“Herritarrak lan egiteko eta parte hartzeko prest daude”

Asun Gaztelu alkateari ez zaio gustatzen Larrabetzu udaletxeko balkoitik begiratzea; nahiago du plazara jaitsi, eta handik herriari so egitea, "herritarren parez pare". Zazpi hilabete eskas daramatza Gazteluk lan horretan, eta inoiz politikan aritu gabea bada ere, laguntza handia jasotzen ari dela aitortu du. "Gainera, ez gara hutsetik hasi beste udal batzuetan bezala, ezker abertzalea azken urteetan oposizioan egon baita". Horrek lana asko erraztu diela dio.

Herri txikia da, baina heldu bezain laster bizitza ikusten da kaleko bazter guztietan. Alkateak ere Larrabetzuren berezko alaitasun hori nabarmendu du, "astebururo dago zer edo zer, eskualde osoan bizitasun handiena duen herria da". Alde horretatik, Larrabetzuko elkarteek lan handia egiten dutela azpimarratu du.

Eskolako guraso elkartea da herri mugimenduaren adibideetako bat. Ikastetxeko jantokiaren kudeaketa haren esku dago guztiz: menua osatu, erosketak egin, langileak kontratatu… Horrela, beste elikadura kontsumo bat bultzatzea da gurasoen asmoa. Gaztetxearen lana ere goraipatu du Gazteluk. Orain dela 46 urte sortu zuten, "kultur arloan ekintza ugari antolatzen dira". Horrez gain, abesbatza ere badago Larrabetzun, baita Gurpide nekazaritza elkartea ere, larunbatero plazan merkatua antolatzen duena.

Alkatearen ustez, funtsezkoa da taldeek eta udalak elkarlanean dinamika ugari sustatzea, "bakoitzak bere arloan ahal duena egin dezan". Bide horretan, kultur bilgunea martxan jartzea izan da udal gobernu berriak egin duen lehenengo lanetako bat. Bertan bildu dira udaleko ordezkariak eta herriko elkarteak. "Jendea lan egiteko gogoz dago, eta udalaren ekimenetan parte hartzeko prest daude".

Horrela, auzolana bultzatzeko asmoa ere bueltaka dabilkio Gazteluren udal gobernuari. Larrabetzun erabili izan dute jadanik tresna hori, erreka inguruak garbitzeko, esate baterako. Egun ere, erreka atontzeko modu egokia izango litzatekeela uste du, sasiz eta harriz beterik baitago. "Euri jasa dagoenean uholde arriskua dago, baina erreka kanalizatzeko proiektua ez da inoiz gauzatu. Legez trabak baditugu ere, herritar guztien laguntzaz posible izan daiteke".

Gazteluren hitzetan, gardentasuna eta parte hartzea dira oinarri udal talde berriaren politiketan. Hasieran, herri programako asmo guztiak martxan jartzea zaila suertatu zitzaiela dio, "kudeaketak egunerokotasuna jan egiten du batzuetan". Herritarren asmoak entzun, eta beraien lana bertatik abiarazteko asmoz, urrian antolatu zuten lehenengo herri batzarra. "Hiru puntu jorratu genituen: udalaren funtzionamendua, aurrekontuak eta plan orokorra". Gerora, 2012ko aurrekontuak onartze aldera, beste bi bilkura ere izan dira.

Gazteluren ustez, aurrekontu parte hartzaileak bultzatzen diren lehenengo urtea denez, herritarrei kosta egiten zaie gaia menderatzea. "Hala ere, ekarpen ugari eta interesgarriak jaso ditugu. Batzuk, filosofia orokorrari dagozkionak; beste batzuk, gauza zehatzagoen inguruan", laburbildu du.

Hirigintzako plan orokorrari dagokionez, aurrerapena onartu berri du udalak, eta guztiz onartzea da orain bere erronka. "Zein motako Larrabetzu nahi dugun zehaztuko dugu", dio Gazteluk, "etxebizitzari, azpiegitura eta ekipamenduei, arlo ekonomikoari eta lurzoru ez urbanizagarriari dagokienez". Orain arte, gehienbat etxebizitza arloan buru-belarri aritu direla azaldu du, "herrian ez da eraikuntza berririk behar, zain daudenak eraiki, lonjak etxe bihurtzea aztertu, edo hutsik diren etxebizitzak betez, herriko beharrak ase ahalko lirateke".

Bizitzeko giro ederra

Herri batzarretan beste hainbat kezka ere azaldu ziren. Besteak beste, Txorierriko mankomunitatearen lanaren gardentasun falta salatu zuten, herriak dirua bertan inbertitzen duen heinean mankomunitatearen lana ondo ezagutu behar dela esan dute larrabetzuarrek.

