Ihes hodiak estali guran

Ihes hodiak estali guran

Natalia Salazar Orbe

Ibilgailu pribatuaren erabilera izugarri areagotu da azken hamarkadetan. Errepideetan ez ezik, herri eta hirietan nabarmena da areagotze hori. Keak eta zaratak sortzen duten kutsaduraz gain, oinezkoentzako eta bizikletan doazenentzako espazio ugari galdu dira. Egoera horretaz jabetuta, arazoa konpontzeko lanean hasi da Bilboko Hirigintza Saila. Bat baino gehiago aztoratu dituen neurriak proposatu ditu. Besteak beste, hirigunean ibilgailu pribatuetan sartzen direnei ordainsaria kobratzeko aukera aztertzen ari da. Ordainsaria, hain zuzen, astegunetan, 07:30etik 09:30erako tartean ezartzea da asmoa. Hirira lanera autoz joatea saihestea da helburua. Hori baita, Vicente Gil buru duen sailaren arabera, ibilgailu pribatua gehien erabiltzen dutenen taldea. 20.000 ibilgailu sartzen dira hirian puntako orduotan. Horietatik %80 ingurutan gidaria baizik ez doa barruan.

Oraingoz proposamen bat baino ez da. Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana eratzen ari dira. 2030. urtera begira hiriaren mugikortasun antolamendua zehaztuko du horrek. 51 proposamen jaso dituzte. Horiek guztiak osatzeko hainbat alderdi eta eragilerekin hitz egin du Hirigintza Sailak: udaleko alderdi politikoekin, auzo elkarteen ordezkariekin eta zirkulazioan nolabaiteko inplikazioa duten taldeekin.

2030. urtera bitartean airearen kalitatea hobetzea izango du helburu Alfonso Gil PSE-EEko zinegotziak gidatzen ari den planak. Horretarako planteatu dute ordainsaria kobratzeko neurri eztabaidatua: “Gure helburua da egunero autoan datorren jendea garraiobide publikora pasatzea”. Hiriko airearen kalitatea ona dela dio, baina 2030erako isuriak %50 gutxitu nahi dituzte.

Udal gobernuan bazkide duen EAJk ez du uste neurri hori beharrezkoa denik. Juan Mari Aburto alkateak ez du neurria bere plangintzan aurreikusi. Hala ere, irailera arte landu behar den dokumentua izanik, alderdiak lantalde horietan emango du bere iritzia.

EH Bilduk babesa eman dio ideiari. Hala ere, neurri hori ezarri aurretik beste batzuk ere abian jarri behar direla uste du Bruno Zubizarreta zinegotziak. “Bizkaiko garraio publikoa indartu behar da. Herrietatik Bilborako garraio publikoak gabezia asko ditu: maiztasun urria, kasurako. Zenbait herritatik Bilbora autobusez iristeko denbora asko behar da”. Horrez gain, tarifa bakarra ezartzeari beharrezko deritzo. Alegia, leku batetik bestera joateko bi garraio edo gehiago erabili behar izanez gero, tarifa bakarra ordaintzeari. Proposamenetan jasota dago hori ere. “Neurriok indarrean jarri ostean ordainsaria ezartzearekin erabat ados gaude”.

PPk ez du egoki ikusi. “Londreserako errealista izan liteke. Ez, ordea, Bilborentzat”. Udalak zer-nolako hiri eredua garatu nahi duen oso argi izan behar duela uste du Luis Egiluz alderdiaren bozeramaileak. “Ez dut uste zirkulazio arazo larririk dagoenik. Ordainsaria ez dugu beharrezkotzat jotzen”.

