750.000

Aldundiak Azkue Fundazioari emango dion laguntza. Bizkaiko Foru Aldundikoak Azkue Fundazioari 750.000 euroko laguntza ematea erabaki du. Euskararen Etxea kudeatzeko da diru hori.

Euskararen jatorria aztertzeko zazpigarren biltzarra, Diman

Euskararen Jatorriaren zazpigarren Biltzarra antolatu dute biharko Diman. Aurten, etnografiak hizkuntzalaritzari egin diezaiokeen ekarpenari buruz egingo dute hausnarketa.

Julio Caro Barojak eta Joxemiel Barandiaranek egindako azterketak eta proposatutako zenbait etimologia aztertuko dituzte, besteak beste. Hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte egun osorako. Horrez gain, Dimako Jentilzubi eta Baltzolako kobazuloetara bisita egingo dute. Parte hartu gura duenak izena eman beharko du Dimako Elizalde aretoan.

HITZALDIAK

10:00. Joxemiel Barandiaran eta Caro Barojaren ekarpenak hizkuntzalaritzari.

10:45. Felix Zubiaga: Euskal etnografia eta euskara.

11:45. Javier Goitiaren hitzaldia: Euskararen lur eta paperetako oinatz galduak.

12:30. Mahai ingurua: Etnografia eta hizkuntzalaritza.

16:45. Dimako Jentilzubi eta Baltzolako haitzuloetara bisita.

18:30. Mahai ingurua: Euskarari buruzko aurreiritziak.

19:30. Luis Silgoren hitzaldia: Iruña-Veleia eta euskararen egonkortasuna.

Roscubas anaiek ikusle bat ekarri dute parkera

Vicente eta Fernando Roscubas anai bikiek sortutako El espectador (Ikuslea) da Meatzaldea Goikoan berriki finkatutako artelanetako bat. Eskulturak altzairuzko oinarria dauka, eta haren norabidea ikustean dudak sortu zaizkie. Vicentek azaldu du horren ...

Eskulturaren bidez, burdinaren iragana eta etorkizuna soldatuz

Meatzaldeko bihotza da Zugaztieta herria (Trapagaran). Burdinari dagokionez, herri aitzindaria da: bertan sortu ziren XIX. mendearen erdialdean Bizkaiko industrializazioari —baita Euskal Herrikoari ere— hasiera eman zioten meategiak. Izatez, ziklikoa da historia: behin eta berriz errepikatzen da; Zugaztieta eta burdinaren arteko lotura lantzean behin berresten den modu berean.

Izan ere, eskultura parkea sortzen ari dira Zugaztietan. Parkea dagoen tokian bertan, meategi bat egon zen hainbat hamarkadaz, burdinaren ustiapen intentsiboa, lurreko azken geruza baliagarriak zulatu, eta ura azaleratzen hasi zen arte. Orain, Hustion, Arkotxa zein Blondis urmaelek eta hainbat berdegunek edertasun handiko inguru natural bat osatu dute, gizaki askoren sufrimenduaren lekuko izan den leku berberean.

Nola ez, bertan kokaturiko artelan gehienek burdina du osagai nagusitzat. Asteon, beste bi lan jarri dituzte inguruan, Roscubas anaien El espectador (Ikuslea) eta Egoitz Iñurretaren Azpiegitura, hain zuzen ere. Guztira, gaur egun hogei eskultura daude Meatzaldea Goikoa izena hartu duen parkean.

Hala, lehen eskulturak zituen parkea zen, baina eskultura parkea da orain Zugaztieta ondoko eremua. Guillermo Olmo eskultorea da proiektuaren sustatzaileetako bat. Hark azaldu duenez, egitasmoaren helburu nagusia da "parkea euskal eskultura osotasunean biltzen duen erakusketa bat izatea". Hori lortzeko bidean, gaur egun Euskal Herrian eskulturgintza lantzen duten autore gehienen obraren bat bederen Zugaztietako parkean jartzen saiatuko da Olmo.

Bultzada baten beharrean

Olmoren ustez, 1970 eta 1980ko hamarkadetan zenbait artistak —Oteiza, Txillida, Mendiburu—arrakasta eta aitorpena lortu ondoren, gaur egun moteldu egin da eta "bultzada bat behar du euskal eskulturgintzak".

