“Herritarrak lan egiteko eta parte hartzeko prest daude”

Asun Gaztelu alkateari ez zaio gustatzen Larrabetzu udaletxeko balkoitik begiratzea; nahiago du plazara jaitsi, eta handik herriari so egitea, “herritarren parez pare”. Zazpi hilabete eskas daramatza Gazteluk lan horretan, eta inoiz politikan aritu gabea bada ere, laguntza handia jasotzen ari dela aitortu du. “Gainera, ez gara hutsetik hasi beste udal batzuetan bezala, ezker abertzalea azken urteetan oposizioan egon baita”. Horrek lana asko erraztu diela dio.

Herri txikia da, baina heldu bezain laster bizitza ikusten da kaleko bazter guztietan. Alkateak ere Larrabetzuren berezko alaitasun hori nabarmendu du, “astebururo dago zer edo zer, eskualde osoan bizitasun handiena duen herria da”. Alde horretatik, Larrabetzuko elkarteek lan handia egiten dutela azpimarratu du.

Eskolako guraso elkartea da herri mugimenduaren adibideetako bat. Ikastetxeko jantokiaren kudeaketa haren esku dago guztiz: menua osatu, erosketak egin, langileak kontratatu… Horrela, beste elikadura kontsumo bat bultzatzea da gurasoen asmoa. Gaztetxearen lana ere goraipatu du Gazteluk. Orain dela 46 urte sortu zuten, “kultur arloan ekintza ugari antolatzen dira”. Horrez gain, abesbatza ere badago Larrabetzun, baita Gurpide nekazaritza elkartea ere, larunbatero plazan merkatua antolatzen duena.

Alkatearen ustez, funtsezkoa da taldeek eta udalak elkarlanean dinamika ugari sustatzea, “bakoitzak bere arloan ahal duena egin dezan”. Bide horretan, kultur bilgunea martxan jartzea izan da udal gobernu berriak egin duen lehenengo lanetako bat. Bertan bildu dira udaleko ordezkariak eta herriko elkarteak. “Jendea lan egiteko gogoz dago, eta udalaren ekimenetan parte hartzeko prest daude”.

Horrela, auzolana bultzatzeko asmoa ere bueltaka dabilkio Gazteluren udal gobernuari. Larrabetzun erabili izan dute jadanik tresna hori, erreka inguruak garbitzeko, esate baterako. Egun ere, erreka atontzeko modu egokia izango litzatekeela uste du, sasiz eta harriz beterik baitago. “Euri jasa dagoenean uholde arriskua dago, baina erreka kanalizatzeko proiektua ez da inoiz gauzatu. Legez trabak baditugu ere, herritar guztien laguntzaz posible izan daiteke”.

Gazteluren hitzetan, gardentasuna eta parte hartzea dira oinarri udal talde berriaren politiketan. Hasieran, herri programako asmo guztiak martxan jartzea zaila suertatu zitzaiela dio, “kudeaketak egunerokotasuna jan egiten du batzuetan”. Herritarren asmoak entzun, eta beraien lana bertatik abiarazteko asmoz, urrian antolatu zuten lehenengo herri batzarra. “Hiru puntu jorratu genituen: udalaren funtzionamendua, aurrekontuak eta plan orokorra”. Gerora, 2012ko aurrekontuak onartze aldera, beste bi bilkura ere izan dira.

Gazteluren ustez, aurrekontu parte hartzaileak bultzatzen diren lehenengo urtea denez, herritarrei kosta egiten zaie gaia menderatzea. “Hala ere, ekarpen ugari eta interesgarriak jaso ditugu. Batzuk, filosofia orokorrari dagozkionak; beste batzuk, gauza zehatzagoen inguruan”, laburbildu du.

Hirigintzako plan orokorrari dagokionez, aurrerapena onartu berri du udalak, eta guztiz onartzea da orain bere erronka. “Zein motako Larrabetzu nahi dugun zehaztuko dugu”, dio Gazteluk, “etxebizitzari, azpiegitura eta ekipamenduei, arlo ekonomikoari eta lurzoru ez urbanizagarriari dagokienez”. Orain arte, gehienbat etxebizitza arloan buru-belarri aritu direla azaldu du, “herrian ez da eraikuntza berririk behar, zain daudenak eraiki, lonjak etxe bihurtzea aztertu, edo hutsik diren etxebizitzak betez, herriko beharrak ase ahalko lirateke”.

Bizitzeko giro ederra

Herri batzarretan beste hainbat kezka ere azaldu ziren. Besteak beste, Txorierriko mankomunitatearen lanaren gardentasun falta salatu zuten, herriak dirua bertan inbertitzen duen heinean mankomunitatearen lana ondo ezagutu behar dela esan dute larrabetzuarrek.

Beste hainbat arazo ere badirela aipatu du Gazteluk. “Eskola txikitzen ari da, gero eta ume gehiago dagoelako; garraio publikoa ere ez da behar bestekoa”. Izan ere, Galdakaoko ospitalea sei kilometro eskasera badago ere, ez dago hara heltzeko garraiorik, “Galdakaotik Bilbora doan autobusa ospitaletik ere igarotzeko lan egiten ari gara”. Horrez gain, herriko osasun etxeak zerbitzu osoagoa eskain dezan, Osakidetzarekin hitz egiten dabil udala, “odol analisiak egiteko, adibidez, larrabetzuarrak lekualdatu behar ez daitezen”. Baina, murrizketak ere aurreikusten ditu Gazteluk, egoera ekonomiko larria dela eta; kiroldegiko zerbitzua eskasagoa izango da 2012an, eta herritarrei kosta egingo omen zaie hori ulertzea.

Hala ere, Larrabetzun bizitzeari alde onak besterik ez dizkio ikusten Gazteluk: “Herri txiki honetan behar dugun guztia daukagu, bizitzeko giro ederra: lan egiteko gogoa da nagusi herritarren artean”.