Ezer baino lehen garraio publikoaren sistema hobetu behar dela dio hark ere. Hala ere, haren ustez, arazoa ez da hiriarena. “Bilbotar gehienok oinez edo garraio publikoan mugitzen gara. Hala diote estatistikek”. Astegunetan Bilbon 1.400.000 bidaia labur egiten dira. 850.000 hiri barrukoak dira. Horietatik %60 oinez egiten dira. Autoa %13tan soilik erabiltzen da. “Ezin da Bilboko mugikortasun plan bat egin arazoa hiri kanpotik gurera datorren jendeak sortzen badu. Alegia, arazoa lurralde osoaren mendekoa bada”. Horixe da eman beharreko lehen pausoa: “Garraio publikoa hobetzea. Eta herritarrak kontzientziatzea”. Aldundiak eta udalak akordioak adostu beharko lituzketela deritzo. Kutsadura gutxitzen ere lagunduko luke garraio publikoaren sistema hobetzeak. “Hobariak emanda eta hiri barruko banaketa zerbitzuak energia berriztagarriekin eginda ere lortuko litzateke gutxitze hori”.

Neurriok, bakanak izanik, zentzurik ez dutela sinetsita dago Udalberri. Carmen Muñoz zinegotziak azaldu du era horretako proposamenak beste batzuekin lagunduta ezarri behar direla. Garraio publikoa hobetuz edo konexiorako aparkalekuak ezarrita, adibidez. “Neurri honek ikaratu egin ditu herritarrak. Normala da. Gauzak ondo azaldu behar dira. Hiri jasangarri eta osasungarria nahi badugu hurrengo belaunaldientzat, beste herrialde batzuetan hartzen hasiak diren neurri garrantzitsuak ezartzeari ekin behar diogu. Eta kontzientziazio handia behar da”.

Goazen Bilbaok oraindik ez ditu eztabaidatu proposamenean jasotako neurriak. Hala ere, bere iritzia azaldu du Samir Lahdou bozeramaileak: “Haren filosofia garraio publikoa sustatu, kutsadura gutxitu eta barruan pertsona gutxi dakartzaten autoen sarrera saihestea izanik, esango nuke ez dugula gaizki ikusten”. Dena den, zenbait kasutan ordainsaria barkatzea aztertu beharko litzatekeela uste du. “Lanera urrutitik datozenak salbuetsi beharko lirateke erabili behar duten garraio publiko zerbitzuak gabeziak baditu”. Horrez gain, ibilgailu pribatua gizarte desberdintasunak areagotzeko elementu gisa ez erabiltzeko eskatu du.

Orduko 30 kilometro

Bada ezinegona sortu duen beste neurririk ere: abiadura orduko 30 kilometrora murriztea da horietako bat. Bilbo 30 gisa bataiatu dute. Gilek “oso garrantzitsu” deritzo. “Neurri horrekin batera, orduko gehienez 50 kilometroko abiadura duten bide alternatiboak ezartzea da ideia”. Sinetsita dago pedagogia eta kontzientzia politika baliatuta neurri horrek zirkulazioa arinduko lukeela. Kaleen lehentasunak finkatzea da eman beharreko lehen pausoa. “Gainera, auto pribatuak gutxitzen baditugu —eta hori da helburu nagusia—, auto ilarak desagerraraziko ditugu automatikoki”.

“Oso ondo” deritzo EH Bilduk. “Horrela ahalbidetuko da herritarrek bizikletak hartzea eta Bilbon dagoen zarata gutxitzea. Hainbat auzotan izugarria da eta. Batez ere, sarreretan”.

PPk ez du uste neurri hori eraginkorra izan daitekeenik. Bai harrapaketak saihesteko, ez, ordea, zirkulazioa arintzeko. “Teknikariek aitortua dute kale batzuetan abiadura orduko 30 kilometrora murrizten duzunean beste kale batzuk Bilbotik ateratzeko errepide bihurtzen direla”. Hiriguneko kale batzuetan oinezkoentzako lehentasuna ezarrita horixe bera gertatu dela dio: “Urkixo etorbidea, Indautxu plazatik aurrera, errepide bihurtu da. Orduko 30 kilometroko muga ez errespetatzeaz gain, 50ekoa ere ez da errespetatzen”.

Udalberrirentzat, neurria “oso interesgarria da. Korapilatsua, baina oso interesgarria. Eta neurri hori, zenbat eta auto gutxiago egon, are errazagoa da betetzen”. Lahmoudek ere babesa eman dio. “Herritarrek kontzientzia hartu behar dute hiria oinezkoena dela, ez ibilgailuena. Hiria baketu behar dugu. Argi izan behar dugu”.