Azken hamarkadetan ere Euskal Herrian maila handiko eskultoreak agertu direla nabarmendu du: "Dagoeneko 20 edo 30 urteko ibilbidea egin duten zizelkari asko dago, mundu osoan erakusketak izan dituztenak. Hemen, berriz, ez dago leku bat non egin dezakezun eskultura lokala aztertzen duen ibilbide bat". Horrenbestez, parkea Euskal Herriko eskulturgintzarentzat leku erreferentziala izatea espero du Olmok: "Aitormen handia duten eta nagusiak diren autoreen obrak egotea nahi dugu, baina baita Egoitz Iñurretaren moduko gazteenak ere".

Bilbon kultur eskaintza zabala egonda eta hiriburuko museoak ikustera datozen turisten ezaugarriak kontuan hartuta, parkeak arrakasta izateko aukera du, zizelkariaren iritziz: "Euskal Herria mundu mailako kultur turismoaren barnean dago. Jendea hona dator Guggenheim museoa ikustera, eta euskal zizelkariekin zer gertatu den galdetzen dute; gehienek gehiago jakin nahi dute".

Bestalde, Zugaztietak turista asko erakartzen dituela gogora ekarri du Olmok. Haren irudiko, eskualdeko gastronomia eta historia ezagutzearekin batera, parkeari bisita egin diezaiokete turistek. "Ingurune naturala oso polita da, eta osagai historikoa ere badago: Meatzaldea ikustera datorren jendea dago. Bizkaiko industria iraultza osoa burdin meategi hauetan hasi zen. Euskal Herriko industriaren jatorria hemen dago".

Halaber, meatzaritzarekin hain lotura handia duen eremu batean kokatuta eskulturak ingurunean "oso ondo integratzen" direla esan du Olmok: "Pieza hauek hemen jartzeak meategietatik atera zen burdina artelan bilakatuta hona itzultzea esan nahi du".

Proiektua sendotzen

2008an jarri zen martxan parkean eskulturak ipintzeko proiektua. Harrezkero, nabarmen egin du aurrera Meatzaldea Goikoak. Lurzoruen jabe diren Bizkaiko Foru Aldundiari eta Trapagarango Udalari "eskerrak" eman dizkie Olmok egitasmoa abiarazteko bidea egiteagatik. Hala ere, adierazi du orain erakunde horien parte hartze ekonomikoa "beharrezkoa litzatekeela". "Ahalik eta lasterren", gainera.

Izan ere, proiektua pauso bat haratago eramaten saiatzen ari dira, zizelkari guztien inguruko azalpenak emango lituzketen panelak jarriz eta lan guztiak bilduko lituzkeen ibilbide artistiko bat egituratuz. Horrez gain, parkeari eskainitako webgunea sortzeko prozesuan murgilduta daude sustatzaileak. Meatzari iragana eta artelanak uztartuta parkeak "interes didaktiko handia" izan dezakeela uste dute sustatzaileek. Horretarako, baina, "garbikuntza eta kontserbazio lanak abiarazi" beharko liratekeela gaineratu dute.

Egun, Peñas Negras izeneko ingurumeneko interpretazio zentroko langileek gidatutako bisitak egiten dituzte Meatzaldea Goikora. Hori dela eta, 2011n 30.000 pertsona inguruk ikusi zituzten eskulturak, parkea bultzatu duten artistek egindako kalkuluen arabera. "Ontzat" eman dute iazko bisitari kopurua. "Izan ere, eskaintza artistikoa murritzagoa zen eta ordura arte parkeak ez zuen inolako oihartzun mediatikorik izan".

Hiru aste barru, beste bi eskultura jarriko dituzte parkean, Iñigo Arregirena bata eta Alberto Torresena bestea. Uda partean, bost eskultura gehiago ekarriko dituzte. "Urtea bukatzerako, hemen 25 lan egotea espero dugu". Horrez gain, aurten Art-Ola kolektiboak hiru ekintza artistiko egingo ditu parkean bertan. Lau urteko ibilbidearen ostean, sendotzen ari den proiektua da Meatzaldea Goikoa.

