Bizkaia, hamaika zulobidez osatutako “Gruyere gazta bat”

Gaur egun, Historiaurreko gizakien arrastoak gordetzen dituzten kobazuloen inguruko ezagutza nahiko hedatuta dago. Horrez gain, margolanak babesteko neurriak orokortu dira, eta, duela zenbait urte ez bezala, turistek galarizata dute irudiak dituzten geletarako sarrera. Haitzulo askoren aberastasun biologiko zein geologikoa oso handia izanagatik, ez da hain nabarmena lurrazpiko ondare horri egiten zaion aitortza. Hala ere, Bizkaian faunaren eta konposaketa mineralaren aldetik interesa duten kobazuloen kopurua oso ugaria da.

XX. mendean, Euskal Herriko espeleologia talde aitzindariek harpeak arakatzen hasi ziren. Antzinako gizakien mundu ikuskera islatzen zuten artelanez gain, altxor geologikoak aurkitu zituzten. Bizkaian, kareharriz osatutako mendietan kokaturik daude haitzulorik nabarmenenak. Izan ere, oso harkaitz gogorra da kareharria eta higadurak pitzatu egiten du tolestu beharrean. Modu horretan sortu ziren herrialdeko lurrazpia zeharkatzen dituzten galeriak.

Bizkaiko mendiak ez ezik, Euskal Herriko iparralde osokoek duela 45 milioi urte itsasotik azaleratutako eremu karstiko bat osatzen dute: Iberiako eta Europako plakek talka egin zuten orduan, Pirinioak eta euskal mendikateak altxatuz. Hala, Europako plakaren gainean jalki ziren Bizkaian dauden kareharrizko gune hauek. Horrek azaltzen du gaur egun Bizkaiko kobazulootan bizi den fauna Europakoaren antzekoa izatea, eta Iberiar penintsulako leizeetan topatu daitekeenarekin alderatuta hain desberdina izatea. Espeleologoen pozen eta kezken iturburu nagusiak honakoak dira:

1. Altxor biologikoa

Baliabide teknikoak garatzearekin batera antzeman zuten ikerlariek harpeen aberastasun biologikoa. Tamaina milimetrikoa duten ornogabe asko eta ornodun txiki batzuk—saguzarrak, batik bat— osatzen dute Bizkaiko leizeetako fauna. Lurpeko inguru heze eta ilunetan bizitzera ohitutako animalia horiek troglobioak dira: gehienak aro Tertziarioan bizi ziren eta dagoeneko lurrazaletik desagertu diren izakien ondorengoak dira. Ondorioz, fosil biziduntzat har daitezke, eboluzioaren bitartez gaur eguneko kobazuloetan bizirautea lortu dutenak. Troglobio horietako asko espezie endemikoak dira, Euskal Herrian baino ezin daitezkeenak topatu, alegia.

Bioespeleologoak dira harpeetako fauna aztertzeaz arduratzen diren ikerlariak. Hainbat irteera espeleologikotan antolatu ohi duten euren lana, lehenengo saioan animaliak erakartzen dituzten amuak ezarriz eta hurrengoetan jasoz, ondoren laborategian aztertzeko. Dena den, laginen bilketa horiek "ikerketa proiektuaren helburuak oso zehatzak direnean dute zentzua", Aranzadi zientzia elkartetik ohartarazi dutenez: "aldez aurretik zehaztu beharko da bildutako aleak non gordeko diren eta zein adituk ikertuko dituzten".

2. Ikerketa herrenak

Alfonso Atxia espeleologi zientzien elkarteko kide Jabier Lesek oso modu grafikoan irudikatu duenez, "Bizkaia Gruyere gazta bat da". Izan ere, kareharriz osatutako eremuen hedapen handia dela eta, 2.000 koba baino gehiago daude herrialdean. Lesen hizetan, "Bilboaldea inguratzen duten mendi guztiak karstikoak dira, eta haitzuloz josita daude".

Karrantzan dauden Pozalagua eta Torca del Carlista kobazuloek osatzen dute "Bizkaiko multzo monumentalik handiena", Alfonso Antxia elkarteko partaidearen ustez. Azaldu duenez, aberastasun geomormologikoa da Pozalaguako kobaren arlorik interesgarriena. "Oso ohikoak ez diren hainbat formazio daude bertan; ezentrikoak, esaterako. Horrez gain, dentsitate handia dago eta edertasun handiko multzoak daude kobazuloaren barnean".