Beste hainbat arazo ere badirela aipatu du Gazteluk. "Eskola txikitzen ari da, gero eta ume gehiago dagoelako; garraio publikoa ere ez da behar bestekoa". Izan ere, Galdakaoko ospitalea sei kilometro eskasera badago ere, ez dago hara heltzeko garraiorik, "Galdakaotik Bilbora doan autobusa ospitaletik ere igarotzeko lan egiten ari gara". Horrez gain, herriko osasun etxeak zerbitzu osoagoa eskain dezan, Osakidetzarekin hitz egiten dabil udala, "odol analisiak egiteko, adibidez, larrabetzuarrak lekualdatu behar ez daitezen". Baina, murrizketak ere aurreikusten ditu Gazteluk, egoera ekonomiko larria dela eta; kiroldegiko zerbitzua eskasagoa izango da 2012an, eta herritarrei kosta egingo omen zaie hori ulertzea.

Hala ere, Larrabetzun bizitzeari alde onak besterik ez dizkio ikusten Gazteluk: "Herri txiki honetan behar dugun guztia daukagu, bizitzeko giro ederra: lan egiteko gogoa da nagusi herritarren artean".

Eguberria kantuz iragartzen

Neguko hotzaren beldurrik gabe, eztarria bero-bero. Hala ibiltzen dira abenduak edo marijesiak abesten Bizkaiko hainbat herritan, Gabon aurreko egunotan. Busturialdeko hainbat herritan —Gernika-Lumon, Muxikan, Gautegiz Arteagan, Ean eta Ibarrangelun—, Lekeition, Iurretan eta Arratia inguruan eusten diote ohitura horri.

"Gabonen prestaketa ekintza moduan sortuko ziren, seguruenik", dio Denis Azkaratek; Gernikako abeslarien gidaria da, eta kantuan ibiltzen diren bakarlarietako bat. Hain zuzen ere, abendua latinezko adventus berbatik dator. Alegia, Eguberri aurreko lau igandeetan Eliza katolikoak Gabonak prestatzeko erabiltzen duen sasoiaren izenetik.

Letrak berak dioen modura, bederatzi gauez irteten dira, Gernikako kaleetan. Izan ere, Elizak ospatzen dituen jai garrantzitsuek bederatziurrena izaten dute aurretik. Fede katolikoak sinesten duen Gabon misterioa kantuz gogoratzen dute egunero. "Testamentu zaharretik hasi eta berriraino, kronologikoki abesten dugu", azaldu du Azkaratek.

Goizaldeko lauretan abiatzen dira, abenduaren 16an hasi eta abenduaren 24a bitarte, egunero. Ordu bi inguruz herriko kaleetan ibili ostean, 06:00 aldera bukatzen dute erronda. Azken egunean, gainera, bigarrenez irteten dira egun argiz, dirua biltzeko. Urtero GKEren bati ematen diote jasotakoa.

Marijesiak Andra Mari elizatik abiatzen dira. Herria asko handitu denez, ibilbideak sortu dituzte azken aldian, eta ez dira egunero auzo guztietatik igarotzen. Eta abesten dituzten letrak ere aldatuz doaz, Gabon eguna gerturatu ahala. Ibilian joaten dira kantuan, geldiune bakarrak elizetan egiten dituztelarik. Atarian jarri eta belauniko abesten dute, horretarako beren-beregi prestatutako kopla bat: "Sakamentu Santu jauna / zelebratu zanian / izena ipini eutsen / Jesus Salbadoria".

Lehen lau egunetan doinu bat erabiltzen dute, eta koplei "Maria, Jose / Jesus, Maria", bukaera gehitzen diete. Hortik datorkie Gernika-Lumoko errondei marijesiak izena. Azken bost egunetan beste doinu bat erabiltzen dute, eta "Jesukristo, adoratzen zaitugu, Jesukristo" esaten dute bukaeran. Orotara, 25 estrofa direla dio Azkaratek. Gauero hamahiru aldiz abesten dute errepertorio osoa. Azken eguneko eske errondan, egun argiz egiten duten horretan, beste estrofa batzuk gehitzen dizkiete aurreko egunetakoei, eta doinu alaiagoarekin aritzen dira kantuan.

Azkaratek marijesiak ezagutzen dituenetik ez dira batere aldatu. "Nik urte askoan izan dut ardura, eta beti izan dut buruan gu ez garela inor aldaketak egiteko. Marijesien protokoloa mantendu behar dugu. Adibidez, eukaristia dagoen elizetan belauniko abestu izan da beti eta horrela egiten jarraitu behar dugu. Edo bakarlari izandako bateren etxepetik igarotzean ere abestea da zuzenena". Gaur egun dena aldatzeko joera dagoela dio, baina ez du uste eurak inor direnik hainbeste mende iraun duen ohitura hori aldatzeko. "Zuzenketak egin ditugu, hori bai. Eta jendeari abesten irakasten diogu. Lehen halakorik ez zen egiten; bakoitzak zekien edo ahal zuen moduan abesten zuen". Tonuak ere igo dituztela dio.

