1936ko gerraren ondorioz.

Larrabetzuko agenda ere ekitaldiz josi dute maiatzean eta ekainean zehar. 1937ko ekainaren 12an, Larrabetzu eta Fika arteko Gaztelumendi mendigunetik hautsi zuten faxistek Burdin Hesia, eta sinbologia berezia du gertakariak herrian, horregatik. Asteburu honetan bukatuko dute azken asteetako ekitaldi sorta. Lemoan ere landu dute gaia, eta hilabetearen hasieran gudari baten gorpuzkiak atera zituzten Lemoako Haitzan lur azpitik.

Markina-Xemeinen, 1936ko gertakariak azaltzeko ibilbideak egingo dituzte bihar eta etzi, 11:00etatik aurrera, eta irailaren 9an egingo diete omenaldia 1936ko hartan Errepublikako Defentsa Batzordean, udal erakundeetan eta bestelako batzordeetan aritzeagatik zigortutako herritarrei.

Etxebarrian lan mardula egiten ari dira Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak orduko gertakariak ikertzen, eta Etxebarriarren historia berridazten. Severo eta Juan Guenaga Zelaia anaien kasua da. 1937ko maiatzean hil zituzten bi anaiak, eta, gertakariei buruzko informazioa bilduta, bien senideak elkartu zituzten joan den maiatzean.

Bilboren erorketa

Urteurren borobila dute astelehenean Bilbon; izan ere, hilaren 19an 80 urte beteko dira tropa faxistak Bizkaiko hiriburuan sartu zirela, eta egunari tiraka ekitaldiak antolatu ditu Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak. Gaur, oroimen ekitaldia egingo dute 19:00etan, Donibane plazan, eta, bihar, manifestazioa egingo dute Moyua plazatik abiatuta, 80. urteurrena. Frankismoaren inpunitateari, tolerantziarik ez! lelopean. Igandean, berriz, Artxandan egingo dute ekitaldia, “askatasunaren eta demokraziaren alde” borrokatu zirenak omentzeko. Bestalde, 1936ko gerra ardatz hartuta ibilbideak antolatu ditu Bilboko Udalak. Euzkadiko Gobernuaren egoitza izan zen Carlton hoteletik abiatuta, hiriburuan gertatutakoak azalduko dituzte. Hilaren 28ra bitarte egingo dituzte bisitak, asteartetik larunbatera bitarte, eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Zorigaiztoko egun seinalatu ugari utzi ditu Bizkaian 1936ko altxamendu militarrak eta ondorengo diktadurak. Baina gertakarien data berriak agertzen dira etengabe, oraindik ere, ikerketa asko ari baitira egiten herriz herri, ordukoak argitu nahian.