"Haren obraren eta izenaren aitortza egin gabe zegoen, eta honi esker zor bat kitatu dugula esango nuke". Hitz horiekin aurkeztu du Javier Viar Bilboko Arte Eder museoaren zuzendariak Anselmo Guinearen (Bilbo, 1855-1906) lanekin osatutako erakusketa m...
%4,1
• Hiri hondakinen murrizketa Bizkaian. 2.000 herritar gehiago dauden arren, 2010ean baino 25.000 hiri hondakin tona gutxiago bildu ziren Bizkaian iaz: 588.804 tona. Alegia, %4,1 egin du behera. Hala, 1996an zuen mailara itzuli da herrialdea. Gainera, zaborraren %71 aprobetxatu egin da.
“Egoera zaila da haiena, baina zoriontsu dira”
Poza eta energia asko dakarte. Euren kulturetatik eta bizitza ikusteko duten modutik asko ikasteko aukera ematen dute. Izugarria da ikustea nola gozatzen duten guretzat egunerokoak diren gauzekin eta zer-nolako garrantzia ematen dieten". Horrela laburbildu du Juan Mari Ortegak Macsim eta Nastasiya Txernobylgo (Ukraina) umeak uda sasoian etxean hartzeak zer esan nahi duen harentzat eta Mari Jose Uriarte emaztearentzat.
2006az geroztik hartzen dute etxean Nastasiya, eta 2007az geroztik Macsim. Datorren azaroan 15 urte beteko ditu Nastasiyak, eta abuztuan 16 egingo ditu Macsimek; biak ere Txernobylgo Umeak elkartearen bitartez hartzen dituzte. Hasierako komunikatzeko arazoak eta "Nastasiyak zuen melankolia" gaindituta, esperientziarekin "oso pozik" daudela azaldu du.
"Hasieran, supermerkatuak ikusita harritu egiten ziren. Hango supermerkatuak ez dira hemengoak bezalakoak, eta hemen erraz eskura dezakezuna han ezin dute erosi. Ur beroa, berogailua, garbitasuna, garraioak… Hainbat gauzak harritzen zituzten. Baita kalean lasai asko ibiltzeak ere", ekarri du gogora.
Gobernuak alboratuak dituela azaldu du Ortegak. "Zentral nuklearrarekin gertatu zen hondamendiaren ondoren, hemen duela 60 urte bizi ginen moduan utzi dituzte. Inork ez du euren ardura hartzen, gobernuak ezkutatuta dauzka, ez daukate baliabiderik, han ez daukate euren ardura hartuko duten gizarte zerbitzurik… Hangoa bizirik irautea da", laburbildu du.
Juan Mari Ortega eta Mari Jose Uriarte Bilboko bikotearentzat zailena bi gazteak Ukrainara bueltatu ondorengo egunak dira. "Etxea hutsik geratzen zaizu; altzariak ere desagertu egin direla ematen du. Izan ere, gazteok oso maitekorrak dira; etengabe dauzkazu zure ondoan, eta, bat-batean, desagertu egiten dira. Lehenengo egunak, bereziki, oso zailak dira", aitortu du.
Bi neba-arreba horien kasuan, behintzat, familia egituratua dutela-eta, pozik dago Ortega. "Guraso zoragarriak dituzte; euren seme-alabenganako ardura oso handia dute. Etxean giro egonkorra bizi dutela nabaritzen zaie, gainera, umeei", esan du. Beraz, udako oporraldia bukatuta etxera bueltatu behar direnean triste bai baina lasai asko geratzen direla aitortu du: "Badakizu euren familiekin bueltatuko direla, ez doazela umezurtz etxe batera".
Balmasedako Maite —nahiago izan du abizena ez agertzea— ez da iritzi berekoa. Haren ustez, gogorra da umeek umezurtz etxera buelta behar izatea; "baina ume hauek oso gogorrak dira; bizirik irauten ikasi behar izan dute. Bueltatzen direnean badakite hemen norbait dutela. Gogorra da, baina onartuta daukagu, bai eurak, baita guk ere", esan du.
Hamar urte daramatza Errusiako umeak hartzen Bikarte elkartearen bitartez. 7 urte zeuzkan Anastasiak lehenengoz hartu zuenean. Umezurtz etxe batean bizi da. "Eskolara doa, eta oinarrizko betebeharrak aseta dauzka, baina, afektibitatea falta du", adierazi du. "Anastasiak orain 18 urte egingo ditu, eta estatuaren menpeko umezurtz etxeetan adinez nagusi egiten diren gazteei ez diete etortzen uzten; beraz, oraingoz ezin izango dut berriz ekarri". Egoera hori ere gogorra egiten zaion arren onartu beharra dagoela deritzo.
Duela bi urte, bestalde, Danil harreran hartzeari ekin zion. Danilek 9 urte dauzka, eta familia dauka, baina Txernobyldik gertu bizi da, eta kutsaduraren ondorioak arintzeko bere etxera eramatea erabaki zuen Maitek. "Oso txiroak dira; landatzen dutena jaten dute, eta nahikoa baldintza latzetan bizi dira. Inor ez litzateke baldintza horietan bizi beharko". Izan ere, hasieran ikusi zuen egoerarekin harrituta geratu zen Maite: "Ume horiek ez daukate indarrik. Hona datorrenean, hamar metro korrika egin eta lurrean etzan behar du nekatuta. Etxera bueltan doanean, ordea, ez zaio horrelakorik gertatzen".
Maiteren ustez, Anastasiak gehien estimatzen duena maitasuna eta norbaitekin hitz egin ahal izatea da. Danilen kasuan, "bere herritik atera ahal izateko aukera" eskaintzen diotela dio.
Bai Ortegak baita Maitek ere familiak umeak hartzera animatuko lituzkete. "Denbora behar duzu, eta dirua ere bai, baina trukean ematen dizutena askoz handiagoa da. Guk asko ematen diegu, baina eurek ere asko ematen digute guri".
@sarean
Txernobylgo Umeak elkarteari buruzko informazioa nahi duenak ondoko bideen bitartez eskura dezake. Harrera familia gisa izena emateko azken eguna: otsailak 22.
• chernobilekoumeak.blogspot.com
• chernobilekoumeak@gmail.com
• Telefonoa: 606-53 38 27
@sarean
Bikarteren bitartez Errusiako edo Bielorrusiako umeak harreran hartu gura dituztenek ondoko bideen bidez egin dezakete martxoaren erdi aldera arte.
• www.bikarte.com
• bikarte@yahoo.es
• Telefonoak: 605-70 90 24, 687-86 07 78, 605-70 90 27 eta 605-70 90 19.
Bikarte, Gallartatik Arabara eta Gipuzkoara hedatuz
Bikarte elkartea Gallartan sortu zen duela hamalau urte. Julia Asenjo kideak gogorarazi du ingurua meatzaldea izanik 1936ko gerrako ume askok Errusiara jo zutela. Horrek kezka piztu zuen herrian; umezurtz etxeetako umeei laguntzeko nahitik abiatuta so...
6 eta 17 urte bitarteko umeak dira denak.
6 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteak dira harrera familiek hartzen dituztenak. Txernobylgo umeen kasu zehatza da hori. Saharakoak 7 eta 12 urte bitartekoak dira. Bikarterekin datozenak, berriz, 7tik 17ra bitartekoak dira.