Arenatzarte, artea eta ingurumena bat eginez

Gueñesen ere bada egurats zabaleko erakusketa bat. Arenatzarte du izena, eta Arenatzako lorategi botanikoan dago. Artearen eta ingurumenaren arteko lotura egin nahi dute harekin. Hori lortzeko, abangoardiako hainbat eskultura ezarri dituzte lorategian. 1,5 hektarea dituen gunea da, eta berezitasun handiko 30 zuhaitz daude bertan, horietako zenbaitek ehun urte inguru dituztelarik.

Arteari dagokionez, lau eremu ditu Arentzartek. Alde batetik, egurats zabaleko erakusketa iraunkorra dago: Koldobika Jauregi, Angel Garraza, Marijose Rekalde, Mikel Lertxundi, John Stone eta Roscubas anaien eskulturek osatzen dute. Bestetik, Kristalezko Eraikuntza eta Lorategi Etxea daude. Haien helburua edozein diziplina artistikoko erakusketa ibiltariak jasotzea da. Halaber, paperezko jantzien erakusketa ikus daiteke bertan.

Azkenik, Villa Urrutia izeneko etxea dago, gaur egun udaletxea dena, alegia: 1910ean eraiki zuen Mexikon aberastutako Leandro Urrutiak, eta indiano estiloko eraikuntza bat da.

Enpresen %49k ez dute betetzen elbarriak kontratatzeko kuota Bizkaian

Urritasunen bat dutenak gizarteratzeko legearen arabera —1982an onartu zen—, langileen %2k gutxienez elbarritasunen bat dutenak izan behar dute 50 behargin edo gehiagoko enpresetan. Bizkaian, ordea, enpresen %49k ez dute errespetatzen hori. Hala, Lanbide eta Lantegi Batuak erakundeak elkarrekin egindako azterlanaren arabera, Bizkaiko biztanleen %7,37 elbarritasunen bat badute ere, beharginen artean kopurua askoz ere urriagoa da: %1,1koa. Lantegi Batuak erakundeko zuzendari Txema Francoren esanetan, "larria da hainbeste urte igaro ostean betetzen ez dutenen maila hainbestekoa izatea". Legeak duen gaitasun hertsagarri urriaren ondorio dela iruditzen zaio. Horregatik, neurriak hartzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari.

Lurralde historikoko 400 enpresa hartu dituzte lagin modura, eta horietan beharrean ari diren 300 langileren egoerari erreparatu diote. Bizkaiko enpresen %27k bakarrik daukate urritasuna daukan beharginen bat gutxienez soldatapean. Alegia, %73k ez daukate bakar bat ere ez. Lantegi Batuetako kide Andoni Garairen ustez, "enpresek duten konpromiso faltaren adierazgarri garbia da datu hori". Gainera, egungo krisi egoeran kontratazioek beherantz egin dutela nabarmendu du Garaik. Hala, enpresek elbarritasuna duten gizon-emakumeen gizarteratzea ahalbidetzeko are esfortzu handiagoa egin beharko luketela iruditzen zaio.

Garaik azaldu duenez, ez dago lotura zuzenik enpresaren tamainaren eta urritasunen bat dutenen kuotaren artean. Bereziki, industria sektoreko enpresetan egiten dituzte horrelako kontratazioak. Bizkaiko urritasunen bat duten beharginen artean %61 dira gizonak, eta %39 andreak. Beharrean dabiltzan elbarrien soslaia irudikatzen ahalegindu dira: gizonak, 25- 45 urte artekoak. Lan kontratu mugagabea izan ohi dute eta ikasketa maila apala. Garbiketan, lorezaintzan, turismoan, administrazioan, ostalaritzan edo industrian ari dira. Urteko soldata gordina 12.000 eta 14.000 euro artekoa izaten da, oro har.

LANEAN HILDAKOAK GOGORATZEKO

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Sopelako Udalak herrian lan istripuz hildako azken hiru lagunak omendu zituen zapatuan, hiru arbola landatuta. 2010ean zendu ziren hirurak. Hain zuzen ere, urte hartan gora egin zuten lan istripuz hildakoen zenbatekoak. Euskal Herrian 84 izan ziren; horietatik 26, Bizkaian. Iaz, 80 behargin hil ziren Euskal Herrian; 28 ziren bizkaitarrak. Aurten, dagoeneko, 9 bizkaitarrek galdu dute bizia —19 euskal herritarrek—.