Torca del Carlistari dagokionez, berriz, gelaren tamaina nabarmendu du Lesek: "Europako gelarik handiena da, eta munduko hirugarrena". Lurrazpiko egituraren handitasuna irudimenaren bidez ulertzera emate aldera, esan daiteke bertan San Mames futbol zelaia halako sei edo zazpi sartuko liratekeela, gutxi gora behera.

Bestalde, Bizkaiko kobetan egin diren ikerketa geologiko gehienak "oso oinarrizkoak" dira Lesen ustez. "Ez da egin karsta modu orokorrean ulertzea ahalbidetuko lukeen ikerketarik. Kobak banaka ikertu dira, baina ez multzo gisa". Salbuespenak badaude, ordea: EHUko Geodinamika departamenduak Aramotzeko karstean hogei urtez egindako lana goraipatu baitu Lesek. Dioenez, arlo biologikoan ere "oso ikerketa gutxi egin dira". Lurrazpiko fauna "era sistematikoan lantzen duen ikertzailerik ez dagoela" gaineratu du. "Ikertzaileen lan bakanak daude, baina bakoitzak espezie bakarra menperatzen du".

3. Kutsadura arazoak

Balio ekologiko handiko eremuak izanagatik, kobazuloetako inguruek kutsadura mota ezberdinak pairatzen dituzte. Ades espeologia taldeko kide Oier Gorosabelek nabarmendu duenez, "lurpeko mundu horrek izan duen arazorik nabarmenena hondakinena izan da".

Alde batetik, urteetan kobak kontrolik gabeko zabortegi gisa erabili izan direla aipatu du. Hala ere, egoerak gutxinaka hobera egin duela uste du. "Zorionez, gainditzen gabiltza: debekatuta dago, isun gogorrak daude eta zaborren bilketa ere antolatu egin da". Azken puntu horri dagokionez, hiriguneetatik kanpo bizi diren pertsonek hondakinak botatzeko izan dituzten zailtasunak aipatu ditu, eta horrek eragiten zuela kobazuloak zabortegi gisa erabiltzea. "Aintzat hartu behar da baserri auzo batean bizi zen pertsona batek tresna zaharren bat botatzeko ez zeukala batere erraz". Aitzitik, gaur egun etxez etxeko zabor bilketa asko hedatu da, hondakinen arazoa urrituz.

Bestalde, hondakin industrialen alorrean "kontrol gutxiago dagoela" nabarmendu du Gorosabelek, eta, gainera, sektore horretan "kontrolatzeko premia handiagoa dela". Jatorri industrialeko hondakinen artean lantegietakoak, nekazaritza zein abeltzaintza ustiapenek eragindakoak eta hondakin urak aipatu ditu Adeseko kideak. Azken horien garrantzia nabarmendu du. Izan ere, "haitzuloetatik pasatzen den ura garrantzitsua da, gero etxean edaten duguna delako".

Gorosabelek ohartarazi duenez, horrelako kasuak "ohikoak" dira. Bere iritzia azaltzeko, gertakari bat ekarri du gogora: "Orain dela zenbait urte, Aulesti Prakamai izeneko iturri batetik hornitzen zen. Gure ikerketetan deskubritu zen Prakamaiko ura Ispasterko herriaren hondakinen irteera nagusia zela. Gaur egun, beste leku batetik hartzen da ura". Horrelako arazoak ekiditeko, Ura agentzia espeleologoekin "elkarlan estuan" aritzen da.

Halaber, ikerketa zientifikoak egitean horrelako arazoak dituzten guneak identifikatzea "nahikoa erraza dela" adierazi du Gorosabelek. Hondakin industrialen isurketak jasan dituzten eremuak zehaztu ostean, auziak konpontzeko erakunde publikoekin eta lurren jabeekin elkarlana egiten saiatzen direla azaldu du espeleologoak, "salaketaz salaketa ibiltzea ez delako bidea". Harrobiak aipatzen ditu kobentzako beste arazo nagusi gisa: "Kareharria da porlana egiteko osagai nagusia; beraz, harrobiek karsta ustiatzen dute; kobak sortzen diren eremua, alegia". Horri lotuta, "larritzat" jo du Eusko Legebiltzarrean babestutako natur guneetan harrobiak ezartzeko debekua bertan behera uzteko proposamena aztertu izana.