Jesusen jaiotzaren berri ematen duten kopla hauen jatorria ez dago argi. Hala ere, oso aspaldikoa da kontua. "Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak Erdi Aroko euskal antzerkiaren hondarrak direla dio. Nik ez dakit hala den edo ez, baina badakigu gutxienez 1.600 inguruan dagoeneko abesten zirela", dio Azkaratek. Jose Javier Abasolo Tiliñok lehen aipamen idatziak ekarri ditu gogora. 1678an Mexikon zeogen Jose Lezamiz abade durangarrak Vida del Apostol Santiago liburua argitaratu zuen, eta lan hartan 1671n Nicolas Zubia abadeak Donostian argitaratutako Doctrina Cristiana en Vascuence liburuan idatzitako koplak aipatzen zituen. Gaur egun Bizkaiko herri hauetara iritsi diren kopla berberak edo antzekoak.

Ezberdintasunak

Tiliñok 50 urtetik gora daramatza Iurretako abenduak kantatzen —hala deitzen diote Durangaldeko herri honetan errondari—. Badu, Gernika-Lumokoaren aldean, beste ezberdintasun bat. Hastapenetan nola egiten zuten ez dakiten arren, gaur egunera arte iritsi den ohitura abenduaren 23an abestekoa da. "Gabon bezperan irteten gara, goizean eta arratsaldean", azaldu du. Eta halaxe egingo dute gaur ere.

Aurrekoei galdetu eta koplak bildu zituzten 1978 inguruan, galtzear zegoen ohiturak biziraun zezan. Baserrik baserri ibiltzen dira, 10:00etan hasita. Orozketa, Santa Apolonia eta Goiuri inguruan ibiltzen dira goizean; iluntzean, berriz, erdigunean. "Soinu txikiarekin ibiltzen gara, batetik bestera". Berrogei lagun inguruko taldea osatzen dute. Eta Oromiñon beste talde bat irteten dela dio Tiliñok.

Ean ere, Gernika-Lumon bezala, bederatzi egunez irteten dira. Baina kasu honetan herriko umeak dira abendu-mutilak abesten dituztenak. Hala deitzen zaie duela gutxira arte mutilek bakarrik abesten zituztelako. Loli Gorroño ibiltzen da, Maite Landarekin batera, antolatzaile lanetan. "Izenak izen, gaur egun neskek ere parte hartzen dute", azaldu digu Gorroñok. Hala, 7 edo 8 urte artetik 12 edo 13 urtera arteko umeak ibiltzen dira kalerik kale Ean.

Orotara, 11 gazte izaten ziren. Binaka jartzen dira umeak, makila eskuetan. Aurrean farola eramaten du hamaikagarrenak, eta azken egunean farola txilinagatik aldatzen dute. Eskolako ume gazteagoak ere joaten dira abendu-mutilen atzetik; hala, eurei egokitzen zaienerako badakizkite kantak zein diren.

Gernika-Lumon edo Gautegiz Arteagan bezala, Ean ere bederatziurrena egiten dute, iluntzean. 15ean hasi eta 24ra bitartean ibiltzen dira umeak kantuan. Azken egun horretan helduak ere irteten dira. Goizean hasi eta herrian hiru buelta ematen dituzte. Gero Bedaroara igotzen dira, eta han baserriz-baserri ibiltzen dira. Eta azkenik Natxituan abesten dituzte azken doinuak. 15a ere egun berezia izaten da umeentzat, arbola eta herria apaintzen duten argiak eurek abesten igaro ahala pizten direlako. Gernika-Lumon bezala, kopla ezberdinak dituzte: lehen egunetakoak, hurrengoetakoak, azken egunekoak eta egunero eliza atarietan sakramentu santuari abesten zaiona.

"Entzule asko izaten ditugu. Jendea zain egoten da, jakin badakitelako noiz eta nondik igaroko garen", dio Azkaratek. Gaurkoa edota biharkoa dira, bada, egun nagusiak abenduak edo marijesiak abesten dituzten herriotan.

Gernika-Lumoko dirua Boliviara joango da

Bihar egingo dute Gernika-Lumoko marijesiek eguneko erronda, diru eske egiten dutena. Aurten bildutakoa Boliviara bidaliko da. Tiraque herrian Tata Esteban fundazioak daukan lankidetza proiektua laguntzea da helburua, bertan haurtzaindegi bat egin nah...

MURRIZKETEK IKATZA MEREZI DUTE

Asteon Olentzero Bilbon izan da, Gabon gauari aurrea hartuta. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bisitatu zuen asteartean, hainbat gizarte eragilek lagunduta. Ikatza ekarri zien bertako agintari politikoei, gizarte laguntzetan egingo diren murrizketen ...

Hiriburuko musika gotorlekuaren urteurrena

Musikaren ezagutza eta zabalkuntza sustatzeko asmoz sortu zen Bilboko Koral Elkartea, ahots kantuei zegokiena plazaratzeko batez ere, 1886ko abuztuaren 3an. 125 urte hauetan, abesbatzaren musika entzuteko aukera izan dute makina bat lekutan, Euskal He...