Atzo, gaur, etzi

Aurtengo lehenengo aldia. Estreinaldia. Oin zuri biluziak ur hotzetan, plis-plas; oin zuri, azal bigunak haitz gogor eta goroldio likinaren gainean, txiri-txara. Freskoa bezain ausarta izan da ur irabiatuaren diosala, marea eraberrituen atarian. Gogotsua bezain neurtua, gordeta egon den haragiaren erantzuna, harkaitz zorrotzen gaineko oreka tirtirinean.

Atzo, artean, argia larutzen hasita zegoen eta hiria husten. Atzo, artean, oin gainak belztuta neuzkan eta oin azpiak zapata zolen larrua bezain tinko. Gaur, ordea, eguzkia berotzen hasi berri zaigu eta hiria betetzen. Gaur, oin gainak esne-gaina bezain zuri dauzkat, eta azpiak, gurina bezain mehe.

Donostiako Ondarreta hondartzatik Kontxa dotorerantz noa, harkaitz arteko ohiko harrizko pasabidetik, ortozik. Pico del Loro bezala ezagutzen du jendeak, euskaraz nahiz erdaraz ekin, baina, berez, Loretopea ei du berezko izena, hau da, Loreto azpia, behin edo behin pasabidearen gaineko Miramar jauregian Loreto izeneko ama birjinaren ermita bat egon zelako, eta haren omenez.

Pasabideak alde banatan uzten ditu bi hondartzak marea goian dagoenean. Era berean, biak elkartzen ditu urak eta olatuek beherantz jaistea erabakitzen dutenean. Magia hutsa, lauzpabost ordutik behin leku beraren itxuraldaketa kontenplatu nahi duenarentzat.

Haitzetatik harri gainera pasa ditut oinak, begiak behera begira, oinetako barik leku bat lehen aldiz zapaltzen denean egin ohi den bezala. Igeltseroak enbatek ostutako harriak ordezkatzen ibili dira asteon, baina oraindik ez dira izkinetako belar likitsak kentzera iritsi. Beraz, jendea baranda herdoilduei helduta ari da pasatzen, kontuz, laban egiteko beldurrez.

Neu ere halaxe nabil. Hainbat hilabetez barruan gorderiko oinak dardarati sumatzen ditut estalki barik, txikitako lagunak maitale bihurtzen direnean lez. Aitzitik, olatuak suabe datoz, txipli-txapla, hemen gara berriro, eta, ondorioz, nire oinak ere, apurka-apurka ur hotzera eta erpin zorrotzetara ohitzen hasiak dira, belarri fina blues ahots zakarrera ekantzen den modura.

Pasabidea igaro ahala, urte eta bizipen askoren ostean, etxera itzuli den alaba bezala sumatzen dut neure burua: lekuari dagokionez ezagun, baina azalari dagokionez, ostera ere, apur bat hasiberri, ostera ere, apur bat arrotz.

Baina pasabidea igaro ondoren, ur txikitan, plisti-plasta, aurrerantz noan heinean, ohartzen naiz gaurko ur honek baduela atzokotik asko. Eta ohartzen naiz gaurko ur honen olatuek duela olatu askotako beste milioika oin zuri, beltz, azal mehe eta sendo kulunkatu dituztela, gaur nireak bezalaxe eta etzi, beste hainbatenak lez.

Beraz, paseotik bueltan, haranzkoan baino askeago sentitu naiz, baina ez solte.