Kaleko artearen festa

Artekale Eguna

Otxandio

Lehenengo Artekale Eguna ospatuko dute domekan Otxandion. Kaleko artearen topagune bihurtuko da herria egun batez. Egun osoan, hamahiru ikuskizun aurkeztuko dituzte.

Jaialdiari hasiera bihar emango diote. Jon Zabal magoak ilusionismo psikologikoa jorratzen duen umorezko ikuskizuna eskainiko du gaztetxean.

Igandean 10:00etan emango diote hasiera festari. Umeentzako ikuskizun bat izango da abiapuntua. En la Lona konpainiak Momentu Ridiccoli eskainiko du Andikona plazan.

Ostean, 13:30era arte, jende guztiarentzako ekitaldiak hasiko dira. 11:00etan, Trapu Zaharrarekin batera, txupinazoa eta kalejira egingo dituzte Andikona plazatik Plaza Nagusira.

11:20an, bestalde, Artekaletik Plaza Nagusira Gaitzerdi antzerki taldeak Armenio eskainiko du. Plaza Nagusian, Zirkale taldeak A ze parea! antzeztuko du, 11:50ean. 12:30ean, ikuskizun bi izango dira: Salitre konpainiak On egin mon amour interpretatuko du Plaza Nagusitik Andikona plazara. Udaletxeko aterpean, bestalde, Reziclonk! eskainiko du Turukutupak.

13:30ean, umeentzako Libertia lana interpretatuko du Hortzmugak Plaza Nagusian. Ondoren, helduentzako bi lan aurkeztuko dituzte; biak ala biak, 13:45ean: Latirili Teatrok Sim & Sam, tabernaz taberna, Artekaletik. Oihulari Klown taldearen eskutik, bestalde, Pronóstico reservado ikusteko aukera izango da leku berean.

Umeak protagonista bihurtuko dira berriz ere 16:00etatik 17:45era. Debote Enbotek Argotu interpretatuko du Artekaletik Plaza Nagusira. 17:00etan, Toni La Salen txanda iritsiko da Andikona plazara, Teleipuina-rekin.

Bukatzeko, jende guztiarentzako bi lan izango dira: 17:45ean, Sebastopoleko Titiriteroak taldeak Otxandioko Maskarada aurkeztuko du Andikona plazatik Plaza Nagusira. 18:45ean, Trapu Zaharrak La avería interpretatuko du, Plaza Nagusitik Artekalera eta Andikona plazara.

Artekale Egun hau Artekale Kale Arteen Topaketa Profesionalak Euskadin elkarteak antolatu du Otxandioko Udalarekin batera.

HONDARTZETAKO SOROSLE ONENEN BILA

Udara begira, Bizkaiko hondartzetan sorospen lanak egiteko hautaprobak egin zituzten joan den asteburuan. Plentzia eta Gorlizko hondartzetan egin ziren probak. 300 hautagai baino gehiago sartu ziren uretan, ahalik eta ondoena egiteko helburuarekin. Ir...

Egunean, gehienez, hiru amuarrain har daitezke

Arrantzale bakoitzak egunean, gehienez, hiru amuarrain arrunt edo amuarrain ostadar har ditzake tarte libreetan, eta tarte mugatuetan bi Balmasedako eremu mugatuan, eta gainerakoetan hiru. Kanabera soilik erabil daiteke —bi, gehienez—. Debekatuta dago arrain biziak edo hilak beita gisa erabiltzea.

@sarean

Bizkaiko Arrantza Federazioak bere webgunea dauka sarean. Bertan, federazioari buruzko informazioaz gain, arrantzari buruzko legeak eta 2012ko arrantzaldiko baimen eta debekuei buruzko informazioa jasota daukate, baita arrantza guneen zerrenda ere.

www.fbpesca.org.

Bi arrantza eskola ditu Bizkaiko federazioak

Umeei eta gazteei arrantzaren jarduera hurbiltzeko, bi arrantza eskola ditu Bizkaiko Arrantza Federazioak: bata Ugaon dago, eta hara ikastetxeetako gazteak joaten dira; bestea Bilboko Areatzakoa da, eta domeka guztietan daude bertan. Hala ere, federaz...